Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Telebista-grabagailu digitalak: VHS baino askoz ere hobeak

Erabiltzeko soil eta erosoak izaki, telebista-grabagailu digitalek atzenean VHS bideo analogikoak ordezkatuko dituzte

 Telebista aurrean esertzean kateak eskaintzen ari direnen aukera murrizteko beharrik izan gabe, telesaioak grabatzeko bitartekorik erabiliena VHS bideoa dugu, oraindik ere. Bideo analogiko horien ordezkoek -telebista-grabagailu digitalek-, tamaina handiko VHS zinta zaharrak baliatu ordez, grabatutakoa DVD diskoetan edo beren barne-disko gogorrean metatzen dute. Bideo digital horietan irudi kalitatea hobea izan daiteke, erabiltzeko eta programatzeko errazagoak dira, zintari atzera emate aspergarriaren amaiera ekarri dute (iragarkiak ez ikusteko, grabazioko une jakin batera iristea eroso-erosoa da) eta hainbat funtzio berri daukate, hala nola "pausa zuzenean": horri esker, adibidez, oraindik bukaeraraino erabat grabatua ez dagoen saioaren erreprodukzioari ekin dakioke.

Laborategian zortzi telebista-grabagailu digital aztertu dira; horien prezioak 249 eurotik (Pioneer DVR-320S) 812 eurora (Panasonic DVR-E95H) doaz. Zortziek ere telebistak emititzen duena DVD diskoan grabatzen duten arren, erdiek bakarrik grabatzen dute, aldi berean, barne-disko gogorrean (lau laginetan ere, disko horrek 160 gigabyteko edukiera du); disko gogorraz hornitutakoen prezioak besteenen halako bi dira. Telebista saioak grabatzeaz gainera bideo-kamera edo VHS zinta baten edukia "DVD formatura pasa dezakete". DVD disko baten kopia egitea teorikoki posible bada ere, erosi edo alokaturiko disko gehien-gehienak zifratuak ohi daude, bikoizketa galarazteko.

Disko gogorra daukatenetatik kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena LG RH7800 laginak ematen du: erabilera proban bigarren hoberena izaki, DVD+R eta DVD-R sistemetan berdin-berdin grabatu eta birgrabatzen du, geruza bikoitzeko diskoak onartzen ditu (hauek bestelakoak baino bi aldiz datu gehiago gordetzeko gauza dira) eta, gainera, Divx formatuan (MPEG4 gisa ere ezaguna: horixe da Interneten trukatzen diren filmean baliatzen den bideo sistema ohikoa) irakur dezake. Disko gogorrik ez daukatenetan Panasonic DMR-ES10 lagina erabilera proban nabarmendu zen.

Ekipo hauen tamaina VHS baten parekoa da; disko gogorraz hornitutakoen elektrizitate kontsumoa handiagoa da: Sony, denetan "jatunena", 53 W-taraino iristen da; Panasonic DMR-ES10, beste muturrean, 23 W-tan ohi dabil.

Formatuak

Hiru DVD formatu grabagarri ditugu: DVD-R, DVD+R eta DVD-RAM, alegia; aurreneko biak egun lehiakide biziak dira eta hirugarrena, dagoeneko, kasik ez da erabiltzen. Etiketan "RW" agertzeak ("R" soil baten ordez) disko birgrabagarriak (behin baino gehiagotan baliatzeko modukoak) onartzen dituela adierazten du. LG eta Sony laginek "+" eta "-" formatuetan grabatzen dute. Panasonic DMR-ES10 laginak "-" birgrabatu eta "+" grabatzen du; "RAM", Samsung eta JVC laginek, aldiz, "-" formatuan birgrabatu eta "RAM" formatuan grabatzen dute. Pioneer markako biek "-" moduan bakarrik grabatzen dute. Lagin denetan kaskarrena, inondik ere, Panasonic DMR-E95H da: "-" forman bakarrik grabatzen duenez grabazio bakoitzean estreinatu gabeko DVD birjina erabili behar da. Bai "+" , bai "-" formatua geruza bikoitzekoak izan daitezke; gogoan izan, horrelakoen datu-edukiera ere ia bikoitza dela. Pioneer markako biek eta Samsung laginak geruza bikoitzeko diskoan grabatzea onartzen ez dutenez (bai, ordea, erreproduzitzea), DVD bakoitzeko eskaintzen duten bi ordu eta erdiko kalitate normaleko hori motz gertatzen da, telebistak (iragarpen eta guzti) emaniko film bat grabatu nahi denean.

Grabazio formatuek ez dute inongo loturarik grabazioen iraupenarekin. DVD batean 4,7 gigabyte (Gb) sartzen dira, geruza bakarrekoa denean (oraino hauek dira ohikoenak) eta 8,5 Gb geruza bikoitzekoetan. Grabazio digitalak kalitatea erabilgarri daukan espazioaren arabera egokitzeko aukera ematen duenez, baliteke irudiek kalitaterik galtzea, grabazio-minutu zenbait gehiago izatearren. Bideo-grabagailu batek bi "giga" orduko behar ditu, kalitate hobezinean; beraz, geruza bakarreko DVD diskoan bi ordu eta erdi baino gutxixeago sartzen da eta 160 GB-eko disko gogorrean, berriz, (hemen aztertu ditugunak horrelakoak dira) 80 ordu aise sartzen dira.

Dena den, grabazio-denbora luzatzearen truk, zein neurritaraino murritz dezake bideo digitalak grabazio kalitatea? Pioneer laginetan 13 orduraino sartzen dira DVD bakoitzeko; gainerakoetan, 6 - 8 ordu (geruza bakarreko diskoak baliatzen direnean). Beren barne-diskoan grabatzen duten aparatu gehienak muga horietan dabiltza, hots, 30 ordu kalitate hobezinean eta 285 ordu gutxieneko kalitatean. Pioneer da horretan ere aukera hoberenekoa: 23 ordutatik 455 ordutara.

Ohiko DVDetan ez ezik Divx formatuan ere erreproduzitzen dituzte bideo artxiboak Samsung eta LG laginek. Zortzi bideo-grabagailuek CD konbentzionalak, audioko MP3 artxiboak (LG eta Pioneer markako bi laginek WMA ere onartzen dute) eta JPEG formatuko argazkiak (Panasonic markakoek, TIFF ere bai) irakurtzen dituzte. Panasonic DMR-E95H laginak SD eta PCMCIA txartelen irakurgailu baliagarria dakar; berari esker, kamera digitaleko argazkiak ikus daitezke, adibidez.

Funtzioak

  DVD grabagailu bakar batek ez dauka lurreko telebista digitala (LTD) sintonizatzeko aukerarik; horren ordez, analogikoa bakarrik daukate. Pioneer eta Sony laginak dira funtzio gehien dituztenak, aldibereko grabazio eta erreprodukzioa barne (saio bat ikusten den bitartean beste bat grabatzeko aukera ematen du funtzio horrek). Baliagarria da hori, esate baterako, telebistan saio interesgarri bat ikusten ari garelarik, une batez alde egin behar dugunean, irudia "izozteko" -grabatzen hasteko-; ondoren, ikusleak nahi duenean, berriro hartzeko aukera emango du, grabazioa amaitu arte itxaron gabe: horri "jazarpen-erreprodukzio" deritzo. Beste aldetik, ShowView funtzioa du, hots, web orri eta aldizkari batzuek argitara ematen dituzten kodeak ulertzen dituenez, aparatuari telebista katea, hasiera ordua eta gainerakoak adierazi gabe, telesaioa aukeratu eta grabatu egin dezake eta grabazio malgua ere egin dezake (grabatutakoaren kalitatea diskoan baliagarri dagoen espazioren arabera egokituz), kanpo-ekipo batekin sinkronizaturiko grabazioa (satelite edo hari bidezko errezeptore batetik programatzen dena graba dezake), alegia. Esan gabe doa EPG edo programazio gisa elektronikoaz ere horniturik datorrela. Kate digitalen (LTD bidez emititzen dutenek, hari eta satelite bidezko hornitzaile askok bezala) emisioarekin batera bere programazioa agertzeari esker, ekipoaren programazioa erraztu egiten da. Aipaturiko guztia -EPG baliagarria izan ezik- daukate JVC eta Panasonic markako laginek. LG da funtzio gutxien dauzkana, baina, hori bai, garrantzitsuena badu: aldibereko grabazio eta erreprodukzioa.

Zortzi grabagailuak konekta daitezke telebistari (eurokonektatzaile edo antenako hari bidez), home-cinema delakoari (audio eta bideo analogiko eta digitaleko irteerak dauzkate), dekodifikatzaileari (sarrerako eurokonektatzailea), VHS bideoari eta bideo-kamera analogiko edo digitalari.

Erabilera proba

Aparatuok sei erabiltzailek probatu eta hainbat aspektu 1etik 10era kalifikatu zituzten. Panasonic DMR-E95H laginak dauka gutxien gustatu zen ekipo-diseinua (5 puntu); JVC laginak, aldiz, konektagailuetara iristeko erraztasun handia (8 hartune). Erabilera-argibide osatuen eta ulergarrienak Panasonic DMR-ES10 laginak dakartzanak dira (7,3 puntu, 10ekiko); Pioneer DVR-530HS laginekoak, aldiz, ez du proba gainditu ere egin (4,7 puntu).

Samsung laginaren pantaila txikiegiak ere ez du proba gainditu, Panasonic markako bi laginenenez zeharo beste aldera: horiexek dira zabalenak eta piktograma argienak dauzkatenak. Erabiltzaileei gehien gustatu zitzaien urrutiko agintea Panasonic DMR-E95H laginarena da (8 puntu). Sony laginarenak kalifikazio ona jaso zuen, erabiltzeko erraza baita, baina, LG laginarenak bezala, gainditu ez gainditu ibili zen, tamaina handiegikoa delako. LG da erabilera errazeneko bideoa (8,2 puntu). Alderdi batzutan sei kontsumitzaileak bat etorri ziren: disko gogorra edukitzea eta Divx diskoa erreproduzitzeko aukera funtsezko argumentuak dira grabagailu digital baten edo bestearen alde egiteko unean.

Erabiltzaileei gehien atsegin zitzaizkien grabagailuak LG (7,2 puntu) eta Panasonic markako biak (DVD-n grabatzen duena, 7,3 puntuz; disko gogorraz hornitua dagoena, 7 puntuz) izan ziren. Gainerako bideo digital guztiei antzeko kalifikazioak eman zizkieten, denak ere 6,4 puntutik gorakoak.

Zortzi bermeetatik zazpi ez daude zuzen (LG da zuzen dagoen bakarra), urtebetea bakarrik eskaintzen dute eta, Europan Legeak bi urtekoa xedatua duen arren. Bestetik, aginduak dituzten segurantzi aldeko baldintzak betetzen dituzte eta ez dute bestelako aparatu elektrikoen interferentziarik nozitzen.

Ez Betamax, ez VHS

Orain hogei urte baino gehiago, kontsumitzaileak Beta bideo-grabagailuaren alde egin zuen, VHS aukeratu ordez (azkenean hauxe izan zen, dena dela, sistema nagusia); berehala ikusi zuten filmen salmenta eta alogereko merkatuan ez zegoela Beta markako gairik eta, gainera, zinta birjinak topatzea benetan zaila zela. Beste horrenbeste gerta ote liteke gaur dauden DVD aparatuekin, horietako bat arras nagusitzekotan? Ikus dezagun: badira egun lau DVD disko-formatu, horietatik hiru partikularrek erabiltzeko modukoak. Lau disko motak (CD konbentzional baten itxura berekoak), tamaina, gai eta tankera aldetik berdin-berdinak dira. DVD-bideo izenekoa da filmen salmenta eta alogereko merkatuak baliatzen duena. Formatu horretako partikularrentzako grabagailurik ez dago baina, halaz ere, erreproduzitzaile guztiek irakurri egin dezakete. DVD-RAM izenekoa (gutxi erabiltzen da orain) ere erreproduzitzaile gehienek irakurtzen dute.

Bideo digitala erosteko garaian, oro har, hiru aukera hauetatik bat hautatu behar izaten da: DVD-R edo DVD+R diskoan idazten duen ekipoa edo, bestela, bietan idazten duena ("bikoa" izenekoa). Ekipo gehienenek bi sistemak erreproduzitzen dituztenez, "+" edo "-" grabazio formatuak ez du erabiltzailea estuegi baldintzatuko: grabatu dituen programak eta erosi edo alokatu dituen filmak ikusi ahal izango ditu eta bestelako sistemetan grabaturiko programak erreproduzitu ahal izango ditu, besteren sistemarik irakurtzen ez duen sistema bakan horietako bat ez bada zurea. Horregatik, hobe da ekipoak bi sistemetan funtziona dezakeela segurtatzea.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto