Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Fiskalitate berria 2007an: Gordailuetan karga arinagoa, pentsio planek errentagarritasun urriagoa

Zergen erreformak aurrezki produktu guztien fiskalitatea berdindu egingo du (tasa bakarra: %18), akzio eta gordailuen mesedetan eta bizi-aseguruen eta pentsio-planen kaltetan

 

Datorren 2007ko urtarrilaren 1ean aurreztailearen patrikan batik bat eragina izango duen zerga-erreforma berria sartuko da indarrean. Hona berrikuntza nagusia: zerga-sistema berri horren bidez, aurrezki produktu guztien fiskalitatea berdindu egingo da. Mozkinak osatzeko igaroko den denbora gorabehera (dela gordailu, inbertsio fondo edo aseguruen bidez), horiei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) %18ko tasa aplikatuko zaie. Kapital-mozkin guztiei berdintasunezko tratamendu hori aplikatzearen ondorioz -osatzeko behar duten epea gorabehera- banku-produktuetako batzuk galtzaile gertatuko dira eta beste batzuk, jakina, irabaztun. Akzioak, banku gordailuak, letra edota bonuetako inbertsioak onuradun jazoko dira eta bizi-aseguruei eta pentsio-planei, berriz, orain arte izan dituzten abantailak ezabatu edo murriztu egingo zaizkie.

Erreforma dela eta, nolako aurrezki-aktiboak gertatuko dira onuradun?

2007ko urtarriletik aurrera, finantza-plusbalioak, hots, aurrezki-produktu bat edukitzearren eskuratzen diren mozkin guztiei (kontu korrontea, gordailua, inbertsio-fondoa, asegurua...) zerga-tasa berdina aplikatuko zaie (%18); bestela esateko, irabazi den euro bakoitzeko Haziendak 18 zentimo eramango ditu. Egun, aktibo horien plusbalioen zerga tasa marjinalekoa da, hots, Haziendan norberak aitortzen dituen errenta guztien araberako -lana, ondarea, jarduera ekonomikoak- zerga-karga aldatzen da (urtarriletik aurrera %24 eta %43 bitartekoa izango dena) mozkinak urtebete baino lehenago sortu badira eta %15ean 12 hilabetetik gorako epean osatu badira.

Neurri horri esker, bi urtetik gora kontratatzen diren produktuen baldintza onuragarriak desagertuko dira. Horrenbestez, aurrerantzean ez dute abantailarik izango inbertsio-fondoek (horrelakorik ez zeukaten banku-gordailu gehienek).

Aldaketa handi hori egungo egoera ekonomikoan kokatu beharra dago. Interes-tasen igoerak gordailu berrien ugalpena laguntzen du. Finantza-merkatuen egongaiztasunarekin ere badu loturarik: egungo baldintzetan produktu kontserbatzaileak jaulkitzea zentzuzkoa da. Honelako egokieretan pertsona askok, esate baterako, errenta aldagarriko fondoak eta antzekoak -egongaitzagoak- uzten dituzte eta errentagarritasun handiko gordailu eta merkatuko batez bestekoa baino interes-tasa handiagoa eskaintzen duten tankerakoetan bilatzen dute babesa. Egungo euforia zuritzen duen aldaki nagusia, nolanahi ere, datorren urtean gertatuko den aldaketa fiskala da. Orain, gordailuen gainetik fondoek dauzkaten abantailak desagertu egingo dira. Urtarrilaren batean indarrean sartuko den tratamendu fiskal horrekin, adibidez, gordailuak onuradun jazoko dira.

Gordailua kontratatzean zer hartu behar da kontuan?

Datorren urtean indarrean sartuko den zerga-erreforma horren aurrean, finantza-erakundeak hamaika eratako aurrezki-gordailuak eskaintzen ari dira. Banku eta aurrezki kutxen ikuspegitik produktu arrakastatsua da, erakunde horiek bai baitakite espainiar aurreztailea, izaeraz, kontserbadorea dela, dirua ez duela arriskutan jarri nahi izaten; horrenbestez, ezaugarri hori eperako gordailuen bitartez zainduko dute. 2005 urtea ixtean, Espainiako familiek 595.742 milioi euro zituzten inbertituak horrelako produktuetan (aurreko urtean baino %38,26 gehiago, alegia).

Hasteko, komertzializatzen diren gordailu berri guztiek inbertsio-amu erakargarria erakusten dute: hileko errentagarritasun handia (%12raino irits daitekeena). Halaz ere, kasuan kasuko eskaintzen gainerako baldintzak ere arretaz irakurtzea merezi du, ustekabekorik ez gertatzeko: epea, komisioak eta egin daitekeen gehieneko inbertsio-muga aztertu behar dira, horiexek baitira produktu horien bidez eskuratuko den egiazko errentagarritasuna kalkulatu ahal izateko klabeak. Hilabeterako gordailuak zenbat eskaintzen duen jakiteko, UTE tasa zati hamabi kalkulatu beharko da. Hilabeterako gordailua %10ean kontratatzen bada, hileko errentagarritasuna inbertitu den diru osoaren %0,833 izango da. Gordailuak, berriz, bi hilabetez %10 UTE interesa eskaintzen badu, egiazko errentagarritasuna %1,67 litzateke, inbertitu den kapitalarekiko.

Nolako abantaila dute inbertsio-fondoek?

Zerga-erreforma berriak, produktuz aldatzearren, "zerga-bidesaritik" salbuetsiko dira gerora ere inbertsio-fondoak, hots, aurreztaileak bere inbertsio-fondoa nahi duen guztietan erakunde edota, areago, produktu batetik beste batera aldatu ahal izango du bere inbertsioa, horregatik Haziendari xentimorik ordaindu gabe. Abantaila horri esker, merkatuaren arabera egokituz ibiliko diren inbertsioen kudeaketa dinamikoa egin ahal izango da. Esate baterako, aurreztaileak errenta aldagarriko inbertsio-fondoa duenean Burtsa gainbehera hasten bada, beste fondo motelago batera (errenta finko mistoko batera, adibidez) pasatzeko aukera izango du. Burtsa ondo badoa, berriz (datorren urtean horrela gertatzea espero dute adituek), zorroan errenta finkoko fondoa daukan inbertitzaileak errenta aldagarriko batera aldatzeko aukera azter lezake, aurrezkiari zuku gehiago ateratzeko.

Zer gertatuko da akzioekin?

 

Tratamendu fiskal mesedegarria emango zaie akzioei, inbertsioak erraz aldatzeko aukera eskainiko baitzaie. Egungo legeria eskuetan, urtebete baino lehenago sorrarazitako plusbalioei zergapeko bakoitzaren zergari ezartzen zaion tasan aplikatzen zaie eta gainerako errentekin batera integratzen dira. Erreforma horrekin, burtsako mozkinei %18ko tasa ezarriko zaie, osatzeko igaro den epea gorabehera; hortaz, epe laburrerako eragiketak egitea (akzioak epe laburretan saldu eta erostea) gustatzen zaienen mesedetarakoa izango da, batik bat. Akzioek, gainera, badute beste abantaila bat: akzioei atxikipen fiskalik egiten ez zaienez, aurreztaileak diru guztia dauka baliagarri, inbertitzen segitzeko. Halaz ere, inbertitzaileak bere akzioak urtebete baino gehiago atxikitzen baditu zerga %15etik %18ra pasatuko da.

Nolako eragina du erreformak pentsio-planetan?

Fiskalitate berri honen ondoriozko galtzaile handietako bat pentsio-planak dira. PFEZen gaineko datorren urteko legeak urtarrilaren 1etik planari, kapital gisa kobratuz gero, legokiokeen %40ko murrizpena indargabetu egingo du. Eragiketa horiek, beraz, ez dira orain bezain erakargarriak izango: egun, gogora dezagun, inbertsio horren mozkinak ordainketa bakar batean eta eskudirutan jasotzen direnean, azken ekarpena egin zenetik bi urte gutxienez igaro badira, partikularrak diru-kopuruaren %60aren gaineko zergak bakarrik ordaindu behar ditu, %40ko murrizketa baitagokio. Erreforma horrek diru-kobrantzak bizi osorako errenta gisa har daitezen sustatu nahi du, hots, metaturiko kapitala behin bakar batean eskuratu ordez, pixkanaka jaso dadin.

Erreformak, bestetik, pentsio-planetatik murritz daitezkeen urteko gehieneko ekarpenak egungo 8.000 euroetatik 10.000 euroetaraino zabaltzea du aurreikusia, oraino 50 urte ez dituzten partikularren kasuan. Adin horretatik aurrera, gehieneko muga 12.500 euro izango da, urteko. Nolanahi ere, xedaturiko gehieneko ekarpena (10.000 eta 12.500 euro) ezingo da izan zergapekoaren errenta aktiboen (hau da, lanaren edo enpresa-jardueren bitartez sortutakoen) %30 baino handiagorik. Portzentaje hori %50eraino doa 50 urte beteak dituzten zergapekoen kasuan. Xedaturiko gehieneko ekarpen horiek pentsio-plan pribatuen eta enplegu-planen baterako mugatzat finkatu dira (ekarpen horiek guztiek zergapekoaren zerga-oinarria eta, horrekin batera, ordaindu beharreko zergen munta murrizten dute).

Etxebizitza eta hipotekez, berriz?

Zerga-erreforma ez dute ongi hartuko ohiko etxebizitza erosi nahi edo erosi berri dutelako hipoteka formalizatzekotan dauden zergapekoek ere. Etxebizitza erostearren, zergapeko eta urteko 9.015 euroetarainoko kenketak bere horretan mantenduko ditu Legeak. Hipoteka-maileguak irauten duen epe osorako, ordea, Haziendak kenketa bakarreko portzentajea xedatuko du. Inbertsioaren (4.508 euro zergapeko bakoitzeko) erdiari dagokion kenketa areagotzen duten egungo portzentajeak (lehen bi urteetan %25 eta hurrengo urteetan %20), beraz, baliogabetu egingo dira.

Bestetik, 25 urtetik beherako zergapekoentzat etxebizitzen aloger-errentak salbuetsita egongo dira. Albiste ona gazte jendearentzat, beraz.

AURREZKIAREN EGUNGO ETA GEROALDIKO FISKALITATEA

EGUNGO EGOERA

Produktuak Urtebetera arte Urtebete eta bi urte arte Bi urtetik gora Bost urtetik gora Zortzi urtetik gora
Akzioak %15-%45 %15 %15 %15 %15
Inbertsio fondoak %15-%45 %15 %15 %15 %15
Depósitos %15-%45 %15-%45 %9-%27 %9-%27 %9-%27
Errenta Finkoa %15-%45 %15-%45 %9-%27 %9-%27 %9-%27
Aseguruak %15- %45 %15- %45 %9- %27 %3,75- %11,25 %3,75- %11,25
Unit-Linked %15- %45 %15- %45 %9- %27 %3,75- %11,25 %3,75- %11,25

ERREFORMA 2006

Produktuak Urtebetera arte Urtebete eta bi urte arte Bi urtetik gora Bost urtetik gora Zortzi urtetik gora
Akzioak %18 %18 %18 %18 %18
Fondos de inversión %18 %18 %18 %18 %18
Depósitos %18 %18 %18 %18 %18
Errenta Finkoa %18 %18 %18 %18 %18
Aseguruak %18 %18 %18 %18 %18
Unit-Linked %18 %18 %18 %18 %18

Produktuak sorrarazitako irabaziei aplikatzen zaien fiskalitatea, portzentajean.

ITURRIA: BERTAN EGINA

Tasa marjinaleko aldaketak

Errentaren aitorpena egitean zergapeko bakoitzaren tasa marjinala zein den jakitea komeni da, horixe baita errenta osoa (norberaren lanen, kapital mugikor eta mugiezinaren eta jarduera ekonomikoen, hots jardun profesional zein enpresarialetan oinarritzen direnen) mozkinak, baita zergapekoaren ondasunen galera-irabaziak zamatzen dituena. PFEZ zerga progresiboa denez, irabazitako errentak zenbat eta handiagoak izan, hainbat eta handiagoa izango da zergak ordaintzera bideratu beharko den horien portzentajea.

2007 urtean indarrean sartuko den PFEZen erreformak duen berrikuntza nabarmenetako bat, diru-sarrera apalenak dituzten zergapekoen gutxieneko tartea altxatzea eta ondare-mozkinik garaienak dituztenena apaltzea izan da. Datorren urtarrilaren 1etik aurrera, beraz, guztirako errenten arabera, hiritarrak Haziendari ordaindu behar dion zergen portzentajea kalkulatzeko hurrengo eskalara begiratu beharko da:

  • 17.360 eurorainoko errentak dituzten zergapekoak %24ko zerga ordaindu beharko dute; 17.360 eta 32.360 euro bitarteko errentak dituztenek, %28 zerga; 32.360 eta 52.360 euro bitarteko errentak dituztenek, %37; 52.360 euro baino gehiago irabazten dutenek, berriz, %43 ordainduko dute.

Laburbilduz, goreneko tasa marjinala bi puntutan jaitsiko da (%43raino) eta beherenekoa %15etik %24ra igoko da.

PFEZ berria

  *Gutxieneko bitala aldagarria da, gutxieneko pertsonalaren eta gutxieneko familiarraren arabera aldatzen da

Iturria: Ekonomia eta Hazienda Ministerioa

Euskadi eta Nafarroako berariazkotasunak

Euskadiko Autonomi Erkidegoko legeria fiskala Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Diputazioek daramatenez, espainiar lurralde komunean aplikatuko diren arauak hein batean aldatuko dira. Horrela, 2007 urterako, Euskal Gobernua eta Diputazioak biltzen dituen Zergen Koordinaziorako Organoak (ZKO) hitzarturiko berrikuntza behinena tasa marjinalen taula berria da: bertako gutxienekoa %23 da eta gehienekoa %45 (espainiar lurralde komunean %24tik %43ra arte doa). EAEko zergapeko guztiei beren kuotan 1.250 euroko zuzeneko kenketa egingo zaie, hala ere: horrek, praktikan, gutxieneko tasa %15era jaisten du.

Aurrezkiari dagokion zerga-sistemaz ari garela, Euskadiko Autonomi Erkidegoan ere %18 kenketa aplikatuko zaie ondare-mozkinei (inbertsio-fondo, dibidendu, akzio, etab). Etxebizitza erosteari goazkiola, berriz, ez dago aldaketa handirik: zergapekoaren bizitza osoan desgraba daitekeen gehieneko diru-kopurua 180.000 euro izango da EAEn ere.

Nafarroak badu legeria fiskala garatzeko ahalmena baina, edizio hau ixteko unean, behintzat, ez zen azken erabakia hartu.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto