Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Etengabe ugalduz datorren hiriko populazioaren elikadura, energia eta lurralde alorretako premiek bestelako hiriak asmatzera bultzatzen dute
Hotsak, kutsadurak, desertizazioak edota aldaketa klimatikoaren inpaktuak probokaturiko arazoen erritmo berean haziz doaz hiriak. Joan den mendean ametsezko eredua zen baserri eta giro urbanoaren uztarpena proposatzen zuen lorategi-hiria baina hiritzarrak neurrigabe haziz joan dira, populazio-dentsitate eskergak eta gune natural eskas dituzte. Horrez gainera, arazo berri zenbaiti aurre egin behar diete: trafikoari, energiari, ur eskasiari, etab. Horregatik, lorategi-hiriaren kontzeptua egun ez da errealista, hiriak ostera asmatu behar dira, berdeago eta iraunkorrago izango badira.
Naturan integraturiko lorategi-hiri baten ametsa da Tapiola. Helsinkitik zortzi kilometrotara, 1953an taxutu zen Finlandiako hiri horrek 41.000 biztanle ditu, XX. mendearen hastapenetako lorategi-hiriaren ereduari jarraiki, eta gerriko berdeez bereizitako hainbat egoitza-gunek osatua dago. Gune edo sekzio horietako bakoitza, merkataritza-eta zerbitzu-gunearen inguruan biltzen diren hainbat herrixkatan antolatua dago; markatu gune horretatik abiatzen diren bide eta parkeetan barrena herrixketara goaz. Aipatu sekzio horien erdigunean "City" area dago eta bertan dautza erakundeen eraikinak, bulegoak eta komertzioak. Fabrika eta industriak, berriz, landarediz inguratutako aparteko zona batean daude (hotsa eta kutsadura murrizteko) baina aski gertu, bertaraino oinez iritsi ahal izateko. Nolanahi ere, Tapiola hori planetako hiritzarretan nagusitu den -eta, zorionez edo zoritxarrez, urbanizazio itsuan oinarritutako- errealitatetik arras urruti dago.
Planeta osoko biztanleen erdiak (3.200 miloi lagun) hirietan bizi dira. Populazio horren parte bat, herrialde aberatsetan batik bat, txalet eta antzekoetan aurki daitekeen naturatik gertuagoko bizimodu bila dabil. Baina hori ez da aukera hobea: aditu guztien arabera, ekologikoki sostengaezinak dira: laguneko lurzoru asko-asko okupatzen dute, energi gastu handia egiten dute eta automobil partikularretan bakarrik mugi daitezke.
Hiri handia astintzen duen beste arazo latz bat kanpotiko menpekotasunari dagokiona da, baliabideez eta hondakinak osatzeko gaitasun eskergaz ari garela. Mendebaldean, milioi bat lagun bizi diren hiri batean egunero 2.000 tona elikagai, 625.000 tona ur eta 9.500 tona erregai sartzen da. Hondakinak, berriz, ez dira txikiagoak: 500.000 tona ur zikin, 950 tona aire-kutsadura eta 9.500 tona zabor.
Hiri berderako sendak, elkarrekin loturik dauden sei bidegurutze zeharkatuko ditu: ura, hondakinak, elikagaiak, energia, garraioa eta lurraldearen erabilera. Worldwatch Institute-k eginiko "Hiriak gizakientzat eta planetarentzat ostera asmatuz" txostenak bidegurutze horien kudeaketa hobetzeko ideia batzuk jorratu ditu. Hauek azpimarratu ditugu guk:
Hiriko Ingurune gaietako Akordioak 2005 urtean sinatu ziren. Hiri ingurunea hainbat eremutan hobetzea xede duten hogeita bat egintza betetzeko asmo-adierazpen hori aintzat hartuko da, "hiri berdeei" NBEen titulazio ofiziala (izar bakarretik lau izarreraino doana) entregatuko zaielako. Hona hemen hiritarrarengan eragin zuzena izango duten egintzetako bat:
2015 urterako, hiritar bakoitzak gehienez ere kilometro erdira parke publiko bat edo atseden espazio ireki bat izango duela bermatzea.Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa