Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Ahate eta antzaren foie-grasak: Xarmadun gantza, tamainaz kontsumitu beharrekoa

Prezio biziak kolesterol eta purina ugari dituen produktu honetatik asko jatea mugatzen du

 

Dastatzeko zoragarria, gastatzeko izugarria: halaxe da foie-grasa. Ukitu atsegin, gantzatsu, leun eta gurikoari, zapore eta usain lurrintsu apetagarrikoei esker Historia osoan biziki preziatua izan da elikagai hau. Prezio handikoa denez, ordea (kiloko, 70 - 230 euro bitartean dabil foie-grasa), Eguberri eta antzeko ospakizunetako janarietan bakarrik kontsumitzen dugu, oraingoz. Noizik edo behin baizik ez jatea komenigarria da, bai famili ekonomiaren ikuspegitik, bai osasun alorretik ere -azido uriko, hiperkolesterolemia eta hipertentsio arazorik nozitzen duen jendearentzat-, foie-grasak berez dauzkan gantz, kolesterol eta kaloria ugari-ugariengatik.

Ahate eta antzarek, erraiaren hipertrofia -organoaren tamaina handitzea- eragiten dien beharturiko galkatze baten ondorioz, garatzen duten gibel koipetsua adierazteko jatorri frantseseko "foie-grasa" hitza darabilgu euskaraz.

CONSUMER EROSKI-k sei markatako foie-grasen etiketa, osaketa nutrizionala, gatz eta bestelako aditiboen presentzia, egoera higieniko-sanitarioa eta hegazti espeziea aztertu ditu. Gibel osoak dira laginak moldatzeko erabili direnak, kolpe-lorratz eta ubeldurarik gabeak, eskuz zaingabetuak eta gatz, hainbat espezia, likore bat (Porto, armagnak) eta baimendutako aditiboez apaindutakoak. Seietatik bost, ahate-gibelez eginiko erdi-kontserbak dira (Ibardin, Martiko, Delicass, Zubia eta Goiburu) eta seigarrena antzara-gibelez eginiko kontserba (Rougie). Laginen formatuak doaz 75 gramoko ontzitik 200 gramokora eta prezioak, kiloko, 69,41 eurotik (Martiko) 228,75 euroraino (Rougie).

Ahatearen ordez, antzara

Azterturiko foie-grasen etiketen arabera, seietatik bost (Ibardin, Martiko, Delicass, Zubia eta Goiburu) ahate-gibelez eginak daude; seigarrena (Rougie), berriz, antzara-gibelez egindakotzat agertzen da. CONSUMER EROSKI-k laginen DNA aztertuz gero egiaztatu duenez, etiketek diotena egiazkoa da. Ustekabea Martiko markak eman du: etiketan adierazten duen ahate-gibelaren ordez, antzararena darabil: produktu hau ahatearena baino garestiagoa denez, ez da jo kontsumitzailearen kontrako iruzurtzat. Dena den, horrek ez du fabrikatzailea salbuesten etiketari buruzko araua urratzetik, adierazitakoa eta ontzian dagoena ez baitatoz bat.

 

Hori ez da izan, nolanahi ere, etiketak agertu duen irregulartasun bakarra. Osagaien zerrendan Delicass-ek ez du adierazi produktuak daukan aditiboetako bat (azido askorbikoa, antioxidatzailea). Rougie markak, Delicass-ek beste aldera, aditiboak dauzkala aitortzen duen arren (antioxidatzaile bat eta kontserbatzaile bat) azken produktuan ez dago horien aztarnarik. Goiburu markako laginak, amaitzeko, produktuaren pisu garbia adierazten ez duenez, araua urratu egiten du.

Gabezia horiek gorabehera, azterketak erakutsi zuenez, ikerturiko sei laginen egoera egokia da, osasun- eta higiene-alorretan. Halaz ere, Frantzian bai baina Espainiak ez dauka foie-grasari erants dakizkiokeen osagaien mota edota proportzioa, lantze-prozesua eta gainerakoak -orokortasun gutxi batzuk izan ezik- arau litzakeen berariazko legeriarik. Badirudi honelako produktuen gaineko legeria zorrotza taxutzea beharrezkoa dela, hortaz.

517 kilokaloria 100 gramoko

Foie-grasa elikagai gantzatsu eta balio energetiko handiko izateari zor dio biziki asegarria izatea. Lan honetan ikerturiko produktuen azterketak erakutsi zuenez, batez beste ahate edota antzararen gibelak 517 kilokaloria ditu ehun gramoko.

Foie-grasak makronutriente nagusia duen gantz edukia elikagaiaren %40tik gorakoa zen lagin denetan. Gantz gutxien Martiko-k (%44) eta Rougie-k (%45) agertu zuten eta koipe gehien, berriz, Goiburu-k: hauxe izan zen %60ko muga gainditu zuena (edukiaren %62). Gantz hori, gehienbat, monointsaturatua bada ere (%58), osasunarentzat kaltegarrien diren gantz azido saturatuen presentzia handia du (%41); poliintsaturatak, berriz, urri agertzen dira: %1 baino ez.

Kolesterol aldetik (255 miligramo 100 gramo) kontsumitu ohi ditugun haragi gehientsuenek (oilaskoak, 110 mg; arkumeak, 78 mg; txerriak, 72 mg; behiak, 65 mg) baino dezente gehiago du honek. Proteinei goazkiela, proportzioak aldatu egiten dira %5,6tik (Ibardin) eta %5,8tik (Goiburu) hasi eta %9,8raino (Rougie) doaz. Gure organismoan azido uriko bilakatzen diren purina izeneko substantzia ugari dauka, era berean, foie-grasak.

Foie-grasak dauzkan mineraletatik burdina, fosforoa, zinka eta, jakina, sodioa dira ugarienak. Sodioaren agerpen handiaren (700 mg 100 gramoko) zergatia, produktuari kontserbatzeko eta zaporea hobetzeko erantsi zaion gatzean datza. Honetan ere, lagin batetik bestera aldeak daudela atzeman zen: gatz gutxien daukan lagina Rougie da, antzararen gibelez eginiko kontserbako bakarra: 0,4 g baino ez, 100 gramoko. Beste muturrean, aipatutako lagin horrek baino ia lau aldiz gatz gehiago daukala, Martiko markako ahatearen gibel osoa agertzen da: 1,5 gramo gatz, 100 gramoko. Elikagai batek, 100 gramoko, 1,8 gramo gatz baino gehiago edukitzea gehiegizkotzat jotzen da, baina eduki horretara ez da azterturiko foie-grasik iritsi.

Bitaminez ari garela, B multzokoak dira azpimarratzekoak -B9 eta B12, bereziki- eta A bitamina: 10 edo 15 gramo foie-gras hartutakoan, nerbio-sistema ongi garatzeko eta gauez ikusteko beharrezkoa dugun bitamina liposoluble honi dagokionez, eguneko aholkatzen den kopurua (EAK) irentsia dugu.

CONSUMER EROSKI-k, bestetik, produktu hauetan ohikoenak diren aditiboak ere aztertu zituen: nitratoak, nitritoak (biak ere, kontserbatzaile gisa baliatzen dira) eta azido askorbikoa (antioxidatzailea). Rougie eta Goiburu marketako laginak dira hiruretatik bakar bat agertu ez dutenak. Delicass laginean ez zen ez nitrato, ez nitritorik atzeman. Ibardin, Martiko (kopuru txikienean) eta Zubia laginetan, berriz, atzeman ziren baina legeak onartzen dituen mugen barnean.

Azido askorbiko edo C bitaminaren zeregin behinena gantza zaharmintzea galaraztea da eta kopuru hauetan agertu zen laginetan: Martiko (255 zati milioiko, denetan urriena), Delicass (465 zm) eta Ibardin (500 zm, ugariena). Delicass laginak askorbikoa baliatzen du foie-grasa lantzea, etiketan horren berririk ez adierazten ez badu ere.

Zentzumen-azterketa

Foie-grasen zentzumen-azterketan ohiko 30 kontsumitzailek hartu zuten parte. Laginen ezaugarririk ezagutu gabe, itxura, zaporea, produktuaren ahoratzea eta bukaera kalifikatu zituzten. Notarik hoberena Ibardin laginak eraman zuen (6,6 puntu, bederatzitik); lagin hori dastatzaileek ederki nabarmendu eta bereizi zuten Delicass (5,2 puntu), Rougie (5,4 puntu, antzara-gibelez eginiko bakarra) eta Goiburu (4,4 puntu) laginetatik. Zubia (6,1) eta Martiko (5,8) erdi parean agertu ziren.

Prezioa

Ahatearen foie-grasa, kiloko, 92 euro inguru kostatzen da, batez beste; antzararena, berriz, biziki garestiagoa da: 230 euroraino iriste da prezioa. Gure laginetan merkeena Martiko da (69,41 euro kiloko) eta ahatearen foie-gras garestiena Ibardin (111,54 euro kiloko), ondotik Goiburu datorkiola (108 euro kiloko). Nolanahi ere, azterlaneko foie-grasik garestiena Rougie lagina da (228,75 euro kiloko, hots, ahatearen foie-grasik garestienaren halako bi eta gehiago).

Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Zubia markak ematen du: azterturiko ezaugarri denetan erdi parean agertzen den osaketa nutrizional zuzeneko produktua eskaintzen du: dastatze proban (6,1 puntu) eta prezioan (91,33 euro kiloko).

Historia apur bat

Hegazti palmipedo migratzaileen bereizgarrietako bat, bidai luzeari ekin aurretik, gantz ugari -gibelean, batik bat- metatzeko gaitasuna da. Gantz horri esker, hegaldi bakar batean milaka kilometro egiten duten bitartean energi erreserbak pronto dauzkate. Honelako animaliak hegan doazela harrapatzen dituenak ederki atzemango du haragizko produktu zoragarri hau. Egipto, Grezia eta Erroma klasikoetan ezagunak ziren foie-grasaren ezaugarri apartak, milaka urte dituzten horma-izkribu, apaingarri eta testuek adierazten duten bezala.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto