Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Ekipo egokia erosteko, bederen, erabiltzaileak ez du zertan informatikaz asko jakin; bai, ordea, aukera egitean arras baliagarriak izango zaizkion oinarrizko kontzeptuak argi edukitzea
Eguberritarako ordenagailuen eskaerak ere izugarri egiten du gora. Orduantxe datoz kontsumitzailearen kezka eta zalantzak: gigahertzak, megabyteak, RAM memoria, TFT, USB, VGA eta beste hamaika hitz aldrebes, balizko erabiltzaileetako askok interpreta ezin ditzaketen milioika publizitate orri betetzen dituztenak. Dena den, horrenbeste jakitea derrigorrezkoa ote da ordenagailu bat erosteko? Egiari zor, ordenagailua ekartzeko unean ezagutu behar diren kontzeptuak ez dira ez asko, ez ulertezinak ere. Dena den, garrantzitsuak eta informazio baliagarririk ematen ez dutenen artean ere bereizten jakin behar da.
Halakotzat hartzen dugu kutxak, pantailak, teklatuak eta saguak osaturiko ekipoa baina, egia esan, konputagailu lanak kutxak ("dorreak") bakarrik egiten ditu
hauxe da ordenagailuaren garuna. Bere ahalmenaren arabera aldatuko dira funtzionatzeko abiadura eta aparatuak, eragiketa gutxi edo gehiago egiteko, dituen mugak ere:
prozesadore eta disko gogorrarekin batera, RAM memoria du erosleak erreparatu beharreko funtsezko elementuetako bat, ordenagailuak aldi berean zenbat informazio maneia dezakeen adierazten baitu. Memoria honen gaitasunak 512 eta 2048 Megabyte artekoa behar du izan, Windows Vista aurkiko sistema operatiboarekin aritzeko, batik bat. Prozesadore on batek ezin dezake lana egokiro egin RAM zabal bat izan gabe; bestetik, ordea, oso litekeena da RAM handiegi batek potentzia txikiko prozesadore bat gehiegi berotzea (are eta gehiago, eramangarria bada). Horrenbestez, bi datu horiek ondo konpentsatuak dauden begiratu behar da.
ordenagailuaren datuen biltegi nagusia da disko gogorra. bere ahalmena Gigabytetan neurtzen da (Gigabyte bat mila milioi byteren baliokidea da) eta ehunka Gigabyte izan ditzake. Erabiltzaile arrunt batentzat, 80 Gigabyteko disko gogorra duen ordenagailua egoki-egokia bada ere, euro gutxi batzuk ordainduta 160 Gigabytekoa eros daiteke (hauxe aholkatzen da). Hortik aurrera prezioa ikaragarri igotzen denez, ordenagailuan film eta musika asko gorde nahi dutenentzat konponbide egokia beste disko gogor bat ekartzea da: bigarren hau kanpoan ipin daiteke, garestiagoa bada ere.
prozesadoreko tenperatura fresko mantentzeko balio du. Ohiko mekanismoa haizagailu bat da (hots-iturri behinena ere bera da). Likido bitarteko hozketa duten modeloak eraginkorragoak diren arren, energiaren kontsumo dezente handiagoa egiten dute. Halaz ere, prozesadorea arras bortxatzen duten bideojokoen zaleentzat komenigarria da. Makina isilaren bila dabiltzanentzat ere, egokia.
diogun bezala, kablerik izan gabe, datuak igorri eta jasotzeko, Interneten sartzeko aukera ematen du. Wifi da hari gabeko teknologietarako sarbidea ematen duen teknologia, biziki garrantzitsua ordenagailu eramangarrietan, batez ere. Bluetooth, berriz, ordenagailua eta dispositibo mugikorrak (telefonoak, agenda elektronikoak) lotzen dituen teknologia da. Ez ohi dago ekipoan integraturik baina USB bidezko kanpo-egokigailu batek (30 eurotik behera) beteko du zeregin hori.
irakurgailu edo grabagailuak CD eta DVDentzat balio ohi du, eskuarki. Dual (edo "formatuaniztun") bada, DVD+/-R formatu komertzialak irakurri eta graba ditzake. "Geruza bikoitzekoa" izateak esan nahi du disko optikoan informazio-geruza bat baino gehiago grabatzeko gauza dela eta, horrenbestez, datu gehiago bil dezakeela. Dispositiboa duala izateaz gainera, irakurtzeaz gain grabatzeko ere balio izatea garrantzi handikoa da. Hobe geruza bikoitzekoa bada baina hori ez da ezinbestekoa, non eta disko gogorra tartean behin deskargatu behar ez den, P2P sareen erabilera intentsiboa egitearren, esate baterako.
irudi grafikoak interpretatzen ditu eta, berez, ordenagailu txiki bat da, bere prozesadore eta guzti. Marka nagusiak ATI/AMD, NVIDIA eta Intel dira. Ordenagailuek, egiten dituzten funtzio gehienak betetzeko adinako kalitatea duen txartel grafikoa daukaten arren, bideojokoen zaleek eta lanabes grafikoak baliatzen dituztenek txartel "handiagoak" bereiz erosi eta ordenagailuko arrailetan txertatzen dituzte. Merkatuan salgai daude 50 eurokoak (erabiltzaile gehien-gehienentzat, aski) eta 1.000 eurotik gorakoak ere.
Erabiltzaileak, toki batetik bestera ibiliko dela uste duelako, ordenagailu eramangarria ekartzea erabakitzen badu, funtsezko lau ezaugarri hartu beharko ditu gogoan: pisua, tamaina, autonomia eta konektibitatea.
Pisuari dagokionez, oinak lurrean ipin ditzagun: ez pentsa hiru kilotik gorako karga batetik leku batetik bestera aise ibiliko zarenik. Izan ere, 2,5 kilotik gora ordenagailua astuntzat jotzen da. Bestetik, ordenagailua zenbat eta arinagoa izan, orduan eta bertako osagaiak ahulagoak dira eta, hortaz, gutxiago iraungo dute; beraz, pisua eta sendotasunaren arteko oreka bilatu behar da. Beso artean erraz hartzekoa eta maneiu errazekoa izan behar du, gainera. Kalitate berdinekoen artean, ordenagailu txikiagoak barruan espazio handiagoa daukan besteak baino aireztatze sistema ahulagoa izango duenez, gehiago berotuko da eta gutxiago iraungo du. Tamainaren arabera, likido bidezko hozketa sistema duten aparatu berriak eraginkorragoak eta isilagoak dira baina bateria gehiago kontsumitzen dute.
Entxufeekiko autonomia bateriaren arabera aldatuko da eta honen iraupena, berriz, prozesadorearen potentziaren arabera: zenbat eta ahaltsuago, hainbat eta gastu handiagoa. Potentzia ertaineko prozesadoreen alde egitea komeni da.
Mahai gaineko ordenagailuaren elementu guztiak eramangarrian sartzen ez direnean horietako asko periferiko gisa konektatzea da zentzuzko aukera. Horregatik, eramangarriak konektibitate handia edukitzea komeni izaten da, era askotako portu ugari, alegia. Ordenagailu eramangarrian hari gabeko konektibitatea funtsezkoa da, noski (Wifi, batik bat).
Estetika hutsagatik erosi nahi bada aparatu eramangarria, aipaturiko elementu horietan ez da derrigorrezkoa biziki zorrotza izatea baina, hori bai, jakitea komeni da: mahai gainekoaren ezaugarri berberak dituen ordenagailu eramangarria garestiagoa da beti eta buruhauste gehiago ekarriko dizkigu, hozketa alorrean arazo ugari dituelako.
Prozesadorearen ahalmena muturreraino bortxatuko du, bideojoko aurreratuenen konplexutasun grafikoa, besteak beste, berebizikoa baita. Prozesadore ahaltsuenez (Intel Core 2 Duo Extreme Edition eta Athlon 64 FX) eta RAM memoriarik handienarekin hornituriko ordenagailua hartu beharko du. Hozketa sistema, ahal dela, likido bidezkoa; soinu eta irudi txartelak, punta-puntakoak. Mahai gainekoa ekarrita asmatuko du.
Makina bat musika eta film maneiatzen dutenek disko gogor handi-handia ez ezik, disko gogor osagarriak eransteko konektibitatea eta Interneten arazorik gabe sartzeko ordenagailua eduki behar dute. Horiek ez ezik, ordenagailu horrek DVDak grabatzeko (bertan filmak, musika eta irudiak metatzeko) gaitasun egokiena izan beharko du. Erabiltzaile askok ordenagailua egun osoan pizturik edukitzen dutenez, hozketa sistema eraginkor eta isila beharko du. Erabiltzaile hauentzat ere mahai gaineko ordenagailua da egokiena.
Ekipoa lanerako baliatzen dutenek (testu edizioak, kalkulu orriak, datu base soilak, aurkezpenak...) eta hornidura bereziak nahi ez dituztenek (gehientsuenak) ahalmen ertaineko ordenagailua ekar dezakete. Eramangarria aukera eroso eta praktikoa izan daiteke, baina gogoan izan: kalitate berdinagatik doble prezioa ordaindu behar da; gainera, eramangarri horri beste teklatua, sagua eta monitorea erantsi behar zaizkio, etxean erosoago erabili ahal izateko. Egun badaude merkatuan mahai gaineko ordenagailu duin-duinak salgai 450 eurotan (bere pantaila, teklatu eta saguarekin); horixe bera daukan aparatu eramangarria nahi izanez gero, 700 eurotik gora ordaindu behar da.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa