Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Google Earth: Munduan gainetik hegan, monitoreko pantailatik

Interneten eskura dagoen informazio kartografiko oparoari esker, planeta osoa ordenagailutik behatu egin daiteke

Mundua hegan noranahi korritzea den haurtzaroko asmoa betetzera beste ezein bezala gerturatzen da Google Earth programa. Munduko mapa konbentzionaletan bezala, aplikazio honekin ere Lurreko mapari jirarazi eta gune zehatz batean gelditzeko jokoa egin daiteke, alde handi batekin ordea: planetaren bertsio digital honetan bai zehaztapena baita errealismoa ere haur askok oraino bere idaztegian daukan lur-globoenena baino askozaz ere hobea da.

Munduan barrena "hegan ibiltzeko", aspaldi-aspaldi erosi ez den ordenadorea, Interneterako konexio ona eta Google Earth programa edukitzea aski da. Traba handirik gabe, mapa edo airetiko argazkirik kontsultatu nahi bada hortxe daude Yahoo! Maps, Google Maps edota Sigpac espainiarra, adibidez.

Google Earth programaren ikusgarritasuna, berriz, ezin konpara daiteke antzeko beste aplikazioekin. Merkatuan agertu zenetik -urtebete eskasa, oraintxe- programa hau ia-ia fenomeno sozial bilakatu da. Aplikazioa, etxeko erabilerarako baldin bada, web batetik web (http://earth.google.com) ordenadorera doan deskarga daiteke eta Internetera konektaturik baliatu behar da (erabili ahala, irudiak automatikoki deskargatuko dira).

Satelite bidezko argazki osaketa eginez, Lurra planeta birmoldatzen du horizontalean zein zehazmen bertikaleko geruzak elkar gainka ezarriz, eta ordenagailuaren pantailan kabitu arte egokitzen du Google Earth programak. Erabiltzaileak horrela dakusana eta beren ontzietatik astronautek edo pilotuek ikusten dutena ez da oso-oso desberdina.

 Saguari eraginez eskualdea, herria eta, batzuetan, norberaren etxea ere gainetik ikus daiteke, aulkitik jaikitzeke. "Zoom" bati esker Lurraren azalerara gertura gaitezke, lur hartzera doan hegazkinean goazenean bezalako sentsazioa nozituz.

Nolanahi ere, Google Earth-en zonalde guztiek ez dute zehazmen berbera. Bestela esateko, beti ez da posible objektiboraino hurbiltzea, ezagutzeko moduko bihurtuko duen zehaztapen horrekin ikusi arte. Zehaztapen handieneko aldeak Kanada eta Estatu Batuak dira. Zehazmen handieneko zona horiek erraz ezagutzen dira, gorri nabar kolorekoak direlako. Espainiako hiriburuak ere aski zehazturik agertzen direnez, erabiltzailea hirigunea ezagutzeko moduko bihurtzeraino "jaits" daiteke.

Nola ibili Google Earth-en barrena

Aski da dagokion koadrotxoan hiriaren izena idatzi eta, koma baten ondotik, herrialdea edo estatua: orduan programa horrek erabiltzailea aukeratutako tokira "paseatzera" eramango du. "Zaragoza, Spain", esate baterako. Paisaia behatzeko edo, hegaldia mantsoago egin nahi bada, "bidaiaren" abiadura moteldu egin daiteke, irudiko behar den gunean sagua sakatuz.

Era berean, argazkiek duten perspektiba ere aldatu egin daiteke. Defektuz, Lurraren azalerarekiko perpendikular daude enfokatuak baina programak daukan modulagailuak planoa 90º arte bira dezake (irudia zoruarekiko paralelo kokatu arte). Erabilera hori bereziki baliagarria da New York eta antzeko hirietan, bertan eraikinen birtaxutze informatikoa eskaintzen baita.

Jostailu baliagarria

Bere bizitza laburrean grina eta pasioak iratzarri ditu Google Earth-ek Sarean. Milaka internautak miatzen du Lurreko azalera hegazkinen, monumentuen edo, areago, objektu hegalari ezezagunen peskizan. National Geographic eta antzeko aldizkariek, era berean, beren infografia eta erreportajeak programan txertatzen dituzte eta, horri esker, Google Earth-en hegan joan bitartean informazio interaktibo interesgarrietara jotzeko aukera egokitzen zaio erabiltzaileari.

Programak, etxetik irten gabe mundu zabalean barrenako bidaia ludiko eta kulturalak (geografia ikasteko eta irakasteko paregabea da, horrela mugak zehatz daitezke eta) egiteaz gainera, beste hainbat gauza ere topatzeko balio du: jatetxeak, hotelak, ospitaleak, komisariak, etc., horien kokapena irudien gainetik ezar daiteke eta. Volkswagen firmak aurkeztu duen GPS nabigatzaileak mapen partez Google Earth-en irudiak baliatzen ditu.

Sistemak zabalik ditu ateak nornahik bere toki interesgarriak "adierazi" nahi baditu. Tagzania Tagzania (http://www.tagzania.com) izeneko Euskal Herriko webak eginkizun hori soildu eta mapa horietan tokiei "etiketa ezartzeko" aukera ematen du. Zertarako? Erabiltzaileak nahi dituen helburu guztiak lortzeko: Nafarroako errepideetako zuloak adieraztetik hasita, internauten estreinako musuen kokapena zehazteraino.

Beste hainbat zerbitzu mapekin

Google Maps (http://maps.google.com/) webak , irudi berberak ematen ditu, bi bereizgarriekin: horien gainetik "hegan egitea" den ikuskizun hori ez du eskaintzen eta, beste aldetik, ez da zertan programarik deskargatu. Google Earth programak erraztasunez prestazio handiko ordenagailuetan bakarrik funtzionatzen duen bitartean (gutxien-gutxienez, Pentium III prozesadorean, 500 Megaherziotara, RAM memoriako 128 bits izaki, 3D gaitasuneko txartel grafiko 16 Megabytekoa eta disko gogorreko memoria 200 Megabytekoa delarik), Google Maps lau urte baino gutxiego duen zeinahi ordenagailutan arazorik gabe dabil.

Yahoo! bilatzaileak ere badu bere zerbitzu kartografikoa: Yahoo! Maps (http://maps.yahoo.com/), alegia. Orri horren muina Amerikako Estatu Batuak eta Kanadako hiri handietan datza, batik bat. Microsoft-ek, berriz, MSN Maps (http://mappoint.msn.com ) izeneko web orria dauka: honek, mundu zabaleko hirietan (baita espainiarretan ere) bilatzeko aukera ematen du; dena den, zehaztapen eta informazio osagarri handia duten mapa bakarrak AEBetako hiri handietakoak dira.

SIGPAG: Espainia zerutik

Europar Batasuneko kide diren herrialde guztiei herrian herriko nekazal lursailak kartografiatuak eduki eta Interneten hiritarren eskura ezartzera behartzen dien Europar Kontseiluaren 1593/2000 Araudiari esker, zeinahi erabiltzailek ikus dezake espainiar lurralde osoa goitik.

Horrelako mapa eta argazkiak dituen orria, Espainiako Nekazaritza Ministerioaren Informazio Geografiko eta Nekazaritza Politikako Sistemarena (SIGPAC) da. Bertatik, nekazal zein bestelako lursail edo gune bilatu eta aurkitu daiteke, 1:10.000 eskalara iritsi arte, airetiko argazki eta guzti (hegazkinetatik ateratakoak, ez sateliteak eginikoak): sistema horri esker, herri-guneak zein landa-lurrak ikus daitezke.

Web barrenako nabigazioa dezente hobetzeko modukoa bada ere, lurralde osoko argazkien zehazmen maila Interneteko beste zeinahi mapa-zerbitzutakoa baino hobea da, inondik ere. Lastima irudi guzti-guztiek daukaten ur-marka nabarmena: horrek, dokumentuak gerora erabiltzea eragotzi egiten du.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto