Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Intsektuak: Bizi-berme ñimiñoa

Europar Batasunean, espainiar estatuan eta autonomi erkidegoetan emaniko arauek intsektuak babesten dituzte, beraiek baitira animali erresumaren osagai ugarien eta anitzena ez ezik, bioaniztasunaren funtsezko atala orobat

Intsektuak desagertuko balira bizia ere berehala suntsituko litzateke planeta honetan. Senez edo, animalia horiek ñimiño, ezdeus, higuingarritzat jotzen ditugun arren, gure ekosistemetan bizi-prozesuen jarraikortasuna horien presentziak bermatzen du: horregatik, harrigarria gertatzen bada ere, intsektuak aldez edo moldez babesteko hamaikatxo arau moldatu dituzte legegileek.

Animalia multzo honen alde egin duen Europar Batasunaren arteztarau nagusia "Habitat naturalak, fauna eta flora kontserbatzeko 92/43/CEE)" izenekoa den arren, Espainian dauden 50.000 intsektu espezieetatik testuak 21 baizik ez du jasotzen. Espainiako Ingurugiro Ministerioak, Natura Babesteko 4/89 Legeak xedatutakoarekin bat, babesturiko espezieen katalogoa eman du argitara; bertan 28 motatako intsektuak biltzen dira, lau amenazo-mailaren arabera sailkatuak. Autonomi erkidego zenbaitek, bere aldetik, fauna babesteko beren katalogoetan hainbat intsektu espezie jaso dituzte edo jasotzen ari dira.

Legeria, eskas

Egon, berariazko legeria badagoen arren, intsektuen babespena ez da oraingoz inondik ere asebetetzeko modukoa, ingurugiro politikez ari garela, Espainiako Entomologia Elkarteak (AeE) eta Alacanteko Unibertsitateko Bioaniztasunaren Zentro Iberoamerikarrak adierazi duten bezala: erakunde horien arabera, alferrikako neurria da espezie bat babestea berak bizitoki duen habitata kutsatzen edo suntsitzen segitzen dugun bitartean.

 Lurreko erabileren transformazioa, nekazaritzak pestizidak masiboki baliatzea, hainbat landare-espezie dirua irabazteko asmo hutsez (inolako irizpide zientifikorik gabe) biltzea, bildumak osatzeko xedez animaliak isilpean harrapatzea, ingurunera hondakin solidoak jaurtitzea, azaleko zein lurpeko ura kutsatzea eta antzeko jarduerak sorrarazten ari diren oreka larriak ornogabeen espezie batzuk suntsitu eta beste batzuen ugalketa izugarria ondorioztatu du.

Aipatu europar arteztarau horrek babespen-alorrean ez du intsektu polinizatzaile bakar bat ere jaso (nahiz horrelakoak funtsezkoak diren lore eta landareen hedapen prozesuetan), ezta urtero-urtero Europa eta Afrikaren arteko bidaia egiten duten milioika intsektu horiek, ezta ekosistema mediterraneoaren bereizgarri diren intsektu guztietatik bat bera ere... Nolanahi ere, Europako herrialde zenbaitek osatu dituzten intsektu-multzo nabarmen -tximeletak, burruntziak- batzuen zerrendetan babestu beharreko espezie asko jaso dituzte.

27.000 espezie, suntsituta

Zientifikoek dagoeneko milioi bat espezietik gora identifikatu eta sailkatu dituzte, hots, ezagun ditugun izaki bizidun guztien %75, gutxi gorabehera. Egiazko aniztasuna, dena den, dezente handiagoa da. Zientifikoen komunitatearen iritziz, 10 - 30 milioi intsektu espezie dira munduan katalogatzeko, oraino zona tropikal askotako bioaniztasun ugari-ugaria hein handi batean ezagun ez delako. Animalia espezie berrien aurkikuntzaren erritmoa, egun, 15.000 inguruan dabil; horien %62 intsektuak dira eta horien laurden bat, gutxienez, koleopteroak (kakalardoak). Espainian, arreta handiz aztertu eta jorraturiko herrialdea den arren, entomologoek hogei bat espezie berri aurkitzen dituzte urtero.

Intsektu mota berrien agerpena etengabea den arren, suntsipen erritmoa harik eta biziagoa da, arras biziagoa ere: gaur egun hiru intsektu mota desagertzen ari da orduko, hots, 27.000 espezie urtearen buruan. Hori dela eta, AeE elkarteak ezinbestekotzat jo du pentsamoldez aldatzea eta erakundeek alor horretara aurrekontu-atalik bideratzea, aniztasun entomologikoa aztertu eta artatzeko ardura duten pertsonei beharrezkoak diren bitartekoak eskaintzeko.

Zergatik dira horren garrantzitsuak?

Planetan honetan bizi diren animalia zaharrenak izaki, egun forma gehien dituen animali multzoa intsektuek osatzen dute. Horrek, bistan da, intsektuek gainerako animaliek baina ingurunera eraginkortasun handiagoz egokitzen asmatu dutela esan nahi du. Lurreko ez ezik, laku eta ur-latsetako ekosistemetan gertatzen diren prozesu ekologiko gehien-gehienetan parte hartzen dute intsektuek. Intsektuen esku hartze horretan datza, hain zuzen, Lurreko landare-biomasaren %20aren birziklatzea; intsektua, era berean, hildako animalien eta gorotzen desintegratzaile behinena da. Ez dezagun ahantz, noski, landareen %60ren polinizazioa (bizirik irauteko ezinbestekoa) intsektuen ardurapekoa dela.

 Ikuspegi zientifikotik, aurkikuntza ugari egiteko baliatu izan dira intsektuak. Ezagutza genetiko asko eta asko, adibidez, Drosophila euliari zor zaizkio; sexuaren determinatzaile den X kromosoma zimitz (heteroptero) baten bidez identifikatu zen; espezie zenbait ekosistemaren osasun egoeraren bio-adierazle dira eta, horrez gainera, aurkitzeko dauden botika askoren balizko iturri dira. Giza jarduera ekonomiko batzuetan ere oinarrizkoa da intsektua, hala nola eztigintzan, nekazaritzako hainbat prozesutan -erlamandoek eginiko polinizazioari esker negutegietako ekoizpena ugaltzen da- eta intsektu asko laborantzan kaltegarri diren espezie zenbaiten egiazko kontrolatzaile eraginkorrak dira. Ez da harritzeko kontua, horrenbestez, antzinako zibilizazio batzuetan (naturarekin harreman estuan bizi baitziren) intsektu mota zenbait ikur gisa edukitzea, are jainkotzat hartzeraino iristea ere.

Espainia, intsektuen paradisu

Espainiak Europako bioaniztasunik ugariena dauka, baita intsektuei dagokienean ere: herrialde horretan bizi diren espezieen kopurua Mediterranear Arro osoko aberastasunaren %30eraino iristen da, hots, 50.000 intsektu espezie bizi dira iberiar penintsulan, Balear eta Kanariar uharteetan eta, gainera, espezie horietatik asko eta asko ekosistema espainiarretan bakarrik dira. Espainiakoak diren intsektu espezie babestuetatik pinu gorri eta larizioetan bizi den Graellsia isabelae tximeleta gautarra nabarmendu beharra dago. Aspaldiko partez AeE, CIBIO eta Espainiako Ingurugiro Ministerioko Bioaniztasunaren Zuzendaritza Nagusia elkarlanean dabiltza, natur ondare garrantzitsu horren defentsan. Elkarlan horretatik jalgi da, adibidez, "Espainiar ornogabeen liburu gorria". Idazlan horretan, Espainian babespen zorrotza izan beharko luketen 142 artropodo (horietatik, 135 intsektu) agertzen dira. CIBIO erakundearen iritziz, intsektu horien etorkizuneko babespena Ministerio horren eta autonomi erkidegoen ekimenak baldintzatuko du.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto