Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Akupuntura: Orratz osasun-emaileak, beren muga eta guzti

Milurteko askotako ezagutza eta teknika hamaika aplikazio terapeutikotan baliatzen dira baina, halaz ere, batzuetan hori dena ezin izan daiteke kirurgia edo antibiotikoen ordezko

 Medikuntza txinatarrak egin dituen ekarpenik garrantzitsuenetako bat akupuntura da. Milurteko askotako ezagutza bildu duen arren eta Mendebaldeko herrialdeetan geroz eta hedatuago badago ere, hainbatek sasi-zientzia eta para-medikuntzatzat jotzen dute, akupunturaren alderdi on eta txarrak egiaztatzen dituzten ikerlan zientifikoak egiten ari diren bitartean.

Energi kontua

Akupuntura zer den ulertzeko Txinako medikuntza tradizionalaren oinarriak ezagutu behar dira: egin dezagun kontu, gure organismo osoan kanaletan barna zirkulatzen duen bizi-energiaren -ki deritzona- desorekaren ondorio dela gaixotasuna. Mendebaldekoontzat, gaixotasuna sintomekin batera agertzen eta tratatzen da baina txinatarrentzat faserik garrantzizkoena sintomak azaldu aurretikoak dira, energiaren desorekaren ondorez erresistentzia ahulena izan denean. Akupuntorearen zeregina, hortaz, diagnostiko zuzena egin, energi fluxua aldarazi deneko tokiak determinatu eta, horietan eraginez, oreka berrezartzea da.

Puntuak eta meridianoak

Giza gorputzeko akupuntura-puntuak 14 multzotan sailkatzen dira. Multzo bereko puntuak lotzen dituen lerroari meridiano deritzo. Horietatik 12 aldebikoak dira, hots, sei gorputzaren eskuinean dautza eta beste seiak ezkerrean; gainerako biak erdialdeko lerroan daude. Meridiano bakoitzaren ibilbide zehatza bi bidetatik doa: barne-bidetik (organo batean abiagune izaki, gorputza zeharkatzen du, bertan bigarren bidearekin -kanpo-bidearekin- bat eginez; akupuntura-puntuan amaitzen da eta barne-bidearekin konektatzen da, ostera abiagunera itzultzen delarik; hortaz, meridianoa zirkuitu itxiaren gisakoa da. Meridianoa kasuan kasuko abiaguneak bataiatzen du: birikakoa, heste lodikoa, barekoa, bihotzekoa, etc.

Nerbio-sistemaren baitan eragina

Akupunturako meridianoak ez datoz bat hemen ezagutzen ditugun estruktura anatomikoekin baina errealak direla frogatua dago: larruazaleko erresistentzia elektrikoaren neurketek eta puntuen ehun eta zelulen estruktura mikroskopikoaren analisiek egiaztatu dutenez, zona horiek gainerakoak ez bezalakoak dira.

Bestetik, horien funtzionamendu zehatza oraino ezagutzen ez dugun arren, badakigu akupunturak nerbio-sistemaren baitan eragiten duela, endorfinen eta beste hainbat substantzia analgesikoren eta immunologia sistemako zelulen jarduera bizkortuz. Ikerlan batzuek frogatu dutenez, akupunturak garuneko kimika aldarazten du, neurotransmisoreen eta hormonen liberazioan eragiten baitu eta organismoaren sentsazio eta funtzio nahigabekoekin (immunologia alorreko erreakzioak, odol fluxua, zainetako presioa&) loturiko nerbio-sistemaren parte batzuetan eragina izaten duelako. Dena den, organismoan eragitea ahalbideratzen duten barne-mekanismoak zein diren oraino jakinkizun dugu.

Ezagutza eta esku trebea

Akupuntura praktikatzeko, gaia sakon ezagutzea, eskarmentu luzea edukitzea eta esku-trebezia handiaren jabe izatea beharrezkoak direnez, geure burua akupuntore baten eskuetan jartzeko erabakia hartutakoan, kontu handiz ibili beharko dugu. Arrakasta erdiesteko aukerak direla eta, akupuntore onak zintzo jokatu behar du pazientearekin: terapia guztiekin gertatzen den legez, akupuntura ere ez da konponbide unibertsala, baditu bere kontraindikazio eta mugak ere.

Mina arintze kontuetan, eraginkortasun handikoa

Akupunturaren aplikazio terapeutikoak hamaika badira ere, kontuan izan behar da teknika horrek ezin ordezka dezakeela, gehienetan, ez kirurgia, ez antibiotikoa, ezta txertoa ere. Inori ez litzaioke bururatuko apendizitis edo kolezistitis akutu bat akupunturaz tratatzea; beste hainbat gaitzen tratamenduan, aldiz, (ziatika, zefalea, sinusitisa, etc.) emaitza onak jasotzen dira. Alergiek eraginiko gaitzetan, endokrinoaren disfuntzioetan, menstruazioaren aurreko sindromean, dismenorrean eta antzekoetan ere emaitza onuragarriak erakutsi izan ditu.

Aplikazio-eremu nagusietako bat, mina arintzea du: alor horretan eraginkortasun handia erakutsi du akupunturak eta, aspaldion, anestesian baliatzen ari dira. Lunbalgia kasuetan akupunturak ongi funtzionatzen omen du baina teknika horren mesedeak ez dira horren nabarmenak bizkarreko minak tratatzean: hauetan elektropunturak -orratzak korronte elektrikoekin erabiltzea- eraginkortasun handiagoa erakutsi du.

Zefalea edo burukominetan emaitzak onak dira, are jatorri muskularreko zefaleetan ere. Migraina kasuetan, berriz, alde eta kontrako emaitzak ikusi dira: ikerlanen batek horren eraginkortasuna auzitan jotzen badu ere beste batzuek eraginkortasun handikotzat jotzen dute, krisien maiztasuna urritu egiten baitu. Ebakuntza ondorengo minak arintzeko ere eraginkortasun handikoa da. Artrosien tratamenduan -aldaka eta belaunekoetan, batik bat- akupunturaren eraginkortasuna ikerlan askok segurtatzen dute. Artritis reumatoidean, berriz, ez dirudi oso eraginkorra denik. Fibromialgia sendatzeaz ari garela, akupunturaren eraginkortasuna ikerlan batek auzitan jarri duen arren, akupuntore batzuek emaitza onak izan dituztela diote.

Altzairua, zilarra, urrea...

Akupunturan jarduteko lanabesak itxura eta tamaina desberdinetako orratzak dira; hauek altzairuzkoak ohi diren arren, hainbat eragin terapeutiko egotziak dauzkaten beste metalezkoak ere baliatzen dituzte teknikari batzuek. Egun erabili eta botatzekoak baliatzen dira, gaixotasun infekziosoen (hepatitisa, hiesa, etc.) kutsadurari saihets egiteko.

Zentimetro bakarretik seira artekoak

Eskuarki orratza zentimetro bat, bi edo hiru sartzen da gorputzean, baina meridiano batzuetan sakonago sar daiteke, bospasei zentimetrotaraino. Hor dagoela, orratza maneiatu egin dezake fakultatiboak: altxatu edo jaitsi, biratu, dardararazi, etc., eragiten ari den sintoma edo gaixotasunaren arabera.

Orratzak hor minutu batzuk edo orduak eman ditzake. Espainian normalena minutu batzuk edukitzea da. Horri batzuek akupuntura azkarra deritzote eta, maiz, orratza sakon sartu beharra dago. Saioen kopurua ere gaitzak agintzen du: sei gutxienez eta hamabost edo hogeiraino izan daitezke.

Historia pittin bat

Txina bezain zaharra da akupuntura: Kristo jaio baino 4.000 urte lehenago praktikatzen zen eta gure aroko VI. mendean Japonian eta Korean sartu zen. Artean, txinatarrek medikuntzaz oso-oso ezagutza aurreratuak zituzten: organoak eta beren funtzioak sakon ezagutzen zituzten, kirurgia biziki garatua zebilen eta, harritzekoa bada ere, gure aroko X. mendean, kimikariek prestaturiko hormonazko produktuak hartzen zituzten. Horiek ez dira, hortaz, magoak, berriketariak edo ezjakinak. Beraiek erakutsi duten jakinduriak txinatar medikuntza tradizionalaren aurreko errespetua eskatzen digu eta, noski, akupuntura alternatibazko medikuntza gisa hartzea edo, bera abala dezaketen ikerlan zientifikorik ezean edo bere emaitzak plazebo-efektuen ondorio direla adieraztearren bera baztertzea ez da bidezko.

Medikuntza alorrean txinatar zientziak mendebaldekoari egin dizkion ekarpenak berebizikoak izan dira. Aipa dezagun, adibidez, erreserpinaren (hipertentsioaren tratamenduan ematen den Rauwolfiaen printzipio aktiboa) erabilera, sukarra arintzeko bainu hotzak hartzea, hidroterapiaren hastapena eta, batez ere, Europan baino askoz ere lehenago Txinan baliatu ziren baztangaren birus motelduen bidezko immunizazioa.

Arriskurik ez, ia

  Akupunturak dituen arriskuak hutsaren hurrengo dira, salbuespenekoak, eta zerbait gertatzen denean orratzen okerreko maneiatzeak eragin ohi du ezbeharra (nerbio, zurda edo antzekoen lesioak, etc.). Erabilera bakarreko orratzak baliatzen direnean gaixotasunen kutsadurarik ez da gertatzen baina, halaz ere, akupunturaz tratatzea ez zaie aholkatzen taupada-markagailua duten pertsonei eta, beste aldetik, haurdunaldian puntu batzuk ez dira ukitu behar.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto