Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Pigmentazioaren alterazioak: Larru markadunak

Orin, makula, orban, tita eta oreztak gizaki gehientsuenon epidermisean barrena zabaltzen dira, kalterik gabeko eragin estetikoak erakutsiz. Hobe, dena den, eguzkitan luzaro ez egotea.

  Uda partean freskura hartzeko edo larruazala belzteko asmoz arropa kentzea arazoa da jende askorentzat, ez noski gizentasunak erakustearren. Negu osoan estalirik eta kontrolpean egon diren pigmentazioaren alterazioak "kalera irten" dira eta, eguzkitara azaldu ordurako, bizirik daudela dirudite: kolorez aldatu, tamainaz handitu egiten dira& Orin, tita, orban, orezta eta antzekoak, oro har, ezin suntsi daitezke eta, gehien-gehienetan, horien eragina estetiko hutsa baizik ez den arren, osasunarentzat arriskutsuak ez baitira, eguzkitan ipini aurretik neurriak hartu behar izaten dira.

Larruazal mota desberdinen araberako kausak

Melaninak determinatua dagoen larruazalaren kolorea hainbat faktore eta elementuren arabera aldatzen da: arraza, fenotipo eta genotipoa, eguzki-izpietara egotea, hormonen erregulazioarekin zerikusia duten faktoreak (hala nola hormona neuroendokrinoenak, garunean dautzan hipofisis eta epifisis guruinek erregulatzen dituztenak).

Pigmentazioaren trastornoak ohi-ohikoak direnez, akatsik gabeko larruazala duten pertsonak egiazko salbuespenak dira. Orban, tita, orizta eta neboak, zona hipokromikoak edo kafesne koloreko orbanak, urte osoan arropa pean egoten direnak, eguraldi ederra etorritakoan azalera irten eta, areago, zenbaitetan, kezkatzeko eta sendagileari kontsulta egiteko motibo ere izaten dira. Salbuespenak salbuespen, eragin estetiko hutsa baino ez dute horrelakoek baina, era berean, arazoa konpontzeko aukerak gutxi-gutxi dira, edo bat ere ez.

Bitiligo edo orban zuria

Akatsik gabeko larruazal beltzarana erakutsi nahi dutenak gehien kezkatzen dituen alterazioetako bat bitiligoa edo orban zurien gaitza da: mundu zabaleko populazioaren %1en du eragina du eta larruazaleko melanozitoen (melanina pigmentuaren sintesian espezializaturiko zelulak, alegia) pixkanakako galeraren ondorio agertzen da gaixotasuna.

Gaitzaren hastapenean dilistaren tamainako orban zuri biribilak agertzen dira, eta gero handituz eta elkartuz doaz, pixkanaka, eskuetan, bularrean, aurpegian eta alderdi genitoanalean pigmentaziorik gabeko zonak osatzen dira. Kasuen erdiak pazienteak 20 urte bete aurretik gertatzen dira eta horien eboluzioa kroniko eta progresiboa izan ohi da, tarteka geldiuneak eta txikiagotzeak hautematen direlarik.

Horren aurkako tratamendu eraginkor eta segururik ez da ezagutzen oraino. Afekzioa arin eta hedadura txikikoa denean, tokiko kortikoide, larruazalaren kolorea estaltzeko ore (kamuflaje antzeko zerbait) eta tankerako tratamenduak aplikatzen dira edo betakarotenoak hartzen ditu pazienteak. Eraginiko zona hori fotokimioterapia bidez berriro pigmentatzeko tratamenduak ere aplikatu ohi dira, hainbat hilabetetan. Kolorgeturiko alderdia ia gorputz osoraino zabaldu denean, ordea, gainerako larruazala hidrokinonez osaturiko pomadekin zuritu egiten da.

Pertsona albinoen fotofobia

Hipomelanosi hereditarioetako bat albinismoa da: larruazal osoan edo zona mugatu zenbaitetan pigmentaziorik ez izatea edo oso-oso ahula izatea da gaitz honen bereizgarria. Ile eta bekain zuriak eta larru argi-argia izateaz gainera, argiaren aurrean sentsibilitate handia agertzen duten pertsonen azal eta begietan agertu ohi den melaninaren sintesiaren alterazioa da. Eragindakoen artean fotofobia ohiko gaitza da: melaninarik ez izatean, argiaren kontra beharrezkoa den babes egokia ez daukate eta, horrenbestez, eguzki printzen erredura nozi dezakete eguzkitan egonez gero baina, bestela ere, kalte goiztiar kronikoak pairatzen dituzte: larruazala zahartzea, neoformazioak sortzeko arriskua, etc. Horren kontrako tratamendu bakarra eguzki argitatik babestea da.

Orinez josirik

Hipomelanosiez beste muturrean hipermelanosi edo gehiegizko pigmentazioak daude. Orin edo efelideak melaninaren sintesiaren alterazio hereditario baten ondorioz agertzen dira. Argitan egoniko larruazalean (aurpegian, beso-eskuetan, gerritik gorakoan) kolore iluneko orban irregular txikiak azaltzen dira "gorpuzkera argiko" (larruazal argiak, ile horiak, begi urdinek eta fotosentsibilitateak osatutakoa, alegia) pertsonetan. Ez dute inongo garrantzi klinikorik, kaltegabeak dira.

Nebo edo orinak

Hamaika mota desberdinetako nebo, orin edo titek berariazko hipermelanosi multzoa osatzen dute.

  Ume jaio berrien %1en agertzen diren sortzetiko nebo nebozelularrak (ez dira hereditarioak, beraz) txikiak eta urriak izan ohi dira; nebo erraldoiak kasu bakan-bakanetan baizik ez dira egokitzen. Hasieran orban lau gisa agertzen direlarik, gerora lodiago eta ilunago bihurtzen dira. Nebo txikiek (1,4 zentimetro baino diametro txikiagokoak) eta ertainek (1,5 - 20 cm-ko diametrodunak), egonkor samarrak direnez, ez dute arazo berezirik sorrarazten, bilakaerarik ere nozitzen ez dutelako. Nebo handiek (20 zentimetrotik gorako diametrokoak) nerbio-sistema zentralarekin zerikusia daukan lotura ager dezakete. Eragin estetikoengatik ez ezik, tumore kaltegarri bihur daitezkeelako ere tratamendu kirurgikoa eman behar zaie handi horiei.

Erne orban asimetrikoekin

Hereditarioak ez diren nebo nebozelularrak haurtzaro eta nerabezaroan agertzen dira, kolore iluneko dilisten tankera dute eta, urteak joan urteak etorri, tamainaz zertxobait handitzen dira. Pertsona heldu guztiok daukagu horrelakoren bat baina beharrezkoa da hor ere bereizketa egitea: nebo arruntak eta displasiko atipikoak, alegia. Arruntak simetrikoak dira, 5-6 milimetrokoak, muga erregularrekoak, ondo zehaztuak, pigmentazio homogeneoa daukate eta pertsonak 30 urteak bete dituenetik bakantze eta suntsitze aldera jotzen dute, gehienbat. Displasikoen tamaina handiagoa da, forma asimetrikoa, mugak irregularrak, pigmentazioa ez da oso homogeneoa eta ez ohi dute desagertzeko joerarik. Areago, pertsonak 30 urte betetakoan ere baliteke horrelakoak azaltzea.

Nebo horien garrantzia, jakina, melanomaren arriskuaren adierazgarri izatean datza, hots, nebo arrunt ugari edo hainbat nebo atipiko baldin badaude, melanomaren arriskua larriagoa da. Horregatik zaindu behar izaten dira horrelako lesioak eta, arras lesio atipikoak agertzean, profilaxiagatik kirurgia aplikatzea da sendabide egokia. Kasu guzti-guztietan eguzki argitatik babesteak berebiziko garrantzia dauka.

Elkarrizketa: Susanna Puig, dermatologoa

"Eguzkiaren distira, zuhurgabekeriaren errea"

 

Susanna Puig melanoma gaiztoaren faktore genetikoen eta tratamenduaren ikerlariak lan zientifiko eta artapenezkoan dihardu Bartzelonako Ospitale Klinikoko Dermatologia eta Genetika zerbitzuetan.

Zer da ozonozko geruzako zuloa?
Atmosferako oxigenoak eguzkitiko erradiazioa hartzen duenean erreakzionatu egiten du, ozonoa sortuz. Molekula hori estratosferan era naturalean sortu eta suntsitzen da, geruza antzeko bat osatuz. Industri jarduera, eguzkiak sintetiza dezakeen ozono guztia baino gehiago suntsitzen ari da orain. Horren ondorioz, geruzaren lodieraren estuguneak diren "zulo" famatu horiek agertzen dira.

Zein da ozonoaren funtzio biologikoa?
Erradiazio ultramorearen iragazpen natural gisa dihardu ozonozko geruzak: UVA izpiei ez ezik, bestelakoetatik gutxi-gutxiri bakarrik uzten die iragazten. Estratosferako ozonoaren %1 murriztea eta melanoma eta begi-lausoen %1,5 ugaltzea bat etorri dira. Erradiazio ultramore larregi hartzea larruazalaren zahartzearekin ere lotzen da. Bizitza osoa eguzkitan eman duten arrantzale eta baserritarrek aurpegiko azala askozaz ere zimurtuagoa daukate.

Nolako babes-neurriak ditugu eskura?
Eguzkiari distira dario, zuhurgabekeriari, erredura. Euria "hartu" gabe bustitzen garen modu bertsuan larruazala eguzkitan ipin dezakegu, hondartzan etzanik egoteke. Babes-neurri eraginkorrenak, burua estaltzea, eguzkitako betaurrekoak eramatea, izpi ultramoreak iragazten dituen arropa janztea (merkatuan geroz eta aukera zabalagoa dugu), kolore ilunetakoa, ahal dela, eta eguzkitan ipini baino ordu erdia lehenago, erakutsiko dugun azalera osoan kremarik aplikatzea.

Azaleko minbizia garatzeko arrisku berbera ote dugu denok?
Familiaren historian oin hartuta (gertuko senitartekoen aurrekinei begiratuz), melanomak osatzeko dugun arriskua identifikatu beharra dago. Bestetik, noski, ile hori edo gorria, begi urdinak eta kolore argiko larruazala dauzkan pertsonak, orin asko agertzen dituen larruak (helduetan, ehunetik gora; haurretan, erdia) berariazko neurriak hartzea agintzen dute.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto