Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Botika eta elikagaien elkarreragina, behar bezala ez egitekotan, eragin terapeutikoa ahuldu edo erreakzio toxikoak eragin ditzake
Botika jakin batzuk ur pitin batez eta barau hartu behar izaten dira, beste hainbat ez dira inola ere esne edo esnekiekin nahasi behar, eta zenbait janariarekin lagundu behar dira. Bada horretarako motiborik: elikagai eta botiken arteko elkarreraginak oso eragin desberdinak -eta ez beti arras mesedegarriak- izan ditzake eta, kasuren batean botikaren eraginkortasuna biderka dezakeen arren, horren eragin terapeutikoa ahuldu edo, areago, erreakzio toxikoak ere eragin ditzake.
Egun, prospektuek kontu horren gaineko argibide eta aholkuak ohi dakartzate, bai "Elkarreraginak" atalean, baita "Kontraindikazioak", "Ohartarazpenak" eta "Segurtasun neurriak" sailetan ere. Botikek elkarren artean edota elikagaiekin eragin kaltegarririk sortaraziko ote duten egiaztatzeko unean sendagilearen edota botikariaren aholkua jaso dezakegu, gainera: aholkularitza hau mesedegarria dute gaixotasun kronikoa nozitzen duten pazienteek, batik bat.
Elkarreraginak ugari-ugariak badira ere, garrantzi kliniko handikoak gizakiaren egoera nutrizionala arriskutan jartzen dutenak baizik ez dira -digestioaren alterazioak (goragalea, gonbitoa, etc.) edo nutrizio-gabeziak eragin ditzaketen botikak, adibidez-, botiken eraginkortasuna edo segurtasuna arriskutan dagoenean. Elkarreragin horiek errezeta bidez edo horrelakorik gabe eskuratutako botikekin jazo daitezke: horrela gertatzen da, hainbat antiazidorekin edota osagarri dietetikoekin, esate baterako.
strong>Laranja zukua. C bitamina ugariko elikagai eredugarri honek anemiaren tratamenduan burdinadun osagarrien xurgamena areagotu egiten duenez, organismoaren burdina-erreserbak errazkiago berdintzen laguntzen du.
Botika batzuek apetitua areagotu edo makaldu egin dezakete: minbiziaren aurkakoek, maiz, goragalea eta gonbitoen eragile dira; intsulinak, esteroideek, antidepresiboek eta mota jakin batzuetako antihistaminek apetitua piztu egin dezakete, normaltasunetik haratago ere.
Bitika zenbaitek urdailean narritadura eragin dezaketenez, hobe da janariarekin edo esnearekin hartzea. Horrela gertatzen da esteroideoak ez diren antiinflamatorioen kasuan, adibidez.
Botika batzuek nutrienteen xurgapena eragotzi egiten dute. Idorreriaren aurka baliatzen den olio mineralak -parafina olioa-, adibidez, - A, D, E eta K bitamina liposolubleen xurgapena galarazten du eta aluminio-gatzez osaturiko libragarriek, berriz, fosfatoen eta A bitaminaren xurgapena ahultzen dute. Antiazidoek B1 bitaminaren eta burdinaren gabezi arriskua areagotzen dute, antikonbultsiboek azido folikoarena, D eta K bitaminena, etc.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa