Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Ainhoa Garmendia, sopranoa: "Mundu honetan dagoeneko ez dago divarik"

  Ainhoa Garmendiak (Donostia, 1974) itzal handia hartuko bide du etorkizunean mundu zabaleko lirikan. Aukeratu pribilegiatuak baizik onartzen ez dituen eszenatoki latz horretan urtearen buruan antzezpen bakan batzuk bakarrik egiten dira hiri handi zenbaitetako antzokietan.

Bertaraino intuizioa ederki estutuz iritsi da kantaria, kalkulua baztertuta eta, iritsitakoan, aukerari lepotik heldu dio kate motzez. Berea kantatzea eta antzeztea zela konturatu zenez geroztik mirespena sortzen duen sopranoa iritsi arteko ibilbidea egunez egun urratu du. Gaur, Europako lehen-lehen mailako karteletara iristen ari da Ainhoa Garmendia.

Elitista? Gaur operara ez bagoaz, gustatzen ez zaigun edo interesik ez dugun seinale dela esan dezakegu

Bitalista eta poliglota (euskaraz ez ezik, frantsesez, alemanez, ingelesez, espainieraz eta italieraz egiten du) den Ainhoa honen irudiak ez du zerikusirik diva guratsu potolo topikoarekin. Osasun egoera onean mantentzeko kirola praktikatzen du eta apetak lagunekin partekatzen ditu, antzeztokitik aparte. Bere buruaz seguru, sena dauka ardatz eta lanabes behinena urruti begiratu eta poliki ibiltzeko. Lilurazko etxea Alemanian ikusten badu ere, atseden hartzeko nahiago ditu Gipuzkoako Goierri eta Bordele aldea; teknikoki prestatzeko, berriz, Londres eta Gante. Benetako helbidea, egiari zor, gainean daraman ordenagailua du, horixe baitu munduarekin konektatzen duen zilbor-hestea. Pasio eta lanbide izaki, musika baino askozaz ere zabalagoa den errealitatea bizi du.

 Europa osoko hamaika lehiaketatan saritua izan da eta, egun, Alemaniako musika-eszenako bigarren erakunde zaharrena den Leipzig-eko Operako bakarlari dihardu Ainhoa Garmendiak. Horrez gainera, Glyndebourne-ko Jaialdian, Royal Albert Hall-en eta Bartzelonako Liceu-n ere kantatu du. Aurrera begira, Antwerpe, Gante eta Bilboko operetan "Figaroren ezteiak" interpretatzea du eskuarteko proiektuetako bat.

Zergatik opera, ordea?

 Akordeoia jotzen hasi nintzen eta irakasleak ahots ona neukala esan zidan, agian mereziko zuela proba egitea. Abesbatza batean sartu nintzen lehendabizi eta ondoren Donostiako Orfeoian. Bertan, Madrilgo Goi-Mailako Kantu Eskolan matrikulatzea aholkatu zidaten. Espainian ikasle nenbilela, antzerki lan bat antolatu genuen, sos batzuk ateratzeko, eta aurkikuntza egin nuen: kantatzeaz gainera, antzeztea ere gustukoa nuen. Operan aritzeko aukera taxutzen ari bazen ere, hura ez zen oraingoz ene helmuga. Izan ere, 21 urterekin Madrilgo Erkidegoko Abesbatzan kantari sartzeko azterketa egin eta gainditu nuen, hots, funtzionario bihurtu nintzen. Santiago Compostelakoan ikastaro bat egin eta bertako irakasle poloniarrak balizko beste bide bat aipatu zidan: Vienako (Austria) Universität für Musik und Darstellende-n sartzeko probak egingo zirela aurki. Abiatu eta aurkeztu egin nintzen.

Lan segurua bertan behera utzi eta suerte bila abiatu zinen, beraz...?

 Halaxe da. Senak narama ni beti. Huraxe izan zitekeen nik nahi nuena. Gurasoei premiazko nuen laguntza ekonomikoa eskatu nien. Haiek, baietz. Gipuzkoako Diputazioak ere lagundu ninduen, beka jaso nezan baldintza bakarra onartua izatea jarri zidalarik. Latza izan zen sarrera hura baina barrura nindoan: aurrean hiru urteko ikastaldia nuen oraino.

Soprano izaten ikasi nahi zenuen?

 Kantatzen ikasi nahi nuen. Bigarren ikastaldia burutzen ari nintzenean Alemaniako antzoki batean emango zen operan parte har nezan gomit egin zidaten. Bertan ezagutu nuen kantari batek Marseillako Artista Lirikoak Txertatzeko Zentro Nazionalaren berri gaztigatu zidan. Bertan sartzeko probak handik bi egunera egingo ziren. Vienatik igaro gabe ere, Marseillara egin nuen eta bertan onartu egin ninduten. Ene ibilbidean hurrengo etapa harexek behar zuela adierazi zidan senak. Kontua zen mundu erdi-profesionalean beste urrats bat egitea. Kantan eta ikasgai paraleloak -antzezpena, adibidez- batera ikasiz jardun nuen, niretzat dena baitzen garrantzi handikoa. Eta ene burua ezagutzen hasi nintzen. Entzunaldiak egin, agenteekin kontaktatu eta ene errepertorioa taxutu nuen.

Ikastaroa amaitu al zenuen?

(Barre algarak) Ezta hura ere! Badirudi tituluetatik ihes nenbilela baina, egia aitortzeko, patuaren seinalea egokitu zitzaidan ostera ere bidean. Irakasle nuen Josef Frakstein Leipzig-eko Operako Zuzendari izendatu zuten eta berarekin joan nendin eskatu zidan. Alemanian goi-mailako antzokiek solista talde finkoa dute. Nik, berriz, ene burua prestatua ikusten nuen. Eskola utzi eta bestelako bideak urratzeko une aproposa zen hura.

Tokia bilatu al duzu?

Bila nabil oraino, nahiz egun gauzak ez diren hasiera hartan bezala. Bide luzea egina dut baina, halaz ere, poliki nabil. Ene ahotsa aditu behar dut oraindik.

Hori ez ote da publikoaren eginkizuna?

Bai, noski. Baina, entzunarazi aurretik, jendeari ene interpretazio batekin gozatzeko aukera eman aurretik, zer eskaini diezaiokedan jakin behar dut neronek. Hasieran ahots arina nuen; orain, berriz, arin - lirikoa. Ahotsak ere eboluzionatu egiten du eta neu ez noa ene naturaz bestaldera. Badakit haurra erditzean berriro aldatuko zaidala. Bizet-en "Carmen" egitea ikaragarri gustatuko litzaidake baina oraino ezinezkoa dut hori. Akaso ezingo dut behin ere egin. Ene kanta-eginkizunetan gozatu egin nahi dut. Antzezpen txikiak dira oraingoz, bigarren mailakoak, baina neure egin ditut. Hortxe kritikak, berme.

Horrenbesteko garrantzia aitortzen diozu kritikari?

Horixe baietz! Bai aldekoari, bai kontrakoari ere: zuk egindako lanaren egiaztapenak dira eta, halakotzat, zure aurkezpen-agiri bihurtzen zaizkizu. Ezin eska diezaieket zuzendariei entzunaldia egin diezadaten, aurretiaz balio dudana erakutsia ez badiet. Eskaintzen den postua erdiesteko gauza naizela agertu behar dut.

Zeure burua epaitua ikustean ez duzu paniko eszeniko nozitzen?

Ez diot baimentzen ene buruari. Antzezten hasten naizen unetik bertatik, ibilbide luze bezain neketsua egin izanak bermatzen didan segurtasunaz dihardut. Paper bat onartu aurretik behin eta bitan baino gehiagotan egiten dut horren gaineko gogoeta, aurrera ateratzeko gauza izango ote naizen kalkulatzen dut beti. Ez dut gogoko beldurrez aritzea, ezta higadura ekarriko didan estresez jardutea ere. Nahiago dut, aitzitik, handiak bai baina arriskutsu ez diren helburuen bila ibiltzea.

Bitxia da ausardia eta zuhurtzia horrela konbinatzea...

Akaso artista senak bikun egin nau. Enetzat bizitza pasioa da, ogibidetik haratago. Kantatzea dut lanbide baina neuk askozaz ere alderdi gehiago betetzen ditut: senarra, familia, lagunak, zaletasunak, giroa. Lanbidearekin arduratsu naiz baina ez diot onartzen bere eremutik kanpora hedatzerik.

Benetan ez zaitu erakartzen María Callas, Joan Sutherland, Montserrat Caballé eta bel canto munduko figura handiak inguratzen dituen giro xarmant horrek?

Onar dezagun: egungo lirika panoraman ez dago Maria Callas-en tamainako figurarik. Jeinua zen emakume hura. Zedarria izan zen baina gauzak arras aldatu dira. Mundu honetan dagoeneko ez dago divarik; profesionalizatu egin da opera, agian glamour eta distirarik galdu du baina horixe da ordaindu beharreko prezioa, eszenategiko oihala altxatu eta ikuskizunak aurrera egin dezan; aisialdia emateko espazio eta eskaintzen lehia zorroztu, biderkatu egin baita.

Egun, libretoan agertzen den aldi edo garaia aldatzea ("Traviata" Bigarren Mundu Gerran kokatzeko, esate baterako) eta antzeko joerak gustuko al dituzu? Opera gaurkotuz, populu handiari eskaintzeko saioa da hori?

Antzoki batean, eszenaratze batean eta aldi jakin batean ulertzen den generoa da opera. Musika-partea aspaldikoa du eta obrak kontatzen duena, batzuetan gai unibertsalak eta denboraz kanpokoak badira ere, bere unean narratu behar du, pertsonaiak, jokamoldeak eta nortasunak hobeto ulertu ahal izan ditzagun. Opera hemeretzigarren mendeko arte-adierazpena dela onartzea ez da bekatu: operaren esentzia autore handietan, libreto handietan datza eta errealitate hura berreskuratzen eta egungoan ezartzen ahalegintzea, ordea, agian artifizial gerta liteke, aitor dezagun. Musika modernoaz, egungo instrumentu eta istorioez gozatzeko baditugu beste genero batzuk: musikala, adibidez.

Horrekin zer esan nahi duzu, opera beti elitista izango dela?

Horixe da iritzi hedatuena, hori sinesteko geroz eta motibo gutxiago badago ere, ene ustez. Gaur operara ez bagoaz, gustatzen ez zaigun edo interesik ez dugun seinale dela esan dezakegu. Era guztietako ikuskizunak, oro har, herritartzen ari dira. Auditorio eta espazio subentzionatuak egunetik egunera ugalduz doaz eta prezioak oso-oso modukoak dira. Egia da, beste aldetik, lirikako tenplu handien irudia hor dagoela, galako janzkeraz apaindutako gizon eta emakumeen ospakizun horiek... Hori ere ez dago gaizki, ekintza soziala den aldetik, antzerkia joatea den estetikari ere bere espazioa eman behar zaio. Baina gaur egun opera eta jendea ez dira sasoi jakin batean bakarrik topatzen: urte osoan zehar egiten dira jaialdi eta errezitaldi mesedegarriak.

Hori ere opera al da? Hau da, bidai giroko ekitaldiak, "Hiru tenoreen saioa" eta pop estiloko antzekoak ongi ikusiak daude zuen mundu horretan?

Hori ez da opera, dudarik gabe, baina edonori atsegin dakizkieke doinuez gozatzeko aukera jendeari emateko modu egokia da, opera "bezain serio" diren gauzen aurrean beldurra gal dezan. Grazia du, beste aldetik, horrela kalifikatzeak, opera bera ez baita serioa. Ikuskizun bizia da, dramatikoa gehienetan, komikoa beste askotan. Eta biziki erromantiko eta sentimentala, jakina.

Zartzuelaz zer esango dugu?

Aurten Madrilgo "Teatro de la Zarzuela"-tik deitu ninduten baina ez neukan egun librerik. Genero hori ezagutzen ez dudan arren, ez dut inondik ere gutxiesten. Egunen batean zartzuela ere kantatuko dut, agian.

Zure web orria arakatuz... izan ere, nork egin dizu?

Neronek egin dut. Informatikak zoratu egiten nau; programatzea, argazkiekin jolasean ibiltzea, Interneten barrena nabigatzea. Izan ere, ene lagun batzuen web orrien diseinua ere hartu dut eginkizun. Zerk tira dizu arreta site horretan?

Argazki biziki erakargarriez gainera, zure agenda: 2009 urtera arte, dena beteta. Eta bertan errepikatzen den antzezpena: Mozarten "Figaroren ezteiak" obrako Susana paperean, alegia.

Agenda ene segurantzia laborala dut. Horretarako dabilzkit agenteak lanean. Susanaren rolari dagokionez, horixe da gehien landu dudana, berarekin nago gustuen. Oraindik ere ikasten ari naiz rol horretan baina niretu egin dut.

Jendearekin nola konektatzen duzu?

Toki denetan desberdina da populua, hiri batetik bestera aldatu egiten da. Alemana hotz-hotza da baina berlindarra, aitzitik, porrokatua: oraintxe txalo zaparrada egiten dizu, oraintxe txistuka, antzezpenean dena ematen du berlindarrak. Ingalaterrakoa populu aditua da, errespetua sortzen du baina eszena ohikoa duenez, eroso sentitzen da eta bere formalismoa natural-naturala da. Espainiarra nolako den, oraingoz ez dakit. Liceu-n debutatzean esango dizut. (Elkarrizketa egin eta handik hiru astera kantatu zuen bertan).

Horren aurrean, beraz, urduri?

Hunkitua, batez ere. Servilia (Mozarten "La Clemenza di Tito") gustuko rola dut, menderatzen dudana. Garrantzi handia du niretzat antzoki katalan nagusi horretara irisi eta Francisco Negrín-en zuzendaritzapean jardutea, Sebastián Weigle-ren aginduetara, sasoiaren hastapenean ... Sekulako lorpena da.

New York-eko Metropolitan-era begira? Milango Scala-ra, agian?

Iritsiko naiz. Ez nabil presaka. Bertan kantatzeko ere prestatuko naiz baina horiek ez dira egiazko helmugak. Lehenago, Bilbon debutatu behar dut.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto