Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Elikagai prestatuak: zenbat gatz daukate?: Osasunak, gatz gutxiago

Aztertu ditugun -eta gure dietan ohi-ohikoak diren- 67 elikagai prestatuen erdiek baino gehiagok osasun eta nutrizio alorretako adituek komenigarri jotzen dutena baino gatz gehiago daukate

 Mundu zabaleko sukaldaritzan gatza da ongailu herritar eta tradizionalenetako bat. Gatza elikagaien kontserbagarri gisa erabiltzea antzina-antzinako kontua denez, bere kontsumoa biziki hedatua dago nonahi. Kloroak eta sodioak osaturiko elementu hau itsas uretatik edo lurpeko hobi eta aztarnategietatik ateratzen da. Kloroa eta sodioa, elikagaien bidez, gure dietan txertatu behar ditugun mineralak dira, arras funtzio garrantzitsuak betetzen baitituzte gure organismoan. Arazoa dator sodio gehiegi kontsumitzetik, mineral hau hipertentsio arteriala eta gaitz kardiobaskularrak nozitzeko arrisku faktoretzat identifikatua baitago.

Elikagaiei gatza ematen zaie bi arrazoi nagusirengatik, batik bat: zaporea nabarmentzearren eta elikagaia jangarri kontserbatzearren. Industriak, ordea, elikagaiei sodioa daukaten bestelako produktuak ere gehitzen dizkie: jangaiaren zaporea indartzea, gozotasunez apaintzea, gelifikatzea, loditzea, kolorez janztea, emultsioa erraztea, egonkor bihurtzea eta beste hainbat helburu betetzen dituzten aditiboak, esate baterako.

Nolanahi ere, gure eguneroko dietan behar adina gatz sartzea derrigorrezkoa dugu, berak digestioa errazten, gorputzeko likidoak mantentzen laguntzen, nerbio-bulkaden transmisioa bideratzen, muskuluen jarduera eta potasioaren xurgapen egokia egitea laguntzen duelako eta, gainera, beherakoek, gorakoek eta izerdi gehiegik eraginiko galerak orekatzeko balio duelako.

Hala eta guztiz...

Gure gatzaren premia txikia da: egunean lau bat gramo, hots, 1,6 gramo sodio, (gatz gramo batek 390 miligramo sodio dauzka). Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatzen du pertsona helduek egunean sei gramo baino gehiago ez hartzea (2,4 sodio). Zazpi eta hamar urte bitarteko umeentzako muga 4 gramotan finkatu da (1,6 gramo sodio) eta zazpi urtetik beherakoentzat, berriz, 3 gramo gatz edo 1,2 gramo sodio. Kontua da, aholku hori betetzeko, gizakiak prestatzen eta kontsumitzen duen gatz kopurua zorrozki kontrolatzeaz gainera, sodio asko duten jangai prestatu ugari-ugariak tentu handiz hartu edo, bestela saihestu egin behar dituela. Ohiko elikagai horien artean, CONSUMER EROSKI aldizkariko ale honetan aztertu diren produktuetako gehientsuak daude.

Espainian gizakiak egunean 10-12 gramo gatz -Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatzen duenaren bikoa, praktikan- kontsumitzen duela frogatutzat jotzen dute espezialistek. Nutrizioaz gehien dakitenek diotenez, kontsumitzen dugun gatzaren hiru laurdenak ez datoz elikagai freskoetatik, prestatuetatik baizik.

Gure elikatze-kulturan gatzaren presentzia nabarmenegia izatea populazioaren osasunaren kalterakoa denez, gizaki gehienek gatzaren kontsumoa urritu egin beharko dute; egokiena, bide horretan ume-umetatik hastea litzateke, dastamena hastapenetik trebatuz.

Zergatik den kaltegarria gatza kontsumitzea

Une jakin batean -hogei oliba, antxoa lata osoa edo ehun gramo urdaiazpiko jan dugulako, adibidez- gatz larregi irentsi badugu, gehiegizko gatz horrek ez du berehala eraginik izango gure osasunean, ohiko baldintzetan superabita organismoak erraz orekatzen du-eta. Gatz gehiegi sarri hartzen badugu, edo gehiegizko gatz hori organismoak ezin suntsi badezake (bi baldintza hauetako bat, are biak ere, jende askorengan egokitzen dira), ordea, oso litekeena da osasunak ondorio larriak nozitzea. Horrenbestez, hartu beharreko lehen neurria gatzaren kontsumoa seko murriztea da.

Azal ditzagun orain gatz gehiegiren kontsumo jarraituaren eraginak, nolabaiteko xehetasunez: ur-erretentzioa (beraz, pisu handiagoa hartzea eta, ondorioz, bihotz, gibel eta giltzurrunei egin ahal ohi dutena baino lan neketsuagoa eginaraztea, likido bolumen handiagoa prozesatu beharko baitute), hipertentsio arterialaren arriskua areagotzea eta, nola ez, bihotz, gibel eta giltzurrunetako gaitzekin loturiko sintomak okertzea. Bestetik, pertsona gizen, erretzaile eta diabetikoek organismoaren disfuntzio guztiak larriagoturik nozitzen dituzte; gatz gehiegiren kontsumoarekin lotu izan dira gaixotasun larri-larriak, hala nola urdaileko minbizia eta osteoporosia (gatz lar kontsumitzeak gernu bidezko kaltzio-kanporatzea areagotu egiten du eta horrek, bere aldetik, hezurra desmineralizatzea laguntzen du).

Gatza elikagaietan

Elikagai fresko gehientsuenek ez daukate gatzik, horietako batzuek, berez, sodioa duten arren: adibide ezagunak erraiak -giltzurrunak, gibela- eta itsaskiak dira. Geure dietan irensten dugun sodio gehientsua, ostera, prozesaturiko elikagaietan datza, dela gatza erantsi zaielako, dela sodioa daukaten aditiboak gehitu zaizkielako. Elikagai prestatuak erosi aurretik, beraz, hobe dugu zenbat gatz daukaten begiratzea. Erraz asko emango genuke pauso hori osagaien zerrendan edo nutrizio-informazioan datu hori agertuko balitz. Baina etiketara horrelakorik ez azaltzea ohiko kontua da, bistako arrazoi batengatik: horren berri jakinaraztea ez da oraingoz derrigorrezkoa, legez, etiketak gatzari dagokion zerbait berariaz adierazten edo azpimarratzen duenean izan ezik ("gatz gutxi dauka", adibidez). Baina gatz edukiera bakarrik ez da nahikoa, aditiboren batek -zaporearen indartzaile den E-621 edo glutamato monosodiko ezagunak (honen presentzia elikagaietan izugarria izan daiteke: 10.000 zatitarainokoa, milioiko), esate baterako- sodio ugari daukatelako; horrek, mineral honen edukia dezente altxa dezake. Aditibo hori ohikoa da oliba beteetan, oliba antxoa zaporedunetan, urdaiazpiko kroketetan, zorroko zopetan, hartxoetan, pizzetan, salda-kubotxoetan eta saltxitxetan, besteak beste.

Gatz asko... Zenbat, ordea?

Azterketa honetan, era guztietako hirurogeita zazpi elikagai prozesatuk daukaten gatz eta sodio edukia zehaztu da: hestekiak, gosaltzeko laboreak, patata frijituak, kontserbako antxoak, gazta ondu eta xerratakoa, atuna landare oliotan, kakao disolbagarria, gailetak, moldeko ogia, ketchupa, latako babarrunak, entsaladilla, lasagna izoztua, ogi arrunta, saltxitxak, urdaiazpiko kroketa izoztuak, aperitibotarako produktuak, zorroko zopak, txerrikidun patea, antxoaz beteriko olibak eta pizza hoztuak. Gatz edo sodioaren edukia adierazten duten produktu bakanetan, berriz, adierazitakoa eta egiazko edukia konparatu dira.

Elikagaiaren 100 gramoko, 500 mg-tik gora daukaten elikagaiak sodio-eduki handikotzat hartzen dira. Horrenbestez, eduki osoaren %1,3 gatz dutenak oso-oso tamainaz kontsumitu edo utzi egin beharko lituzkete sodio gutxiko dieta egin behar dutenek. Eta, geroaldian osasun-arazo gutxiago izateko, osasun oneko pertsonek ere eduki osoaren %1,3 baino gatz gehiago daukaten elikagaiak neurriz kontsumitu beharko lituzkete.

Gatz edukia, etiketan

Azterturiko 67 elikagaietatik hamabostek bakarrik adierazten dute etiketan zenbat gatz edo sodio daukaten. Datu honen azalpena ez da batere pozgarria: gatz asko era jarraian kontsumitzea eta gaixotasun larriak hertsiki loturik daudela, badirudi exijitzeko modukoa dela gatz edota sodio-edukia argi eta garbi elikagaien etiketan agertzea. Kontsumitzaileari, bere itxaropen eta premien araberako erabakia hartuko badu, informazio egiazko eta zehatza eman behar zaio. Informazioa ematen duten hamabostetatik bederatzik erakutsi zuten laborategian egiazko edukia etiketan adierazitakoaren tankerakoa dela (are txikiagoa ere); bakar batean (La Española markako antxoaz beteriko olibak), halere, egiaz zeukan sodio edukia (1.410 mg/100 g) etiketan agertutakoa (1.160) baino handiagoa izan zen.

Gatzaren kontsumoa urritzea, erabaki burutsua

Zenbat gatz hartzen dugun denok zorrozki kontrolatu behar dugun arren (aukeran, gehiegi kontsumitzen baitugu gehientsuok), zaintza hori muturreraino eraman behar dute hipertentsioa edo arazo kardiobaskularrak pairatzeko handiagoa nozitzen dutenek. Sinets dezagun, beraz: zapore gaziaren aldekotasuna eskuratu dugun zerbait da eta, horrenbestez, joera hori heztea, aldaraztea erabat posible dugu. Gatz gutxiago hartu ahala, elikagai gazien aldekotasuna bera ere ahulduz doa. Animatu eta aurreneko pausoa ematea baizik ez da kontua. Hona hemen bide horretan abiatzeko hainbat iradokizun:

  • Elikagai fresko gehiago hartzea, sodio gutxiago baitaukate.
  • Sodio gehien daukaten elikagaien kontsumoa arras urritzea.
  • Erne ibili ogiarekin, gatz-eduki handiko jangai ohikoa da eta. eskuarki ogi asko jaten dutenek gatzik gabeko ogiaren kontsumora igarotzeko aukera aztertu beharko lukete.
  • Sukaldean ari garela, gatzaren erabilera murriztea: prestatu elikagaiak ia gatzik gabe, utz dezagun jatun bakoitzak bere platerekoari bidezkotzat jotzen duena gehi diezaiola.
  • Maionesa, ketchup, mostaza, soja eta tankerako saltsen kontsumoa jaitsi eta, horien ordez, gatz gutxiago daukaten hornidurak hartzea: piperrak, patatak, barazkiak...
  • Etxetik kanpo bazkaltzen baduzu, eska ezazu janaria gatz gutxirekin zerbitza diezazuten eta saltsa eta hornigaiak bereiz, jakiarekin nahasi gabe, ekar diezazkizuten.
  • Egosi elikagaiak lurrunetan: jangaiak beste ezerekin kontakturik ez daukanez, beste zer horri ez dio zaporedun substantziarik utzi behar eta, horrela, elikagaiak jatorriz zeukan sodio-edukia hobeki mantentzen da, hots, gatza eransteko premia arindu egiten da.
  • Erabili espezia eta belarrak zure jakiak biribiltzeko. Kontua ez da, kasu honetan, gatzari erabat saihets egitea, kopurua murriztea baizik. Barazkiak prestatzean perrexila, albaraka, tipulina, kuminoa, piperbeltza, limoi zukua eta antzekoak balia ditzakezu. Haragi eta arrainak kuzinatzeko ongarri politak piperrauts gorria, piperbeltza, baratxuri freskoa, baratxuri eta tipula deshidratatuak, limoi zukua eta ozpina dira. Oliba olio birjina eta ozpina erabiltzen badituzu, gatzaren gabezia nolabait estaliko da.
  • Eduki beti eskura sodio gutxiko produktuak.
  • Erabili sodio gutxiko gatza (honek gatz arruntaren sodio-edukiaren erdia dauka), potasio-klorurozko gatza (sodiorik ez dauka eta jakiak kuzinatu ondoren erantsi behar da: bestela jangaia mikaztu egingo luke) edo itsas gatza: honakoa, gatz arrunta baino zapore biziagokoa denez, janariak gazitzeko kopuru gutxiago ipini behar da.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto