Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Bananazko eta txokolatezko barratxo energetikoak: zortzi lagin aztertu dira: Kaloriak eta nutrienteak, kirolean eginiko esfortzutik suspertzeko

Irregulartasunik ere baden arren, denek betetzen dute beren lana. Deigarria: lagin merkeena da dastatzaileen gustukoena

Zortzi barratxo energetiko aztertu dira oraingoan, horietako lau txokolatedunak eta gainerakoak bananazkoak. Pisu eta prezioetan alde handiak daude batzuk eta besteen artean: 35 gramotik 80 gramoraino eta, kiloko, 12,50 eurotik (Aptonia txokolatezkoa) ia 38 euroraino (Enervit txokolatezkoa). Kirolean bizi dihardutenek hartzeko diseinatuak daudela (jende arruntarentzat energetikoegi gertatzen dira eta, gainera, kirol-produktuetan espezializatutako establezimenduetan ia bakarrik daude salgai), kirol ariketaren ondoren suspertzen eta bertan eginiko gastua konpentsatzen laguntzen dute barratxook.

Laginen osaketa nutrizionala ere arras aldatzen da, batetik bestera: karbohidratoak produktu osoaren %60etik %77raino doaz; gantza, %3tik (Power Bar txokolatezkoa) %24raino (Aptonia txokolatezkoa); proteina, %4tik % 15eraino eta ekarpen energetikoa, ehun gramoko, 370 kaloriatik hasi eta 490 kaloriaraino. Kontua, ordea, ez da amaitzen makronutrienteetan: azterketa kimikoak erakutsi zuenez, Enervit markako bi laginetan egiazko bitamina edukia etiketan adierazitakoa baino dezente txikiagoa da, Energy Cake markako bi laginak dira bitamina erantsia ez dutenak eta, beste aldetik, Power Bar laginak 10 bitamina diferente gehitu dizkio produktuari.

Azterketa mikrobiologikoak agertu zuenez, Enervit bananazkoa ez ezik (lizunei dagokienez, legeak xedaturiko muga gainditzen dituelako, irregulartasun hau arina bada ere) barratxo denak egoera higieniko-sanitario egokian daude. Transgenikoak atzemateko berariazko azterketak, berriz,  barratxo hauek horrelakorik ez daukatela egiaztatu du.

Dastatze proban, 7,2 puntuz, Aptonia lagina (txokolatezkoa) nabarmendu da eta Power Bar txokolatezkoak kalifikazio kaskarrena eraman du (3,5 puntu baino ez), epaileren bat atsekabetu duelarik. Bananazkoetan bakarra nabarmendu zen (eta ez goitik, gainera) Power Bar: 4 puntu.

Kalitatea eta prezioaren erlazio egokiena Aptonia markako txokolatezkoek erakutsi dute: denetan merkeena ez ezik, (12,50 euro kiloko; gainerako zazpien batez besteko kostua 30 eurotik gora doa) kontsumitzaileei gehien gustatu zaiena da. Egiari zor, gainerakoek baino gantz gehiago dauka (edukiaren %23,5, gainerako zazpien batez bestekoa %12 delarik) eta denetan energetikoena da (ia 490 kaloria ehun gramoko; besteen batenaz bestekoa, berriz, hori baino %18 gutxiago) baina hori onartzeko modukoa da horrelako elikagai batean. Bananazkoetan aukera polita Isostar laginak ematen du.

Osaketa nutrizionala

Kirolarientzat berariaz diseinaturiko produktu hauek, esfortzu luze edo bizia egin bitartean eta ondoren hartu izan diren gaileta, fruta, txokolate eta fruitu lehorren ordezko izan daitezke. Bestela esateko, premian dagoenean, organismoari energia eta nutrienteak oparo emateko modu azkar eta erosoa da.

Barratxoon osagaiak lagin batetik bestera biziki aldatzen badira ere, denetan ugarienak dira laboreak (zahi, arroz, arto, gari, olo-krispetak), fruta eta fruitu lehorrak, azukrea, eztia, laktosa eta bestelako esne-osagaiak, esne-hautsa eta txokolatea. Fabrikatzaile batzuek produktuari esne- edo landare-proteina (soja, adibidez), bitamina eta mineralak gehitzen dizkiote.

Zortzi barratxoak arras energetikoak dira, karbohidrato ugari daukate-eta. Power Bar markako bi laginak (370 kaloria ehun gramoko) arinenak dira alderdi honetan eta Aptonia txokolatezkoak kaloria gehien dauzka (488 kal. 100 gramoko). Barratxo hauen hezetasuna (ur edukia) hutsaren hurrena da: guztirako edukiaren %5,2 (Aptonia) eta % 11% (Energy Cake bananazkoa) bitartean dabil.

Karbohidratoak ugarien

Barratxoek dauzkaten karbohidratoen iturri dira bai laboreak (karbohidrato konplexuak) baita sakarosa eta bestelako azukre soilak ere (fruktosa, laktosa eta glukosa-xarabea). Produktuari eztia, karamelua, esne kondentsatua (esnea eta azukrea), fruta pusketatxoak edo fruta lehortuak eransten bazaizkio azukreen edukia areagotu egiten da. Azterketa honetan, bananazko barratxoek (%72, batez beste) txokolatezkoek (%63) baino karbohidrato gehiago dauzkate, oro har, baina, halaz ere, bananazko batek (Energy Cake, %65) txokolatezko batek (Power Bar, %70) baino gutxiago dauka.

Gantzaz ari garela, Energy Cake eta Aptonia txokolatezkoak nabarmendu dira, osagai horren presentzia %20tik gorakoa baita; gantz urrienekoak, berriz, Power Bar laginak dira (%4 eskas). Txokolatezko barratxoetan gantzen ia erdiak aseak da (osasunari mesede gutxien egiten diotenak). Bananazkoetan, aitzitik, aldeak biziak dira: Isostar lagineko gantzaren %80 asea delarik, Enervit eta Energy Cake laginetan proportzio hori %60 inguruan dabil eta, areago, Power Bar laginean, %23raino jaitsi da. Dena den, gantz asearen proportzio horiek guztirako gantzarekikoak dira: gantz ase gehien dauzkaten barratxoak Energy Cake markako biak eta Aptonia txokolatezkoa dira (11 gramo inguru, elikagaiaren ehun gramoko); gutxien daukatenak, berriz, Power Bar markako biak: 2 gramo baino gutxiago, 100 gramoko.

Proteina gehien dituzten barratxoak Power Bar markakoak dira (edukiaren %14 baino gehiago); beste muturrean bananazkoak agertzen dira: Energy Cake (%5), Enervit (%4,6) eta Isostar (%3,9).

Bitaminak

Fabrikatzaileek barratxoei bitaminak (azterturiko zortzietatik seiri) eta mineralak (hiruri) erantsi dizkiete. Elikagaietatik energia erdiesteko xedez gure organismoak betetzen dituen prozesuetan, nutrienteen aprobetxamenduan esku hartzen dute bitamina horiek. Eginkizun horiek berebiziko garrantzia dute energi xahuketa handiko egokieretan. Azterketak egiaztatu duenez, bitamina gehien dauzkaten barratxoak Power Bar markako biak dira: C bitamina, tiamina, riboflabina, niazina, azido pantotenikoa, piridoxina, azido folikoa, B12 bitamina, biotina eta E bitamina erantsi zaizkienez, barratxo horietatik 100 gramo kontsumitzen bada, bitamina denetan (batean izan ezik: B1 edo tiaminan) aholkatzen den eguneko kopuruaren beharra asetzen da. Zerrendako beste muturrean Energy Cake barratxoak daude: ez daukate ez bitamina ez mineral erantsirik.

Nutrizio alorreko adituek diotenez, barratxo hauek eta nutriente ugariz aberastutako bestelako elikagaietatik gehiegi edo kaotikoki kontsumitzea kaltegarri izan daiteke, fabrikatzaileak aholkatzen duen kopurua gaindituz gero. Bitamina askotan ditugun premiak (egunean aholkatzen diren kopuruetan) barratxo horietako batek ase ditzakeen arren, bitamina eta gainerako horiek dieta orekatua hartuz eskura ditzakegu, era osasungarriagoan, gainera.

Fabrikatzaileak ez du produktua aberasten bitamina bakoitza bereiz gehituz; aitzitik, ordea, nahi diren kopuruetan bitaminak dauzkan produktua eransten diote. Barratxo batean bitamina bat edo gehiagotan defizitik hautematekotan, ohikoena da erantsitako bitamina gehienetan edo guztietan agertzea: litekeena da erantsitako produktu hori eranstean aurreikusitakoa baino gutxiago gehitu izana. Horixe gertatuko zitzaien, seguruenik, Enervit markako bi laginei: erantsitako bitamina guztiak, bat izan ezik (niazina, txokolatezko barratxoan), ontzian adierazitako proportzioan baino urriago agertu dira azterketan. Power Bar barratxoetan ere atzeman da adierazitakoa baino eduki urriagoa: txokolatezko barratxoan, hiru bitaminarekin gertatu da hori; bananazkoen, bi bitaminarekin. Aptonia markako biak eta Isostar bananazkoa etiketan adierazten denarekin bat datoz eta, areago, bitamina kopuru horien gainetik dabiltza.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto