Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

UHT esne erdigaingabetuak, kaltzio erantsia daukatenak: Kaltzio gehiago hartzeko aski dugu esne arruntetik pittin bat gehixeago hartzea

Kaltzio erantsia daukaten bederatzi esne-laginetatik lauk adierazitakoa baino gutxiago dute eta seik gauza berbera egiten dute, bestelako mineral edota bitaminei dagokiela

  Laborategian aztertu eta dastatu dira erdigaingabetuak dauden eta kaltzio erantsia daukaten bederatzi UHT esne (Central Lechera Asturiana, Président, Kaiku, Río, Lauki, Pascual, Puleva, Gaza eta Celta). Lagin horiek litroko ontzietan saltzen dira (zortzi, brikean eta bat plastikozko botilan) eta beren prezioak 0,71 eurotik (Río) 0,98raino (Pascual) doaz.

Esnearen eta esnekien nutrizio-ezaugarri apartak direla medio, komenigarria da horrelakoak ohiko dietan sartzea bizitzako etapa denetan; horren alderdirik adierazgarriena, dena dela, biobaliagarritasun handiko kaltzio ugari edukitze izanik (gure organismoari kaltzioa baliatzea errazten dioten proteina, mineral eta bitamina ugari baitauzka esneak), hazkuntza eta garapen etapetan ez ezik (haurtzaroan eta nerabezaroan, adibidez) haurdunaldian eta edoskitzaroan ere ordezkaezina da esnea emakumearentzat.

Esne erdigaingabetuak, kaltzio erantsia daukatenak

Esne erdigaingabetua esne osotik abiatuta transformatzen da: oinarrizko esne horri lehendabizi gantz guztia erauzten zaio eta, ondoren, gantza produktu osoaren %1,5 eta %1,8 artekoa (horrelaxe xedatua dago, esne erdigaingabetuei dagokien arautegian; esne osoak, aldiz, edukiaren %3,5 izan behar du gantza) izan dadin, behar beste esnegain gaineratuko zaio.

Ondoren, kaltzioa gaineratzen zaio esneari: kaltziodun mineral gatzak, kaseinatoak edo kaseinak erants dakizkioke esneari: horretarako esne ultrairagazia, hauts esnea edo esne kontzentratua balia daiteke. Gure organismoak eraginkortasun handiagoa erakusten du kaltzio organikoa -esneak berez daukana, alegia- xurgatzen (kaltzio-zitratoa, kaltzio-azetatoa, kaltzio-kelatoa, etc.), kaltzio inorganikoa baino (kaltzio-fosfatoa, kaltzio-karbonatoa): honek, azken produktuan kaltzio-kontzentrazio handiagoa agertzea laguntzen badu ere, bestea bezain ongi ez dugu absorbatzen. Azterturiko laginetan nolako kaltzioa baliatu den bereizteko aukerarik ez dute ematen laborategiko datuek.

Fabrikatzaile gehienek, gantzarekin batera, bitamina liposolubleak (gantzetan disolba daitezkeenak) ere eransten dizkiote esneari, esneak berez dauzkan bitamina horiek ere suntsitu egiten direlako gaingabetze prozesuan. Nutriente (kaltzioa, fosforoa, bitaminak, proteinak, etc.) erantsiak dauzkan esneari "aberastua" deritzo eta fabrikatzaileak honelakoen ezaugarri nutritiboei buruzko informazioa etiketan agertzeko obligazioa du.

Azterturiko esne erdiek adierazi baino kaltzio gutxiago daukate

  Aberasturiko bederatzi esne hauen etiketen azterketak agertu zuenez, derrigorrezko informazioa denek erakusten dute baina, kasu askotan, emaniko datuak ez datoz bat errealitatearekin: areago, lau laginen (Central Lechera Asturiana, Kaiku, Lauki eta Gaza) egiazko kaltzio-edukia etiketek diotena baino dezente txikiagoa da. Beste baten (Puleva) akatsa %8koa bada ere, neurtzeko teknikari egotz dakizkiokeen akats-tarteak medio, hobe omen da adierazitakoa baino kaltzio gutxiago daukala ez ulertzea. Baliteke, kaltzioaren egiazko edukia adieraztean, horrenbesterainoko zehaztasun gabezia horren zergatia fabrikatzaile zenbaiten okerreko abiagunea izatea, hots, ekoizle batzuen iritziz, esne gordinak 120 mg kaltzio du 100 mililitroko baina, errealitatean, ohikoena (edukiak aldatu egiten dira hainbat faktoreren arabera) 110 mg-tik gora ez izatea da. Horrek, etiketan adierazitako balioetara iristea dela eta, fabrikatzailea eskas ibiltzea zuri dezake, hein batean bakarrik. Konponbidea erraza da, ordea, inondik ere: jatorriko esnearen kaltzio-edukia egiaztatu eta, partida bakoitzean, erantsi beharreko kopurua kalkulatzea. Gogoan izan kaltzioa ezin dela nahi erara erantsi, 100 mililitroko 160 mg baino gehiagok esnea hauspearaziko lukeelako.

Nolanahi ere, adierazitako nutriente kopuruak eta azterketan aurkitutakoen arteko aldeak ez dira kaltziora soilik mugatzen: fosforo edukia ere txikiagoa da Kaiku eta Pascual laginetan, magnesio gutxiago dauka Celta-k, azido foliko (B9 bitamina) gutxiago Lauki eta Pascual-ek, A bitamina gutxiago Gaza eta Puleva-k, eta E bitamina gutxiago Gaza-k. Hitz gutxitan, Río eta Président laginen etiketak bakarrik daude zuzen.

Kaltzio erantsia duen esnea eta ohikoaren arteko aldeak

Kaltzio gehitua duen esne erdigaingabetua ez da oso energetikoa baina, hori bai, kaloria gehixeago dauka (azterturiko laginek, bestez beste, 52 kaloriaz hornitzen gaituzte, 100 gramoko) ohiko erdigaingabetuak baino (45 kaloria 100 gramoko). Hori guztiz logikoa da, bederatzi laginetako bat ultrairagazia baita (kontzentratuagoa) eta gainerakoei esne proteinak erantsi dizkietelako. Arrazoi berberagatik, esne aberastuen proteinen kontzentrazioa handixeagoa da. Araudiak xedaturik, proteinatik %2,72 eduki behar du esne arruntak; proteina gaineratuak dauzkaten esneetan, berriz, %3,8tik gorakoa izan behar du proportzioak. Baldintza hauek lagin guztiek betetzen dituzte. Amaitzeko, erdigaingabetuei gutxienez %4,25 laktosa (esnearen azukrea) edukitzea behartzen die Araudiak eta bederatzi laginek hori ere ongi betetzen dute (batez bestekoa: %5,2).

Esne jetzi berriak edukiaren %3 - %6 du gantza, behiaren arrazaren eta elikabidearen arabera aldatzen baita portzentajea. Gantzaz ari garela, esne osoak edukiaren %3,5 behar du, gaingabetuak %0,5 baino gutxiago eta erdigaingabetuak %1,5 eta %1,8 artean. Azterturiko laginetan gantz edukia %1,47tik %1,57raino doa; kopuru edo eduki guztiak onartzeko modukotzat jo dira. Gantz edukian, bederen, erdigaingabetu arruntak eta kaltzio erantsia dutenen artean ez dago alderik. Beste horrenbeste gertatzen da kolesterolarekin ere (gantza modura, hutsaren hurrena da): litro erdi esne erdigaingabetuk 30 miligramo kolesterol dauzka; gogoan izan, egunean 300 miligramo ez gainditzea aholkatzen dela.

Erne bitaminekin

Esneak, nutriente ugariz hornitzen bagaitu ere, B12 bitaminan bakarrik da oparoa (egunean aholkaturiko kopuruaren %30). Esneari gantza erauzteko prozesuan zehar bitamina liposolubleak (gantzetan disolbatzen direnak, hots, A, D eta E) suntsitzen direnez, esne erdigaingabetuak eta gaingabetuak fabrikatzen dituztenek erantsi egiten dizkiote esne mota horri. Izan ere, kaltzio erantsia duten esne erdigaingabetu horretan funtsezkoa da D bitamina, beroni esker, horrelako esnea kontsumitzen duenaren organismoari kaltzioa absorbatzen eta hortz-hezurretan metatzen laguntzen diotelako.

Azterturiko bederatzi laginetatik, Río da bitamina erantsiak dauzkanik adierazten ez duen bakarra. Dena den, azterketak frogatu duenez, adierazitakoak baino txikiagoak dira bitamina kopuruak lagin askotan. Gaza laginak, adibidez, A, E eta D bitamina erantsiak dauzkala dioen arren, laborategian irregulartasun nabarmena atzeman zen: A eta E bitaminen kopuru atzemangarririk ez zen hauteman. D bitaminaz ari garela, neurtzeko moduko edukia (3,3 mikrogramo, µg/100 ml) zeukan bakarra Celta izan zen. Gainerakoen kopuruak, erabilitako teknikaren mugak medio, ezin izan da zenbatu, 100 mililitroko 2,5 µg baino txikiagoa zelako (gogoan hartzekoa: lagin bakar batek ez du adierazten, 100 mililitroko, 2,5 µg baino D bitaminaren eduki handiagorik). Président eta Puleva laginek D bitamina erantsi dutela diote. A bitamina ere gaineratu dio Puleva laginak, baina 90 µg baizik ez zuen esneak, 100 mililitroko, etiketan adierazitako 120 µg horien ordez. Celta laginak bere esneari A eta D bitaminak gehitu dizkiola dio eta, laborategian egiaztatu ahal izan zenez, adierazitakoa ez ezik, gehiago ere gaineratu du.

Central Lechera Asturiana, Kaiku, Lauki eta Pascual laginek azido folikoa (B9 bitamina) eta A, D eta E bitaminak ipini dituztela diote. Lauki eta Pascual laginek adierazitako edukiak bete eta, areago, gainditu egiten dituzte, A bitaminari (ez baita adierazitako kopurura) eta D bitaminari (neurtzea ezinezkoa gertatu baitzen) dagokienean izan ezik.

Nolanahi ere, kaltzio erantsia daukan esnea eta kaltzio erantsia ez daukanaren arteko alde behinena, noski, kaltzio edukia da. Ikus dezagun hauxe hurrengo atalean.

Merezi ote kaltzio erantsia duen esnea kontsumitzea?

  Kaltzioaren kontsumoa bermatu behar dugu, kosta ahala kosta, hezurren osaketan duen funtzioa betetzeaz gainera (gure organismoko kaltzioaren %99 hezurretan datza: ia-ia kiloa), beste hainbat funtziotan ere parte hartzen du, hala nola nerbio-bulkaden transmisioan, odolaren mamitzean eta bihotzaren jardueran. Elikabidetik egunero beharrezkoa dugun kaltzioa ekartzen ez badugu edo kaltzioa behar bezala asimilatzen ez badugu, organismoak bere buruari emango dio, gure osasunarentzat kaltegarri den modu berezi batean: funtzio osagarri horiek betetzeko premiazkoa duen kaltzioa hezurretatik erauziko du. urteak joan, urteak etorri, "kaltzio-lapurreta" horrek hezurrak ahuldu eta osteoporosi izeneko patologia ezaguna sortaraz dezake. Horregatik eman behar diogu geure organismoari premiazkoa duen kaltzioa hezurrak osatzen amaitu arte (30 urte inguru) ez ezik, hortik aurrera ere bai.

Populazio helduari, orokorki (haurrek, haurdunek eta edoskitzen dutenek gehiago behar baitute), egunero 800 mg kaltzio hartzea komeni zaio. Egunean bi baso esne (litro erdia) hartuz gero, 600 mg kaltzio kontsumitu dugu, hots, egunean aholkaturiko kopuruaren %75. Esneak (berdin dio osoak, gaingabetuak edo erdigaingabetuak, kaltzio edukia ez baita aldatzen) ehun mililitroko 105 - 120 miligramo kaltzio dauka; kaltzio erantsia daukanak, berriz, azterketa honetan egiaztatu denez, 130 - 160 mg dauka. Azterturiko bederatzi laginen batez bestekoa 145 mg/100 ml da, hots, kaltzio erantsia ez daukana baino %30 gehiago.

Behar dugun kaltzioa esnekien bidetik ere eskura dezakegu, hala nola gazta erdi-ondua (820 mg/100 g), jogurta (130 mg/100 g) edo mamia (60 mg/100 g) hartuz. Badira, hala ere, kaltzio ugaria daukaten beste elikagai batzuk ere: kontserbako sardinak (400 mg/100 g, hezur eta guzti), almendrak (254 mg/100 g), berroak (170 mg/100 g), brokolia, etab. Dena dela, hauen kaltzioa gure organismoak ez du aprobetxatzen ("biobaliagarritasuna" esaten zaio honi) esnearena eta esnekiena bezain ongi.

Egunean esnekiren bat eta bi baso esne gaingabetu edo erdigaingabetu hartzeak (horrela, esne osoaren kaloriak eta gantza urrituko ditugu) bermatuko digu egunean aholkaturiko kaltzio-kopuruaz hornitzea. Horregatik, ez dirudi kaltzio erantsia daukaten esne horiek kontsumitzea beharrezkoa denik: kasurik hoberenean esne arruntek baino %50 kaltzio gehiago daukate eta, oker-okerrenean, %15 ere ez. Bestetik, ikusi dugunez, kaltzioa eransteko prozesuko manipulazioek esneari bere jatorrizko osaketa aldaraziko diote; areago, esnearentzat Araudiak xedaturiko parametro zorrotz eta zurrunetakoren bat (ikus, azterketako datu-taula), kalitate-alorrean arazorik edota iruzur-susmorik ez sortzeko, ezin zaie aplikatu esne "aberastu" hauei eta, gainera, interpretatzeko unean ez daude oso ulergarri. Beste aldetik, kaltzio erantsia daukaten esneek askotan kaltzio, bitamina eta mineral batzuen kopuruak etiketan adierazitakoak baino txikiagoak izateaz gainera, bederatzi laginetatik hiruk kalitate alorreko arazoak agertu dituzte (ikus, datu taula eta "Bederatzi esneak, banan-banan" laburpena).

Laktosaren (esnearen azukrea) aurkako intolerantzia nozitzearren edo beste zernahirengatik beren elikabidetik esnea baztertu dutenek, elikaduran kaltzioa sar dezakete mineral hau ugari daukaten elikabideak edo osagarri zein gehigarriak kontsumituz. Gizakiak ez du kaltzio gehiegi kontsumitzeko arriskurik: premiazkoa ez dugun kaltzioa gernutik eta gorozkietatik kanporatzen dugu. Egunean 2..500 mg-raino hartzea segurutzat jotzen da.

Kaltzio erantsia daukan esnea aukera bat izan liteke kaltzio-ekarpen handi-handia behar dugun bizi-etapetan (haurtzaro eta nerabezaroan, haurdunaldi eta edoskitzaroan, zahartzaroan) baina %15 - %50 osagarri hori erraz eskura dezakegu: esne gehiago hartuz.

Kaltzioa dela eta, badabil bazterretan halako eztabaida: zientifiko asko eta askok pertsona helduentzat mineral hori elikagaien kontsumo bidez hartzea baliagarri ote den auzitan jartzen duen bitartean, beste aditu askok diote gure organismoak eraginkortasun handienez baliatzen duen kaltzioa esneak eta antzeko elikagaiek daukatena dela. Nolanahi ere, kaltzioaren premia gorria denean (osteoporosia, organismoko kaltzio edukia murrizten duten tratamenduak, etc.), sendagileek kaltzio-gehigarriak preskribatu ohi dituzte, kaltzio ugariko elikagaiak hartzea aholkatu ordez.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto