Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Barneko airearen kalitatea: Eraikin gaixotuaren sindromea

Agente patogeno eta kutsatzaileak ingurugiro eta osasun alorretako arazo kezkagarriak dira, horretaz behar bezalako azterketa eta legeriarik egina ez dagoen arren

Kutsadura gure etxebizitza eta bulegoetan sartu da, guk ia hautematen ez dugun arren. Eraikinen barne aldeko ingurugiroak kutsatzaile askoren erasoa nozitzen du, nahiz horretaz ere ohartzen ez garen. Beste aldetik, eraikina eratu eta egitean balore ekologikoak ia-ia ez dira aintzat hartzen, eta horrek bizilagunen osasunean eragin kaltegarriak izan ditzake, gerora.  Osasunaren Mundu Erakundeak, horrelako espazio itxietako airearen kutsadurak sortu edo eraginiko gaitz multzo gisa definitu du "eraikin gaixotuaren sindromea".

Osasunaren Mundu Erakundeak, horrelako espazio itxietako airearen kutsadurak sortu edo eraginiko gaitz multzo gisa definitu du "eraikin gaixotuaren sindromea"

Berez, ingurugiro eta osasun alorretako arazo kezkagarria den arren, barnealdeko airearen kalitatearen (BAK) gaineko azterketak ez dira nahikoak eta dauden bakan horiek, izan ere, kezkatzeko moduko ondorioak erakusten dituzte. Euskal Herrian aire egokitzapena eta egurastea dauzkaten instalazioetako ingurune-kalitatea ezagutzeko xedez, Barnealdeko Airearen Kalitaterako Enpresen Euskal Elkarteak (AVECAI) eta Aire-Egokitzapen eta Hozte-Sistemen Teknikarien Elkarteak (ATECYR) elkarrekin eginiko txostenean, adibidez, "instalazioen mantenuan, batik bat, huts eta oker asko" detektatu zituen. Eskola ere adibide deigarria da: Espainian horren gaineko informaziorik ez dago baina AEB, Frantzia eta Eskandinaviako herrialdeetan eginiko ikerlanetan, barnealdeko airearen kutsatzaileen presentzia berebizikoa dela frogatu da. Eta horrek sekulako garrantzia hartzen du haurrei dagokienez, arazo honen aurrean defentsa gutxiago baitituzte.

Barne- eta kanpo-iturriak

Barnealdeko kutsadura-motak biziki desberdinak izan daitezke: aerosolak, tabako keak, janariak prestatzean sortzen direnak, airea hozteko zirkuituek sarrarazitakoak, sukalde, estufa, lehorgailu edota fuel-oliozko erregailuek eraginikoak, pestizida, desinfektagarri edota garbigarriak erabiltzeagatikoak, giza gorputzari darizkionak (CO2) eta antzeko beste hainbat dira kontuan hartzeko kutsadura-iturriak. Zerrenda dezente luzatzen da, etxeen eraikuntza eta isolamenduan ez ezik, aire egokituko instalazioetan ere baliaturiko material batzuk (beira-zuntza, asbesto edo amiantoa eta konposatu organiko lurrunkorrez osaturikoak, adibidez) eransten zaizkionean.

Ohiko kontua ez bada ere, infekzio-eragileek, antigenoek (immunologia-sistemaren berariazko erantzuna probokatzen duten substantziak) edota toxinek eraginiko kutsadura biologikoak egoera zaila sor dezake: oso litekeena da toki berean honelako kutsatzaileek edo eguraste urriko zonetatik etorritako kutsatzaileekiko nahasteak nekez aurreikus daitezkeen ondorio kaltegarriak ekartzea.

Kanpotiko kutsatzaileen zerrenda ere ez da laburra: industriatik eta ibilgailuen trafikotik datozkigun era askotako gas kaltegarriak, eraikuntzan eta eraikinen mantenuan baliaturiko produktuak (asfaltoa, adibidez), kanpora bota baina hartuneetatik eraikinean berriro sartzen den aire kutsatu "gaitzetsia", basamenduan barrenako iragazpenak (ongarri, intsektizida, gasolina edota ur beltzen lurrunak, are dioxina eta radon gas erradiaktiboaren presentzia bera ere). Kanpoaldeko airean kutsatzaile bat ugaltzeak, gainera, eraikinen barnealdean horren kontzentrazioa areagotuko du gehienetan.

Osasunak pairatu beharreko ondorioak

Barne eguratsean agertzen diren kutsatzaileek, oro har, sudur, eztarri, begi eta bronkioetan narritadurak eta larruazalean arazoak (erupzioak eta azkurak) ez ezik, riniti, asma eta neumoniti hipersentsitiboak sortaraz ditzakete; areago, zenbaitetan organismoak kutsatzaile horiek barneratu baditu, beste hainbat organori kaltegarri gertatu edota ehunetan txerta daitezke. Mikrobio bidezko kutsatzaileek, berriz, infekzio-gaitzak eragin ditzakete.

 Hona hemen, eraikinaren barrualdeko airearen kalitate eskasarekin lotzen diren sintomak: burukominak, zorabioak, goragalea, nekea, larruazal lehorra, begi narritatuak, sudur kongestioa, eztula... Horrek guztiak erreakzio psikologiko konplexuak ere sortaraz ditzake: umore eta aldartearen gorabeherak izatea, pertsona arteko harremanak eragoztea, etc. Eragindakoek agertzen dituzten sintomak, orokorki, larri-larriak ez direnez, kalteen egiazko izaria ez da ezaguna oraino, Espainiako Lan eta Gizarte Arazoetarako Ministerioaren erakunde den Lan Baldintzen Zentro Nazionaleko adituek dioten bezala: teknikari hauek aitortu dutenez, maiz ez da erraza gertatzen horrelako sintomen eragileak ingurugiroaren kutsadura izan den zehaztea.

Legeria

Gai honen gaineko legeria egiten ari da oraino. Normalizazio eta Ziurtapenaren Elkarte Espainiarrak araudi berria osatzeko xedez "CTN 171" Normalizaziorako Batzorde Teknikoa sortu du. Eraikuntzan baliatu beharreko iraunkortasun-praktika berriak martxan ipintzearen eraginez, egungo Eraikuntzaren Kode Teknikoak elementu berriak jaso ditu osasun, higiene eta inguruaren babespen alorretan, orain arte hor zegoen hutsunea estaltzeko. Etxebizitza Ministerioak sortuko dituen hiru lan-batzordeetako baten ardura izango da aipatu berri dugun Kode Tekniko hori garatu, aplikatu eta gaurkotzea.

Europako Parlamentuaren ebazpen batek, berriz, Europar Batzordeak kontu hauetaz berariazko arau-proposamena lehenbailehen aurkezteko beharra jaso du. Gobernu zenbait (Hong Kongekoa, adibidez) eraikin publikoetan Kodea martxan jartzeko politikak ezartzen hasi dira eta, gainera, instalazioen mantenu eta kontrolean praktika onak gauzatzen dituzten jabeei Barnealdeko Airearen Kalitatearen egiaztagiriak (IAQ) entregatzen dizkiete, sari gisa.

Beste aldetik, nazioarte mailako erakunde publiko (Osasunaren Mundu-Erakundea, International Council of Building Research, etc.) eta pribatu zenbaitek (American Society of Heating Refrigerating and Air Conditioning Engineers, adibidez) ez ezik, herrialde batzuek ere (Suedia, Estatu Batuak, Kanada, Australia) gida eta estandarrak garatu dituzte.

Nola kontrolatu airearen kalitatea

Barnealdeko airearen kontrolak hurrengo alderdiak gutxienez aintzat hartu beharko luke:

  • Kutsadura-iturriak identifikatu eta suntsitzea. Hori ezinezkoa bada, eraginak mugatzen ahalegindu beharko da, oztopoak ezarriz.
  • Kutsadura murrizteko metodoak baliatzea, hala nola airearen diluzioa (soluzio bateko kontzentrazioa arintzea), amoniakoa baliatzea edota, hauts-xurgagailuen bidez iragazpen bidezko bereizketa praktikatzea. .
  • Airea egokitzeko sistemako gune esanguratsuetan aldizka azterketak egitea, ekipoon eraginkortasuna frogatzeko.
  • Eraikineko hainbat guneetako presioak orekatzea, horiexek izan baitaitezke kutsatzaileak toki batetik bestera mugitzearen eragileak. Kasu batzuetan, nolanahi ere, presio desberdinak dituzten zonak antolatu dira, kutsatzaileak kontrolatzeko xedez, hain zuzen.
  • Erauzketa gune jakinetan egitea, iturrian bertan agente kutsatzaileak sortzen ote diren kontrolatu ahal izateko (garbiketa eragiketak, urragarriak, sukaldeak, etab.).


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto