Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Behazun-Litiasia: Behazun-xixkua, harri-toki

Mendebaldeko populazioaren %12k dauzka harriak xixkuan, baina parte txiki batek bakarrik nozitzen ditu min handiko episodioak

Behazun-xixkuan eta hodietan harriak osatzea emakumezkoen gaitza omen da -gaixotasuna nozitzen duten emakumeen kopurua gizonezkoena baino bi eta hiru halakoa da- eta, pertsonak adinean aurrera egin ahala, ugaldu egiten da. Mendebaldeko populazioaren %12k dauzka harriak behazun-xixkuan baina portzentaje hori, gizakiak hirurogeita hamar urteak betetakoan, %35eraino doa emakumeetan eta %20raino gizonezkoetan. Intzidentzia, nolanahi ere, gorabehera geografiko eta sozialek aldarazten dute: Asian eta Afrikan, adibidez, ez da ia kasurik agertzen.

Behazuna gibelean osatzen den gaietako bat da; ondoren, behazun-xixkuarekin (honek, iritsitako behazunaren parte bat biltzen du) eta hestearekin konektatzen diren bi adar dauzkan gibel-konduktuan barrena doa. Behazunaren sekrezioa xixkuan gelditzen denean, kolesterola, behazun-gatzak, lezitina edo pigmentuak kristalizatu eta hauspeatzean agertzen dira. Zenbaitetan kalkulu bakarra osatzen bada ere, eskuarki behazunean agertzen diren harriak ugari izaten dira.

Arrisku faktoreak

Halakotzat jotzen dira, gutxienez:

  • Famili aurrekinak
  • Obesitatea, gehiegizko pisua
  • Hiperkolesterolemia eta gantz ugaridun dieta
  • Ebakuntza gastrikoak
  • Diabetesa
  • Erresekzio ileala nozitu izana
  • Crohn-en gaixotasuna
  • Klofibrato edo resinkolestiraminarekin luzaro harturiko tratamenduak, kolesterolaren kontrakoak
  • Estrogenoekin luzaro harturiko tratamenduak
  • Adin handiko pertsonetan, alkoholismo kronikoa, zirrosi hepatikoa eta gaixotasun hemolitikoak (hematien suntsiketa eta anemia eragiten dituztenak)

Gehien-gehienetan, sintomarik ez

 Behazun-litiasiak biziki min handiko koadroak eragin baditzake ere, litiasien %65 - % 80ek ez dute sintomarik agerrarazten: behazun-litiasi asintomatikoak dira horiek. Diagnostikoa txiripaz egiten da, bestelako arrazoiengatik egiten diren miaketen ondorioz. Tratamendua, dieta edo higienearekin loturiko aholku hutsek osatzen dute: pisua jaistea, dieta kontrolatzea, ur asko edatea... Kasu bakar batean komeni omen da ebakuntza egitea: xixkuaren kaltzifikazioa ("portzelanazko xixkua") gertatzen denean. Horrelakoetan, lehen aukera xixkua ateratzea da, bada ezpada, minbizia sortzeko arriskua tarteko.

Kolikoa eta mina

Behazuneko kolikoa behazun-bideetan kalkuluak agertzeak sortarazten duen min-koadroa da eta hurrengo ezaugarriak ditu:

  • Jarraitua da, intentsitatea unerik une areagotuz doa eta, hasi denetik, 15-20 minutura biziki mingarria izatera iristen da.
  • Eskuin hipokondrioan hautematen da, gibelean, eta epigastrioan; dena dela, zenbaitetan mina beste aldean atzematen da (ezker hipokondrioan eta bihotz aldean).
  • Kasurik gehienetan, goragalea eta izerditze handia ditu bidelagun.
  • Pazienteen erdietan mina bizkarrerantz, eskuin besabururantz edo eskapularantz zabaltzen da.

 Koadro horrek bost ordu irauten du, gehienez ere; hortik aurrera luzatuz gero, konplikazio baten susmoa ernatzen da: kolezistiti akutua, alegia.

Behazun-kolikoa larrialdia denez, berehala tratatu beharra dago, antiinflamatorioak, analgesikoak eta espasmolitikoak aplikatuz. Kolikoak irauten duen bitartean ez da elikagairik edo likidorik hartu behar. Sendagilea iritsi arte tokian berotasuna aplika daiteke (espasmoa eta mina arintzen du horrek), ez baldin bada sukarrik edo sabel akuturen (sabela zurrun eta mingarria) seinalerik.

Ebakuntza egiteko aukera

Behazun-koliko bakarra nozitu duen pertsonak hamar urtean beste horrelakorik ez nozitzeko probabilitateen %30 duenez, kalkuluak ateratzeko ebakuntza egitea zuhurtziazkoa neurria den edo ez erabaki beharko da. Kolikoak behin eta berriro gertatzen direnean, aitzitik, ebakuntza egin beharra planteatu behar da. Nolanahi ere, badira beste hainbat alternatiba terapeutiko, hala nola kalkuluak behazun-azidoekin disolbatzea edo, bestela, talka-uhin ultrasoinuzkoen bidez kalkuluak suntsitzea, baina honakoa harritxoek gehienez ere 30 mm. dutenean bakarrik aplika daiteke.

Konplikazioak

Kolezistiti akutua da behazun-litiasi sintomatikoaren konplikazio ohikoena. Bost bat orduz irauten duen behazun-kolikoa izaten du hasiera. Honen sintomak eta kolikoarenak berdinak dira baina, honetan, ordu batzuk igarotakoan sukarra agertzen da, pazienteen %20k ikterizia izaten du eta beste batzuek sabel osoa minberatua sentitzen dute.

Kolezistiti akutua gertatzen denean gaixoa berehala ospitaleratu behar da. Diagnostikoa analisiek eta prozedura erradiologikoek (ekografia, taxologia axial konputerizatua, kolezistografia...) egiaztatuko dute. Infekzio-etapa gainditurik, behin betirako prozedura terapeutikoa xixkua erauztea da.  

Kolelitiasia pairatzen duten pazienteen %15ek koledokolitiasia ere nozitzen dute, hau da koledokoan -behazuna hestean isurtzen den hodia, pankreasaren burua zeharkatuz- kalkuluak dauzkate.

Hodi horretan kalkulu bat izateak erabateko buxadura eragin lezake, azkenean kolangitia gertatuz. Gaitz horren diagnostikoa hiru sintomak erraztuko dute: sukarra, sabeleko mina eta ikterizia, hots, "Charcot-en hirukotea". Sintomatologia hori ere larrialdikoa da eta horrelakoa erakusten duena ospitaleratu beharra dago.

Koledokolitiasiaren beste konplikazio bat, are eta larriagoa, pankreatiti akutua da: honek sekulako mina eragiten du ezker hipokondrioan eta bizkar alderantz hedatzen du; min jarraitu hori 15 eta 60 minutuko tarteetan areagotzen da, larritu egiten da gaixoa aratinik jartzean eta, sintoma horiek ez ezik, goragalea, txahala botatzea, egonezin orokorra, sukar apala eta heste-paresia (hesteak motel-motel mugitzen dira) ere agertzen dira gehienetan.

Bai kolangitia, baita pankreatiti akutua ere larrialdizkoak direnez, pazientea ospitaleratu egin behar da, diagnostikoa egin eta tratamendua ezartzeko.

Prebentzioa

Litiasia prebenitzeko neurria da jokabide eta azturez aldatzea: ahal dela bizimodu sedentarioari, janari gantzatsuei, gizentasunari eta antisorgailuei (litiasia nozitu duten edo familian gaitz horren aurrekinak dituzten emakumeen kasuan) saihets egitea. Litiasiaren prebentzioan armarik eraginkorrena dieta begetarianoa dela diote adituek. Beste aukera bat, haragi eta arrainen, arrautzen, maionesaren, gazta zahar eta hartzituen, azukre eta irin finduen, esnearen, txokolatearen eta edari alkoholdunen kontsumoa jaistea da eta, horren ordez, fruta, barazki (orburu, tipula eta alberjinia, bereziki), entsalada gordin, labore integral, landarezko olio eta antzekoena areagotzea.

Landare zenbaitek eragin koleretiko-kolagogoa daukate, hots, behazunaren sorrera eta sekrezioa eragiten dute: orburuak, boldoak, txikori belarrak, kurkumak (curryren osagaietako bat da hau), menda belarra, errefaua eta erromeroa (hauxe omen da eraginkorrena behazun-arazoetan). Litiasikoek badituzte ur minero-medizinalak ere, sendagai: bikarbonatodun mistoak, sufredun sodikoa edo magnesikoak eta mineralizazio apaleko ur sulfuratuak ere.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto