Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

Buletinak

| Utzi | Aukerak |

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kanal honetako atalak: Haurrak


Kanal honetako atalak: Brikolajea


Kanal honetako atalak: Maskotak

EROSKIren edukiak

Karbono Aztarna

Parte hartu eta informatu, kalkulatu zure CO2 aztarna, partekatu emisioak murrizteko trikimailuak… Martxan gaude beroketa globala 2ºC-tik behera mantentzeko.

Kanpaina ikusi

Hizkuntza aldatu

Beste baliabide batzuk

  • beste pertsona bati bidali

Urteko Tasa Baliokidea: Konparatzea komeni denean

Mailegua edo aurrezki-fondoa kontratatzean, interesak baino areago, UTB eta letra txikia erkatu behar dira

Ba al dakizu zer den mailegu baten UTB? Gaiaz zerbait jakitea komeniko zaizu, seguruenik, kreditua eskatu behar baduzu edo inbertsio fondorik kontratatzeko bazaude, finantza erakundeetan datu horixe emango baitizute eskaintza batzuk eta besteen artean alderatu ahal izan dezazun. Gauzak arras soilduz, baliteke %2,5 interes nominaleko hipoteka-mailegu bat %3ko interesdun beste bat baino garestiago gertatzea, lehena hartzeko komisioak bigarrenekoak baino handiagoak badira. Aurrezki produktuen edo maileguen errentagarritasuna neurtzen duen UTB horri esker, konparazioa erraztu eta hobeki osaturiko informazioa eskura daiteke. Teorian, bederen, banka-produktu batzuen artean dauden txanpon-alorreko aldeak aztertzeko dagoen adierazlerik objektiboena da UTB (urteko tasa baliokidea edo urteko tasa benetakoa),  honelako produktuetan sartzen diren kontzeptu gehienak (irekierako komisioa, eragiketa amaitzeagatikoa, etc.) jasotzen baitira nozio horretan.

Datu hori finantza erakundeek publizitate orritxo eta kanpainetan erakutsi behar dute nahitaez Espainian: 1990 urteaz geroztik Espainiako Bankuak agindua die finantza erakundeei indize horren berri eman dezaten, horrelaxe baitago arautua "Eragiketen gardentasuna eta bezeroaren babesa" emaniko 8/1990 arauan. Areago, aurrezki produktuetan ere, banku eta kutxek iragarritako produktuaren bidez lor daitekeen interesa adieraziko duen adibide bat gutxienez eman behar dute ezinbestean. Dena den, mailegu edo deposituen UTB hori konparatzeko unean ere erne ibilki beharra dago.

Nola kalkulatzen den

UTB portzentajea kalkulatzeko, Espainiako Bankuaren arautegiaren arabera ezarritako formula matematiko jakin bat aplikatu beharra dago. Formula horretan sartzen dira interes tasa edo interes nominala (interesak ordaintzean ematen den diruaren portzentajea), irekierako komisioa, azterketakoa, (zati baten eta erabateko) kitapenekoa, eta hipoteka edo inbertsioak iraungo duen urte kopurua, aukeratutako produktuaren arabera. Maileguen batez besteko UTBn zerrenda argitara emateko ardura ere Espainiako Bankuarena da. Esate baterako, datu hori hipoteka-kredituetan %2,46 zen eta kontsumorako maileguetan, berriz, %8,34, 2005eko abendua ixtean.

Letra txikia

Espainiako Bankuak xedatua duenez, hipoteka-kreditu baten UTBk kontsumitzaileak finantza erakundeari ordaintzen dizkion gastuak bakarrik jasotzen ditu, kredituaren egiazko kostua dezente garestitzen duten gainerako kontzeptuak kanpo geratzen direlarik. Besteak beste, hurrengo gastuak ez dira UTBn biltzen:

  • Etxebizitzaren tasazioa
  • Notarioaren lansariak
  • Gestoriako gastuak
  • Erakundeek agindutako aseguru-polizak (bizitzakoa, etxebizitzakoa, etab)

 Inbertsio fondoez ari garela, letra txikia irakurri eta depositua berriztagarria den edo ez den azaltzen duen arretaz aztertu beharra dago. Berriztagarria bada, interesei dagokien kopurua depositu horretan berrinbertituko da baina berriztagarria ez bada -honelakoak dira gehienetan-, kontrataturiko produktuak baino UTB apalagoa duen kontu batean sartuko dira interesak. Irabazkin horiek, beste aldetik, bezeroak errenta aitorpenean -kapitalengatiko mozkinen atalean, zehazki- azaldu behar dituenez, azkenean produktu horrengatik egiaz jasoko dituen mozkinak publizitatean agindutakoa baino urriagoak izango dira.

Hobeki konparatu ahal izatek...

Hipoteka-kreditu zein mailegu pertsonaletara jo beharra ohiko kontua denez, hiritar xeheak UTBrekin aurrez aurre egingo du topo orain edo geroago. Alderaketa errazteko, hurrengo aholkuak aintzat hartzea komeni izaten da:

  • Interes finkodun eta interes aldakorreko maileguen UTBak elkarrekin ez konparatzea aholkatzen du Espainiako Bankuak: bigarrenekoa UTB teoriko hutsa izango da beti, erreferentziako indizearen bilakaera nolakoa izango den jakiterik ez baitago. Interes finkoko maileguan, berriz, indize horren arabera aukeratzea kontu erraza da.
  • UTB epe bereko maileguak bakarrik erkatzeko bakar-bakarrik baliatzea komeni da, epe baterako edo beste baterako izan, komisioak berak ere aldatzen direlako.
  • Mailegu pertsonal baten eta hipoteka-mailegu baten UTBak ez dira elkarrekin konparatzeko egokiak, bigarrenak legezko UTBn sartzen ez diren gastu gehiago dituelako, hala notarioarenak, derrigorrezko aseguruak, tasazioa, gestoriako gastuak, etab.

Adibide bat

A erakundeak hipoteka eskaintzen du, interes finko nominala %5,77 eta UTB %5,80 izanik; B erakundeak ere hipotekaren eskaintza egin du, interes nominala %5,6 eta UTB %6,14 izaki. Zertan da UTB interes tipoen arteko aldea? A erakundeak hipoteka mailegua komisiorik gabe (ez irekierakorik, ez azterketakorik, ez kitapenekorik) eskaini du; B erakundeko hipotekaren irekierako komisioa %1ekoa da eta erabateko kitapenekoa, berriz, %2koa. Lehenaren interes nominala handiagoa izanik eta -inork uste izan lezake- ordaindu beharreko interesak handiagoak omen diren arren, UTB apalagoa da. A erakundeko mailegua kontratatzen duenak gutxiago ordainduko du. Esate baterako, 120.000 euro 15 urterako hipotekan hartzean, A erakundeko bezeroak hilean 999,71 euro ordainduko lituzke eta B erakundekoak 1.021,73 euro. Hamabosgarren urterako, guztirako aldea 3.963 euro izango da.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du


Orrialde honen baliabideak



Orri honen balidazioak

  • : W3C-WAIren Web 1.0 Edukirako Irisgarritasun Jarraibideak 'A-hirukoitza' mailarekin betetzen dituela adierazten du
  • XHTML: W3Ck dokumentu hau XHTML 1.1 zuzena dela baiztatzen du
  • CSS: W3Ck dokumentu hau CSS zuzena erabiltzen duela baiztatzen du
  • RSS: feedvalidator.org-k gure RSS jarioak zuzenak direla baiztatzen du