Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

PAPEREZKO BERTSIOA.
2006ko ekaina

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Hortzetako pasta zuritzaileak eta konbentzionalak: Onak, baina miraririk gabeak

Hortzetako pasta zuritzaileak eraginkorrak dira plakari erantsitako orbanak garbitzeko, baina hortzaren berezko tonalitatea aldaraz dezakete

  Larruazal guztiak tonu berberekoak ez diren bezala, gizaki bakoitzaren hortzak ere kolore desberdinetakoak dira. Horitik hasita, boli eta perlan barrena griseraino doan kolore horrek iluntzerako joera agertzen du, pertsonak adinean aurrera egin ahala. Koloreztapen horren jatorria genetikan bertan bilatu beharra dago eta hainbat arrazoirengatik alda daiteke: elgorri edo kukutx-eztul bortitzak nozitzearren, belaunaldi bateko kideen hortz-haginak ilundu zituzten botikak (zazpigarren hamarkadan umeei eman zitzaizkien tetraziklinadun antibiotikoak, adibidez) irenstearren edo kafea, ardoa, tea zein tabakoa era jarraian kontsumitzeagatik, substantzia hauek iluntze-prozesu naturala azkartu egiten baitute. Publizitateak irribarre guztiz zuria erakustea eskaintzen digu beste marka bateko dentifriko jakin bat aukeratzearen truk baina, egia aitortzeko, pasta horiek esmaltearen azaleran eta dentinaren parte batean itsatsitako orbanak kentzeko (hots, aipatu berri ditugun substantzia kaltegarri horiek eraginiko iluntzeen kontra) bakarrik dira eraginkorrak. Dentinaren barnealdeko geruzetan eta mamian datzan zikinkeriaren aurka, berriz, produktu horiek inongo eraginkortasunik ez dutenez, espezialistek bakarrik aplika ditzaketen tratamendu korapilotsu eta bortitzetara jotzea beste erremediorik ez dago.

Hortz-haginen kanpoaldea zuritzeko gauza direla dioten hortzetako pasta horien eraginkortasuna egiaztatzeko xedez laborategira eraman eta hirurogei kontsumitzailerekin probatu genituen zortzi pasta: horietako lau zuritzaileak dira eta beste laurak, berriz, konbentzionalak. Batenaz beste zuritzaileak garestiagoak badira ere (%25, ia), xehetasunez azaltzen diren datuak ez dira horren zorrotzak. Pasta zuritzailerik merkeena Licor del Polo da (16,93 euro kostatzen da, litroko), konbentzionalik merkeenaren parekoa (Licor del Polo klorofiladuna, 16,67 euro litroko), kasik. Bestetik, zuritzailerik garestiena (Binaca aquafresh) dezente gehiago kostatzen da: 32,77 euro litroko. Hamaika proba sakon egin ondotik, kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Signal markako biek ematen dute (bistan denez, zuritzailea egokiagoa da efektu horren bila doanarentzat): biek daukate materia aktibo ugari (fluorra, agente urragarri eta tentsioaktibo anionikoak), hortzetako mukosak erraz toleratzen ditu eta erabilera proban kontsumitzaileei atsegin gertatu zitzaien.

Hortzaren azala

Pasta zuritzaileek hortzen kolorea argitzen dute, kaltzio-karbonato, dikaltzio-karbonato, aluminio-oxido, silize hidratatu eta antzeko agente urragarriei esker hortzen azaleran dautzan metaketa eta orbanak konbentzionalek baino eraginkortasun handiagoz suntsitzen dituztelako.

Zortzi laginetan ere osagai ugariena ura delarik, ondotik datoz agente urragarriak, substantzia humektanteak (pasta lehortzea galarazten, trinkotasunaz janzten eta egonkortasun mikrobiologikoa bermatzen dutenak, hain zuzen), lodigarriak (substantzia urragarriak metatzea galarazten dutenak), opazifikatzaileak eta koloratzaileak, tensioaktiboak (plakaren kontrako egintza) eta zapore alorreko agenteak (osagairik garestienetako batzuk dira hauek).

Agente urratzaileek berebiziko eragina dute hortzak zuritzean eta, gainera, orbanak eta plakak desegiten laguntzen dute: eskuilatzeak beroriei esker leuntzen ditu hortzak. Esmaltea ez higatzeko, dentifrikoek ez dute sobera agente urratzaile: horregatik aholkatzen da honelako pastak eta bestelakoak txandaka erabiltzea.

Agente urratzaileak

Osagaien artean, zortzi laginek (bai zuritzaileek, bai klasikoek) silizea daukate agente urratzaile behinena, baina horren proportzioa pasta batetik bestera dezente aldatzen da: eduki osoaren %1,7tik (Signal oinarrizkoa) %24raino (Colgate zuritzailea). Signal markako bi pastek, ordea, kaltzio-karbonatoa (agente urragarri leuna) daukate ugariena (%41 zuritzaileak eta %36 normalak); karbonato hori bera agertzen da Colgate zuritzailean ere, baina askoz ere urriago (%2,4).

Hortzetako pastek dituzten agente urratzaileetako batzuk fosfatoak dira; agente urragarri izateaz gainera, dena den, fosfatoen beste eginkizun garrantzitsu bat lertzoa suntsitzea da. Osaketan presentzia urria dute: %0,2 (Licor del Polo) eta %4,8 artean (Binaca zuritzailea). Amaitzeko, adieraz dezagun aluminioa geroz eta gutxiago baliatzen da funtzio hori betetzeko: Licor del Polo zuritzaileak bakarrik dauka hori bere formulan (%0,35).

CONSUMER EROSKI-ko teknikarien iritziz dentifrikoaren osaketan substantzia urragarriek %25 bete behar dutenez, %19ra iritsi ez direnek ez dute proba gainditu. Atal honetako hoberenak Signal markako biak dira (%46 zuritzaileak eta %39 konbentzionalak) eta urrutitik Colgate zuritzailea datorkie (%27). Licor del Polo eta Colgate konbentzionalak ez dira gutxieneko mugara iristen. Harritzekoa bada ere, Signal oinarrizkoaren urratze-ahalmena (beraz, zuritze-ahalmena) Binaca eta Licor del Polo zuritzaileena baino eraginkorragoa da.

Aho osasuntsu bateko listuaren pH-a 7 inguruan ohi dagoenez, hortzetako pasta bat hobea izango da 6,9 eta 8 bitartean badabil. Hiru dentifriko soilik (Binaca, Signal eta Colgate marketako zuritzaileak) 7ko neutraltasun horretatik urrundu eta 9ra gerturatu dira.

Trinkotasun zehatza

Pastaren ukitua likidoegiak produktuaren dosifikazioa zaildu egiten du eta dentsitate handiak, aitzitik, dentifrikoa ontzitik ateratzea eragozten du. Pastaren itxura eta trinkotasunean eragina duen sorbitol izeneko agente humektantea zortzi laginek baliatu dute, %10etik (Licor del Polo zuritzailea) %35eraino (Colgate jele). Glizerola ere substantzia humektantea da baina Colgate markako bi dentifrikoetan eta Binaca eta Licor del Polo marketako zuritzaileetan baizik ez zen atzeman. Licor del Polok eta Binaca Aquafresh oinarrizkoak agertu dute trinkotasun egokiena. Dentifrikorik diluituena Colgate oinarrizkoa da baina ontzian bertan adierazten du produktua ez dela pasta, jelea baizik.

Fluorrak txantxarra prebenitzen du, bakterioen erasoen aurrean esmaltearen erresistentzia areagotzen du eta azido organikoak (azido laktikoak) esmalte disolbatzea galarazten du. Hortaz, fluorra biziki onuragarria denez, dentifriko guztiek sartu dute osaketan. Europako legeriak gehienez ere onartzen duen edukia %0,15 da. Bistan da laginek parametro horretara hurreratu behar dutela, gainditu gabe, noski. Colgate oinarrizkoak bete-betean jo du (%0,15), Colgate eta Signal zuritzaileak ehuneneko batera geratu dira eta Signal kariearen aurkakoa eta Licor del Polo zuritzailea, bi ehunenekotara. Licor del Polo klorofiladuna (%0,10) eta Binaca biak (%0,11), aitzitik, atal honetako kaskarrenak dira.

Plakaren aurka

Zortzi laginek laurik edo sodio-sulfatoa daukate: proteinak desnaturalizatzeko ahalmen handiko tensioaktibo anioniko honek eraginkortasun handia erakusten du plakaren kontrako egintzan. Denetan hoberenak Signal biak eta Binaca zuritzailea (hirurak ere, %1,7) eta Licor de Polo oinarrizkoa (%1,5) dira. Binaca (%1,2) eta Colgate (%1,3) marketako oinarrizkoak, berriz, substantzia horretatik gutxien baliatu dutenak.

Hortzetako pasta baten eraginkortasuna balioztatzeko unean nabarmentzen den aspektuetako bat eskuilatzean aparra sortzeko ahalmena da. Ahalmen hori neurtu nahi izanik, 40 gramo dentifriko litro bat uretan (50ºC-ko tenperaturan) diluitu eta hiru minutuz astindu zen likidoa (aholkatzen den batez besteko eskuilatzeak irauten duen denbora, alegia), aparrak egokitzat jotzen den 300 mililitroko muga gainditzen ote duen egiaztatzeko. Colgate jele fluorduna gertatu zen apartsuena eta apar hori egonkorrena, gainera.

Dentifrikoak narritadurarik eragiten duen jakiteko, in vitro berrosaturiko ahoko mukosetako zelulekin kontaktuan jarri ziren laginak. Proba egindakoan zenbat eta zelula gehiagok bizirik iraun, hainbat eta hobea da dentifrikoa. Proba hau gainditu gabe lagin bakar batek utzi ez bazuen ere, Binaca markako bi pastak, Signal markako biak eta Colgate oinarrizkoa gainerakoak baino hobeak dira.

Osoko kalitatea

Hortzetako pastaren osoko kalitatea entsegu analitiko guztietako kalifikazioen batez besteko ponderatuak ematen du. Proba nagusia aho-tolerantziari dagokiona da (%30); ondotik, agente urratzaileen eta fluorraren presentziak adierazten dute (%20na. Trinkotasunak eta aparra sortzeko ahalmenak guztirako kalifikazioaren hamarren bana puntuatzen dute eta, azkenean, pH-a eta substantzia anionikoak osotasunaren %5.

Kalkuluak eginik, oso onak dira Signal markako biak, aho-tolerantzia onekoak direlako eta, gainera, agente urratzaile ugari eta fluor asko dutelako.

Badauka beste agente urratzaile bat, oraino: kaltzio-karbonatoa, beste gainontzekoek daukaten silizea baino leunagoa. Signal konbentzionalak, bere aldetik, kaltzio-ekarpen oparoa eskaintzen du, kaltzio glukonato gisa gorpuztua. Binaca markako biak, Colgate eta Licor del Polo zuritzailea onak dira. Aurreneko biak ez dira bikaintasunera iritsi fluor gutxi daukatelako (dena den, Binaca konbentzionalak proprietate bakterizidak dituen bradosol produktua dauka): Colgate konbentzionala, agente urragarri gutxiegi dauzkalako eta beste biak, ahoko mukosa lagin hoberenak bezain ongi "tratatzen" ez dutelako. Licor del Polo konbentzionala da onargarri huts agertu dena; triklosan (bakterioen kontrako substantzia bat) edukitzea bakarrik du alderdi azpimarragarria.

Erabiltzaileen iritzia

Laborategiko proba sakon horiek eginarazteaz gainera, CONSUMER EROSKI-k horrelako hortzetako pasten kontsumitzaileek nolako iritzia duten jakin nahi zuen. Xede horrekin lagin guztiak hirurogei erabiltzailek probatu zituzten eta hainbat ezaugarriz beren aburua erakutsi zuten. Erabiltzaileei gehien gustatu zitzaizkienak Colgate zuritzailea eta Signal karieen kontrakoa izan ziren; beste muturrean, Licor del Polo klorofiladuna eta Binaca plakaren kontrakoa. Gainerako laginak tarteko puntuazioak bildu zituzten.

Eragin zuritzailea ohiko erabileran atzematen den egiaztatzeko, berriz, kontsumitzailek zortzi laginak probatu zituzten, zuritzaileak zein ziren jakin gabe. Eta erabiltzailek hauteman zuten zein ziren: denetan Colgate zuritzailea hautatu zuten. Freskotasun sentsazio hoberena Colgate zuritzaileak utzi zuen eta atal honetan distira gutxien agertu zutenak Licor del Polo klorofiladuna eta Binaca plakaren kontrakoa izan ziren. Sorturiko aparrari dagokiola, Signal karieen kontrakoak gainditu zuen Licor del Polo klorofiladuna eta Binaca plakaren kontrakoa. Colgate zuritzailea da errazen aplikatzen dena.

Erabiltzaileei egunero erabiltzeko zein erosiko zuten galdetuta, lau zuritzaileak aukeratu zituzten. Lagin denetan kalifikazio urriena eraman duena Licor del Polo klorofiladuna izan zen. Gainerako hiru erreferentzia klasikoak tartean geratu ziren.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto