Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Jatorri ezezaguneko hezurretako gaixotasun sendaezin honek mila lagunetik baten baitan izaten du eragina eta gazteei erasotzen die, bereziki
Junturetako arazoak ez dituzte zaharrek bakarrik nozitzen. Gerrian edo bizkarrean min dutelako jotzen dute gazteek ere sendagilearengana. Ia garrantzirik ez duten gaitzak izaten dira gehienetan, pazienteak gehiegizko pisua hartzearen edo okerreko posturetan luze egotearen ondorioz etorritakoak Bestetan, berriz, bizkarrezurrari eta juntura sakroiliakoei (pelbisa eta bizkarrezurra lotzen dituztenei) afektatzen dien hanturazko alterazio -eskuarki, progresibo- baten lehen agerpena izaten da mina. Espondiliti ankilosagarri edo ankilopoietiko deritzon patologia horrek mila lagunetik bati erasotzen dio.
Gaitzaren kausa ezezagun bada ere, faktore genetikoekin lotu izan da bere sorburua: pazienteen %90ek HLA B27 antigenoa (erreakzio immunitarioak eragiten dituen substantzia) daukate baina, egia esan, antigeno hori daukaten pertsona askok (mundu osoko populazioaren %8k) ez dute espondilitisik nozitzen. Kontuak kontu, egundo ezinezkoa izan da gaixotasun honen agerpenaz sinesteko moduko azalpenik finkatzea.
Kausak ezezagunak dira baina ondorioak zehazki asko zerrendatu dira. Gaitzak orno-gorputzetako junturen ingurunean eta lotailuak atxikita dauden guneetan hanturazko prozesua abiarazten du. Hezurrean eragiten duen erosio arina orbaindu egiten da, geroz eta handiagoak diren eta elkartuagoak dauden hezur-hazkuntzak sortaraziz; azkenean, ornoen arteko diskoa inguratu eta orno-gorputzak batu egiten dituzte. Beste horrenbeste gertatzen da juntura sakroiliakoetan ere: hauek itxura erabat galtzen dute sarri.
Horrelako alterazioak gehienbat gizasemeengan gertatzen direla zirudien arren, bi sexuetan ere eragin berdintsua dutela egiaztatu da. Emakumearengan patologiak garatzen duen koadroa, eskuarki, arinagoa izan ohi da eta, areago, maiz agerpenik azaltzeke ere bilakatzen da gaixotasuna.
Garapeneko lehen etapetan gaixotasun hau diagnostikatzeak zailtasun asko agertzen ditu. Hastapeneko koadro tipikoan pertsona gazte bat -20 edo 30 urte artekoa- bizkar aldean mina sentitzen ditu, gauez batik bat; zenbaitetan ipurmasail eta izterrak minberatuak ohi dauzka eta goizean zurruntasuna hautematen du. Sintoma horiek ez dira bat ere espezifikoak, beste gaitz batzuenekin nahas daitezke eta, hortaz, patologia atzematea geroratu egin dezakete.
Gaixotasunak eboluzionatu duenean sintomak hauek dira:
Gaitza zenbaitetan aldaka, belaun eta orkatiletan ere agertzen da. Oinzolako fasziti (hanka lurrean uztean edo gorputza horren gainean kargatzean, mina) batek eraginiko minaren antzekoa orpoetan agertzen da edo, bestela, orpo-zurda dagoen guneari afekta diezaioke.
Gaixotasuna nozitzen duten pertsonek maiz ubeitia izeneko begietako infekzioa ere pairatzen dute: begia gorritu, begiko mina eta ikuspen lausoa dira gaitzaren sintomak eta, horrelakoetan, berehala tratamendu espezializatua aplikatu behar zaio. Arnasketan ere eragozpenak sor ditzake gaitzak eta behin eta berriro eritzea ere ohiko kontua izaten da. Toraxaren mugikortasuna urritzean, biriketatik aire gutxiago igarotzen da eta, ondorioz, eztul, usin, aharrausi egitea eta, areago, arnas hartzea bera ere mingarri gerta dakioke pazienteari fase kritikoetan.
Sintomatologiarekin batera, erradiologia eta odol analisiak dira erreumatologoak diagnostikoa egiteko funts edo oinarriak. Gaur egun gaixotasun honek ez du sendabiderik baina sintomak eta eboluzioa kontrolpean eraman ditzake eriak.
Hanturaren kontrako ez-esteroideek (AINE) eta analgesikoek sintomak arintzen dituzte. Kasuren batean egokia izan daiteke metotrexato eta sulfasalazina aplikatzea. Aurreko guztiei, oraino komertzializatua ez dagoen botika berri bat erantsi behar zaie: giza jatorriko antigorputz monoklonal batean oinarrituriko botika horrek itxaropenak sortu ditu pazienteengan. Dirudienez, hantura eta mina arintzen ditu eta ornoen lesio estrukturalek hein batean atzera egitea ere lortu izan du.
Patologia honetan funtsezkoa da pazienteak bere gaixotasunaren bilakaera -ahal den neurrian- kontrolatzeko, etsipenak ez emateko eta jarduera-maila egokian irauteko egiten duen ahalegina. Kontua da mugikortasuna eta malgutasuna mantentzea, ankilosiak aurrera egin dezan galaraztea eta, hitz bitan, bizi kalitate onargarriari (ahalik eta hoberenari) eustea.
Neurri hauek guztiak hartuta gaixotasunak eboluzio kaskarra izatea saihestu eta bizi kalitatea hobetu egin daiteke.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa