Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Gas-detektagailuak: Arrisku isilaren alerta

Dispositibo hauen baliagarritasuna segurtasuneko elementu gehigarrietara mugatzen da eta aldian behin ikuskatzea ezinbestekoa dute

Batzuetan ez du usainik harrotzen, isila da, azkarra, biziki arriskutsua eta, gehien-gehienetan, hilgarria. Honakoa ez da asmakizunik, Espainiako etxebizitzen estrukturak -are eta garrantzitsuago: bertako biztanleek- duen arrisku-faktore arriskutsuenetako baten deskripzioa: gas ihesa, alegia. Azken bost urte hauetan Espainian gas naturalak eta butanoak hamar eztanda eragin dituzte, 27 pertsona erail eta ehun lagun baino gehiago zaurituta. Gas ihes horiek garaiz detekta ahal zitezkeen? Gasaren Elkarte espainiarrak eta gas enpresen patronalak (Senagas) diotenez, instalazioak ongi mantentzea eta ikuskaritzak egitea funtsezkoak dira arestian hainbat tokitan izaniko ezbeharrak prebenitu eta maizago gertatuko ez badira. Adituek aholkatzen dituzten azterketak inola ere baztertu gabe, merkatuak beste segurtasun-elementu bat eskaintzen digu orain: gas-detektagailua.

 

Ez derrigorrezkoa, bai biziki baliagarria

Ihes-babesle horiek hainbat gas-mota "ezagutzeko" gauza dira: erregaiak, hala nola propanoa, butanoa eta naturala -honakoa Espainiako kontsumitzaileek gehien eskatzen dutena da: egun, etxebizitzan gas naturala espainiar biztanleriaren %42 inguruk dauka- eta bestelakoak: karbono-monoxidoa, adibidez, usainik gabeko gas hau hilgarria da eta sukalde, beheko su, kalefakzio eta berogailuetako errekuntza txarren ondorioz osatzen da.

Aparatu batzuek, larrialdietan, elektrizitate-zuzkidura eten egiten dute, pindar edo txinparta batek gasa leherraraz ez dezan. Modelo guztiek daukate sentsore bat -elektrikoa, eskuarki-, gasarekin kontaktuan sartzean bere konduktibitatea edo propietate elektrikoak aldarazten dituena. Aldaketa hori sentsorearen buruak atzemanik, entzute- eta ikuspen-alarma aktibatzen du gasa eguratsean hautematen duen une berean, hots, horren kontzentrazioa arriskutsu bilakatu aurretik. Arauak xedatua duenez, detektagailuek ez dute erreakzionatu behar %3z behetik, sasi-alarmarik sor ez dadin; bestetik, kontzentrazio hori %20ra iritsi aurretik jarri behar dira martxan.

Hil hauetan Espainian gertatu diren ezbehar ugariak medio (joan den uztailean Laredon jazoriko leherketa eta beste hainbat), sektoreko profesionalek ez ezik populazioaren parte batek ere, etxebizitzetan horrelako sistemen instalazioa derrigor bihurtuko duen legea egin dezan eskatu diote Administrazioari. Aldeko argudioak sendoak dira: inor elektrokutaturik hil ez dadin argindarra etengo duen diferentziala instalatzea derrigorrezkoa den hein berean, ihesa jazotzen den guztietan gasa etengo lukeen dispositiboa instalatu beharko litzateke.

Alarma motak

  Horrelako dispositiboen gama aspaldi honetan ugaldu den arren, alarma motak ez dira asko oraingoz; aparatuak atzeman beharreko gasaren, instalazioaren eta funtzioen arabera aldatzen dira modeloak. Detektagailu batzuek ihesa atzeman eta ohartarazten dute baina beste batzuek, beren eginkizuna osatzeko, gasaren ihesa eten egiten dute.

  • Alarma soila: onartzeko moduko gas-kontzentrazioak gainditutakoan, txistuka hasten da aparatua.
  • Argi bidezko alarma: soinuaz gainera, aparatuak argidun adierazlea dauka. Honelakoek hiru argi desberdin erakustea aholkatzen dute teknikariek: argi berdea, mekanismoa funtzionatzen ari dela adierazteko; gorria, alarma gisa; horia, funtzionamenduan akatsik gertatzen ari dela ohartarazteko.
  • Detektagailu-etengailuak: alarma emateaz gainera, gas-zuzkidura etetea ahalbidetzen dien dispositiboa daukate. Honelakoen instalazioa teknikari espezializatuak egin behar du; izan ere, zeinahi gas-detektagailuren instalazioaz arduratuko dena profesionala izatea aholkatzen dute adituek, segurtasun alorreko arrazoiengatik ez ezik, horrelako dispositiboak eskuratzea ez baita kontu erraza. Zenbaitetan, instalatzaile profesionalen bitartez enkargatu behar da aparatua eta, erosi eta instalatu ere, horiexek egingo dute.
  • Torlojodun modeloa. Instalatzeko errazenak da, paretara torlojoz kateaturik, pilekin funtzionatzen du. Merkeena ere berau da: 100 eurotik behera dabil horren prezioa.
  • Horman sartzeko modeloa. Instalatzeko konplexuagoa, kutxa batean sartu behar izaten baita, argi halogenoa bezala, eta transformagailu txiki bat izaten duelako. Honelako aparatuek kableak dituzte, gasa automatikoki eten behar duen elektrobalbularaino. Nolanahi ere, azal dezagun, modelo guztiek indar elektrikoaren premia dutenez, detektagailua ipiniko den tokiraino haria eraman behar dela.
  • Gas mota. Ohikoena da aparatu hauek gas mota jakin bat atzemateko prestatuak egotea: butanoa, propanoa, hiri-gasa, gas naturala edo karbono-monoxidoa, baina modelo batzuek gas mota bat baino gehiago detektatzen dituzte.

Aholkuak

Gasarekin lotura izan dezaketen istripuei saihets egiteko, Gasaren Elkarte espainiarrak hurrengo aholkuak eman ditu:

  • Derrigorrezkoa da gas naturalaren instalazioa lau urtean behin aztertzea; butano gasaren instalazioa, bost urtean behin.
  • Aireztatzeko sarexkak ez dira estali behar (airea berriztatzeko balio dute).
  • Etxean gas usainik hautematen baduzu, itxi paso-giltza nagusia, aireztatu gela eta ez piztu deus. Horrelakoetan, konpainia zuzkitzailera deitu behar da berehala, gertatutakoa jakinarazteko.

Instalatzean kontuan hartu behar

  • Instalazioa. Aparatuok ez dira ipini behar tenperatura 5ºC-z behetik edo 35ºC-z gain dabilen tokian; ezta harraska edo toki heze-hezeetan, ezta aire-korrontea dabilen lekuan ere.
  • Sentsoreak. Balizko aldaketak -tentsio elektrikoaren gorabeherak, hezetasuna areagotzea, etc.- gertatzekotan, detektagailuaren sentsoreak fidagarria izan behar du, horiek aparatuan eraginik izan eta alarma saltaraz dezakeelako.
  • Iraupena. Bospasei urteko bizitza dute aparatuok, batez beste: orduantxe hasten da sentsorea huts eginez, modelo batetik bestera alda handiak dauden arren. Sentsoreak garbi mantentzea aholkatzen dute adituek: horretarako xurgagailua sarexkatik pasatu behar da hiru hilean behin, edo.
  • Prezioak. Detektagailu merkeenak 40 eurotan eros daitezke (dena den, horrelakoak ipintzen dituzten teknikarien arabera, fidagarrienak ez dira horiexek) eta, prestazioen arabera, osatuenen prezioak 300 euroren bueltan dabiltza.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto