Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Antioxidatzaileak: Zahartzearen aurkako elikabidea

C, E eta A bitaminek eta gure dietako beste hainbat elementuk, gehiegi hartu ezean, denboraren joanari organismoaren egokitzea hobetu egin dezakete

 Zahartzea dagokio gizakiari berez baina oraino ez dakigu zergatik zahartzen garen, prozesu horretan parte hartzen duten mekanismoak esplikatzeko hainbat teoria moldatu diren arren. "Erradikal askeen edo oxidazio-estresaren" hipotesiaren oinarria, adibidez, aski ezaguna da: oxigenoaren presentzian gure zeluletan oxidaziozko erreakzioak gorpuzten dira eta, ondorioz, zelulen endekapena eragiten duten erradikal askeak eratzen dira.

Gorputzean erradikal askeen metaketak, jakina denez, heriotza ondorioztatzen duten funtzio zelularraren alterazioak gertarazten dute. Horren eragin kaltegarriak arintzeko, berriz, zelulek beren mekanismoak -oxidazioaren kontrako gure defentsak diren entzima-sistemak- jartzen dituzte martxan. Adinean aurrera egin ahala, horien babesmena ahulduz doanez, erradikal askeek gure organismoaren defentsa-ahalmena gainditzen dute. Horregatik, zahartzen garenean, gure itxura fisikoa aldatzeaz gainera -larruazalean orban eta zimurrak ateratzen zaizkigu-, gure organo eta sistemak endekatuz doaz: alterazio kardiobaskularrak, minbiziak, diabetesak, etc. ugaltzen dira. Adinak adin, beste hainbat faktore ere hartu behar dira aintzat, hala nola tabakoa erretzea, alkohol gehiegi hartzea, infekzioak, gaixotasunak, estresa, babesik gabe eguzkitara egotea, dieta energetikoegiak edo desorekatuak, ingurugiroko kutsadura, ariketa fisiko bizia, etc.

Antioxidatzaileak: erradikal askeen aurkako defentsak

Gorputzean ez ezik, elikagaietan ere dautza antioxidatzaileak; areago, izaki bizidun gehienek -landarezkoek, batik bat- oxidazioaren aurkako defentsak dauzkate. Fruitu lehorren E bitaminak, adibidez, nolakotasun horien galera geroratu egiten du.

Hainbat bitamina -C, E, A-, zenbait mineral -selenioa, zinka, kobrea, etab.- eta fotokimiko izenez ezagutzen ditugun landare-konposatuak -polifenolen familiakoak- dira gehien aztertu diren antioxidatzaileak. Polifenol horiek fruta eta barazkiei koloreak eta aromak ematen dizkietenak direnez, landarezko elikagaiak egunero kontsumitzea aholkatzen zaigu. Espainiako dietan, oro har, ahalmen antioxidatzaile handieneko elikagaiak hauek dira: fruta, ogia, patata, barazkiak, kakaoa, lekaleak, fruitu lehorrak eta oliba olioa.

Nolako gaixotasunak prebeni daitezke?

Antioxidatzaileak erradikal askeen eragina geldiarazteko gauza ez direnean, gantz, proteina eta geneetan kalteak gertatzen dira. Egiaztatu denez, LDL kolesterola ("gaiztoa") oxidatzen denean aiseago itsasten zaie zainei, arrisku kardiobaskularra areagotuz. Zainetako zelulek erradikal askeen eragina nozitzen badute, arrisku kardiobaskularra areagotuko duten alterazio baskularrak gertatuko dira. Erradikal askeek geneetan eragiten dutenean, tumoreak agertzeko arriskua areagotzen da eta proteinetan eragiten dutenean, berriz, zahartze-prozesuari eta nerbio-sisteman eragina duten endekapenezko gaitzak (parkinsona, besteak beste) nozitzeko arrisku larriago batekin loturiko zelulen endekapen eta heriotza gisa agertzen dira kalteak. Antioxidatzaileek, beraz, erradikal aske kaltegarri horiek sortarazten dituzten zeluletako oxidazio-erreakzioak geldiarazten dituztenez, berebiziko eginkizuna betetzen dute gaixotasun kardiobaskularren, tumoreen eta endekapenezko gaitzen prebentzioan eta, horrekin batera, sistema inmunologikoa indartu egiten dute.

Nor dago antioxidatzaileen premian?

Denok gaude elikagaietatik datozkigun antioxidatzaile horien premian, organismoak bere defentsak badauzkan arren. Izan ere, babespen-sistema horien parte batek elikagaietako antioxidatzaileen laguntza hartu behar du bere funtzioa bete ahal izateko eta, areago, erradikal askeen eragina moteltzeko horien premia gorria du. Nolanahi ere, kontua ez da ahalik eta antioxidatzaile gehien kontsumitzea, egoeran egoerari dagokion tamainan hartzea baizik. Hainbat faktorek erradikal askeen ekoizpena laguntzen dutenez, egokiena dugu elikabidea -bizimodua, orokorki- hobetzea, osasunez zahartu nahi badugu.

Antioxidatzaileen dosi egokia

Dosi segurua zehaztu ahal izateko, bederen, azterlan gehiago egin behar dira. Gehigarriak edo elikagai bereziak hartzea baino areago, bizimodu osasuntsua egitea eta antioxidatzaileez hornituko gaituzten elikagaiak elikabide orekatuan txertatzea aholkatzen dute adituek. Antioxidatzaileak ez ezik, hauen eragina indartzen duten bestelako substantziak ere dauzkaten elikagaiak ditugu eskura. Zitrikoetan, adibidez, C bitaminaz gainera azido zitrikoa dago: gai honek bitamina horren eragin antioxidatzailea areagotu egiten du; propietate hori, oro har, ez da gertatzen elikagai aberastu eta osagarrietan.

Bestetik, ordea, kontuan har dezagun antioxidatzaile gehiegi hartzeak eragin kaltegarriak dituela. C bitamina larregi kontsumitzeak, adibidez, beherakoa ondoriozta dezake; E bitamina gehiegik, konjuntibitisa, mukosetan kalteak eta hezurren hauskortasun handiagoa. Selenioaren dosi handiegiarekin lotzen da ilea galtzea, azkazal eta hortzetako alterazioak, etab. Antioxidatzaileak berez dauzkaten elikagaiak kontsumituz baino askoz ere errazago gainditzen da horien dosia pilulak eta antzekoak hartuz. Horregatik komeni izaten da beti-beti profesionalaren aholkuaren arabera jardutea, nork bere kabuz jardun gabe. Erradikal askeen ekoizpena handitua dagoela kontu jakina den kasu zehatzetan ere -erretzaileak, goi mailako kirolariak, etc.- adituak baloratu behar du antioxidatzaileen dosi egokia zein den. Maila horretara iristeko, pazienteari preskribatuko dio elikagai arruntetatik gehiago kontsumitzea, elikagai aberastuak hautatzea edo osagarriak hartzea.

Elikadura-Zientzien Elkarte Espainiarraren gurpila

Eragin antioxidatzaile biziena duten dieta espainiarreko elikagai ohikoenak.

 

Antioxidatzaile gehien dituzten hamar elikagaiak

  • Ahuakatea
  • Baiak: ahabia, masusta, mugurdia eta marrubia
  • Brokolia
  • Azak, oro har
  • Azenarioa
  • Zitrikoak
  • Mahatsa
  • Tipula (gorria, bereziki)
  • Ziazerba
  • Tomatea (frijiturik, batik bat)
 


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto