Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Arrain hilak, baso soilduak... horiek dira industrializazioak batik bat eraginiko kutsadura atmosferikoaren plegu baten ondorioak
Industrializazioak eraginiko ingurugiroaren endekapenaren ikonoetako bat bihurtu da euri azidoa. Sufre dioxidoak (SO2) eta nitrogeno oxidoek (NOx) atmosferako oxigenoarekin erreakzionatu ondoren, euri-uretan disolbatzean (azido sulfurikoa eta azido nitrikoa osatuz) gertatzen da fenomeno hau. Elementu korrosibo horiek milaka kilometrotara eramaten ditu batzuetan haizeak, euri, ihintza, kazkabar, elur, laino edo, areago, gas eta partikula azido gisa ("deposizio lehorra" deritzote horri adituek) gorpuztu aurretik.
Gas horiek naturak berak ere sortzen dituen arren (sumendietako magmatik, adibidez), ingurugiroari erasotzen dion arazo horren erantzule behinenak garraiobideek igortzen dituzten emisioak, erregai fosilak eretzen dituzten zentral termikoak, industriak eta ganadu-ustiakuntza intentsiboetako simaurren amoniakoa dira.
Ingurugiroaren gaineko eraginak nabarmenak dira: ura azidoago bihurtzeak laku, kanal eta erreketatik landare eta animalien desagerpena ekar dezake. Hainbat arrain, liken, goroldio eta onddo espezie -hauetako batzuk, basoarentzat funtsezkoak- eta uretako organismo txikiak izaten dira kaltetuenak. Arbolen presentziaren murrizketak luiziak eta lur jausiak gertatzeko arriskua areagotzen du, inguruetako populazioen larrialdia probokatuz.
Oso litekeena da azidotze prozesuak lurren emankortasuna urritu eta lurreko mikroorganismoei, txoriei, kate trofikoko goi-ugaztunei eta, areago, gizakiari, erasoko dien metalak liberatzea.
SO2 eta NOx-en igorpenek antzinako eta egungo eraikinei ere erasotzen diete, erraz endekatzen materialez (kareharriz eta hondar harriz, adibidez) altxatu badira, bereziki. Partenonek, adibidez, erosioaren eragina azken 30 urteotan bizikiago nozitu du aurreko 2.400etan baino. Espainian, Pradoko museoko pintura-altxorraren endekapena azkartu egin du kutsadura plegu horrek.
Azidotzea eragiten duten kutsatzaileak ingurunean bestelako arazoak ere eragin ditzakete: urak nitrogeno gehiegi edukitzeak alga eta bestelako landare berdeen hazkuntza azkartuko du. Eutrofizazio izeneko fenomeno horrek ibai eta itsasoen oxigenoa murriztea dakar, biodibertsitatearen gainbehera ondorioztatuz. Nitrogeno-oxidoek, bestetik, hainbat konposatu organiko lurrinkorrekin erreakziona dezakete -eguteran dauden tokietan, batik bat-, ingurunearentzat eta osasunarentzat kaltegarria den ozono troposferiko izeneko gasa osatuz Euri azidoak, bestetik, eragin mesedegarririk ere izan dezake. Ingalaterrako Open University-ko ikertzaileek oraindik orain eginiko azterketan adierazi dutenez, SO2 gasak metanoa murrizten du eta horrek, jakina, negutegi efektua arintzen du.
Euri azido kontzeptua 1852an sortu zuen Robert Angus Smith kimikari britainiarrak baina mende oso bat igaro zen mundu zabalean fenomeno horren eragina aitortu arte. Suediako Gobernuak egin eta Giza Ingurugiroari buruzko Nazio batuen 1972ko Konferentzian aurkezturiko azterketa bati esker jakin ahal izan zen industri instalazioetako hondakinek -Britainia handiko zentral termikoek igortzen zituztenek, bereziki- probokaturiko fenomeno horren eraginak Eskandinaviako herrialdeek nozitzen zituztela.
Egun, industria eta garraioa dira gas kaltegarri horiek tonaka ekoizten dituztenak; beraz, arazoak planeta osoko ingurugiroa galtzen segitzen du. Dena dela, errekuntzari ateratzen zaion etekin handiagoari eta partikulen eliminazio eraginkorrari esker, kutsadura-mota hau geldiaraztea lortu da.
Txina, India eta Japonia dira euri azidoaren korrosio-arazoak bizikien pairatzen dituzten herrialdeak. Txinak, zehazki, horixe du ingurugiro alorreko arazo behinena. Arestian, bertako Ingurugiroa Babesteko Estatuko Administrazioak (ingurune ministerio baten parekoa, alegia) aitortu zuenez, herrialde hartako hirien erdietan du eragina problema horrek; eskualderen batean, areago, ohiko euria bera ere azidoa da. Egoera horren erantzule behiena ikatza da, erraldoi asiar horren energi premien %70 berak asetzen baititu. Europan, Eskandinavia, Holanda eta Erresuma Batua dira euri azidoa gehien pairatzen duten herrialdeak. Estatu Batuak eta Kanada ere aspaldi honetan larrutik ordaintzen ari dira poluzio plegu honen eragin latzak.
Espainian fenomeno horren eragina Galizia, Hego Euskal Herria, Murtzia eta Kataluniako eskualde batzuetan nabaritzen da, batez ere, gehien kutsatzen duten zentral termikoek probokaturik; hortxe dira, adibidez, Compostilla (Leon), Andorra (Teruel) edota As Pontes (A Coruña) zentral kutsagarri erraldoiak. Espainiako zentral termikoak Europar Batasunak 1991an finkatu zuen goreneko muga geroz eta urrutiagotik ari dira gainditzen. Estatuan fuel, ikatz eta petrolioz dabiltzan 73 instalazioek iaz 288.117 tona nitrogeno-oxido igorri zituzten atmosferara, baimendutakoa baino11.000 tona gehiago, alegia.
Egoera kezkagarri hori arintzeko, Industria Ministerioak eratu duen itxiera-planean 23 zentral sartu dira: hauek produkzioa murriztuz joango dira 2008 urtetik 2015era arte.
Hainbat neuri hartuz konpon daiteke euri azidoaren arazoa:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa