Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

PAPEREZKO BERTSIOA.
2006ko azaroa

Arteriopatia periferiko eragozgarria: Zango zirkulazio gabeak

Berrogeita hamar urteetatik aurrerako gizonezkoen %5ek eta emakumeen %2k nozitzen duten gaitz horren arrisku-faktore behinena tabakoa da

Herrialde garatuetan hilkortasun kausa nagusia gaitz kardiobaskularrak dira baina, jendea hiltzeaz gainera, hamaikatxo ezintasun eragiten dituzte eta sekulako ondorio sozioekonomikoak dakartzate. Egun, gaitz kardiobaskularren eragile behinena den arteriosklerosia gorputzeko arteria-arbolako zeinahi ataletan ager daitekeen arren, garuna, bihotza eta behe-atalak ditu agertoki ohikoenak.

Zer da gaitz hori?

Arteriosklerosia, arteriei erasotzen dien gaitz endekagarria da eta, hastapenean, agerpen argirik gabe garatzen da bizitza osoan barrena. Arteriak itxiz doaz, bertako barne-paretetan ateromazko geruzak moldatzen baitira pixkanaka, baina hasieran horrek ez du arazo larririk sortzen, bertatik pasatzen den odola aski izaten baita ehun eta organoen eskakizuna asetzeko. Halako batean, ordea, arteriaren estutasuna (estenosis) kritiko bilakatu denean, ez da behar adina odola igarotzen bertatik. Egun eta organoek nahikoa odol hartzen ez dutenean, iskemia agertzen da. Horregatik entzuten dugu maiz bihotzeko, garuneko edo behe-ataletako iskemi gaitza.

Adina, tabakoa eta diabetesa

Arteriosklerosia gaztaroan hasten da garatzen. Gene eta herentzia faktoreek ez ezik, beste batzuek ere gaitza areagotzen laguntzen dute, arrisku-faktoreak, hain zuzen: tabakoa, hipertentsioa eta kolesterol handia dira larrienak baina diabetesa, obesitatea, sedentarismoa, hiperurizemia eta estresa ere kezkagarriak dira. Baita denetan behinena, saihestezin bakarra: adina.

Hainbat azterketa epidemiologikok frogatu dutenez, behe-ataletako arteriosklerosia (arteriopatia periferiko eragozgarria, APE) helduaren arteriopatiarik ohikoena da, gizonezkoen %5ek eta emakumeen %2k nozitzen baitute gaitz hau. Aspaldi honetan, dena dela, emakumeen patologia ugaldu egin da, erretzen duten emakumeen kopuruak gora egin duelako, seguruenik. Gaitza 50 urtetik aurrera hasten da agertzen, batik bat.

Arrisku faktore guztiek ez dute intzidentzia bera arteriosklerosiaren agerpen eta kokapenean. Hipertentsio arterialak, adibidez, garunean ager dadin eragin handia du, kolesterolak arteria koronarioetan eta tabakoak, berriz, behe-ataletan. Kasu honetan, gainera, diabetesak sekulako garrantzia dauka, behe-ataletan lesio iskemiko latzak nozitzeko arriskua areagotzen baitu.

Izter edo ipurmasailetan mina

Behe-ataletako arteriopatia periferiko eragozgarriaren sintoma behinena hanka, izter edo ipurmasailetako muskulu-masen mina da. Jarduerak eragiten du min hori nozitzen duen pertsonak distantzia bat egin -larritasunaren arabera aldatzen dena- eta orduan agertzen da mina. Berehala gelditu behar du; pare bat minutuko atsedena hartu eta berriro abiatuko da oinez, mina berriro agertu arte.

Min horren jatorria iskemikoa da, hots, odol zirkulaziorik ezak eragin du. Bihotz-muskulura odolik ez iristean ere mina (bularreko angina) agertzen den modu berean, nabaritzen da behe-ataletan, odolik ezean: muskuluak mina eragiten du, oihuka hasten da, zerbait jazotzen ari dela jakinarazten du. Alarma seinalea da, batik bat, mina. Horregatik, hankek ibiltzean min egin eta, gelditzean, min hori arintzen denean, nekeari edo erreumari egoztea ez da aski. Negua iristean, hotzak eragiten duen arterien basokonstrikzioa agertzean, oso litekeena da ordura arte sintomarik izan ez duten pertsonak lehen sintomak nozitzen hastea.

Minaren kokalekua lesio arterioesklerotikoaren kokapenaren eta buxaduraren arabera aldatzen da. Galarazpena goialdean dagoenean, aorta arteriaren parean, mina aldakan eta izterrean agertzen da eta beherago azaltzen bada, femoraletan, adibidez, izterretara mugatzen da mina; lesioa belaunean baldin badago, mina bikiek eragiten dute. Behe-ataletako afekzioak, gainera, beste hainbat sintoma eragiten ditu, hala nola hotz sentsazioa, hankak inurritzea edo karranpak nozitzea. Sintoma horiek lehen agertzen direnak izaten dira batzuetan eta jarraikortasunaren eta intentsitatearen arabera sailkatzen dira.

APE gaitzaren sintomatologiaren mailakapena

  • I gradua: Hainbat sintoma: hotza, inurritzea, karranpak, parestesiak
  • II gradua,a: Ibileran, 150 metro eginikoan mina agertzen da: "tartekako klaudikazio arina" deritzo
  • II gradua, b: Ibileran, 150 metro egin baino lehenago mina agertzen da: " klaudikazio jarraitu larri edo ezgaitzailea"
  • III gradua: Geldirik egotean ere, mina
  • IV gradua: Lesio trofikoak, nekrosi eta gangrenaraino irits daitezkeenak

* FONTAINEREN IRIZPIDEEN ARABERAKO SAILKAPENA

Bilakaera mantsoa

Behe-ataletako arteriopatia eragozgarri kronikoa mantso bilakatzen da. Diagnostikoa, gehienetan, lehen artapeneko kontsultan egin daiteke. Pazienteak agertzen dituen sintomak ikusirik, sendagileak arteriak haztatu eta fonendoskopioa arteria-enborretara aplikatzen du.

Beharrezkoa denean, kasua angiologoari igorriko zaio, zehaztapen osoko diagnosi-tekniken bidez ebaluazio zuzena egin dezan. Zehazki mugaturiko estenosiak direnean, kirurgiara jo behar izaten da arteria permeabilizatu, by-pass ipini eta odola berriro bertatik igaroarazteko. Eskuarki, ordea, tratamendua higienean eta dietan oinarritzen. Denetan eraginkorrena, tabakoa bertan behera uztea da. Tabakoaren osagaiak arteriak itxiarazten dituzte eta horrek zirkulazio-urritasuna larritu egiten du. Pentoxifilina bidezko tratamendu farmakologikoek zirkulazioa pittin bat hobetzen dute baina ez dira oso eraginkorrak gaitzari buru egiteko; tartekako klaudikazioak eraginiko mina arindu baizik ez dute egiten.

Funtsezkoa da arrisku faktoreak kontrolatzea: hipertentsio arteriala, dislipemia, diabetesa, obesitatea, sedentarismoa. Adiera horretan, bizimodua aldatzea oinarrizko neurria da gaitzaren eboluzioa kontrolatuko eta zirkulazioa hobetuko bada. Oinez ibili behar da, min pittin bat nozitu arren. Baina, batez ere, erretzeari uztea da ezinbestekoa.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto