Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Hamaika kexuren iturri diren aurre-zenbaki batzuk markatzeak dakartzan gastuak ez ezik, bere eskubide guztiak ere ezagutzea zor zaio erabiltzaileari
Lege eta osasun alorretako aholkularitza, informazio meteorologikoa, lehiaketetan esku hartzea, telefono bidezko erosketa, sexua eta beste hainbat motatako zerbitzuak eskaintzen dira tarifa gehigarridun zerbitzu horietan, hots, 803, 806, 807 eta 907 aurre-zenbakidun telefonoetan (azkeneko hori, Interneten bakar-bakarrik baliatzekoa). Egungo aurre-zenbakiek 2003ko urrian 903 eta 906 ordezkatu zituzten, hauen tarifak zenbat kostatzen ziren eta nolako iruzurrak egiten ziren kontsumitzaileek ez baitzekiten. Aldaketa horri esker lineak eta zerbitzuak zehazkiago agertzen dira baina prezioa ere izugarri igo da, 3,5 euroraino minutuko.
Kexuak, ostera, ez dira amaitu. Espainiako Telekomunikazioetako eta Informazio Gizartearentzako Idazkaritzan 2005 urtean jasotako 12.000 erreklamazioetatik 1.000 baino gehiago telefono horietakoren bati zegokion.
Horrenbestez, lineak bereizteko hainbat datu ezagutu eta kontuan hartzea komeni da, ezusteko desatseginik ez hartzeko.
Iritsi zaizun fakturarekin ados ez bazaude (zerbitzu horiek erabili ez dituzula seguru dakizulako, adibidez), ordaintzeari uko egin diezaiokezu baina, hori bai, ez edonola: kontzeptuz kontzeptu zehazturiko faktura eska diezaiokezu telefonia konpainiari. Agiri horretan tarifa gehigarriko zerbitzuak eginiko deiak bereiz agertuko dira. Faktura oraino ordaintzeke baldin baduzu, telefono-zerbitzuari dagozkion atala soilik ordaintzea aukera dezakezu, ados ez zauden kontzeptuak ordaindu gabe utzita, bidezko salaketa zure etxetik gertueneko Arbitro-Batzordean edo Telekomunikazioetarako Estatu-Idazkaritzan aurkeztu ondoren. Era horretan, arazoa aztertzen ari diren bitartean zu telefono gabe uztea galarazten du Legeak.
Faktura ordaindua baldin baduzu eta dei horiek zuk egin ez dituzula egiaztatzen bada, tarifa gehigarridun zerbitzuengatiko kopurua itzul dakizun eskubidea duzu, baina ez telefono zerbitzuagatik ordaindutakoa berriro eskuratzeko.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa