Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Bi eta hiru geruzako komuneko papera: Hiru geruzakoak garestiagoak dira baina ez leunagoak

Alde handiak biribilki bakoitzaren luzera eta zerbitzu-kopuruetan, pisuan eta prestazioetan

  Komuneko paperaren erabilerari buruzko lehen albisteak XIV. mendeko Txinatik datozen arren, hainbat gizaldi lehenago ere bazen horren aitzindaririk: Erroma klasikoko bainu publikoetan, adibidez, haga bati estekatuta eta ur gazitan blaiturik zegoen belaki bat erabiltzen zen; Ozeano Barean, berriz, itsaskien eta koko oskolak ohikoak ziren. Guregandik gertuago, XIX. mendeko Irlandan argitara ematen zen Baserritar Zaharraren Almanaka prestaturik zegoen: komunean eskegitzeko bi zulo zituen eginik, irakurri ondoren ere baliagarri izan zedin. Errusia monarkikoan tzarrek baliatzen zuten komuneko paperak Inperioaren armarria zeukan inprimatua, egun ohikoak diren marrazkidun paperen zuzeneko aurrekari gisa: azterketa konparatibo honetako bederatzi laginetatik zazpi apainduak zeuden.

Bederatzi komuneko paper-lagin laborategian aztertu dira eta, gainera, erabiltzaile-panel batek epaitu ditu; lagin horietako zazpi bi geruzakoak dira eta beste bi, berriz, hiru geruzakoak. Biribilkien luzeran (baita zerbitzu kopuruan ere) lagin batetik bestera alde handiak daudenez, prezioak konparatu ahal izateko ematen duten paperaren luzera hartu da aintzat. Horrela, denetan merkeena Foxy da (8 zentimo kostatzen da 10 metroko tartea) eta 17 zentimo, aitzitik, Scottex Acolchado lagina. Foxy, merkeena izateaz gainera, kalitate hobereneko lau paperetako bat da: hortaz, bera da kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena eskaintzen duena.

Gramaje urrienekoak bi geruzako Renova klasikoa (33,1 g/m2) eta Foxy (34,7 g/m2, meheena, aldi berean). Scottex Acolchado eta Colhogar Resistant, biak ere hiru geruzakoak, pisu handiagokoak dira metro karratuko (51,5 g/m2 eta 48,3 g/m2) baita lodiera handiagokoak ere (495 µm eta 618 µm). Dena dela, proba objektibo honetako emaitzak ez datoz bat kontsumitzaileen iritziarekin. Lagin horien leuntasuna, lodiera eta zimurtasuna baloratu zituzten hamabi erabiltzailek eta, irudi lezakeenaz beste aldera, hiru geruzako bi laginak izan ziren kalifikazio txarrenak jaso zituztenak: Colhogar Resistant-ek 10 puntutik 6,7 eraman zituen eta Scottex Acolchado-k 6,9 puntu. Kontsumitzaileen iritziz, beraz, lagin denetan leunena Renova Progress XXL ("oso egokia" erdietsi duen bakarra) eta ondotik datozkio Colhogar Dermia, Scottex Acolchado eta Scottex Megarollo ("egokiak"); gainerakoak "zuzen" hutsean geratu dira.

Lagin bakoitzaren erresistentzia neurtu zuten, bai lehor, bai heze zeudela ere, luzeran eta zeharka. Renova Clásico eta Foxy dira erresistentzia handienekoak eta horien atzetik Colhogar Resistant eta Renova Progress XXL datoz, "egokia" kalifikazioa eskuratuta. Scottex eta Colhogar Extra Largo "zuzen" baizik ez zuten lortu eta Colhogar Dermia-k ez zuen proba hau gainditu.

Xurgatzeko gaitasuna kalkulatzeko, zerbitzu bakoitzeko zenbat mililitro atxiki ditzaketen neurtu da, lagin bakoitzaren xurgapen koefizientea eta hezean agertzen duen jokamoldea aintzat jota. Foxy eta Scottex Megarollo laginek jokaera bikaina agertu zuten eta Renova Progress XXL laginak, aldiz, gainditzeke utzi zuen proba.

Aztertutako lagin denetan Scottex Megarollo da handiena: astunena (140 g), luzeena (40,8 m) eta diametro handienekoa (12,6 cm). Hori dena ez da beti mesedegarria, aparatu askotan horren tamainako biribilkiak kabitzen ez direlako. Diametrorik txikienekoa Renova Clásico da (9,9 cm). Bere burua "trinko" gisa agertzen duten lau laginek (antzeko diametroan metro gehiago bildurik) luzera handiagoa ematen dutenak dira.

Biribilkiak ematen dituen zerbitzu-kopuruak, zeharka bada ere, erabileren kopurua adierazten du, gutxi-asko. Trinko ez direnak dira atal honetan motzenak: 130 zerbitzuetatik (Colhogar Dermia, Colhogar Resistant eta Renova Clásico) 144 zerbitzuetara (Scottex Acolchado) doaz prestazioak. Trinkoen arteko aldeak ere esanguratsuak dira: Scottex Megarollo-k 326 zerbitzu ematen ditu eta, beste muturrean, Colhogar Extra Largo laginak berrehun baino gehiagorik ez. Zerbitzuen tamainak, aitor dezagun, biziki desberdinak dira: handienak Foxy, Colhogar Resistant eta Scottex markako hiru laginak dira (bostek ere 117,5 cm2 dituzte). Zerbitzu txikiena Renova Progress XXL laginak du: 112,5 cm2 baino ez.

  Zerbitzuen kopurua dosifikatu nahi dugunean, papera hautsi gabe tiratzea ahalbideratzeko behar bezain erresistentea izan behar du aurre-ebakitzeak eta, noski, nahi dugunean ebaki behar da: horra hor paradoxa. Erresistentzia hori neurtzeko, presio estandar bat eraginez gero papera zenbatetan urratzen den zenbatu behar da. Colhogar Resistant aldien %73tan hausten da eta Scottex Máxima Suavidad eta Foxi, aldien %72tan. Scottex Acolchado (%57) eta Colhogar Dermia (%59) laginetan, berriz, tiratze "arrakastatsuen" portzentajea dezente apalagoa da. Dispertsio-denboran neurtzen da papera uretan desegiteko erakusten duen erraztasuna eta komuneko hoditik behera joateko zenbat denbora beharko duen adierazten du. Huts egin duen bakarra Renova bi geruza klasikoa da, minutu pasea behar izan baitu suntsitzeko.

Renova markako bi laginak lauak ziren, besteak ez bezalakoak (apainduak zeuden gainerakoak). Koloreaz ari garela, zortzi lagin zuriak dira eta bederatzigarrena (Colhogar Resistant Perfumado) arrosa kolorekoa. Lagin zuri guztiek zuritasun-gradu egokia agertzen badute ere, denetan zuri hutsetik "urrunena" Renova bi geruza klasiko da. Renova markako biak dira substantzia zuritzaileak dauzkaten bakarrak (argi ultramorearen bidez ikus daitezke horiek). Erabiltzeko erraztasunari dagokiola, Scottex Megarollo da "egokia" kalifikazioa eraman duen bakarra; jokaera traketsena ("ez da egokia"), berriz, Renova klasikoak agertu du. Gainerako laginak "zuzen" apalean geratu dira. Itxura hobereneko lagina Colhogar Dermia da, ondotik Scottex Megarrollo, Scottex Acolchado eta Foxy datozkiola. Gainerakoek emaitza "zuzenak" baizik ez dute jaso.

Hortaz, eginiko saiakera guztietako emaitzak neurturik eta komuneko paper bat edo beste bat aukeratzean eragin biziena duten irizpideak lehenetsita (%53 leuntasunagatik, %19 xurgatzeko gaitasunagatik, %18 erresistentziagatik, %7 baliagarritasunagatik eta %3 itxuragatik) lagin bakar bat ere "oso egokia" ez dela egiaztatu da; Scottex Megarollo, Foxy, Renova Progress XXL eta Scottex Acolchado hiru geruzakoa "egokiak" dira eta gainerakoak, berriz, "zuzen" baino ez.

Nola dago egina komuneko papera?

Komuneko paper guztiak egurrez eginda dauden arren, hastapeneko pasta lortzeko hainbat prozedura baliatzen dira. Sistemak sistema, pasta horizta izango denez, zuntzak zuritu beharko dira. Colhogar, Renova Progress XXL, Foxy eta Scottex Megarollo laginen pastak zelulosa hutsekoak dira, gainerakoak baino hobeak. Horien atzetik zelulosazkoak datoz (Scottex Máxima Suavidad y Consistencia eta Scottex Acolchado) eta atzenik, kalitate kaskarrenekoa, zelulosa nahasizkoa da (Renova Clásico).

Gure gizarteak kontsumitzen duen komuneko paper kopuru itzel hori asetzeko arbola asko eta asko ipurditik ebaki behar dira. Ebakitze prozesu hori geldiarazteko, ordea, sektore kontserbazionistek baso iraunkorretatik ateratako pastak baliatzea edo, are eta hobeki, kartoi, aldizkari, egunkari eta antzekoak birziklatzetik erdietsitakoak erabiltzea proposatu izan dute behin baino gehiagotan. Gurean azterturiko bederatzi laginetatik bakar batek ez du erabili pasta birziklaturik, Renova Clásico laginak izan ezik (bertan, birziklatuen presentzia kopuru ñimiñoa baizik ez da).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto