Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
EROSKI CONSUMEReko kanalak
Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak
Produktu akastunen erosketaren aurreko babesak hainbat formula eskaintzen dizkio erostunari, erreklamazioa egin dezan
Produktu bat erosteak, ordaintzeko obligazioaz gainera, erosten den gauza horretan eta saltzen duenarengan konfiantza izatea inplikatzen du. Tamalez, itxaropenak ez dira beti-beti gauzatzen eta kontsumitzaileak, lehen edo geroago, ustekabekoak izaten ditu maiz: hutsuneak, akatsak, matxurak, etab. Hasierako suminaren ondoren kezka datorkio kontsumitzaileari: nola babestuko ditu bere interes eta eskubideak, alegia. Duela hiru urtez geroztik Ondasun Higigarrien Bermearen Legeak matxuratutako produktua konpontzeko edo aldatzeko eskubidea jaso du eta, horrekin batera, prezioa merkatzeko edo kontratua balio gabe uzteko eskubidea ere. Hona hemen eskubide horiek egikaritzeko eman behar diren pausoak:
Konpondutako matxura berriro ere agertu da berme-aldia agortutakoan; orain saltzaileak ez du bere gain hartzen ardurarik.
Ondasun berrien bermeak bi urteko iraupena du baina agorpen-data kalkulatzeko, bi urte horiei ondasunak zerbitzu teknikoan emaniko denbora gehitu behar zaio. Matxura bera berriro agertzen denean, legeak dioenez, akatsaz arduratu behar du saltzaileak konpondutako ondasuna entregatu denetik hurrengo sei hilabetean ere.
Saltzaileak ez du bermea onartzen, jatorriko bildukia ez daukalako.
Bermearen aplikazioa indarrik gabe utzi edo baldintzatzeko gehiegikeriazko praktika da hori. Are eta gehiago baldintza hori kontsumitzaileari jakinarazi ez bazaio. Bermea exijitzeko, txartela edo faktura aski da. Bildukiaren baldintza edo mugapen hori legeak ez du berariaz babesten. Horrelakoetan egokiena, kontsumitzailea informatzeko bulegora joatea da.
Ondasuna erosi denetik sei hilabete pasatutakoan, saltzaileak ez du bermea onartzen.
Legezko bermeak bi urteko indarraldia du baina erosi denetik sei hilabete igarotakoan akatsa ez da jotzen jatorrikotzat: orduan, oso litekeena da saltzaileak kontsumitzaileari alderdi hori froga dezan exijitzea. Horrela egiaztatzekotan, saltzaileak bermea aplikatu behar du eta, horretarako, horixe diktaminatuko (edo, gutxienez, matxura edo akatsa okerreko erabileraren ondorio ez dela egiaztatuko) duen peritu edo aditua behar du.
Saltzaileak urtebeteko berme-aldia duen agiria entregatu du.
Baliteke agiri hori zaharra izatea, indarrean dagoen legea baino lehenagokoa eta egokiturik ez egotea. Horrelakoetan saltzaileari bi urteko berme-aldia eskatu behar zaio baina, hori ukatzen bazaigu, bermea legeak du xedatua. Eduki faktura eta eskatu erreklamazio-orria.
Saltzaileak ez du lortu matxura konpontzea, ez du eman nahi beste produktu berdin bat, gehiegi dela argudiatuz eta, hortik aurrera ez du inongo soluziorik eman.
Saltzaileak ezin jo dezake gehiegikeriaren argudioetara ezer ez eskaintzeko. Legeak dioenez, konpontze-lana amaitu eta ondasuna entregatutakoan, hori kontratuaren araberakoa ez bada, erostunak aldaketa exijitu egin dezake, baldin eta gehiegikeria ez bada, edo prezioa merkatzea edo emaniko dirua itzultzea.
Konponketa alferrikakoa denean eta berri batez aldatzea gehiegizkoa bada, aukera dago prezioa merkatzea ala emaniko dirua itzultzea. Akatsa garrantzi txikikoa bada eta ondasuna funtzional badago, ez dago aukerarik: prezioa merkatzea da bide bakarra.
Saltzaileak ez du konpontzeko produktua jaso; ondasuna zerbitzu teknikora bidali du, kontsumitzailearen kontura konpontzeko.
Bermea doakoa da eta bertan sartzen dira eskulana, piezak eta bidaiak. Konponketa egiteko teknikoak kontsumitzailearen etxera joan behar izatekotan ez dio ezer kobratu behar, ezta irteerarik ere. Produktua zerbitzu teknikora igorri behar baldin bada, bidaltze-gastu hori ezin zaio kontsumitzaileari ordainarazi. Doakotasuna lortu ezean, erreklamazio orria eskatu, kontsumitzailea informatzeko bulegora joan eta gastuak saltzaileari erreklamatu behar zaizkio.
Ez ahaztu: bigarren eskuko ondasunek urtebeteko bermea dute, non eta saltzaile profesionalari erosi zaizkion, ez horrela partikularrei. Horrela izatekotan, ezkutuko akats edo hutsuneez erreklamazioa egiteko sei hilabete dituzu.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa