Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Opil industrialak: Hobe ogitartekoa, ogi xigortua edo gosaritako laboreak

Kaloria gehiegi eta gantz ugariegia "hein handi batean, saturatua" dauzkatenez, madalena, sobao eta croissantak maiz kontsumitzea ez da osasuntsua

 Opil industrialak jatea tentazio goxoa dute haur eta helduek baina horrelakoak maiz kontsumitzea elikabide osasungarria izatetik urrun dago. Kaloria gehiegi eta gantz ugariegia (hein handi batean, saturatu edo trans motakoa, osasunarentzat kaltegarrienak, alegia) dauzkaten elikagai horien nutrizio-osaketa dela medio, etxeko txikien dietan horrelakoak astean behin bakarrik (gosaritarako edo otorduz kanpo) sartzea da hoberena. Produktu horiek hartzen dituzten helduei ere beste horrenbeste aholka dakieke.

Opil industrialak oinarrizko lau osagai ditu: irina, gantza, azukrea eta arrautza. Horiexek dira elikagaiaren osaketa energetikoa eta nutrizionala determinatzen dutenak. Produktu horiek zehatz-mehatz ezagutzeko hiru madalena (Casado, La Bella Easo eta Bimbo), hiru croissant (La Bella Easo, Dulcesol eta Bimbo) eta hiru sobao (La Cavada, Bimbo eta Vega de Pas) aztertu dira oraingoan.

Kalitatea eta osaketa nutrizionala

Osagai behinena gari irina dutenez, opil horien nutriente nagusia SkarbohidratoaS da: honen presentzia, batez beste, jangaiaren erdia izaten da (50 g 100 gramoko). Hidrato horien erdia, berriz, opilok gozatzeko xedez erantsi zaizkien azukreak dira, ekarpen proteikoaren aldetik inongo garrantzirik ez dutenak (batez beste, produktuaren %5,1 madalenetan, %5,4 sobaoetan eta %7,9 croissantetan). Osasun-higiene egoeraz ari garela, azterketa mikrobiologikoek erakutsi dutenez bederatzi laginak ongi daude. Transgenikoen berariazko azterketak, bere aldetik, opil horietako bakar batek genetikoki eraldaturiko organismorik ez daukala agertu du.

Egokienak, madalenak

Madalenak (3,16 euro kiloko, batez beste) sobaoak (4,65 euro kiloko) baino merkeagoak dira eta hauek croissantak baino merkeago (5,10 euro kiloko, batez beste). Azterketak erakutsi dituen emaitzak gogoan izaki, (osasuntsuenak madalenak dira, askoz ere gantz saturatu gutxiago dauzkatelako sobaoek eta croissantek baino), kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena madalena merkeenek ematen dute: La Bella Easo, 2,97 euro kiloko.

Garrantzizkoa, gantz mota ezagutzea

Opil horien gantzen proportzioa aldatu egiten da lagin batetik bestera: %21,5etik (La Bella Easo madalenak) %30,4raino (Dulcesol croissantak). Kopuru horiek oso-oso altuak dira, labore multzoko beste hainbat jangairekin konparatuz gero (ogi zuria: %1; moldeko ogia: %4,5; laboreak, %0,8, etc.).

Gantz kopurua bezain garrantzizkoa kalitatea da, hots, gantz hori nolako azidoek osatua dagoen. Azterketak frogatu duenez, ikuspegi nutrizional eta dietetikotik hoberenak madalenak dira, gantz azido intsaturatu ugari (osasuntsuenak) dituelako. Gantz azido horiek, izan ere, gantz osoaren %82 dira Casado eta La Bella Easo laginetan eta %88raino Bimbo markakoan. Croissant eta sobaoetan gantzaren erdia baino gehiago saturatu eta trans motako azidoak dira (osasunarentzat kaltegarrienak).

Trans motako gantzak: zer dira?

 Gantz saturatu ugariegi hartzearen ondorioz odoletako LDL kolesterola (kaltegarria) eta triglizeridoak ugaldu egiten dira, bihotzaren eta zainen kalterako. Trans gantz azidoen eraginak are eta okerragoak izaten dira, kolesterol kaltegarria ugaltzeaz gainera kolesterol HDL edo mesedegarria urritu egiten dutelako. Ikus dezagun, ordea, zer diren trans gantz horiek. Landare-olio likidoa gantz solido lodi bihurtzen duen prozesu industrialean (hidrogenazioan) osatzen dira trans gantzak: margarina dugu horren adibideetako bat. Osasunari horren mesede eskasa egiten dion substantzia horren erabileraz ez da inolako arautegi edo erregulaziorik ezarri baina Danimarkan, legez, elikagai industrialek ezin dute eduki produktuaren %2 baino gehiagorik. AEB-etan, berriz, trans gantzen edukia produktuaren etiketan zehaztea ezinbestekoa da.

Hiru madalena laginek eta Vega de Pas markako sobaoek erakutsi dute gantz azido horien proportzio txikiena (Bimbo madalenek %0,05 baizik ez dute). Beste muturrean, aldiz, La Cavada sobaoen trans gantzak %1,42raino iristen dira eta Dulcesol croissantena %1,58raino; ikusten denez, bi laginak daude Danimarkak ezarritako gehieneko muga (%2) horren azpitik.

Azukre asko, gantz gehiegi

Opil hauek, batez beste, 460 kaloria dituzte, ehun gramoko. Kalorikoenak Dulcesol croissantak (497 cal. 100 g) izanik, beste muturrean Bimbo croissantak daude (426 cal. 100 g). Anoa bat 50 gramok osatzen dutelarik, hortxe 230 kaloria inguru sartzen dira. Gantzak eta azukreak dira nutriente ugarienak, hots, osasunarentzat kaltegarrien direnak, gehiegi hartuz gero. Gatzari dagokiola, madalena da aukera osasungarriena. Gatzaren edukia aldatu egin zen, madalena lagin batetik bestera eta 100 gramoko, 40 mg-tik (La Bella Easo) 90 mg-raino (Bimbo), tartean Casado lagina zegoela (60 mg). Produktu gazienak croissantak izan ziren: Dulcesol markakoak 730 mg gatz du 100 gramoko (madalenarik gazienaren zortzi halako), ondotik Bimbo datorkio (650 mg/100 g) eta La Bella Easo laginak 300 mg. baizik ez du. Gatz edukiaz ari garela, sobaoak tartean agertzen dira: ehun gramoko 120 mg-tik (Bimbo) 280 mg-raino (La Cavada). Dena dela, produktu hauetako bakar bat ere ezin jo daiteke gazi-gazitzat. Izan ere, elikagai bat gaziegitzat hartzen da 100 gramoko 1.800 miligramo dituenean, gutxienez.

Etiketa

Bederatzi laginetatik hiruk ez dute betetzen etiketa-araua: Vega de Pas sobaoek ez dute ikuspen-eremu berean agertzen eman beharreko informazioa; La Bella Easo ("zorrozki aukeratutako azukrea") eta Casado markako madalenek ("arrautzadun madalenak") ez dute osagaien zerrendan zehazten etiketan nabarmendu dituzten gaien kopurua. Informazio nutrizionala (derrigorrezkoa ez bada ere, kontsumitzaileak eskertu egiten du gantz eta kaloria ugariko produktu hauetan) bederatzi laginetatik zazpitan agertzen da: hori ematen ez duten bakarrak La Cavada eta Vega de Pas marketako sobaoak dira.

Hobe urdaiazpiko ogitartekoa edo ogia eta txokolatea

 Etxean eginiko ogitarteko baten balio energetikoa kalkulatu eta hemen azterturiko opil industrialetako batekin konparatzen badugu, lagin batetik bestera kalorien aldea funtsezkoa ez bada ere, etxeko produktuaren osagaien kalitate hobea begi bistakoa dela argi asko ikusiko dugu. Urdaiazpiko ogitarteko batek -50 gramo ogi eta bi xerra urdaiazpiko- 220 kaloria ditu; horietatik gehientsuenak karbohidrato konplexuetatik datoz (23,5 g. 100 gramoko) eta proteina-eduki handi batetik (14 g. 100 gramo), guzirako gantza 8 g 100gramoko baizik ez delarik. Hitz batek, opil industrialak etxeko ogitartekoak baino bi eta hiru halako gantz dauka.

Ogi puska horrexek, 25 gramo txokolate esnedunez lagundurik, madalena, croissant eta sobao industrialek baino hiruzpalau aldiz gantz saturatu gutxiago eta azukrearen erdia dauka. Opil industrialen ordez etxean eginiko produktuak ere har daitezke: hauek, kaloria asko dauzkaten arren, gantz osasuntsuekin (oliba edo ekilore olioarekin, adibidez) presta daitezke eta, gainera, fruta, fruitu lehorrak, esnekiak eta antzeko osagai osasuntsuak erants dakizkieke.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto