Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Txostena

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Alderantzizko hipoteka: Etxebizitza, zahartzaroan baliatzeko ondasuna

Finantza produktu berri honek zaharren bizi-maila hobetzen laguntzeaz gainera, bera hildakoan, herederoek ez dute zertan etxebizitza galdu

 Finantza erakundeen begietara zaharrak dagoeneko ia-ia ikusezinak ez zirenez, hirugarren adinekoentzat berariaz diseinaturiko produktu berriak jalgitzen dira egunero. Horietako bat, zinez erakargarria, hipoteka-pentsioa da: hileroko erretiro-pentsio urria luzatuz, doi-doi bizitzeko ahalegin guztiak eta bi egin behar dituzten arren, adinean aurrera egin ahala etsipen-arrasto gutxiago agertzen duen osasunaren eta, gainera, egun biziki preziatua den ondasun baten -etxebizitzaren- titular diren pertsona zaharren kolektiboa lehen plano ekonomikora ekarri du ekimen berri horrek.

Mailegu mota hau testuinguru berezian sortu da: bizi itxaropenaren luzatzea, tradiziozko famili egitura aldatzea, erretiratuen eroste-ahalmena murriztea eta, elementu behinena, Espainian dauden etxebizitza-jabeen kopuru handi-handia izatea: pisua berea duten pertsona zaharrak gehientsuak dira, ahalmen ekonomikoa gorabehera. Bada kontuan hartu beharreko baldintza latza, gainera: erretiro-pentsio bakar batek ere ez du ematen egoitza pribatu batean bizitzeko adina. Bestetik, kostu apalagokoa den egoitza publikoan sartzea benetan kontu zaila da, erabilgarri dauden plazak gutxi direlako oraino.

Finantza erakundeek Espainian dauden 65 urtetik gorako pertsonen (une honetan, 7,5 milioi) %92 etxebizitza baten jabe dela ikusirik, bezero horiexei zuzendu diete alderantzizko hipoteka hau. Produktu berriaren arrakasta hainbat elementuren araberakoa izango da, dena den: batetik, pertsona zahar horren premia ekonomikoen larritasuna; etxebizitza seme-alabei herentzian lagatzeko ustezko obligazio eta tradiziozko ohituratik askatzea; seme-alaba horiek koiuntura berria onartzea eta, noski, gurasoek beren ondarea bidezko jotzen duten horretantxe -are eta gehiago, bizitzako azken urteei kaudimen batez aurre egitea baldin bada kontua- baliatzeko eskubidea dutela zintzo, haserre eta errezelorik gabe ulertzea.

Jabetza galdu gabe

Zehazteko, esan dezagun alderantzizko hipoteka edo hipoteka-pentsio hori mailegu berezi samarra dela: hileroko pentsioa osatuko duen diru-kopuru bat jasotzeko aukera ematen dio pertsona zaharrari, epe jakin batean (10 eta 20 urte bitartean, eskuarki), negoziatzeko moduko interes finkoa (%5- %6, hortxe) ordaindu eta etxebizitza berme gisa jarrita, herederoen onespenarekin. Horrela, zaharrak kobratuko duen errentaren munta etxebizitza-tasazioaren, eskatzailearen adinaren eta dirua jasotzeko aukeratutako bideen araberakoa izango da.

Pentsio-planen eta bizitza-aseguruen alternatiba hori ez da erabat berria Espainian: "etxebizitza aseguru-pentsio" formulari esker, pisua berea zuen pertsona erretiratuak aresti arte bizitza osorako errenta eskura zezakeen baina, horren ordainetan, titularra hiltzean, etxebizitza bankarena izango zen, herederoen kaltetan: horrexegatik ez zuen alternatiba horrek arrakasta handirik izan. Hortaz, porrota ikusirik, banka-erakundeek bestelako eskaintza diseinatu behar izan dute, jabetza galtzea ekarriko ez duena.

Formula zaharrarekiko alde nagusia, alderantzizko hipoteka honen titularra etxebizitzaren jabe bakarra izateari ez uztea da; ondare hori herederoen eskuetara joango da, nagusia hildakoan eta, bitartean, hipoteka horren bidez eskuratuko duen hileroko kuota nola erabili, titularrak erabakiko du: hilean diru gehiago eduki eta bere etxean segitzea, egoitza kostatzen dena ordaindu ahal izatea, beste etxebizitza bat erostea, daukana egokitzea, etab.

Herederoen aukerak

Kontu hau jorratzea erraza ez bada ere, honelako mailegua kontratatzeko bezeroaren bizi itxaropenaren gutxi gorabeherako kalkulua egin behar da. Aurreikusitako epea beteta bizirik segitzen badu, hileroko errenta jasoko du aurrerantzean ere, baina -horrela aukeratu baldin badu- alderantzizko hipotekarekin batera kontratatu duen biziarteko errenta-aseguruen bidez hartuko du.

Alderantzizko hipotekaren titularra zendu eta bere ondare-herentzia onetsitakoan, zaharrak jaso dituen diru-kopuruak itzuli beharko dituzte herederoek. Hona, hauen aukerak:

  • Etxebizitza mantentzea: horrelakoetan, hildako senideak kobratu duen diru-kopurua herederoek beren aurrezkietatik edo beste finantza-bide baten bitartez ordaindu ahal izango dute.
  • Etxebizitza saltzea: jabetzari heldu nahi ez zaionean, eskuarki etxebizitza saldu eta, bertatik, bankuarekin hartutako zorra kitatzen da.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto