Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Toxoplasmosia: Xapi, katua!

Katuek batik bat transmititzen duten gaixotasun honen aurrean emakume haurdunak dira arrisku gehien dutenak

Haurdun dagoen emakumeari maizen ematen zaion aholkua katu tartetik urrun ibil dadin izaten da, felidoek gizakiari toxoplasmosia kutsa diezaiokete-eta. Mundu zabalean dezente hedatua dagoen gaitz hau Toxoplasma gondii izeneko organismo mikroskopikoak kutsatzen dio populazioaren %20 - 80ri (gune geografikoen arabera portzentajeak biziki aldatzen diren arren). Toxoplasma horrek zelula-barneko bizkarroi gisa dihardu bizi osorako felidoetan (katuarengan, bereziki), gizaki, gainerako ugaztun eta hegaztiak tarteko maizter gisa direlarik. Horrek esan nahi du mikroorganismoaren ziklo osoa felidoen hesteetan bakarrik betetzen dela; horrela, ziklo horretako etapa batean hurrengo belaunaldiko parasitoak sortu eta gorotzetan kanporatuko ditu katuak. Aire zabalean toxoplasma horiek urtebete iraungo dutenez, gainerako animaliak eta, noski, gizakia ere kutsa dezakete.

Haur txikiaren osasuna

Gaitzaren arazo behinena, haurdunarengan eraginik izatekotan, barruan daraman haur txikiaren osasuna arriskutan ipintzea da. Emakume haurdunak estreinakoz toxoplasmosia nozitzean, gaixotasuna umekiari transmititzeko aukerak %40 dira. Dena den, ume txikiak gaitza nozitzeko daukan arriskua eta haren larritasuna haurdunaldiaren ezaugarrien arabera aldatuz doa. Lehen hiruhilekoan jazotzen bada, fetuen %15 gaixotzen dira; bigarren hiruhilekoan, %30 eta hiruhilekoan izanez gero, berriz, %60. Era berean, infekzioa haurdunaldiaren hasieratik zenbat eta hurbilago gertatu, orduan eta larriagoak izango dira haur txikiak nozi ditzakeen ondorioak.

Horregatik, haurdun dagoenari hainbat proba egingo zaizkio gaitza nozitu duen, pairatzen ari den edo zeharo ezezagun duen ikertzeko. Emakumea lehenago gaixotu bada immunizatuta dago eta, horrenbestez, haurtxoarentzat ez dago arriskurik, amaren antigorputzak babesle dituelako. Ama infektaturik baldin badago, tratamendua aplikatuko zaio, umekia ere infektatua dagoen aztertzeko. Eta amak oraindik nozitu ez badu, kutsatzeari saihets egiteko neurriak hartu beharko ditu: katuak ez ukitzea edota gutxi eginiko haragia ez jatea,. adibidez.

Toxoplasmosia hainbat modutan erants dakioke gizakiari

  • Okela gordin edo gutxi egina jatearren.
  • Katu gorotzekiko -edo hauekin kontaktuan egon diren produktuekiko- kontaktu bidez. Infektaturik dagoen katua, orokorki, osasuntsu agertzen da, itxuraz. Infekzioa askoz ere maizago gertatzen da baserrian kalean baino, zer jaten duten kontrolatzea ezinezkoa baita.
  • Amarengandik umekira igaro daiteke, plazentan barrena.
  • Bakanagoak gertatzen dira bestelako kutsatzeak: transfusioak, transplanteak...

Sintoma gutxi

 Pertsona kutsatzen denean, eskuarki, infekzioak sintoma gutxi agertzen ditu: sukar arina, ondoeza, burukomina, muskuluak minberatuta, lepoaldeko ganglio linfatikoen tamaina eta gogortasuna areagotzea, etc. Kasu gehienetan besterik gabe igarotzen da gaixotasuna. Hori gainditutakoan, gaitza nozitu duen pertsonak ez du pairatuko berriro.

Defentsak baxu dauzkan paziente inmuno-deprimituaren baitan, aldiz, gaixotasun honek ondorio larriak izan ditzake: garuneko edo erretinako toxoplasmosiak, adibidez. Dena den, sortzetiko gaitza da larriena.

Haurdunaldian barrenako infekzio akutuaren zoldura fetalaren arriskua %40 - %50ekoa da eta, kasu horietatik, %10ek malformazio larriak edo heriotza fetala nozituko dute. Ondorioak harik eta larriagoak dira lehen hiruhilekoan jazoz gero. Baliteke haurra normal jaiotzea, baina ondore berankorrak -koriorretinitis edo begietako infekzioa, atzerapen mentala, mikrozefalia, gorreria, etc- pairatzeko arriskua du. Baliteke, era berean, anemia, ikterizia, hepatoesplenomegalia (gibela eta barea handitzea), larruazaleko erupzioak eta bestelakoak ere agertzea.

Sortzetiko infekzioaren prebentziorik eraginkorrena haurdunaldia hasi aurretik ekitea da. Horretarako, dagoeneko haurdun dagoen edo umea ekarri nahi duen amaren osasun-egoeraren berri zehatza gaztigatuko duten proba serologiko (odol-azterketa) batzuk egin behar dira: gaixotasuna nozitu duelako immune den, pairatzen ari den edo oraino jasan ez duen, alegia.

Tratamendua

Amaren infekzio aktiboa berresten bada, umekia ere infektatua ote dagoen aztertzea da hurrengo urratsa: hori, jaiotza aurretiko proba jakin batzuk (amniozentesi eta ekografiaren bidez) eginez egiazta daiteke. Fetua infektatua dagoela susmatuz gero, ama pirimetamina eta sulfadiazina izeneko botikekin tratatuko dute. Umekia oraino infektatu gabe badago, amari espiramizinazko tratamendua ezarriko zaio. Jaioberriei eta infektatuak dauden haurtxoei (are sintomarik gabe jaio direnei) pirimetamina eta sulfadiazinazko tratamendua aplikatu behar zaie bizitzako lehen urte osoan eta, kasu zenbaitetan, geroago ere. 

Gaitzak sintomarik azaleratu ohi ez duenez, oso litekeena da infektatuak dauden haurtxo gehientsuenei tratamendurik ez jartzea. Zenbaitetan gaixotasuna ez da hautematen begietako zoldura edo bestelako arazorik agertu arte, umea jaio denetik hilabete edo urte batzuetara, alegia. Hori gerta ez dadin, toxoplasmosia diagnostikatua duen amaren umeari hainbat diagnosi proba egin dakizkion aholkatzen dute adituek, txikia ere dagoeneko infektatua dagoen aztertu eta, horrela izatekotan, tratamendu egokia ipintzeko.

Prebentzioa

Toxoplasmosiarekin inongo kontakturik izan ez duen amak ez dauzka organismoan antigorputz ibiltariak eta, horrenbestez, haurdunaldian gaixotasuna erants dakioke. Herrialde garatu zenbaitetan, ama izateko adinean dauden emakumeen %80ek ez du behin ere nozitu toxoplasmosirik. Horrelakoetan prebentzioa funtsezkoa da. Hona hemen emakume haurdunentzako aholku mordoska bat:

  • Ez ukitu katurik, alde egiezu.
  • Etxean katua baduzu, ez eman jatera okela gordin edo gutxi eginik.
  • Eduki katua etxe barruan, karraskari edo hegaztirik harrapa ez dezan.
  • Ez ezazu garbitu, ez hustu, katuak eginkarietarako erabiltzen duen kaxa. Nolanahi ere, kaxa hori egunero hustu beharra dago, gorotzetako bizkarroiak ez baitira infekzioso bihurtzen lehen 24 orduak igaro arte.
  • Ez ukitu katuak eginkarietarako erabiltzen duen hondar edo harea.
  • Jan ezazu okela egin-egina. Okela, atal eta bazter guztietan 70º C-tara iritsi eta kolore gorri ilun edo marroia hartu arte eduki behar da sutan.
  • Haragi gordinarekin ibili ondoren, garbi itzazu eskuak ur eta xaboiarekin; ez ukitu hatzekin begiak, sudurra edo ahoa.
  • Haragi gordin, edo garbitu gabeko fruta nahiz barazkiekin ibili ondoren, garbi itzazu sukaldeko trangaderak, laneko gainak eta tresna guztiak ur bero eta xaboiarekin.
  • Kontsumitu aurretik, garbitu ondo-ondo fruta eta ortuari guztiak.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto