Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Batzuek diotena egia ez denez, hobe dugu batzuk eta besteak bereiztea, egiazko erosketa ekologikoa egingo badugu
"Ekoetiketak" (etiketa ekologikoak) ingurugiroarekiko errespetua agertzen duten produktu eta zerbitzuetan ikusten ditugu. Kontsumitzaileak, horrelakoak erosteko erabakia hartuz merkatuan eragiten du, honek aurrerantzean irizpide ekologikoagoen arabera funtziona dezan. Nolanahi ere, horrelako ikurrak geroz eta jende gehiagok ezagutzen eta bereizten dituen arren, herritar askok ez dakite oraino, ingurugiroaren ikuspegitik, produktu hau beste hori baino zuzenagoa den, Fundación Entorno izenekoaren arestiko ikerlan batek zioen legez. Aspaldian ikusi dugun era guztietako etiketen ugaltzeak -zenbaitetan, publizitate alorreko irizpideak ekologikoen gainetik lehenetsita- kontsumitzailearen erabakia oztopatu egiten duenez, ezinbestekoa dugu informazio egiazkoa eman eta ekoetiketa horiek kontrolatzea.
Ingurugiroari ekar diezazkiokeen abantailak gorabehera, ekoetiketa ez da oraino Espainiako merkatuan finkatu, estatu horretan eta Europako zenbait herrialdetan -gogoan izan dezagun etiketa horietako batzuk sendotzeko borrokan urte luzeak daramatzatela- ekimenek bildu duten arrakastari erreparatuta, batez ere. Kontsumitzaileak etiketa horren adiera ez ezagutzeari, enpresari espainiar askok aitortzen dioten balio urri-urria erantsi behar zaio. Novotec enpresa aholkulariaren txoetan baten arabera, enpresari askoren aburuz ekoetiketa eskatzea ospe-kontua omen da, batik bat, eta horren erabilerak ondorioztatzen dituen onurak hutsaren hurrena edo biziki urriak dira, merkataritzaz ari direla.
Horrenbestez, etiketari dagozkion kostuen estruktura aldatzea eta ikur hori gizartean sustatzea komeni da. Adituek, era berean, elkarteko herrialdeetan "Lore Europarraren" ezarpenak duen maila eskasa ere azpimarratu dute baina, hori bai, etorkizunean dezente hedatuko dela iragarri dute, kontsumitzaileen ekologiaren aldeko kontzientziarekin batera suspertuko baita.
Beste aldetik, etiketa ekologikoa ipintzean, garapen bidean datozen herrialdeen egoera aintzat hartzen ez dela ere salatu izan da. Adiera horretan ekologia eta solidariotasunaren ikur izan nahi duen etiketak herrialde horien esku hartzea kontuan hartu beharko luke, ingurugiro alorreko arauak lantzean.
Kontsumitzaile gehienak etiketa horiekin ohituak ez dauden arren, informazioa eta publizitatea bereizteko unean, behintzat, ez da derrigorrezkoa espezialista izatea. Ingurugiro alorreko kalitateen sailkapena hiru multzotan antolatu da:
Organismo publikoek edo ospea aitortua duen erakunde batek egiaztatuak, irizpide ekologikoak bete direla bermatzen da honelakoetan. Eskuarki, produktuaren bizi-ziklo osoari aplikatzen zaizkio: energia eta baliabideen erabilera, igorpen kutsatzaileak, hondakinen suntsiketa eta ekosistemen gaineko eragina. Multzo honetan hurrengo ikurrak agertzen dira:
Bigarren multzoa ofizial ez diren ekoetiketek osatzen dute; honelakoak erakunde pribatu nazional eta nazioartekoek diseinatzen dituzte, ingurugiroari buruzko arautegian euskarri hartuta. Multzo honetan ere era askotako logotipoak agertzen dira:
Era guztietako ikur eta esakuneak sartzen dira hemen, hala nola "paper ekologikoa", "klororik gabea ", "ez du ozonozko geruzan eraginik", "ingurugiroaren laguna", etc eta mota askotako produktuetan aurki ditzakegu, fabrikatzaileak berak ipinita: garbitzeko produktuetan, paper eta plastikoetan, etc., baina informazio hori teknikoki egiaztatzerik ez dago. Produktu ekologikoen publizitatea kontrolatzeko Estandarizaziorako Nazioarteko Erakundeak (ISO) ISO 14.021 araua xedatu du.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa