Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

CD birjinak, grabagarriak eta birgrabagarriak: Alderik ez kalitatean, prezioan baizik

Denen iraunkortasuna berdintsua denez, aukeratzeko unean funtsezko faktoreak prezioa eta grabatzeko abiadura dira

 EuskeraDatuak metatzeko euskailu digital behinena den Compact Disc (CD) izenekoak lehen mende laurdena bete du dagoeneko. Hastapenean musika biltzeko sistema izan zen hark (Beethoven-en Bederatzigarren Sinfonia estreinakoz etenik gabe erreproduzitu ahal izan zuena) egun digitalizatzeko moduko zeinahi informazio -argazkiak edo film osoak- gordetzeko balio du eta gaur-gaurko produktua da: DVD ordezkatu behar omen zuten sistemak berak ere (Blu-ray eta HD-DVD) CDaren tamaina eta forma berekoak dira eta, areago, horien erreproduzitzaileek dagoeneko zaharkituak dauden CDak arazorik gabe irakurtzen dituzte. Nondik nora teknologi munduan horren bakana den zahardadea? Edukiera "eskasa" duten arren (DVD batek baino sei bider txikiagoa) grabagailu eta disko konpaktu birjinak merke-merkeak dira eta, gainera, etxeko erabilera gehienetan aplikatzeko aski da hauen edukiera.

Laborategian aztertu dira hamar disko grabagarri (hots, behin bakarrik graba daitezkeenak, CD-R siglak dauzkatenak) eta beste hamar birgrabagarri (behin eta birritan grabatu eta ezabatu daitezkeenak, CD-RW sigladunak). Grabazio bakarra onartzen dutenak bigarren motakoen erdi prezioan dabiltza. Lagin batetik bestera, dena den, aldeak biziak dira: CD-R motakoetan, 0,40 euroetatik (E.com eta ThinkXtra) 1,10 euroetaraino (Philips) doaz; CD-RW birgrabagarrietan, berriz, 89 zentimoetatik (TDK eta Super Max 2000) 1,50 euroraino (Emtec). Grabagarrietan (CD-R), kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Verbatim laginak ematen du: merkeenetako bat izaki (0,45 euro) proba guztiak gainditu baititu. Birgrabagarrietan (CD-RW), aldiz, TDK da egokiena: merkeena delarik, kalitate orokor hoberena agertzen duena baita.

Datuak eta audiotik haratago ere

Disko konpaktu batzuek "datuak" eta beste batzuek "datuak eta audioa" gordetzeko egokiak direla dioten arren, nahi dugun informazioa hogei laginek gordeko dute: musika, dokumentuak edo bideoa. Hogei laginen edukiera gutxienez 700 megabyte dela egiaztatu da laborategian (hau da, etiketan adierazten dutena: 80 minutu, musikako konpaktu konbentzional gisa grabatzen bada).

CDen grabagailuek eboluzionatu egin dutenez, erreproduzitzen duten abiaduran baino dezente azkarrago graba dezakete, baina abiadura horiek ez dituzte pairatzen CD birjina guztiek (konpaktuak bortxatuz gero, baliteke bira-kopurua ez jasatea eta, ondorez, alea ekipo barruan txiki-txiki gertatzea). Musikako CD konbentzional baten erreprodukzio abiadura "1x" ikurraren bidez adierazten da; grabatzeko abiadura, berriz, abiadura horren multiplo gisa. Esate baterako, 24x motako grabagailuak musikako konpaktuak erreproduzitzean baino 24 aldiz azkarrago grabatzen du. Super Max2000 laginak, hala ere, idazteko abiadura egokiaz daturik ez du ematen. Grabagarrien abiadura berdintsua da denetan: 48x eta 52x artekoa. Birgrabagarrietan (birgrabatzea grabatze hutsa baino mantsoagoa denez) abiadura dezente aldatzen da: 4x-tik (Sony, Fujifilm eta Maxel) 24x-era (Memorex). Etiketan adierazitako abiaduran egoki grabatzen dute denek.

Disko bat grabatzeko behar den tartea biziki aldatzen da, faktore zenbaiten arabera (horietako asko ordenagailuari edota erabilitako programari egotz dakizkioke). Horregatik laborategian CD horiek baldintza berdin-berdinetan grabatu dira, etiketan agertzen diren aholkuak hitzez hitz beteaz. CD-RW diskoek grabatzeko behar izan dituzten denbora-tarteak dezente desberdinak dira lagin batetik bestera: ia-ia 22 minututik (Fujifilm, Sony eta Maxel) sei minutu eta segundoren bateraino (Memorex). CD-R diskoetan, berriz, aldeak txikiagoak dira: Mx Onda laginak 4 minutu eta 38 segundo behar izan ditu diskoa osorik grabatzeko; Emtec (denetan motelena) minutu bat gehiago.

Grabazioen kalitatea neurtzeko, diskoan akatsen -are erreprodukzioaren kalitatean eraginik ez duten huts txikien- diagnostikoa egiten duen programa bat erabili zen. Philips, Sony, Memorex, Ecom eta Maxell marketako CDetan eta Super Max2000, Emtec eta Fujifilm marketako CD-RW-etan, grabazioaren azken aldean akatsak gertatu ziren arren, ez dute erabileran eraginik. Beste aldetik, grabatzeko aplikaziorik arruntenetan ere berdin-berdin funtzionatzen dutela ere egiaztatu da, hainbat grabazio eta ezabaketa eginez.

Koloreak

Aurrealdeko pintura zuria da denetan, TDK laginean izan ezik (turkesa kolorekoa du honek). Atzealdeko tindua berdexka da CD-R-etan eta grisa CD-RW-etan; dena den, lagin bakar batek ez du etiketan adierazten nolako tindu organikoa den hori. CDaren kalitatea zehaztea dela eta, erabiltzaile askok kolore horri garrantzi handiegia aitortzen bide diote; adituek, berriz, ohiko baldintzetan tindu guztiek berdin funtzionatzen dutela diote; batetik besterako aldeak baldintza txar-txarretan hasten dira hautematen.

Disko optiko baten iraunkortasuna hainbat faktoreren arabera alda daiteke: eguzki argiaren, hezetasunaren, tenperaturaren eta, jakina, nozi ditzakeen ezbeharren arabera. Laborategian behatu dira lagin denak muturreko baldintza klimatikoetan: produktu bakoitzetik bina lagin (grabatutakoan) tenperatura hotzean (-20ºC) 24 orduz eta tenperatura beroan (60ºC) beste 24 orduz eduki dira. Memorex markako birgrabagarria izan da proba gainditu gabe utzi duen bakarra, berotu ondoren informazioa galdu baitu. Eguzkiaren eragina egiaztatzeko, ostera, eguzkitan zuzenean jarri dira laginak bi alderdietatik 72 orduz. Memorex laginak, berriro, ez du proba gainditu.

Konpaktuen gainera erabiltzaileari kafea edo freskagarriren bat eror dakiokeenez, likido horiekin kontaktuan sartzean laginek nola erreakzionatzen duten ikusi nahi izan da. Diskoak alkoholez eta hainbat freskagarriz busti dira; ondoren, xaboi-uretan eta erabilera anitzeko produktu batez garbitu dira. Proba hau egin ondoren hogei laginek funtzionatu dute.

Kaseteek, VHS zintek edo disketeek ez bezala, disko hauek babesteko karatularik ez daukatenez biziki hauskorrak dira. Laginak marratzeko bina proba egin zaizkie: arina bata, azalera batean labaintzean gertatuko litzatekeenaren antzekoa, eta sakonagoa bestea, ezten edo puntzoia baliatuz. Lehen proba berrogei laginek (bina CD produktu bakoitzeko) gainditu dute. Espero zitekeen bezala, bigarrena nozitu ostean ia denak erabat hondaturik gertatu dira; Verbatim grabagarriak bakarrik segitu du funtzionatzen.

Bizitza baliagarria

Parametro hau kalkulatzeko, CD-R bakoitza 48 ordu jarraian erreproduzituz neurtu da; CD-RW lagin bakoitza, berriz, 50 aldiz grabatu eta beste 50etan ezabatu da. Proba amaitutakoan arazorik gabe funtzionatu dute denek. Erorikoen aurreko erresistentzia neurtzeko, lagin bakoitza hiru aldiz bota da (behin alderdi bakoitzetik eta beste behin bizkarretik) metro bateko altueratik hormigoizko azalera baten gainera. Thinkxtra markako disko bat hautsi egin da.

Disko konpaktuak errotulatzeko erabiltzaile batzuek erabiltzen dituzten etiketak bereziki aipatu behar ditugu hemen. Adituek, oro har, ez dute horrelakoak baliatzea aholkatzen, diskoa abiadura handian biratzen ari denean desorekatu eta, azkenean, hautsi egin dezaketelako. Dena dela, eranskinak berak kalterik eragin dezakeen egiaztatzeko, konpaktuaren goialdean bi eranskin itsatsi eta, handik bi egunera, bereizi egin dira. Bigarren proban, eranskina itsastetik bereizi arte bost segundo baizik ez ziren igaro. Emtec laginak bietan porrot egin zuen (informazioa idatziz dagoen zilarrezko azaleratik parte bat askatu egin zen); dena den, etiketan argi eta garbi dio horrela jokatzea ez dela komeni. E.com laginak lehen proban bakarrik egin du huts baina etiketa ingelesez bakarrik agertzen denez, erabiltzaileak ez du zertan jakin hori egitea arriskutsua den ala ez, diskoak osorik irauteko.

Mimo handiz

CD guzti-guztiak, baita kalitate bikainekoak ere, hauskorrak direnez eta denbora joan ahala endekatu egiten direnez, edukiaren beste kopia bat (segurtasuneko kopia) beste CD edo bestelako formatu batean (disko gogorrean edo DVDean, adibidez) edukitzea komeni da beti. Zazpi urtean behin birkopiatzea komeni da, era berean, materiala zahartzearen ondorioz, diskoan grabatu diren doinu edo argazkiak honda ez daitezen. Nolanahi ere, neurri horietatik haratago ere, unitatea behar bezala maneiatzeak bizitza baliagarria dezente luzatuko dio.

  • Gorde CDak beren ontzi opakoetan, bereiz, hezetasun eta tenperatura altuetatik urruti, ahal dela.
  • Heldu bizkarretik, azaleran hatz-markarik ez uzteko.
  • Eguzkitan uzteak diskoa honda dezake. Automobilean, ordu batzuk eguzkitan egotea aski izan daiteke diskoa zeharo hondatzeko.
  • Bertan idazteko, berariazko errotulagailua (beiraren gainean idazten duten horiek), mutur bigunekoa, erabiltzea komeni da. Ez itsatsi etiketarik; ez bereizi, are gutxiago, itsatsitakorik.
  • Ez jo, ez igurtzi, ez zulatu.
  • Garbitzeko modu egokiena, betaurrekoak garbitzeko oihal horrekin igurztea da. Ez eragin biribilean, erdialdetik kanpora baizik. Garbitzeko ez erabili disolbagarririk edo substantzia erasokorrik.
  • Informazioa luzaro gordetzekoa baldin bada, hobe da CD-R-ak baliatzea; CD-RW birgrabagarriak tenperatura-aldaketa bortitzen aurrean sentiberagoak dira.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto