Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Haur-entzungailuak: Zenbat eta prezio handiagoa, hainbat eta funtzio aukera ugariagoa

Aparatu guztietan transmisio-kalitatea ona da 35 metrotara; merkeek ez dituzten funtzio osagarri eraginkorrak eskaintzen dituzte garestienek

Ohiko kontua da gurasoek, abentura horretan hasi berriak badira bereziki, haurtxo txikia bakarrik utzi nahi ez izatea, zeinahi gorabehera dela eta, umearen negarra ez aditzearen beldur izatearren. Horren ondorioz ez dira niniaren albotik urruntzen eta, halaz ere, inoiz alde egiten badiote, dena ondo dagoen etengabe egiaztatzea dute kezka: honakoaren konponbide teknologikoa haur-entzungailua da. Ekipoa bi elementuk osatzen dute: gelan gertatzen diren soinu guztiak atzitu eta irrati bidez bidaltzen duen igorgailuak, batetik, eta soinu horiek dozena metro batzuetara erreproduzitzen dituen hargailuak, bestetik. Haurtxoen atsedena kontrolatzeko ez ezik, pertsona zaharren edota gaixoen egoera zaintzeko ere balio dute aparatuok, berauei esker laguntza premian dagoenak zaindariarekin komunikatzeko bide erraza etengabe zabalik izango baitu.

Mugimendu-sentsoreak eta bide-zaintzako kamerak dauzkaten haurtxoentzako interfono biziki sofistikatuak merkatuan salgai badaude ere, soinua transmititzea da azterketa honetarako hautatu diren entzungailuen funtzio bakarra. Honelako aparatu soilak gehien baliatzen direnak izaki, prezio biziki desberdinak dituzte: 50 eurotatik (Saro Visual Phone 4865) 114 eurotaraino (Supernova FD-D3).

Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Bebé Due laginak eskaintzen du, bera baita, besteak beste, 50 metrotara soinu kalitate onargarria ematen duten aparatu denetan merkeena (67 euro kostatzen da).  Miniland Radio Baby ere aukera polita da: bigarren garestiena (100 euro) izanik, hobekien osatua eta erabiltzaileen kalifikazio hoberenak bildu dituena.

Elkargarritasun elektromagnetikoko proban egiaztatzen da ekipo hauek gainerako aparatuen interferentzien aurka behar bezain ongi isolatuak dauden. Hori frogatzeko, interferentzia elektriko latza noziarazten zaie. Proba honetan Philips laginak egokitasun on-ona erakutsi zuen (seinale-kalitatearen %1,4 baizik ez zuen galdu, arauak onartzen duen gehienekoa %25 izaki), ondotik Chicco, Bebé Due eta Supernova datozkiola (hirurek, %8ko galera izan zuten). Proba hori gainditutakoan, interfonoek normaltasun osoz funtzionatzen segitu dute.

Tamainan alde handiak

Bolumena dute, hain zuzen, batzuen eta besteen arteko desberdintasun nabariena. Tamaina eta karga txikienekoak Saro (igorgailu eta hargailuaren neurriak 140x58x30 mm dira) eta Supernova (biak, 140x58x32 mm-takoak); ondotik datozkie Jané eta Miniland (aurreko bien halako bi, kasik). Denetan handienak Philips (txikiena baino zazpi bider handiagoa) eta Chicco (bost aldiz handiagoa) dira.

Aparatuok ez dute elektrizitate kontsumo handirik: 10 W-tatik behera dabiltza denak baina badira aldeak, lagin batetik bestera: gehien gastatzen duena Philips izanik (6W), beste muturrean Prenatal agertzen da (2,4W). Bateria edo pilekin denek funtzionatzen duten arren ohikoena da, geldirik daudela, elektrizitate-sarean entxufatuak egotea: horregatik komeni da aparatuaren haria ahalik eta luzeena izatea, erabiltzeko unean eroso gerta dadin. Supernova (hiru metrotik gorako hariaz hornitua) da gainerakoetatik nabarmentzen den lagin bakarra: besteen kablearen luzera 182 cm eta 193 cm artekoa da.

Elektrizitate-sarean konektaturik daudela itzali egin daitezke bederatziak ere. Supernova eta Miniland dira pantaila daukaten bakarrak (aurreneko aparatuarena bigarrenarena baino dezente handiagoa da); horrek ez du esan nahi bideoa daukatela, haur-entzungailuaren egoera agertzen duen display batez osaturik daudela baizik. Hainbat emisio-kanalen (gehienetan, bi; Miniland-en zortzi eta Supernova-n, hogeita hamar) artean hautatzeko aukera dute bederatzi laginek: era horretan, frekuentzietako batek interferentziak (auzokideek dauzkaten antzeko edo bestelako aparatuek eraginikoak) nozituko balitu, beste kanal batera igaro liteke.

Supernova, Pinpon eta Miniland laginek eskaintzen dituzte funtzio gehien: gerrikotik eskegita eroan daitezke eta igorgailuaren transmisioa abiatzeko hots-atalasea doitzeko aukera ematen dute (horri esker, ekipoak ez du etengabe igorriko alferrikako zarata higuingarria). Hargailuan soinuaren adierazle ikusgaia (hots-gradua zenbat eta ozenagoa izan, orduan eta argi gehiago pizten dira) daukate hirurek. Bateriaren karga agortzen ari dela ohartarazten du beste elementu batek (Supernova eta Miniland laginetan oharpen hori soinuz ere ematen da) eta aparatua hartze-areatik ateratzean, berariazko alarma pizten dute. Supernova, Pinpon eta Miniland bezain ongi osatuak daude Saro eta Jané baina ez dute soinuaren sentsibilitate-atalasea doitzeko aukerarik ematen; bestetik, ordea, hargailuek badute gaueko argia. Philips laginek, bere aldetik, funtzio horietatik bakar bat ere ez du.

Miniland lagina osatzen duten bi elementuek igorgailua eta hargailua daukate (norabide bikoa da, beraz); ikusi batera, haurtxoak kontrolatzeko garaian funtzio horrek eraginkortasun handikoa ez badirudi ere, oso praktikoa da adineko pertsonak zaintzean. Gainerako ekipoetan, elementu bat soinu-igorlea da eta bestea hargailu hutsa.

Supernova eta Miniland laginek berriz kargatzeko pilak eta kargadorea dauzkate (Pinpon laginak hargailuko pilak bakarrik dauzka). Miniland laginak dakartzan aurikularrak hargailuan konektatzen dira: ingurukoei molestiarik eragin gabe haurtxoa diskrezioz kontrolatzeko balio du horrek. Gainerakoek ez daukate ez aurikularrik, ezta erabiltzaileak erosiko lituzkeen aurikularrak entxufatzeko konektorerik ere.

Aparatu horiek jaustea oso litekeena denez, erorikoen aurrean ekipook duten erresistentzia egiaztatu zen. Horretarako, haritzezko ohol baten gainean (etxebizitzako ohiko lurzoruaren simulazioz) metro bateko altueratik ekipoa hiru bider erortzen utzi zen. Proba nozitu ondoren denek martxan segitu zuten arren, Prenatal eta Saro laginen igorgailu eta hargailuaren estalkiak ireki eta bateriak atera egin ziren. Pinpon laginaren igorgailuarekin ere beste horrenbeste gertatu zen.

Kalitate-transmisioa

Transmisore hauek funtzionatu ahal izateko, igorgailua eta hargailuaren arteko distantziak mugatua izan behar du: argibide liburuan agertzen diren horiek transmisioa baldintza hobezinetan egitekoak dira, aire zabaleko espazioetan eta eragozpen edo oztoporik gabe, baina horrelako egoeretan nekez baliatuko dira haur-entzungailuok. Hori dela eta, sei erabiltzailek soinuaren transmisio-kalitatea 16, 35 eta 50 metrotara ebaluatu dute, egiazko ingurune batean, igorgailua eta hargailuaren artean hormak daudela (etxebizitza arrunt batean bezala, alegia). Transmisioaren kalitatea onargarria izan zen 16 eta 35 metrotara, ekipo batetik bestera alde handirik nabarmendu ez baitzen.

Ondoren, 50 metrotara, batzuen eta besteen funtzionamenduen arteko aldeak agertu ziren: Supernova eta Pinpon laginen transmisioa ezin kaskarragoa izan zen; txarra, berriz, Prenatal, Saro eta Jané laginena. Bebé Due eta Chicco laginen transmisioa onartzeko modukoa izan zen eta Philips laginarena, ona. Ekipo denetan hoberena, askozaz ere, Miniland da, distantzia horretan transmisio zehatz eta interferentziarik gabea egin baitzuen.

Erabilera proba

Interfonoez iritzi baliagarria ateratzeko xedez, horrelako ekipoak baliatzen dituzten sei erabiltzailek aparatuaren ebaluazio objektiboa egin dute. Kontsumitzaile bakoitzak hainbat ezaugarri eta funtzio 1etik 10era baloratu ditu. Sei erabiltzaileek hoberen baloratu dituzten ekipoak Supernova eta Miniland dira, biei ere batez beste 7,3 puntu eman dizkiete eta. Soinuaren kalitatea, tamaina txiki eta pisu arina eta prestazio funtzionalak dituzte alderdi nabarmengarriak. Miniland laginaren diseinua gustatu zaie erabiltzaileei, oso eramangarria da, helmen handikoa eta bi erabiltzaileei hartzaile eta igorle gisa erabiltzeko aukera ematen die (norabide bikoa da). Pinpon da kalifikazio apalena eraman duena (6 puntu): erabiltzaileei ez zaie gustatu ekipoaren diseinua, ezta bukaera ere (karkasa gardena dauka) ezta argibideak ingelesez bakar-bakarrik agertzea. Philips da bigarren okerrena (6,1 puntu), astun eta handiegia gertatzen delako, Supernova, Jané eta Miniland laginez bestekaldera: hirurok nabarmendu ziren alderdi hauetan.

Bederatzi laginak erraz erabili eta eramatekoak dira eta, distantzia laburretan (35 metro egiazko, hots, horma eta guzti) beren soinu-kalitatea onartzeko modukoa da. Pinpon, Saro eta Miniland laginek ez dute berme-agiririk baina, halaz ere, ekipo horiek erosten dituzten kontsumitzaileek legeak xedaturiko bi urteko berme-aldia dute aldeko. Pinpon laginaren argibideak eta segurtasun alorreko oharrak ingelesez bakarrik daude; espainieraz agertzea legezkoa bada ere, ez dago horrelakorik.

Segurtasuna

Aparatu hau haur txikiengandik gertu egongo denez (baita, askotan, sehaska barruan ere) segurtasun arau guztiak zorrotz betetzea ezinbestekoa da. Laborategian proba latzak ezartzen zaizkie ekipoei: ezohiko funtzionamenduaren ondorioz ekipoa ez sukartzea, elektrizitate-erpinak jasatea, azalera isolatzailea izatea eta aginteak eta estalkia erresistentzia handikoak izatea. Bederatzi laginak seguruak badira ere, Pinpon markakoak ez du froga gainditu segurtasun oharrak ingelesez bakarrik agertzen direlako.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto