Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Espezietan kobratzea: Bankuaren bazarra

Udazkenean banku-gordailuen eskaintzak ugaldu egiten dira: diru kopuru jakin batzuk epe finkora sartzearen truk hamaika opari eskaintzen dituzte: baxerak, musika-ekipoak argazki kamerak, etab.

 

Seguru aski, inoiz edo behin zeure bankura joateko tentazioa nozitu duzu, erakundeak oparitan emango omen dizun baxera, kafetera edo MP3 hori eskuratzearren baizik ez bada ere, etengabe iragartzen ari diren diru-gordailu hori egitera. Horrelako opariak egiteari banku-hizkeran "gauzaz ordaintzea" deritzo eta, jakina denez, interes tasen ordezko dira. Bankuak edo aurrezki kutxak bezeroari oparia ematen dio, kontu korrontean sartzeko diru kopuru bat eskaini ordez. Udazkenean eta udaberrian harrotzen dituzte bankuek beren sustapen kanpainak.

Nola eskuratu bankuko oparia?

Erakundeek badakite diru-gordailu, kontu, inbertsio-fondo, pentsio-fondo edo dena delako bat kontratatzen duenari opari bat eskaintzea oso pizgarri eraginkorra dela, bezeroak biltzeaz ari garela. Horregatik ari dira bankuak eta aurrezki kutxak etengabe, erabiltzaileak erakarri nahian, baxerak, mahai-tresneriak, plantxak, kafeterak, telefonoak edota DVD-ak eskainiz, unean uneko produktua kontrataraztea xede harturik. Zortzigarren hamarkadan sortu zen praktika horrek bizirik eta indarrean dirau oraino ere.

 

Soil-soila da sistema: bankuak edo aurrezki kutxak sustapenean duen produktua aukeratuko du interesatuak eta, hortik gutxira, sukurtsalean edo etxean bertan jasoko du oparia. Dena den, errentagarria ote da benetan horrelako sustapenez baliatzea? Kontu horri arrapostua emateko, erakundeak iragartzen duen opari horren merkatuko prezioa eta horren baliokide litzatekeen interes-tasa jakitea komeni da. Interesgarria litzateke, era berean, kontratuaren ondoriozko interesekin oparia merkatuan eros litekeen edo horrelako erosketa egiteko aski izango ez liratekeen. Horrela izatekotan, promozioaz baliatzea komeniko litzateke. Eskuarki horrela jazotzen da, erakundeek opariak kostu-prezioan eskuratzen baitituzte; ondoren, bezeroari merkatuan baino merkeago eskaintzen dizkiote.

Une horretan erakundeak eskaintzen ari diren interes tipoak jakin eta kasuan kasuko sustapenari dagokionarekin konparatzea ere komeniko litzateke. Egiaz altuagoa den interes-tasa eskaintzen duen gordailu edo kontu bat topatuz gero, hobe izango da dirutan ordaintzen dena aukeratzea.Egun, esate baterako, gordailuen batez besteko errentagarritasuna %2,9 inguruan dabil. Halaz ere, erakunde askok interes-tasa altuagoa (%4 UTE) duten urtebeterako gordailuak eskaintzen dituzte; eskaintzarik erakargarrienak online erakundeek egiten dituzte, hein handi batean.

  • Kontuz zigorrekin. Opari baten truk bankuan dirua sartzea agintzen duten sustapen guztiek, nolanahi ere, hainbat baldintza betearazten dizkiote bezeroari, hala nola aurreztutakoa epe jakin batez ez ukitzea (hiru hilabetetik hasi eta urte batzuetaraino luzatzen dira epe horiek). Bezeroak baldintza hori betetzen ez badu eta dirua garaiz baino lehenago atera nahi badu, erakundeek zigor handia ezar liezaioke (%3rainokoa): aurreratutako baliogabetzeagatiko komisioa deritzo horri. Tarifa hori kobratuz, bezeroak etxean daukan opari horren prezioa eta gehiago aise eskuratuko du erakundeak.
  • Nori egiten dio mesede bankuko opari horrek? Banku-bezero askori kontu korrontean diru-sarrera bat egitearren oparia jasotzea erakargarriagoa zaie dirutan interes txiki bat eskuratzea baino. Horren kontu ez ezaguna, ordea: opari horiek ere zergak ordaintzen dituzte, fiskalitate berezi baten arabera. Izan ere, baxera, kafetera edo bestelako opari bat jasotzearren, Ogasunarekin kitatu behar dira zorrak.

Nolako fiskalitatea dute bankuko opariek?

Haziendaren ustez, finantza erakunde bateko bezeroek jasotzen dituzten opariak kapital higigarri baten etekina da (lege fiskalaren arabera, kapital higigarriaren osoko etekintzat jotzen dira zergapekoaren titulartasuneko ondare-, ondasun- eta eskubide-elementuetatik datozen baliagarritasun eta kontra-prestazio guztiak, hark eginiko eragiketa ekonomikoetatik kanpokoak direnean). Bankuko bezeroak jasotzen duen opariaren prezioa, eragin fiskaletarako, kapital higigarriaren etekintzat jotzen da, zergapean ezarri behar da eta %15eko konturako sarrerari loturik dago. Aipatutako %15eko konturako sarrera hori kalkulatzeko, finantza erakundeak opariaren baliotzat kostu prezioa hartuko du; beraz, bezeroari opari horren prezioa ez ezik, bankuak dirutan ordaintzea eskainiko balu, UTE interesa ere jakinarazi beharko dio.

Kapital higigarriaren etekintzat, opariaren merkatuko balioari, erakundeak kontura egin duen sarrera gehitzearen emaitza integratuko da. Konturako sarrera jakiteko, gauzako ordainketaren balioaren %15a kalkulatu behar da.

Azalpena hobeki ulertzeko adibide soil bat jarriko dugu: X Bankuak pentsio plana kontratatu duen bezeroari, merkatuan 85 euroko prezioa duen mikrouhin labea oparitu dio. Opari horren balioaren gainetik Haziendak konturako sarrera egin behar duenez, 85ren %15 kalkulatu behar da, hots, 12,75 euro: kopuru horixe atxikiko dio Haziendak hurrengo errenta-aitorpenean zergapekoari, opari hori eskuratzearren.

PFEZen hurrengo aitorpena egitean bezeroak kapital higigarriarengatiko sarrera gisa jo beharko du opariaren prezioa gehi bankuan sartutako dirua. Haziendak daraman atxikipena konturako sarrera izango da. Hortaz, oparia opari bada ere, bezeroak gauzazko ordaintze horri dagokion atxikipen fiskala ordaindu beharko du.

Informazio fiskalaren gaineko laburpenetan horrelako oparien zergapena agertzen dute erakunde guztiek, PFEZ aitortzeko kanpaina gerturatzean horrelako datuak erabiltzaileen eskura jartzeko obligazioa baitute. Laburpen horretan Haziendari ordaintzen zaion konturako diru-sarrera doi-doi zehaztu beharko da.

Kamera digitala ala interesa dirutan?

 

Gauzazko kobrantza egiteko aukera aintzat hartzen duen bezeroak epe batean diru kopuru jakin bat sartzeko konpromisoa hartzen duela izan behar du kontuan. Bere dirua zenbat eta denbora gehiagoz atxikita uzteko prest egon, hainbat eta kopuru txikiagoa sartu beharko du. Egun, esate baterako, argazki kamera digital bat eskuratzeko hainbat aukera ditu bezeroak: 2.400 euro 30 hilabetetarako sartzea, 3.000 euro 24 hilabetetarako, 4.200 euro 18 hilabetetarako, 6.500 euro 12 hilabetetarako edo 8.000 euro 10 hilabetetarako.

Adibidez, kamera digitala eskuratzeko, bezeroak 2.400 euro 30 hilabetez sartu behar badu, opariaren ordezko UTE interesa %3,17 litzateke. Horrek esan nahi du, interesen kobrantza dirutan egitekotan, bezero horrek 190,2 euro jasoko lituzkeela: interes polita baina, seguruenik, eskaintzen zaion argazki kamera eskuratzeko ez litzateke aski. Kasu horretan, beraz, eraginkorragoa izango da kamera digitalari heltzea.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto