Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Xurgagailu konpaktuak: Erabili eta botatzeko zorroa dutenak, merezi

Gordailudunak baino erabilera bakarreko zorrodun xurgagailuek isilagoak, eraginkorragoak eta merkeagoak direla frogatu dute

 Mende osoa joan da dagoeneko: 1901 urtean aurkeztu zen jende aurrean estreinako xurgagailua. Ordukoa elektrikoa ez zenez, bi lagunek maneiatu behar zuten, lanean jartzeko: batak hozkailuaren tamainako aparatu hura bultzaka zeraman gelan barna eta besteak hauspoari eragiten zion. Ehun urte geroago xurgagailuak askozaz ere txiki eta arinagoak dira, maneiatzeko errazagoak; ondorioz, alfonbrak garbi mantentzeko eta zoko ezkutuetako hautsa jasotzeko lana izugarri soildu da.

Laborategian aztertu eta erabilera-proba ezarri zaie zortzi xurgagailu konpakturi: horietako lauk zikinkeria erabili eta botatzeko zorroetan biltzen dute eta beste laurek ohiko gordailuetan. Zorroaz hornituriko aparatuen prezioak berdin-berdintsuak dira (90 eta 100 euro bitartean dabiltza denak). Gordailua daukaten laginen prezioak, berriz, oso desberdinak: 81 euroetatik (Polti AS510) 167 euroetaraino (AEG Cyclone).

Kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena AEG Vampyr (zorroduna) laginak ematen du: bera da azterketa honetan bigarren merkeena (90 euro), isilenetako bat, xurgatzeko ahalmen handikoa, edukiera handiko zorroa du eta erabiltzaileek oso ongi baloratu dute, gainera.

Bermean hutsuneak

Zortzi laginen etiketak zuzen daude eta gida-liburuak ongi osatuak eta ulergarriak dira: aparatua behar bezala garbitu eta mantentzeko nolako pausoak eman behar diren argi eta garbi adierazten dituzte denek. Zortzi bermeetako hiru ez daude zuzen: AEG Vampyr laginarena alemanez dago (espainieraz, gutxienez, agertu beharko litzateke); Polti laginak ez du adierazten ez berme-aldirik ezta baldintzarik ere; AEG Cyclone laginak, bermearen bigarren urtean ez du estaltzen eskulana (legeak ez du bereizten lehen eta bigarren urteko bermerik: akatsa fabrikatikoa baldin badu, horren kostua fabrikatzaileak ordaindu behar du). Nolanahi ere, etiketak gorabehera, legeak adierazitako epean babestua dago erabiltzailea, erosketa-txartela baldin badauka. Taurus Golf laginak eskaintzen duen hirugarren berme-urtean osagarriak bakarrik babesten dira.

Hamaika segurtasun-proba egin ondoren, agertu zen akats bakarra arina izan zen: Ufesa AC5500 (gordailuduna) laginean, ezabaezinak behar diren ikurrak ezabatu egiten dira, igurzpen-probetan. Gainerako saioetan (aparteko berotzea, ihes-korrontea, isolamendu elektrikoa, beroaren eta suaren aurkako erresistentzia, etab) xurgagailu guztiek gainditu dute azterketa osoa. Elektrikoki sentiberagoak diren beste aparatu batzuetan eraginik ote duten adierazten dute elkargarritasun elektromagnetikoko probek. Arautegia, beraz, lagin guztiek betetzen dute.

Txiki eta arinak

  Xurgagailu konpaktuari ahalik eta arinen eta txikien izatea eskatzen zaio. Ufesa zorroduna da denetan txikiena, ondotik Polti (arinena: 4,6 kilo) eta Taurus Golf datozkiola. AEG Cyclone, berriz, lagin handiena (txikiena baino %71 handiagoa) eta astunena da (arinena baino %72 astunagoa).

Bosch, Ufesa gordailuduna, Taurus eta AEG markako bi laginek 1800 watteko potentzia dute, Ufesa AC4516 eta Polti laginek 1600 watt eta Fagor VCE-306 (denetan potentzia txikiena daukana), 1400 watt baizik ez. Ez da zertan ekipoaren potentzia osoa beti-beti erabiltzea (alfonbra meheak edo gortinak garbitzean, adibidez): horregatik aire-emaria erregulatzeko aukera ematen dute lagin guztiek.

Hari luzeak askeago mugitzeko aukera emango dio erabiltzaileari. AEG markako bi laginek 6 metrokoa daukate, Ufesa AC4516 eta Fagor laginenek, berriz, 5 metro. Kablea jasotzeko sistemaz hornituak datoz aparatu guztiak.

Xurgagailu guztiek daukate luzagarri bat edo bi eta tapizerietan aplikatzeko berariazko tobera bana. Hodi luzeenak AEG markako bi laginenak dira (220 zentimetrokoak, pertsona altuentzat egoki-egokiak) eta laburrenak Polti xurgagailuarena (162 zentimetro baino ez). Hona zoko bereziak garbitzeko balio duten beste osagarri batzuk, xurgatze-lanetan zehatzagoak izaki: Taurus eta Ufesa AC4516 dira osagarri gehien dauzkatenak (bosna ale), ondotik AEG Vampyr (lau pieza) datorkiela. Gutxien dauzkatenak Ufesa AC5500, Polti eta Bosch dira, bina osagarrirekin.

Zorroaren edo gordailuaren edukiera

Xurgaturiko zikinkeria biltzen duen zorro edo gordailuaren edukiera funtsezko parametroa da ekipoaren erosotasuna zenbatekoa den ezagutzeko, bolumen txikikoa bada maiz hustu edo aldatu beharko baita. Gordailurik txikiena Ufesa AC5500 laginarena da (700 mililitro) eta handiena AEG Cyclone gordailudun aparatuarena (2.400 mililitro).

Bosch, Taurus eta Ufesa markako biek argi baten bidez gordailua bete dela adierazten dute. Zorroa gaizki ipinita dagoenean motorra geldiarazten duen segurtasun-dispositiboa daukate. Eta hautsa eta akaroak berriro ere airera itzultzea galarazten duen alergien kontrako iragazkiaz hornituak daude zortzi xurgagailuak, baina AEG Vampyr laginak bakarrik adierazten du iragazki hori noiz saturatu den. AEG Cyclone lagina, bere aldetik, oinarekin abia ezin daitekeen bakarra da. Fagor eta Polti laginek ez daukate ekipo osoa mugitu gabe zeinahi norabidetan xurgatzeko aukera ematen duen ukondo birakari eroso-erosoa. Hodi xurgatzaileen erresistentzia balioztatzeko 5.000 aldiz flexionatu ziren denak baina lagin bakar batek ez zuen inolako endekapenik nozitu.

Batzuk besteak baino zaratatsuagoak

Xurgagailuaren hotsak eragiten duen higuin-maila ez du hots horren bolumenak (dezibeliotan neurtua) bakarrik determinatzen: soinuaren frekuentziak (hertzetan neurtzen dena) ere berebiziko eginkizuna betetzen du hor. Bi parametro horiek aintzat harturik, potentzia handienean aparatu zaratatsuenak (baina ez potentzia handienekoak) Fagor eta Polti dira; Bosch eta AEG Vampyr laginek higuin gutxien eragiten dutenak dira.

Honelako aparatuak erabili ohi dituzten lau gizonezko eta bi emakumek xurgagailuak probatutakoan, hainbat alderdi baloratu zituzten, batetik hamarrera arte. Balorazioen arteko aldeak ez dira nabarmenak: denetan hoberena (Bosch, 7,7 puntuz) azterketako txarrenari puntu erdia (Taurus Golf, 7,2) baizik ez dio kendu. AEG markako biak ere gustatu zaizkie erabiltzaileei: beraien arabera, xurgatze-ahalmen handiagoa erakutsi eta emaitza hobeak jaso dituzte jarduniko azalera desberdinetan: hormigoian, moketan eta egurrezko zoruan, paretetan eta izkinetan. AEG Cyclone laginaren prestazioei oso balorazio ona egin zitzaien arren, aparatuak ez zuen puntuazio gorena astun eta handiegia delako. Laborategiko probek egiaztatu zutena atzeman zuten erabiltzailek ere: Fagor eta Polti laginei zikinkeria xurgatzea gehiago kostatzen zaie.

Erabilera-libururik argien eta osatuena AEG Cyclone laginarena da; denetan zailena, Polti aparatuarena. Erabiltzaileen iritziz, Ufesa AC4516 eta Polti laginek dauzkaten maneiatzeko aginterik soilenak eta AEG Cyclone, Ufesa AC5500 eta Bosch laginek, berriz, erabiltzeko zailenak. Hari-jasotzaile hoberena Ufesa AC4516 laginarena da eta baloraziorik hoberena jasotako kablea, AEG Cyclone laginarena (denetan luzeena). Zorroa aldatu edo gordailua husteko unean, Ufesa AC5500 (gordailuduna) da erabiltzaileei gehien gustatu zaiena. Balorazio kaskarrenak Ufesa AC4516, Taurus Golf eta AEG Vampyr laginek (hirurak, zorrodunak: sistema hori aldrebesagoa da gordailua baino) jaso zituzten.

Xurgatze-ahalmena

Azterketan jorratu ditugun gainerako parametro guztiak alferrikakoak dira, ekipo hauek beren eginkizuna betetzeko (zikinkeria xurgatzeko, jakina) duten egiazko ahalmena neurtu ezean. Horretarako, laborategian bi proba egin dira hautsa xurgatuz: lehena, azalera gogor batean (zoruaren antzekoa) eta bigarrena oihalezko azalera gainean (moketan duten ahalmena egiaztatzeko). Bi probak egiteko, 35 gramo talko-hauts hedatu dira azalera bakoitzean, azalera gogorretik behin bakarrik pasatu dira aparatuak eta oihalaren gainetik bitan (bata atzerantz eta bestea aurrerantz). Testa amaitzean, xurgatu gabe zeuden hautsak bildu eta pisatu ziren.

Lagin hoberenak Bosch (zorroduna), Ufesa AC5500 (gordailuduna) eta AEG Vampyr (zorroduna) dira: bi azaleretan "oso ongi" kalifikazioa merezi zuten. Emaitza kaskarrenak, berriz, Fagor VCE-306 eta Polti AS510 xurgagailuek eraman dituzte, bi probetan "erdipurdi" bana baizik ez dutelako jaso. Tresna horien egiazko potentziaren berri adierazten duen zeharkako neurri bat azpi-presioa (ahoa buxatzen denean osatzen den indarra, alegia) kalkulatzea da. Hor ere hoberen gertatu direnak AEG markakoak dira eta txarrenak, aldiz, Fagor, Ufesa AC4516 eta Polti, hots, potentzia nominal apalenekoak.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto