Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Oporretan ezustekorik ez izatea

Amestutako bidaia frustrazio-segida bihur ez dadin, antolamendua eta informazioa, funtsezkoak

Uda eta oporrak ezin bereizizko terminoak dira. "Sasoitik kanpo" bidaia egiteko erabakia geroz eta maizago hartzen dugula hainbat estatistikak dioten arren, uztail, abuztu eta iraila atseden, eguzki eta hondartzaz gozatzeko hilabete behinenak dira. Azterketa Turistikoen Institutuaren (IET) arabera, espainiarrek 2005ean egin zituzten ia 120 milioi bidai haien erdia baino gehiago udan bertan gertatu ziren.   Horrenbestez, ezinbestekoa da sasoi honetan inprobisazioaren esku ezer ez uztea, etxetik irten aurretik bidaiari buruzko datu guztiak zehaztu eta lasaitasunik topatzea eginkizun errazik ez dela izango barneratu beharra dago. Ezerk huts egin ez dezan, klabea dena ondo-ondo antolatzea bada ere, batzuetan, hala eta guztiz, ez dago arrakasta bermatzerik.

HELMUGA

Ez aukeratu zure oporretako tokia orritxo batzuen argazki ederrak bakarrik kontuan hartuta, errealitate hori zenbaitetan gure hoteletik kilometro asko eta askotara baitago. Gogoan izan, gainera, abuztuan lasaitasuna topatzea ez dela kontu erraza eta, zure ibilbidea egiteko egun gutxi baldin badituzu, hobe izango da zein toki bisitatu nahi dituzun argi eta garbi deliberatzea. Parke tematikoren batera joatea hautatu baldin baduzu, ez ahaztu jolas-aparatu batzuetan sartzeko gutxieneko altuera eduki behar duela erabiltzaileak eta ume guzti-guztiak ez direla altuera horretara iristen. Herrialdeei dagokiela, ez begiratu eskaintzari bakar-bakarrik: Karibe aldea biziki erakargarria bada ere, urakanen sasoia ekainaren 1etik azaroaren 30era zabaltzen dela eta aurten 21 urakanen etorrera iragarri egin dute, haize horien bisitaren data zehatzik aurreikus ezin daitekeen arren. Txile eta Argentinan, adibidez, tenperatura hotzagoak topatuko dituzu, orain herrialde haietan negua delako; ipar aldeko herrialdeetan, berriz, argiarekin ibili beharko da tentuz: Norvegiako iparraldean eta Suediako parte batean udan ez da eguzkirik, Islandiako hiriburuan pare bat orduz soilik ezkutatzen da eta Finlandian, ekain eta uztailean eguzkia ez da behin ere ezkutatzen.

HOTELAK

Atzerrian, kontuz hotelen kategoriekin: Espainiako hiru izarrekoek ia zerikusirik ez dute Italia, Londres, Marokko edo Tunezekoekin, adibide pare bat ematearren: leku horietan, beheko kategoriak sailkatzeko eskakizunak dezente apalagoak dira Espainian baino. Haurrekin edo pertsona ezinduekin baldin bazoaz, egiazta ezazu instalazioak eta zerbitzuak horientzat egokituak daudela eta Internetera konektatu behar baduzu, aurretiaz eska ezazu informazioa erabilgarritasunaz eta, batez ere, prezioaz (maiz, neurrigabea izan ohi da; hobe ziber-kafe batera joatea). Lasaitasun bila baldin bazoaz, ez hartu hotela martxa dagoen tokian. Badakizu "dena barne" tarifa aukeratzen baldin baduzu, gela, janari, edari eta aisialdi alorretako gastu guztiak ordainduak dituzula baina, hori bai, aprobetxa ezazu aukera: maiz horrek bidaia garestitu egiten du eta gelara ekarri beharreko zerbitzuak eta gelako mini-bar horretako kontsumoa ez dago sartuta.

DOKUMENTAZIOA

Abiatu aurretik, egiazta ezazu zeure dokumentazioa hartu duzula eta ez beste inorena. Aduanan zure alabaren pasaportea agertzeak egoera korapilatsua ondoriozta dezake (bidaiari bati baino gehiagori gertatu izan zaio horrelakorik eta, noski, txangoa bertan behera utzi behar izan da kasu gehienetan). Bisatua eskatzen duen herrialde batera bazoaz, dokumentu hori eskatu ahal izango duzu bidai agentzian (galde ezazu zenbat egun behar diren egiteko eta gestio hori dirurik kostatuko zaizun) edo dagokion kontsulatuan; dena den, eskatu data baino bi astebete lehenago, uda parte honetan, batik bat. Bisatua eskuan badaukazu, egiazta ezazu oporretan baliodun iraungo duela (egin beste horrenbeste zure nortasun agiri eta pasaportearekin: honakoa, gogoan izan, irakurketa automatikokoa izango da, AEB-ra bazoaz). Gidatzeko asmorik baduzu, tramita ezazu nazioarteko gida-baimena, kalkula ezazu nolako abantailak izan ditzakeen bidaiako artapen-asegurua kontratatzeak eta eskatu Osasun Txartel Europarra, Europar batasunean ez ezik, Islandian, Liechtensteinen, Norvegia eta Suitzan artapena jaso ahal izateko.

BIDAI GIDAK

Aukera ezazu zeure interesetara hobekien egokitzen dena; segurta ezazu bertako datuak gaurkoak daudela. Bakarren batek orduak galdu ditu alferrik "oso moduz, sukaldaritza primeran lantzen duen jatetxe moñoño" baten bila, urtebete lehenago itxi zen harexen bila, alegia. Bisitatu beharreko tokiko artea eta historia ezagutzeko interesik baduzu, badira gida kulturalak; gastronomikoak, mahaira esertzea baldin bada zure kirola; patrikakoak, beti gainean eraman nahi izatekotan; hizkuntz gidak, tokian tokiko hizkuntzan zerbait esateko asmotan bazabiltza... Hartu aintzat errepide mapa onak baina, hori bai, eguneratuak, zeure ibilgailuan bidaiatzea aukeratu baduzu. Bidean, eztabaidan aritzeak -senar-emazte edo antzekoen artean, batez ere- planik hoberena hondora bota dezakete.

OSASUNA

Herri edo eskualde batzuetan -exotikoetan, bereziki- ibili ahal izateko hainbat gaitzen kontrako txertoa hartu behar izaten da. Ez utzi gerorako, bidaian abiatu baino hilabete eta erdi lehenago zoaz Nazioarteko Txertapen Zentro batera: kasu den-denetan ziztada bakarra ez da aski izango eta, beharrezko txertoak hartu ezean, herrian geratu beharra egoki lekizuke. Osasun tratamendua egiten ari bazara, eraman aldean beharrezko botikak, oso litekeena baita horrelakoak toki turistikoetan aurkitzerik ezin izatea. Presta ezazu, era berean, lehen artapeneko botikina, nazioarteko bidaietan ohi-ohikoak diren beherakoen ondorioetatik onik suertatu eta berridratatzeko mineral-gatzak ahantzi gabe. Gogoan izan, ibilbide urbanoetan eguzkiak majo estutzen gaituenez, krema babesgarria ezinbestekoa dugula. Itsasontzian bazoaz, ez apartatu mareoaren kontrako piluletatik. Amaitzeko, beste bat: eskura ezazu eltxoak uxatzeko produktu eraginkor bat, gaueko loaldia galarazteaz gainera, gaixotasun larrien eroale dira horietako batzuk.

ARROPA

Baliteke, arropa edo oinetako egokiak ez aukeratzea larrutik ordaindu behar izatea. Egokitu bata eta besteak bidaiari eta, bero handiko tokietara joateko bazara, sartu maletan kotoi edota lihozko arropa transpiragarria. Ospakizun batera joan behar izatekotan, aukera ezazu jantzi dotoreren bat (bermudak eta txinalak ez ohi dira onartuak) eta, hondartzan nudismoa oraino praktikatzen ez baduzu (herrialde batzuetan debekatua dago hori), eraman bainujantzia. Motxiladun bidaietan ihes egiozu "badaezpada sindromeari": eraman ezazu ezinbestekoa dena soil-soilik. Bizkarrak eskertuko dizu hori. Oinei dagokienez, botikinean tiritak sartu badituzu ere, gogoan izan erokeria dela ibilbide luzeetan eta bero handiarekin sandaliak estreinatzea. Ez lotsatu oinetako zaharrak jartzearren: babarik ez zaizu aterako eta zure zangoak ez dira izango bidaia horretako ez ezik, geroagoko tertulietako protagonistak.

DIRUA

"Iraileko aldapa" ere larrutik ordaindu nahi ez baduzu hautatu zure ekonomiaren araberako helmuga eta azter ezazu bertako bizi-maila. Pariseko terraza batean kafetxo bat hartzeak sekulako hondamendia eragin diezaioke zure poltsikoari; kreditu txartelarekin ordaintzea erabakitzen baduzu, beste bat, zure kontu korronteari: atzerrian banka erakundeek kutxazainetik dirua ateratzeagatik komisioak kobratzen dituzte. Esku-dirutan ordaintzeko euroak baldin badauzkazu, baina ez herrialde horretako diru ofiziala, galde ezazu nolako trukea aplikatuko dizuten, turistarentzat hiri ez baita oso-oso mesedegarria gertatzen (are gutxiago hotelean, eragiketa beran egitea erosoa bada ere). Dibisak trukatzea aukeratu baduzu -horregatik ere komisioa ordaindu beharko duzu- kalkula ezazu zer merezi dizun, diru asko behingoz trukatzea edo gutxiago eta bizpahirutan. Sobratu zaizkizun txanpon eta billete txiki horiek trukatzea ez duzu eginkizun erraza izango. Gogoan izan, herrialde batzuetatik irtetean tasak ordaindu behar direla. Horien berri, bidai agentzian edo herrialdera iristean jakinaraziko zaizu. Apuntatu kopurua eta gorde ezazu egonaldia amaitu arte. Presaka eta korrika ibiltzea ez da biderik hoberena truke-komisio egokiak bilatzeko.

AIREPORTUAK

Erne ibili, begira data korapilatsuenetara: goi-denboraldiko hilaren 1, 15 eta 31n instalazioak masifikatu egiten dira eta hegazkin-txartelen prezioak garestiago dira. Begira itzazu egun batzuk lehen edo geroagoko tarifak: harritu egingo zara. Hegazkina gauerdiko hamabietan irtetekoa bada, zehatz ezazu zein egunetako gauerdian: bezperan ala biharamunean? Areago, overbooking higuingarririk gerta ez dakizun, irits zaitez aireportura behar bezain lehenago, egiazta ezazu zeure izen-abizenak direla erreserban agertzen direnak eta, etxeko animaliak baldin badaramatzazu, zaindu heien dieta: etortzean, joaneko pisua eta taila muga batzuen barruan mantendu behar dituzte (arau honek, zorionez, ez du eraginik horien jabeen baitan). Ekipajea prestatzean, gogoan izan kostu merkeko konpainiek tradizionalek baino karga gutxiago onartzen dutela. Eduki esku-poltsa batean arropa eta objektu pertsonalak (maleta galdu, eskalarik egitea suertatu eta hurrengo hegaldia galtzen baduzu...). Data hauetan ohi-ohikoak diren distantzia luzeko hegaldien arteko konexioak direla eta, gutxienez hiru ordu ematea aholkatzen da: hobe aireportuan pittin bat lasai-lasai aspertzea, korrika bizian desesperatutik ibiltzea baino. Lastima litzateke oporraldietako azken oroitzapena aireportua alderik alde zeharkatzeko egindako lasterketa izatea, ezta?



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto