Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Entsaladak kontserban: Praktiko eta osasungarriak

Osagai nagusiak: atuna, ilarrak, azenarioa, piper gorria eta tipula. Entsaladaren batek artoa, olibak, zainzuriak eta soja ere izaten dituzte

Kontsumitu aurretik ia bat ere prestakuntzaren beharrik ez duten elikagaiak geroz eta toki handiagoa betetzen ari dira erosketa-saskian, egunetik egunera denbora gutxiago ematen baitugu sukalde lanetan eta, horrela, joera horrek entsaladetan ere izan du eragina. Izan ere, dieta mediterraneoaren ordezkari behinenetakoa den entsalada biziki goretsia izan da aspaldi honetan gure garaietako hainbat gaitzen (kardiobaskularrak, endekapenekoak eta minbizia, adibidez) nozitzeko aukera murrizten laguntzen baitu. Entsaladak berez osagai nagusia duen barazkiak hamaikatxo bertute-iturri dela erakutsi du: zuntz, bitamina eta mineral eduki handia, kaloria gutxi-gutxi eta organismoa hidrataturik mantentzeko ahalmen paregabea. Abantailak gorabehera, Espainian barazkien kontsumoa ez da iristen eguneko aholkatzen den kopuruaren (400 gramo) erdira ere.

Gure ohiko dietan entsaladak tartekatzeak elikagai-multzo honetatik kontsumitzea aholkatzen zaigun mailaraino iristen lagun gaitzake. Merkatuak, aztura eta premia berrietara beti so, kontsumitzeko prest dauden entsaladetan ere aukera handia eskaintzen du egun: multzo horietako bat, kristalezko flaskoan edo latan komertzializatzen dena da. Osagaiak ontzietan sartu, estaldura-likidoa erantsi (ura, olioa, ozpina...) eta hermetikoki ixten dira, produktuan bestelako kutsatzailerik sar ez dadin. Ondoren tenperatura altuetan esterilizatuko dira, osagaiek eduki ditzaketen mikroorganismoak suntsitzeko. Azkenean, etiketatu eta giroko tenperaturan metatzen dira biltegian: esterilizatuak daudenez, ez dira zertan hotzetan gorde.

 

Oraingoan kontserban merkaturatzen diren "entsalada mediterraneoen" sei lagin aztertu dira. Isabel, Rianxeira, Calvo eta Miau laginak latan edo bolean merkaturatzen dira, produktua ontzeko olioa darabilte eta 150 eta 180 gramo arteko pisu garbia adierazten dute. Bonduelle eta Carretilla laginek, kristalezko flaskoan, ez dute oliorik eta 530 eta 345 gramoko pisua adierazten dute. Kontserbako entsalada hauen osagaiak atuna (Bonduelle laginak ez du atunik), ilarrak, azenarioa, piper gorria eta tipula dira. Batzuek artoa, olibak, zainzuriak eta soja erantsi dituzte. Prezioak, kilo xukatuko, 5,74 eurotik (Bonduelle) 8,63 eurora arte doaz (Carretilla).

Hobe latan ala flaskoan?

Ez formatu batek ez besteak (lata edo bola eta kristalezko flaskoa) ez du aditibo edota kontserbatzailerik, bizitza baliagarri luzea dute eta kontserbatzeko ez dute hotzaren premiarik. Nolanahi ere, lata edo bolean datozen entsaladek abantaila nabaria dute: ozpina eta gatzez gainera, olioz ere onduak daudenez, ontzitik bertatik kontsumi daitezke, zuzenean, sardexka soil batekin, adibidez. Lata eta bol formatuak, gainera, txikiagoak izatean (150 gramo inguru), produktu osoan behin bakar batean kontsumitzea errazten du. Flaskoan datozen entsaladak, aldiz, tamaina handiagokoak dira eta ontziratzeko erantsi zaien ozpin, ur eta gatzez osaturiko likidoa kendu egin behar zaie kontsumitu ahal izateko; gerora olio, ozpin eta gatzez onduko dira, ohi bezala.

Pisua eta osagaiak, ongi

Sei laginetan ere egiazko pisu garbia adierazitakoa baino handiagoa da; pisu xukatua (estaldurako likidoa kendutakoan geratzen dena), berriz, Miau, Bonduelle eta Carretilla laginek bakarrik ipini dute, adierazi baino kopuru handiagotan.

Bestetik, sei laginek dauzkate adierazitako osagai guztiak, bakarren batek etiketan adierazi baino atun ugariago badauka ere, hala nola Miauk (%45), Isabelek (%35), Calvok (%35) eta Rianxeirak (%32): denek diote atunaren edukia %25 dela baina hori baino dezente gehiago ezarri dute ontzian; Carretillak, bere aldetik, adierazitako %8 horixe ematen du, doi-doi. Bonduelle da atunik ez daukan bakarra.

  Atunaz gainera, Carretilla laginak honako osagaiak ditu: azenarioa (%35) eta artoa (%33). Bonduellek soja kimuak (%25) eta artoa (%28) ditu nagusi. Calvok, ilarrak (%31) eta azenarioa (%24), ondoren piper gorria (%6) eta tipula (%4). Horrelatsu dabil Miau ere, aldeak txikiagoak diren arren. Rianxeirak agertzen ditu alderik gorrienak: osagai ugariena atuna dela badio ere, egiaz %32 baino ez da; ilarrak berriz (%41) ugariago dautza. Gainerako entsaladetan aldeak hutsaren hurrengo dira.

Lata edo bolean komertzializatzen diren lau entsaladek osagai berberak dauzkate: atuna, azenarioa, ilarrak, piper gorria eta tipula. Flaskoan datozen biek, aldiz, bestelako osaketa dute. Carretillak atuna, azenarioa, zainzuriak, oliba beltzak eta berdeak eta artoa ezarri ditu; Bonduellek, aldiz, azenarioak, piper gorria, soja kimuak, artoa eta arto-buruak.

Prozesaturiko elikagaietan kontuan hartu beharreko osagaia da gatza. Gatz gutxien daukan produktua (estaldura likidoa kanpo) Miau da: %0,6 baizik ez du; beste muturrean Bonduelle (%1,3) agertzen da. Gainerakoen gatz proportzioa %1 inguru zebilen.

Bol edo latako entsaladak landare olio, ozpin eta gatzez osaturiko likidoan datoz. Isabel laginarenak azukrea ere badu. Bonduellek eta Carretillak (kristalezko flaskoetan biak) ez dute oliorik, ozpina, azukrea, gatza eta ura baizik. Adierazten duten bezala, Rianxeirak eta Isabelek oliba olioa darabiltela egiaztatu da; Miau laginarena ekilore olioa da eta Calvorena, soja olioa. Laurak ere landare olio osasuntsuak dira, gantz azido asegabeak aseak baino ugariago diren aldetik.

Espero bezala, kontserban komertzializatzen den produktu honen azterketa mikrobiologikoak (jangaien kalitate higieniko-sanitarioaren berri ematen duena) ez zuen inolako anomaliarik erakutsi.

Bitaminak, mineralak eta zuntza

Entsalada hauen osagai ugarienak barazkiak diren heinean, B eta C multzoetako bitamina iturri oparoak dira; azenarioak, bere aldetik, A pro-bitamina ugari dauka. Dena den, produktuak nozitzen duen tratamendu termikoaren erruz, bitaminen edukia (B multzokoak eta C bitamina, batik bat) zertxobait apaltzen da. Mineraletatik nabarmentzekoak potasioa, magnesioa eta burdina -atunagatik-, eta gatza osatzen duen sodioa. Entsalada hauek dituzten beste bi nutriente zuntza eta antioxidatzaileak dira. Fabrikatzaileek bero bitarteko tratamendua ahalik eta laburren aplikatzen dute, nutrienteen galera ahal den txikiena izan dadin. Bitamina eta mineralen ekarpen hori osatzeko modu egoki bat, adibidez, hainbat barazki gordinekin konbinatzea da letxuga, eskarola, etc

Entsaladak kontsumitzea, larruazalaren babesgarri

Eguzki izpiek gure larruazalari erasotzen diotenez, haren zahartze goiztiarra eta melanomen garapena eragiten dituzte. Entsaladak kontsumitzeari esker larruazala egoera egokian mantenaraziko duten nutrienteak hartuko ditugu. Kolore biziko barazkiek (azenarioa, erremolatxa, piperra, tomatea, lonbarda aza, lollo rosso letxuga) A bitamina bihurtuko den beta-karotenoa daukate, larruazalaren eta mukosen mesedetarako; baita kolagenoaren ekoizpena hobetuko duen C bitamina ere. Kolageno izeneko proteinak, jakina denez, larruazala leun mantentzen du, zimurren agerpena prebenituz. Entsaladei ahuakatea edo fruitu lehorrak erantsi eta oliba olio birjinarekin ontzen badira, organismoari entregatuko dizkiogu, batetik, gantz azido asegabeak (larruazala estrukturaturik eta hidrataturik edukitzeko) eta, bestetik, E bitamina, azalean orbanen agerpena mantsotzen duena.

Laburbilduz

  • Kontserban komertzializatzen diren sei "entsalada mediterraneo" aztertu dira oraingoan. Isabel, Rianxeira, Calvo eta Miau bol edo latan merkaturatzen dira, ongailu modura olioa darabilte eta beren tamainak 150 eta 180 gramo tartean dabiltza. Bonduellek eta Carretillak, kristalezko flaskoan biak, ez dute oliorik eta 530 eta 345 gramoko laginetan ohi daude salgai.
  • Elikagai osasuntsu eta prestatzeko erraz-erraza da. Hona bere osagaiak: atuna (Bonduelle laginak ez du atunik), ilarrak, azenarioa, piper gorria eta tipula. Laginen batek artoa, olibak, zainzuriak eta soja ere sartu ditu.
  • Prezioak, pisu xukatuz eta kiloko, 5,74 eurotik (Bonduelle) 8,63 euroraino doaz (Carretilla).
  • Atun gehien daukana Miau da (%45); urrienekoa, Bonduelle (0%) eta Carretilla (%9). Gatz gutxien daukana, Miau (%0,6) eta Bonduelle, aldiz, gaziena (%1,3).
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokienekoa: Miau, bigarren merkeena eta atun gehien daukana. Isabel ere aukera polita da: atun ugarikoa izaki, dastatze proban mahaikideei gehien gustatu zitzaizkien bietako bat.

Etiketak, hobetzeko modukoak

Sei laginetatik lauk arautegia urratzen dute. Rianxeira laginak ez du osagai batzuen portzentajea adierazten, nahi eta irudien bidez agerrarazten dituen, ikuspen-eremu berean ez du informazioa ematen eta osagaien zerrenda ez dator kopuruaren arabera antolatua, ugarienetik urrienera. Isabel laginak oliba olioa nabarmendu badu ere, ez du horren proportzioa ezta produktuaren pisu xukatua adierazten. Miau laginak dioenez, azenario, ilar, piper eta tipularen proportzioak "alda daitezke", azenarioak eta ilarrak piperrak halako bi pisatzen dutelarik; dena den, osagai bakoitzaren portzentajea adierazi beharko luke. Beste horrenbeste gertatzen da Calvo laginean. Bonduelle laginak ere ez du hori adierazten baina, entsalada kristalezko flaskoan komertzializatzen denez, kontsumitzaileak gutxi gorabehera jakin dezake horren berri. Etiketa zuzen agertzen duen lagin bakarra Carretilla da.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto