Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Senide gaixo edo ezinduak artatu behar duten pertsonek ere laguntzaren premia izaten dute, eginkizun horrek gizakia biziki hondatzen baitu
Senide baten endekatze fisiko edo psikikoak ingurunean aldaketa latz eta traumatikoak sortarazten ditu, astinketa emozionalarekin batera, ahaidearen etengabe artatze horren ondoriozko arazoak agertzen baitira. Familiartekoek zaintzailearen rola onartzen badute ere, bizimoduan bat-batean agertu zaien eginkizun berri horrek goitik beherako eraldaketa eragingo die. Bizitzaren bestelakotze larri hori onartzea, ordea, kontu samurra inondik ere ez denez, laguntza eskatu edo espezialistarengana jo behar izaten da, zalantza unerik izateke.
Maite dugun gizaki hori gainbehera doala sinetsi eta aitortzea gogorra da. Endekapena agerikoa bada ere, bere bikotekideak (baldin badu), seme-alabek, ilobek, anai-arrebek eta gainerakoek "bolada txar bat pasatzen ari dela" baizik ez dute sinetsi nahi izaten baina errealitateak aurrera egiten du eta, arazoaz kontzientzia hartu ahala, gaixotasunak pazientearengan ez ezik, inguruko guztien -zaintzaileen, batez ere- bizimoduan ere eragin kaltegarria duela ikusten da.
Izan daiteke Parkinson edo Alzheimer, izan daiteke zahartzaroko dementzia, arterioesklerosia edo, askotan bezala, adin handikoa zaintzeko beharra bakarrik; dena den, lehen fase horretan agertzen ditu zaintzaileak estreinako sintomak: egonezina, etab. Hamaika arrazoirengatik haserretzen da: arazoa berari egokitu zaiolako, senideen artean arduren justiziazko banaketarik egiten ez delako... Normala da horrelako sentsazioak izatea baina horrelakoak nozitzen dituztenek beren burua hein batean bederen errudun ikusten dute. Horrenbestez, behar-beharrezkoa da zaintza lanetan diharduten pertsonak erruduntasun horretatik aska daitezen, beren bizimoduan pairatzen dituzten eragin kaltegarriez inolako eragozpenik gabe azaltzeko aukera ematea. Hori, egoera berria bizimoduaren ohiko osagarri denean aiseago onartuko da. Zaindaria kexua agertzeko eta beste senideei laguntza eskatzeko askeago sentituko da. Mendekotasuna nozitzen duen pertsonaren osasuna ez ezik, bere osotasuna ere garrantzi handikoa dela ikasiko du eta, horri esker, bere premia, aisialdi, harreman sozial eta atsedenari tarte handiagoa eskainiko die.
Zaintzailea zaintzea ez da inprobisatzeko moduko kontua.
eginbeharrak senideen artean banatu behar dira, bakoitzari nolako zeregin eta nolako ardura egokituko zaion zehaztuz. Familiartekoek bileran elkartu behar dira tarteka, denen artean aspaldion sortu diren arazoak zein diren aztertzeko eta senide bakoitzak hartuko duen ardura erabakitzeko, behintzat. Bilera horietan ahaide bakoitzaren aukerak eta mugak aztertu eta, horren arabera, egutegiak finkatuko dira. Hala eta guztiz ere, zaintze prozesuan barrena gerta daitezkeen liskar eta gatazkei aurre egiteko prestatu beharra dagoela adostuko dute denek hasiera-hasieratik, horrelakoak jazotzea normal-normala delako horrelako bizipenetan.Zaintzaileen %80 baino gehiagok estres-gradu larria nozitzen dute; hori, haserrekortasun, ahidura, osasun alorreko arazo fisiko, urrutiratze eta depresio gisa agertzen da, eskuarki. "Zaintzailearen sindrome" horren sintoma bi edo gehiago agertzen direnean -bizitzeko ilusioa galtzea, ezin lorik egitea, gaixo dagoen senitartekoaz egunean 24 orduz artatzea, angustia sentitzea, apetitua galtzea, alkohola edo bestelako drogak hartzea- profesionalen laguntza eskatu beharra dago. Famili sendagilearengana jotzea asmatzeko modu bat da, honelako kasuak tratatzeko egoki prestatua baitago profesional hori. Horretarako, sendagileari zaintzaileak nolako egoera bizi duen azaldu beharko dio, bere egoera fisiko eta psikikoaren berri emanez.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa