Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Ángel Sala, Sitges-eko Zinema Fantastiko Jaialdiko zuzendaria: "Gurea glamour basati eta dibertigarriagoa da"

 Sitges-eko Zinema Fantastikoaren Jaialdia, egun, harrigarria dena bereizgarri duten mundu zabaleko filmen erakusleiho handiena da. Egunerokotasuna aztoratzen duten elementuek, bestelako munduen ikuskerek, beste dimentsioetarako bidaiek, egiazko eta balizko izuek sorrarazten dituzten beldurrek hitzordua dute herri horretako zinemaldian. Bertako zuzendari den Ángel Sala Zuzenbidean lizentziatuak zinemaz -asaldatzen, aztoratzen duen zinemaz, bereziki- sentitzen zuen pasioak eramanik, ikusle huts izatetik kazetari espezializatu bihurtu zen. Halako batean, toga eskegi eta, bere generoan Sitges urteko hitzordu nagusi egin duen taldeko kide izatea lortu zuen.

Zinemaldia "fantastiko" etiketarekin aurkeztu arren, bertan odol, izu, freak edota gore den guztiaren biltoki da. Nolako karga du horrek?

Genero fantastikoak eboluzioa egin du denboraren joanean. Hastapenetan, salbuespen bakanen bat izan ezik, dena B serietzat har zitekeen oro har, baina zazpigarren hamarkadan, "Galaxietako Gerra" eta "Tiburoia" filmak zirela eta, berezko genero bilakatu zen. Uler dezagun fantastiko izate horrek ez gaituela banpiro edo handizkako asasinoetara mugatu behar. Gurean denetik dago: fikzio-zientzia, izua, espresionismo surrealista, subjektibismoaren agerpena ezaugarri bereizgarria duten era asko eta askotako filmak, hots, gizakiak erakargarri sentitzen duen hori guztia, ongi ulertzerik ez badu ere.

Urrian hogeita bederatzi urte beteko dituen zinemaldi hau urterik urte zaleak irabaziz doa. Horren erakargarria ote dugu izua, beldurra?

Zinema, berez, magiko samarra da: pantailan ikusten duguna fikzioa dela badakigun arren, sinetsi egiten dugu. Horrez gainera, kontua da erreala ez denarekin txunditzea, agerian ez dagoenarekin limurtzea, fantasia liluragarri bihurtzea. Genero honek zinefilia sortzen du eta erakartzen dituen zaletuek ez dute zertan izan pertsona bitxiak: bestelako errealitate batek liluratuak daude, besterik gabe.

Zergatik horrenbeste zinemaldi aspaldi honetan?

Hiru elementuren topagunea da zinemaldia: ikusle, kritikari eta industriarena. Horren xedea filmak sustatzea da eta, hein berean, bestela areto komertzialetara iritsiko ez liratekeen zintak ikusteko aukera ematea. Beste aldetik, zinemako jendeak ezagunak aurkitu, solastatu, negozioak egiten ditu horrelakoetan. Denbora-espazio horretan denak du ardatz pantaila handia. Geroz eta ugariagoak badira ere, behar-beharrezkoak ditugu zinemaldiak: industria bizkortzeaz gainera, aurkezten zaiona hobeto digeritzeko aukera ematen zaio ikusleari: gure kasuan, adibidez, generoko zinema askok urrira arte itxaroten du aurkezpena egiteko.

Sitgesen Tarantino eta Jodie Foster izan dira, besteak beste. Nolako garrantzia du pertsona ezagunak bertaratzeak?

Topagunea berezi bihurtzea lortzen da horrekin. Ikusleak aurrean duen pantaila edo itxitura suntsitu egiten da eta bere obragatik ezagun dituen pertsonak mundu errealean ikusten ditu. Hori atsegina da beti. Ez da mitomania -tira, mitomaniatik ere bada zerbait-, protagonista baten irizpidea edo generoaz egiten duen interpretazioa aditzeko aukera baizik. Sitges negozioak egiteko merkatu-foro bilakatzen ari bada ere, oraino eragiketa horiek ospe handirik gabe egiten dira. Gonbidatuekin suerte handia izan dugu beti. Agian fantasiazko eguratsaren eraginez, zinemaldiak presiorik erauzten dio jendeari. Gurea glamour basati eta dibertigarriagoa da.

Nola prestatzen da zinemaldia?

Ideia bat euskarri hartuta, horri leial izan behar zaio, nolabaiteko malgutasunez, noski: kontua da laurehun bat zinta ikustea, hasteko. Horietatik gehienak baztertu egiten dira, interesgarriak ez izatearren edo data horretarako prest egongo ez direlako. Espontaneoki ere ehun bat film iristen dira urtero, eta horietako batzuk on-onak izan ohi dira. Zinema asko ikusi, asko irakurri, ikertu, asko galdetu eta bidaiatu egin behar da.

Nola hautatzen duzue epai-mahaia?

Geroz eta zailagoa da, egun zinemaldi asko egiteaz gainera, hamar egunetan zinema ikusi ondoren azkenean epaia eman behar izatea ez baita eginkizun erraza. Horretarako ez dago jende asko prest, nahiz eta berez denbora-pasa polita den. Jendea lanean dabil. Dena den, zinema mundua osatzen duten estamentu denetako ordezkariak bildu nahi izaten ditugu epai-mahaian: aktore bat, zuzendari bat, gidoilari bat, kritikari bat... gizon-emazte horiek hainbat herrialdetakoak izateari ere garrantzi handia aitortzen diogu, gureari hainbat ikuspegi eta kultura desberdinetatik begira diezaioten. Modan egote hutsagatik "izarrak" ekartzea, printzipioz, baztertu egin dugu: nahiago dugu gure inbitatuak profesional jantziak izatea.

Epaimahaiak Lars Von Trier-en "Europa" eta Lynch-en "Belus urdina" saritu zituen. Zinemaren historian esanguratsu izango den film bati saria emateak zer dakarkizue?

Zinemaldi bati horrexek ematen dio ospea, hein batean. "Reservoir dogs" filmari saria eman zitzaionean Tarantino nor ote zen ez zekien inortxok ere. Palmaresa subjektiboa bada ere, uneak eta modak maneiatua badago ere, talentuak plazaratzea lortzen duenean egokia gertatzen da.

Aurten Sitgesen David Lynch ibiliko da. Nolatan?

Aspaldi honetan, Zinemaldiaren gidoia eratzeko garaian efemerideetara jo izan dugu. "Galaxietako gerra"rekin batera urteak bete eta "Tiburoia" zintaren 30 udak ospatu ditugu. Aurtengoan "Belus urdina" filmaren 20 urteak ditugu gogoan: film hori Sitgesentzat inflexio-gunea izan zen, B serietik kanpora egin eta lehen ilarako autoreetara jo genuen. Lynch-en pelikularen proiekzioak egiazko debatea harrotu zuen aretoan. Jendearen erdiak txalo zaparrada eskaini zion eta beste erdiak errabiaz egin zion txistuka. Lynch-ek horrelako fobia eta filiak sortarazten ditu oraino ere. Niretzat, berriz, zinema fantastikoa bera da horien "erruduna". "Egiazko historia bat" filmak izan ezik (bertako amaiera surrealista baita) Lynch-en pelikulek, hilda dauden edo, ikusi batera, normala den hiru bateko azpi-sotoetan dabiltzan pertsonen historiak kontatzen dituzte. Lynch-en gogokoenak Dalí eta Buñuel izateak ederki definitzen du.

Ekialdeko zinemak genero honetan duen garrantzia ere harrigarria da.

Ekialdeko zinema ikusten duzun lehen aldian kulturen arteko talka ikaragarria nozitzen duzu: narrazio-denbora ez da berdina, istorioak kontatzeko modua ez doa Grezia klasikoak ezarritako eskematik -tesia, antitesia eta sintesia-, Ekialdean istorioak horrela narratzen ez direlako (aukeratu duzun generoa gorabehera). Kontatzeko unean anakronikoak dira: zineman, adibidez, ez dituzte flashback izenekoak markatzen; hori, Mendebaldean, ez da interpretearen esku uzten, salbuespenezko kasuetan izan ezik.

Hollywood, amerikar industria... erreferentzia al da oraino?

Zinema amerikarraz ahaztea ez da ona. "Amerikako zinema ez da interesgarria" dioen jokaera snob horrek ez garamatza inora ere: ideiez josiriko zinema da hura, zuzendari handiak eta zineasta handiak dituena. Urteko hamar pelikula hoberenen zerrenda egingo bagenu, horietako bost Kalifornian eginikoak lirateke, seguruenik.

Nork diseinatzen ditu bildumagileen egiazko ikono diren kartel horiek?

Toni Galindo da autorea, ene lagun mina, zinemaldia barrutik ezagutzen zuena. Aurten hil zaigu eta berari eskaini diogu aurtengo edizioa.

Pantaila handiarekiko lehia geroz eta gordinagoa da: Internet, home cinema etxean... Aretoko proiekzioaren heriotza hasi al da?

Zinemaren inguruko galderak asko dira orain: nola ikusiko dugun, nola iritsiko garen bertaraino... baina zinema ez da amaituko, antzerkia, irratia edo zuzeneko musika amaitu ez diren modu berean. Trantsizio une hauetan, ordea, zinema egiteko, eratzeko eta proiektatzeko moduak aldatzen ari dira.

Efektu espezialek gerra irabaziko dute ala gidoi onetara itzuliko gara?

Gidoi onik gabe eta efektu askorekin pelikula interesgarriak egin daitezke, baina ez da maisulanik osatuko. Gidoiak betidanik garrantzi handia betidanik izan duen aren egungo zineman bera da gehien baztertu den elementuetako bat. Zerbait berria, egundo ikusi gabea, filmatzeko ahaleginetan, orijinaltasunetik gehiegi ezartzen da; gidoi ona, berriz, atzematen ez dena da. "Sospechosos habituales" filma gidoia lehenesteko idatzita dago baina, horren erruz, istorioa pasatzeko magia edo aukera galdu du. "El Golpe" pelikularen gidoia bikaina da baina istorioa haren gainetik dago: hor lortu nahi dena ez da jendeak, zine-aretotik irtetean, "Gidoiaren zoragarria!" esatea, "Ederra pelikula!" baizik. Pelikulak bakarrik funtzionatu behar duen arren, produkzio-aparatu baten zerbitzupeko istorioak osatzen ari dira. "French Connection" ez da zinema onaren adibide bat baina gidoi ona dauka azpian, gaur egun "arte eta saiakera"kotzat joa izango litzatekeena. Hitz batez, orain filmak muntaia-gelan ari dira fabrikatzen.

Zer esan nahi du horrek?

Istorioan akats larriak gertatzen dira. Gidoiak daukan hutsunea agian ez da ikusten, bai ordea atzematen. Akats egitea, eskuarki, ez da istorioa idatzi duenaren errua, pelikulan ekintza txertatzeko eta eszenen ordena aldatzeko bat-bateko premiena baizik. Alfred Hitchcock-ek muntatzaileari ahaleginak eta bi egin zitzan eskatzen zion beti baina "Psikosis" filmeko dutxako eszena ez da muntaia-gelan egin, xehetasun osoko story board baten arabera egin da. Egun, ordea, ez dago astirik. Ezarritako dirua lehenbailehen berreskuratzeko eta DVD formatuan eskaintzeko xedez egiten dira filmak. Hori guztia aldatzen hasia da: arrakasta lortzeko ezinbesteko baldintza gisa, amaiera zoriontsua izateko, den-dena erraz ulertzeko obligazio horiek pixkanaka-pixkanaka bertan behera uzten ari dira. Zazpigarren hamarkadako zinema ez zen bat ere gogo-betegarria baina jendeak atsegin zuen. Lehen nioenez, trantsizio-unea bizi dugu orain: horrek esan nahi du zehazki narraturiko istorioak kontatzen dakien zazpigarren hamarkada hartako gidoilaria itzuliko dela: narrazioan herrenka ibili gabe, koherentzia soiltasunean bilatzen duena, hitz batez.

Zein zuzendari hartuko zenuke gustura Zinemaldirako?

Ekartzerik ez dudan bat: Stanley Kubrick, bera baita niretzat hoberena, "2001, espazioko odisea" film gaindiezinaren autorea. Behin ere ez dut hori baino pelikula hoberik ikusiko. Hori esanik eta topiko samar dirudien arren, Steven Spielberg ekartzea gustatuko litzaidake. Spielberg-ek zinema berrasmatzea lortu zuen eta hori ez da egunero, ezta urtero ere erdiesten. "Topaketak hirugarren fasean", "ET", "Tiburoia" eta antzeko filmen bidez, guk ulertzen genuen lengoaiaz mintzatu zitzaigun, mundu horretarako ateak zabaldu zizkigun. Estralurtarrak ikusten zituzten haurrak, objektu hegalari ezezagunak topatzen zituen jendea edota hondartzan marrazoen beldur zegoen gizakia ulertu egiten genuen. Zinema ikusi nahi zuen (edo, ikusi nahi zuela jakin gabe ere, bat-batean zinema huraxe zela konturatu zen) belaunaldi berri harekin konektatu egin zuen Spielberg-ek. Harekin zinema egiteko, zinema saltzeko, pantaila betetzeko teknika goitik behera aldatu zen. Ez da txiripa.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto