Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Josefina Aldecoa, Idazlea eta "Colegio Estilo" ikastetxearen fundatzailea: "Laurogei urte ditut eta goizero eskolara joateko jaikitzen naiz"

 Josefina Aldecoa atzeraturik dabilkigu. Alaba Susanak, egun "Colegio Estilo" ikastegiko zuzendari denak, aitzakia bilatu dio: "Bi elkarrizketa izan ditu gaur". Itxaronaldia labur gertatu zaigu, Madrilgo Viso-ko eraikin zaharrera so eginez: etxe horretan, 1959an, Aldecoak Irakaskuntzarako Erakunde Askearen premisen araberako ikastetxea sortu zuen. Orduan neska-mutilek elkarrekin ikasten zuten, "gaztetxoei hazteko laguntza ematea, beren (zaletasunekin bat ohi doazen) gaitasunak ahalik eta gehien gara zitzaten aukerak emanez" helburua izaki. Printzipio horiek, beraiek transmititu dituzteneko harresiek bezala, irmo iraun dute.

Atetik agertu da emakumea: laurogei urte dituen arren inork ez luke esango. Denboraren joanak adimena, jakin-mina eta erabakitasuna zizelkatu dizkio aurpegian. Bere bulegoko leiho ondoan eserita, ikastetxea inauguratu zeneko argazki zuri-beltzari erreparatu dio: "Irakaskuntza ez da aldatzen. Legeak, curriculum-proiektuak eta liburuak desberdinak izan daitezke; irakurtzeko eta pintatzeko zaletasuna, senidetasuna, nork bere burua gainditzeko ahalmena eta eskuzabaltasuna, ostera, aldaezinak dira". Irakaskuntzaren aldeko pasioa eta idazteko bokazioa uztartu dituen pedagogoa mintzo zaigu, ez maistra: "Ni ez naiz maistra, amona eta ama izan nituen maistrak baina nik ikastetxea sortu baizik ez nuen egin". Hamaika eleberri eta dozenaka ipuinen idazle, ezin konta ahalako narrazioren biltzaile horren estreinako eskuizkribua ("La casa gris") udaberrian eman da argitara. Istorioa kutxa zahar batean gorde zuen 1950ean eta bertan eman ditu 56 urte, gorderik. Tarte horretan Josefinak bizitza irentsi du, "orduak, minutuak, segundoak".

Ikastetxe baten sortzaile eta idazlea: zein da ofizioa, zein afizioa?

 Irakaskuntzako eta literaturako kaierak gainean daramatzat beti. Laurogei urte ditut eta eskolara joateko jaikitzen naiz goizero, irakaskuntzari ezin diezaioket uko egin, bizi-poza ematen dit, gizartearekin eta odol berriarekin lotzen nau, egunerokotasunean suspertzen nau. Ikasgelara joateko obligazioa gustukoa dut. Hantxe daukat gurasoekin, ikasle-irakasleekin harremanetan izateko aukera. Literatura, aldiz, bakarkako lana da. Ikasturte osoan bildu ditudan orri guztiak ordenatu eta, azkenean, eleberri edo ipuin (edo deus ez) bihurtuko den hori antolatzeko uda aprobetxatzen dut, maistra naizen aldetik luzea baita niretzat udako oporraldia.

Bat ere argitara gabe 25 urte eman zenituen. Zalantzan ote zenuen zeure idazle izaera?

Ignacio hiltzean ikastetxean babestu nintzen. Ezin idatz nezakeen ezer, gogorik ez nuen eta. Urte asko eman nituen ezer idatzi gabe? Baliteke. Ignacio izan zen ene bizitzako mugarri behinena.

Horregatik hartu zenion abizena?

Omenaldi gisakoa da hori: literaturara itzultzean haren ipuin-sorta bildu eta Josefina Rodríguez Aldecoa sinatu nuen. Hurrengo liburuan ("Los niños de la guerra") Rodríguez hori ezabatu genuen.

Ez duzu ematen, dena den, gizon baten itzalpeko emakumea...

Ez naiz behin ere izan horrelakorik. Etsi-etsian sinesten dut emakumearen independentzian eta, dudarik gabe, horrek autonomia ekonomikoa izan behar du oinarri eta euskailu. Espainiako emakume tradizionalak aski sinesmen bitxia hartu du herentzian: etxeko arima izan behar du berak eta gainera, beharrezkoa bada, bere betebeharren, seme-alaben eta bikotekidearen morroi eta mirabe izan behar du. Kontu hori bertan behera utzi beharra dago baina hori ezin gerta liteke goizetik gauera. Emakumeari esan behar zaio horrela egitea posible duela baina, hori gerta dadin, erakundeek konpromisoa hartu behar dute, emakumeari askapenerako bide zehatzak eskaini behar dizkiote. Bide horien abiagunea, dudarik gabe, hezkuntzan eta irakaskuntza-zentroetan datza baina, metamorfosia intrintseko bilakatu arte, behintzat, aukerak eman behar zaizkio. Duela ehun urte emakumeak ezin ebaki zitzakeen bere esku-burdinak, egungo egoeran bazegoen ere: bera ez zuen babesten zuzenbide estatuak, sentsibilitate jakin batek, legea ere ez zuen aldeko. Gaur, ordea, bai. Baina emakumeak babes hori daukala jakin behar du, bere buruaren jabe dela jakin behar du eta bere autonomia ekonomikoa bizi-printzipiotzat hartu behar du, noski.

Orain dela ia ehun urte kontatu zuen bere historia Gabrielak, "Historia de una maestra" obrako protagonistak. Orri horietan, egun emakumeak eta hezkuntza munduak nozitzen dituzten arazoak agertzen dira. Horren gutxi aldatu da funtsean Espainia?

Prozesu historikoek luze jotzen dute. Gauzak aldatzeko asmo edo joera arestiko kontua da, are eta berriagoa diktaduran jasan genuen etenaldia kontuan izaki. Haziak, sendo eta oparo izango bada, denbora behar du. Gizartearen esentziari dagozkion aldaketak baretasunez gauzatzen dira eta, bestelako hezkuntza-sistema bat lortzeko hiru belaunaldi oso-osorik pasatu behar dira. Hastapenak amak ezagutuko ditu, alabak aurkituko eta ilobak gozatuko.

Zertan oinarritzen dira aldaketa horiek?

Bereiz ditzagun, ezer baino lehenago, hezkuntza eta irakaskuntza. Hezkuntza gurasoek ematen dute: jokabide-arauak, sinesmenak, printzipioak eta etika, hortxe datza dena. Umea lehen urtetik hezten du gurasoak. Haurtzaro osoak erabateko garrantzia du baina, kontuan izan dezagun, umea jaiotzean bertan hasten da haurtzaro hori. Irakaskuntza, bere aldetik, hezkuntzari egiten zaion ekarpen edo laguntza da, ezagutzaren transmisioa den heinean. Baina horrek inola ere ezin ordezka dezake familiaren jarduera: bata bestearekin osatzen dira, zoriontasunaren bidetik, hots, pena merezi duen zerbait -mendi-eskalada egitea, bihotza transplantatzea edo beste zernahi, alegia- ikasteagatiko poztasunaren bidetik.

Ikastegi pribatu bateko zuzendaria zara. Nolako iritzia duzu eskola publikoaz?

Bokazio izugarriko profesional handiek dihardute eskola publikoan. Honen historiaren parte handi bat botere publikoei loturik agertu da: ez ahantzi Espainiako eskolaratze masiboari aurreko erregimenean ekin zitzaiola eta, noski, frankismoak bere "eskola nazionalak" kontrolpe hertsian zeuzkan. Orain, ordea, Espainiako demokrazian, publikoa geure eskolatzat begiratu beharko genuke. Hortik kanpo badira aukera berezi edo minoritarioak, gizatalde batzuen sentsibilitatearen araberakoak. Espainiako Konstituzioak, bere aldetik, seme-alabak nahi duen erara hezteko eskubidea aitortzen dio familiari. Kasu gehienetan, ordea, hezkuntza publikoa duintasun eta konfiantza osoko aukeratzat jo beharko litzateke, ene ustez.

Halaz ere, horrek agertzen dituen arazo batzuk ez dira ezkutatu behar: emigranteak ikastegi jakin batzuetan biltzen dira, irakasle askok bere burua babesgabe ikusten dute, nerabe batzuek ez dute ikasi egin nahi...

Emigranteena izan ezik, gainerako arazo guztiak ikastegi denek nozitzen dituzte, baina horren konponbidea gurasoengan datza, batik bat. Seme-alabak maitasun osoz hezteko ahaleginetan dihardutela aitortzen dut baina hiri handietan, batez ere, ez dute astirik hartzen seme-alabekin izateko. Umeak jaioz geroztik behar duena maitasuna da. Eta etengabe norbaitek behatzea. Hark izan behar du gidaria, hori onartu beharra dago. Hamar urteko mutikoak bat-batean agertu duen gutizia gorabehera, beraren premiak eta nolakotasunak atzeman behar ditugu. Horri esker izango dugu beraien ahalmen eta zaletasunen berri. Gurasoek eta irakasleek umeen zaletasunak errespetatu behar dituzte, beraienak bestelakoak badira ere. Amak alaba jueza izatea nahiena badu ere, zergatik trabak jarri poeta izan nahi duen alabari?

Emigranteak, berriz?

Hizkuntza ezagun ez duten ikasleei ezin dakizkie erruak eragotz. Irakasleak egoera hori aintzat hartuko duten neurriak eskatzen ari dira eta, beraiek diotenez, arazo gehien-gehientsuenen motiboa hizkuntza ez ezagutzea da. Haurrek, nolanahi ere, badute abantaila handi bat: beste hizkuntza bat ia bat-batean ikasten dute eta, gainera, hizkuntza hori darabilten beste haur batzuekin ikastetxe berean dabiltzanez, berehala mintzatzen dira. Lehen-lehenik, ikas dezaten mintzatzen eta irakurtzen; ikasgaiak geroago etorriko dira. Nagusitu zaigun anabasa honetan nornahi dabil hezkuntzarekin kezkatua. Niretzat, berriz, betidanik izan da hori herrialde baten arazo behinena, nagusia. Ez naiz aholkuak ematearen aldeko baina jendeari hor kanpoan ibil dadin esango nioke. Kulturaren egarria nozi dezan eta nork bere burua deskubri dezan, bestelakoa, emigrante den aldetik.

Zuk bidaiak egin zenituenean hori asko bakana zen, ezta?

Arraroa, zeharo: 1950 urtean. Maria Moliner-en iloba Emiliarekin topatu nintzen eta, aspaldi bera ikusi gabe nengoenez, non izana zen galdegin nion. Londresko emakumeen egoitza batean uda partean atzerritarrak hartzen zituztela arrapostu zidan. Helbidea kendu nion eta bertara abiatu jo nuen. Gaztea nintzen ni, 24 urtekoa, eta Londresen erabateko bizipena izan nuen. Ipuinak idatzi nituen ordura arte baina, handik etortzean, eleberri bati ekin nion. Sariketara batera -nahiago dut izenik ez ematea- aurkeztu nuen eta ez nuen irabazi, noski. Plagio bati eman zioten saria. Eta, ene gaiztoa!, iruzurra agerian geratu zenean, poztu egin nintzen. Eskuizkribua gorde eta ahaztu nintzen berarekin. Iaz alabak aurkitu zuen eta Alfaguarako zuzendari literario den Amaia Lezcanori erakuts niezaion eskatu zidan. Udaberrian plazaratu zuten eta dagoeneko bigarren edizioa atera dute.

Bitartean zirriborro hutsa izan zen. Ba al daukazu beste libururik kutxaren batean edo ordenagailuko disko gogorrean, noiz kaleratuko zain?

Makinaz idazten dut nik. Ene editorialak ordenagailua erabil nezan nahi zuenez, horrelako bat ezarri zidan eta pertsona aditu bat igorri zidan, erabiltzen irakats ziezadan. Nik, ikasitakoan, ordenagailua bilobari oparitu eta makinaz segitu nuen idazten. Posta elektronikoa mantendu dut baina horren kudeaketa bilobak darama. Egia esateko, ez naiz izan oso elektronika edo mekanika zalea, aurkikuntza berriekin ez naiz ongi konpondu. Ene inguruetan sartzeko atea zabaltzen diet, baina ez naute liluratzen.

Dena den, abangoardia kulturalean ibili zara beti. Zaharra sentitzen al zara?

Zaharra naiz baina zahar izatea ez da jarduerari uztearen edo jakin-mina galtzearen pareko. Gure ama urte askorekin hil zen eta nik orain dudan adinean ingelesa ikasten hasi zen, gai hori betetzeko zeukala esaten baitzuen. Eta ingelesez irakurtzen zuen. Horrek arrazoia ematen dit alderdi batean: zahartzaroa alferrik galtzen dugula diot nik askotan. Ez dakit neuronak hiltzen diren, baina bizirik dirautenek aktibo segitzen dute. Neuronak gauza baliagarriak aprobetxatu behar ditugu, aitona-amona hutsez jardun ordez. Bizitza adieraz betetzen duten jarduerak eta bizipenak bilatu behar ditugu, amaiera iritsi arte.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto