Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Gama ertaineko telefono mugikorrak: Funtzio gehiegi ote?

Deiak egin eta mezuak igortzean, denek antzeko funtzionamendua agertu dute; erantsitako funtzionen kopuru eta kalitateak konpratatzean azaldu dira batetik besterako aldeak

Espainian telefono mugikorrak pertsonak baino ugariagoak dira. Biztanle bakoitzeko zelular bat izaki, urte gutxiren bueltan herritar gehienek mugikor berria erosteko erronka dute aurrean eta aukeraketa, izan, ez da lan erraza: kontsumitzailea itotzen duten aukera teknologikoetako asko seguruenik ez ziren existitu ere egiten aurreko aparatua erosi zuenean. Egungo mugikorrak benetako esku-ordenagailuak dira, geroz eta funtzio gehiago dituzte, gehienetan horien berri ez badugu eta, esan beharrik ez, erabiltzen ez baditugu ere.

  Azterketa honetan gama ertaineko zortzi terminal ikusi ditugu; hauek, gama altukoak bezala, deiak egin eta mezuak bidaltzea aski duenarentzat ez dira egokiak. Aurrerakuntzaren bila dabilenak, berriz, geroz eta prezio txikiagoan ditu merkatuan argazki eta bideo-kameraz hornitutako terminalak, MP3 moduan musika erreproduzitzeko gauza direnak, irratidunak, agenda eta egutegiak, kalitate handiko jokoak eta beste hamaika osagarriz hornituak: telefonoz hitz egitea, hitz batez, bigarren mailako funtzioa da horrelakoez.

Gama ertaineko GSM motako (bigarren generazioko) zazpi telefono mugikor eta, GSM ez ezik, UMTS ere (hirugarren generaziokoa) den beste bat ere aztertu dira oraingoan. Horien prezioak 91 euroetatik (Sharp GX17) 294 euroetara doaz (Motorola U6). Kontsumitzailea dendan eros dezake telefono librea (beste zeinahi etxetresna elektrikoren antzera), aurre-ordaintzeko txartelduna (operadoreak subentzionatua dagoenez, konpainia horrekin bakarrik erabil dezake) edo kontratu bidezkoa (operadoreak subentzio handiagoa ematen dio erabiltzaileari baina, ordainetan, honek bertan hainbat hilabetez iraun behar du gutxieneko kontsumo jakin bat eginez). Sharp GX17, Alcatel GlamPhone ELLE eta Samsung ZV10 laginek operadorearen subentzioa dute (aurre-ordaintzeko txartela). Aztertu diren mugikor libre denetan merkeena Motorola L6 da (146 euro).

Kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Nokia 6103 laginak ematen du: 200 euro kostatzen delarik, funtzio gehien eta hoberenak eskaintzen dituenetako bat da baina, horregatik beharbada, autonomia motzena dutenetako bat ere bera da. Merkeena, Sharp GX17 (91 euro, subentzionatua) aski da (are gehiegi ere) oinarrizko funtzioak bakarrik baliatzen dituenarentzat.

Zortzi mugikor hauek bere kargadore eta bateriaz hornituak daude salgai. Bestetik, Motorola L6 laginak izan ezik, denek dauzkate guztiz osagarri baliagarriak, hala nola "eskuak libre" kita (Nokia eta Samsung), beste karkasa bat (Sony Ericsson), kanpoko memoria-txartela (Nokia 6230i), uhala (Motorola U6, Alcatel eta Samsung) eta ordenagailuarekin konektatzeko kablea (Motorola U6 eta Samsung). Osagarri gehien dituen mugikorra Samsung SGH-ZV10 da.

Egun osoan aldean eramaten den objektuak arin eta txikia behar du izan. Motorola L6 da denetan txikiena (112,8x50,1x11,5 mm) eta arinenetako bat (88,8 g); horrez gainera, oso laua denez, patrikan erosotasun handiz eramaten da. Sharp GX17 aurrekoa baino %30 handi eta arinxeagoa da (84 g). Samsung SGH-ZV10, aldiz, denetan astunena (117g) eta handiena da (txikienaren bi halako). Erabiltzaile askok ez dute nahi antena-muturrik kanpoan agertzea: aztertu ditugun zortzietatik, Nokia 6103 eta Samsung SGH-ZV10 laginek bakarrik daukate kanpoko antena.

Ia mundu osoan

Zortzi mugikor hauek hiru bandadun dira, hots, Espainian erabiltzen diren 900 MHz eta 1.800 MHz-tako frekuentzi bandetan ez ezik, 1.900 MHz (ohikoa beste hainbat herrialdetan, hala nola AEB-n) bandan ere funtziona dezakete. Horri esker, GSM azpiegitura (mundu osoan gehien zabaldua dagoen telefonia mugikorreko estandarra) duen zeinahi herrialdetan erabil ditzakegu denak.

Zazpi aparaturen bateriak ion-litioz osatuak daude baina Sony Ericsson Z520i laginak LI-Polymer-ezkoa da (hobea, printzipioz). Kargatzeko zenbat denbora behar duten egiaztatzeko, beteria guztiak erabat deskargaturik (aurretiaz bitan kargatu eta deskargatu ziren) eta pantailan "karga osatua" esakunea agertu arteko denbora kronometratu zen. Gutxienez ordu eta erdia behar izan zuen lagin batek (Nokia 6230i) eta ia hiru ordu beste batek (Alcatel ELLE). Itxarote-autonomiari dagokiola, bateriak kargaturik, mugikor guztiak piztuta utzi ziren, inolako funtziorik egin gabe, itzali arte. Denetan hoberena Nokia 6103 izan zen (320 ordu) eta gutxien iraun zuena Alcatel (195 ordu). Bestela ere neurtu zen autonomia: ziklo arrunt bat simulatuz, alegia, hamar minutuko deia egin, SMS bat bidali eta 50 minutuko itxaronaldia egin zen. Itxarotean gutxien irauten duenak (Nokia 6103) 12 orduko erabilera baizik ez du; ondotik Sony Ericsson datorkio (14 ordu eta erdi). Samsung (24 ordu eta erdi) eta Motorola L6 (23 ordu eta erdi) laginek iraun zuten gehien. Gainerakoak 20 ordu inguruan ibili ziren.

Mugikor hauen pantailak koloretakoak dira (horregatik ere dute energia-kontsumo handia). Nokia 6103, Sony Ericsson Z520i, Motorola U6, Alcatel ELLE eta Samsung SGH-ZV10 laginen pantailak estalkia daukatenez, lagin hauek beste pantaila bat ere badaukate kanpoan, bertan oinarrizko datuak soilik agertzen direlarik: bateriaren egoera, ordua, data, etab. Barneko pantailez ari garela, Alcatel eta Motorola L6 laginenak CSTN ziren (txarragoak) eta gainerakoak TFT. Pantailaren tamaina funtsezko faktorea da, aparatuak, telefonoz hitz egiteaz gainera, ematen dituen aukera anitzak gogoan izaki: Interneten nabigatzea, jolasean ibiltzea, agenda kudeatzea& Denetan handienak Sharp eta Motorola U6 laginenak dira; dena dela, Sharp-ena handiena bada ere, zehazmen urrienekoa da eta bertan agertzen den irudia ez da ikusten gainerakoetan bezain garbi. Zehazmen hobereneko pantaila Nokia 6230i laginarena da, ondotik Motorola U6 eta Samsung ZV10 datozkiola (azken bi hauek bakarrik dira gauza 256.000 kolore erakusteko; gainerakoek 65.000 baino ez dute agertzen).

Barne-memoria

Zortzi mugikorrek daukaten barne-memorian gorde daitezke agendako kontaktuak, soinuak, argazkiak eta bideoak. Edukiera handiena Samsung laginarenak dauka (50Mb). Ondotik Nokia 6230i datorkio, 32 Mb-rekin, baina bera da 512 Mb-ko edukierako MMC memoriaren kanpo-txartela sartzeko arrakala daukan bakarra. Gainerakoen memoriak 16 Mb-etatik (Sony Ericsson) 1,4 Mb-era doaz (Sharp): horixe da antzinako diskete batek zeukan edukiera.

Mugikorren artean artxiboak (agendako kontaktuak, irudiak, doinuak, bideoak&) trukatzeko edota terminala ordenagailuari eransteko gauza dira egun hainbat teknologia. Alcatel ELLE laginak infragorriak bakarrik dauzka (teknologia zaharkitu eta deserosoa). Nokia markako biak, Sony Ericsson, Sharp eta Samsung laginek, infragorriez gainera, USB ere ematen dute, ordenagailuarekin konektatzeko (horrela egin daiteke gure informazioaren segurtasun-kopia baliagarria, terminala galduko den beldurrez), eta Bluetooth (irrati-uhin bidezko sistema honek metro batzuetarako helmena du eta era guztietako dispositiboak konektatzeko balio du. Motorola U6 USB eta Bluetooth bidez konektatzen da (infragorri bidez, ez).

Nokia markako biek eta Motorola L6-k Push To Talk (PTT, "hitz egiteko, sakatzea") bideratzen dute. Sistema hori esker, mugikor sareen bidez dei egin daiteke, hilean kopuru finko bat ordainduta (tarifa laua) walky-talkie batekin arituko balitz bezala. Arazoa: metodo hori beste herrialde batzuetan ohi-ohikoa den arren, Espainian operatzaile bakar batek ez dio zerbitzu hori eskaintzen erabiltzaile domestikoari.

Argazki kamera

Nokia 6230i-k dauka hoberena, 1,3 megapixelekoa; gainerakoen zehazmenak ez du 0,3 megapixel. Bideoa, berriz, zortzi mugikorrek egin eta erreproduzi dezakete baina Sony Ericsson, Nokia 6230i eta Samsung bakarrik dira gauza streaming egiteko (deskargatzen ari den bitartean bideoa erreproduzitzea, alegia: horrek esan nahiko luke, praktikan, telebista saioak ikus litezkeela, operatzaileak bide emango balu). Samsung-ek bideokonferentzia eskaintzen du; gogoan izan dezagun berau dela hirugarren generazioko (UMTS) aparatu bakarra: horren bertute nabarmenena datuak transmititzeko abiadura itzela da (bideokonferentziaz aritzeko, ezinbestekoa).

Audioaz ari garela, zazpi laginetan graba daiteke ahotsa (ez, horrela, Motorola L6-n); Nokia 6230i-k FM irratia eta MP3-erako musika erreproduktorea dauka. MP3 sisteman doinuak erreproduzitzeko aukera Samsung eta Sony Ericson-ek ere badaukate. Sharp da eskuak libre sistema ez daukan bakarra. Aurikularrak, berriz, zortziekin erabil daitezke baina horien konektoreak, tamalez, ez dira estandarrak.

Aparatuek aparteko funtzio mordoxka bat daukate: jokoak, alarmak, erlojua, egutegia, birdeitze automatikoa, dei-murrizketak& Ia denak dauzkate zortziek ere. Funtzio horien guztien zerrenda ikusteko, jo www.consumer.es orrira.

Funtzio behinena, komunikazioa

Zona baten estaldura-gradua antena emisoretik bertara dagoen distantziaren arabera aldatzen bada ere, mugikor guztiek gune jakin batean estaldura baliagarria berdin-berdin aprobetxatzen al dute? Datu hori neurtzeko mugikor guztiak estaldura ertaineko gune batean eta estaldura urriko beste batean probatu ziren, denetan operatzaile berarekin arituz. Toki berean Motorola markako biek, Nokia 6103 eta Sony Ericsson Z520i laginek gainerakoek baino estaldura hobea zeukatela adierazi zuten; Samsung eta Sharp-ek gutxixeago adierazi zuten.

Adierazitako estaldura-graduan agertzen diren alde horiek, ordea, ez dute esan nahi komunikazioa kalitate hobe edo okerragokoa izango den. Hasteko, deia eginez gero, komunikazioa eten ez dela egiten egiaztatu zen (zelular guztiek "bikain" nota eraman zuten); ondoren, estaldura handi, ertain eta txikiko tokietan soinuaren garbitasuna eta hotsa neurtu ziren. Motorola U6 da positiboki nabarmendu den lagin bakarra, komunikazio-kalitate hobea daukalako gainerakoek baino. Beste mugikorrek antzeko emaitzak agertu zituzten, on-onak denek.

Deia ia aditzen ez dutelako kexu dabiltza erabiltzaile asko. Hortaz, ozenago jotzen duten aparatua nahiago izaten dute. Lagin hauetan tonua erregula daiteke. Nokia 6103 da txirrin ozenena daukana (78 dB), ondotik Sony Ericsson Z520i (77 dB) eta Motorola L6 (75 dB) datozkiola. Sharp 60 dB-etan geratu da, ozenenetik urruti samar (dezibelioen eskala logaritmikoa denez, 20 dB ez da 10 dB-ren bikoa, hamar aldiz gehiago baizik). Zortziek erreproduzitzen dituzte tonu polifoniko eta errealak.

Mugikorraren txirrina entzun behar ez denean (zineman, adibidez) deia jasotzeko bibragailua aukeratu ohi du erabiltzaileak baina funtzio hori egiaz isila ote da? Ez dirudi oso isila denik, izan ere: mugikor guztiek, bibrazioan, marmarra baino hots handiagoa egiten dute (30 dB). Bibragailurik isilena Nokia 6103 da (31 dB), ondotik Motorola U6 (32 dB) datorkiola. Ozenenak, aldiz, Motorola L6 (45 dB) eta Sharp GX17 (42 dB). Paradoxa bat dugu hemen: Nokia 6103 laginak dauka txirrinik ozenena eta bibragailurik isilena; Sharp-ek, aldiz, tonurik apalena baino bibrazio ozenenetako bat.

Erabilera proba

  Laborategiko balorazio objektiboez haratago, ekipo horietaz erabiltzaileek nolako iritzia zuten ezagutzea zen helburuetako bat. Horretarako, sei erabiltzaile adituk mugikor bakoitzaren hogei bat ezaugarri baloratu zituzten, 1etik 10era arte. Zelular guztiak gustatu bazitzaizkien ere, bazen batetik besterako alderik. Denetan hoberena Samsung ZV10 (hirugarren generazioko bakarra) izan zenez, 8,5 puntu eman zitzaizkion; ondoren Nokia 6103 eta Sony Ericsson Z520i zetozen (8,2na puntuz). Zortzi puntuetara iritsi ez ziren Sharp GX17 (7,4), Alcatel ELLE (7,5) eta Motorola L6 (7,6).

Ezaugarririk konbentzionalenetan (deitzea eta mezu normal zein multimedia igortzea, alegia) zortziei eman zitzaizkien antzeko kalifikazioak. Aparteko funtzioen kopuru eta kalitateagatik (jokoak, irudiaren kalitatea, etc.) Samsung nabarmendu zen. Alcatel laginak eraman zuen kalifikazio apal samarraren errua (7,5 puntu) pantailaren berritasunean datza, itzalita dagoenean ispilua baita. Ezaugarri hori bihurtu zen erabiltzaileen kritiken bilgunea. Itzalita dagoenean, tarteka, hondoko argitasun urdinxka higuingarria ematen du. Sharp GX17 lagina ez zitzaien gustatu bere kanpoko itxura eta bukaeragatik (6,8 puntu), teklatuaren neurriagatik (6,7 puntu) eta bateria eta SIM txartela aldatzeko erraztasunagatik (6,8 puntu). Gainerako ekipoen balorazioak uniforme eta egokiak izan ziren (7 eta 8,5 puntu bitartekoak).

Zortzi aparatuek dauzkate argibide liburua eta egin beharreko segurtasuneko ohartarazpenak baina haien erdien bermeak ez daude zuzen, bi urte eskaintzen ez dituztelako: Nokia markako biek eta Sony Ericsson-ek, pieza osagarrien bermea urtebete baizik ez dela diote; Samsung-ek, berriz, urtebetea ematen du ekipoarentzat eta sei hilabete bateriarentzat. Berme-agiriek diotena gorabehera, ekipo, bateria eta pieza osagarri guztiek bi urteko bermea dute; dena den, aurreneko sei hilabeteak igarotakoan, aparatu jatorriz akastuna zela erosleak frogatu beharko du.

Erresistentziaz eta segurtasunaz

Telefono mugikorra ere erori egin daitekeenez, laborategiak aparatu bakoitza iraulketa-upelean sartu zuen eta, bertan, eguneroko bizimoduan gerta daitezkeen pareko berrogeita hamar eroriko simulatu ziren. Lagin bakar bat ere ez zen hondatu.

Energia-maila arriskutsua denean ere, karga elektrikoa duten atalak behar bezain ongi isolatuak daudela erakutsi zuten aparatuek. Berotze anormala pairatu ondorengo funtzionamendu-testa ere gainditu zuten, ez sukartu ziren eta ez ziren erabiltzaileentzat arriskutsu bihurtu ere. Kargadoreen plastikoaren kalitatea behar bezain ona denez, beroaren aurrean erresistente dira (hori beharrezkoa dute, funtzioak hala aginduta).

Areago, kargadoreak haritzezko azalera lau baten kontra hirutan jaurti ziren baina ez zen kalterik gertatu. Era berean, erabiltzaileak kontaktuz edo aire bidez (ekaitza denean, adibidez) elektrizitate estatikoaren deskarga probokatzen duenean ere komunikazioa ez da eteten eta ekipoek ez dute kalte iraunkor edo iragankorrik nozitzen.

Emititzen duten erradiazioaz, berriz, arauak baimentzen duen energia-xurgatze espezifikoaren indize altuena 2,0 W/kg da; parametro horrek, gorputz-ehunaren masa unitateko xurgatzen den energi kopurua neurtzen du. Lagin denek gainditu zuten proba, arauak onetsitako gehieneko horretara gerturatu gabe baina Nokia markako biak, Alcatel ELLE eta Samsung (0,7W/Kg) gainerakoak baino hobeak dira, frogatu bezala.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto