Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Hegaztien behaketa: Zeruetako biztanleei so

Espainiako altxor ornitologikoaren behapenak geroz eta zaletu gehiago ditu

  Hegaztiak berezko habitatean behatzea aukera ekologiko eta denbora-pasa polita izan dezakegu aisialdian edota oporretan, behaketa hori urte osoan zehar praktika daitekeen arren, are hiriko kalean bertan eta, jakina, etxetik gertuko inguruetan ere. Espainiak, ez ahaztu, Europa osoan hegazti espezie gehien dituen herrialdea da, Fundación Biodiversidad erakundeak emaniko datuen arabera.

Hegaztiak begiztatzea

Ingelesez birdwatching deritzon jarduerak zaletasun, jendetza eta dirutza ugari mugiarazten du. Hori praktikatzen dutenek, ekoturismo gisa, dibisa-sarrera biziki preziatua eragiten dute Costa Rica, Madagascar, Kenia eta antzeko herrialdeetan ez ezik, eroste-ahalmenaz eta ingurugiroaren aurreko errespetuaz hornituriko turista geroz eta hobeki baloratzen duten beste batzuetan ere. Stanford-eko unibertsitateak eginiko inkesta batek erakutsi duenez, hobby hau 16 urtetik gorako 69 milioi estatubatuarrek praktikatzen dute. Erresuma Batuan (AEB-ekin batera, jarduera honek munduan jarraitzaile gehien dituen herrialdea) abuztuan antolatu ohi den British Birdwatching Fair feria dela eta, Rutland-era mundu zabaleko milaka zaletu eta profesional hurbiltzen dira eta Espainian, horrelako turismoa oraino sortu berria bada ere, hainbat erkidego autonomikotan -hala nola Extremadura edo Andaluzia- ekimen batzuk jarri dira martxan; izan ere, aisialdiko jardueren artean geroz eta landetxe gehiagok eskaintzen du hegaztien behaketa.

Hegaztien zaletasun horren beste adierazleetako bat, mundu zabalean erregistraturik dauden elkarte eta kideen kopuru izugarria da. Espainian, hegaztietan espezializatutako elkarte kontserbazionista nagusiaz gainera (Sociedad Española de Ornitología, SEO/BirdLife, alegia, hamar mila bazkidek osatzen dutena), hegaztietan eta, areago, hegazti espezie jakin batean, berariazko interesa duten talde eta federazio zenbait sortu dira aspaldi honetan.

Debora-pasa eta naturaz gozatzeaz gainera, interes zientifikoa ere izan daiteke erakargarrietako bat. Ornitologia, astronomiarekin batera, bere ingurura zaletu gehien gerturatzen dituen zientzietako bat da eta, era horretan, zientzia profesionalak berebiziko datu-iturria bihurtzen dira zaletu horiek.

Behaketak egiteko leku aproposak

Zeinahi autonomi erkidegok hamaika espezie ornitologikoren biltoki diren paisaia naturalak dauzka Espainian. Ebroko Delta, Huelvako Doñana Parke Nazionala, Zamorako Villafáfila-ko lakuak, Teruelgo Gallocanta, Almeriako Gata lurmuturreko gatzagak, Valentziako Albufera, Extremadurako artadiak, Toledoko lakuak, Tablas de Daimiel-go parke nazionala, Santoñako gatzagak edota Kanarietako Garajonay parke nazionala zerrenda luze bateko lagin soilak baizik ez dira. Espainia, izan ere, hegaztientzat nazioarteko garrantzi handiko area gehien dauzkan herrialdea da, SEO/BirdLife erakundeak eginiko inbentarioaren arabera (Espainian 391 hegazti-espezie kontabilizatu ditu horrek). Azterlan horren arabera, horrelako espazioen kopuru handia ez dator bat Espainian aintzat harturiko "Hegaztien Babestoki Berezien" kopuruarekin, hauek 170 baino ez baitira. Autonomi erkidekoei goazkiela, Extremadurak dauka hegaztiak kontserbatzeko egoera oneko azalera zabalena -bertako lurren %74- eta Kanariar uharteak dira hegazti espezie gehien dituztenak: 65, guztira.

SEO/BirdLife erakundeak eginiko inbentarioak, beste aldetik, Espainian hegaztiek dituzten arrisku larrienak jaso ditu, horra: lursailak lehorreko izatetik ureztatzeko bihurtzea, azpiegiturak (urtegiak, errepideak, etab.) egitea, industrializazioa eta hirigintza, etxegintza, alegia.

Espezie aunitz

  Espainian atzeman daitekeen hegazti kopurua handi-handia da: Europan bizi diren 514 espezieetatik, erdiek habia Espainian egiten dute eta beste ehuntxoren batek Espainia pasabidea edo neguko pausalekua du, SEO/BirdLife aipatuaren datuen arabera. Espezie horietako asko eta asko, tamalez, mehatxupean daude: 160 espezie babes- eta kontserbazio-neurrien premian dituzte Espainian eta, areago, horietako batzuk Espainian bakarrik bizi dira, hala nola gailupa tronpetaria, basoilo hubara, kopeta-zuri mairutarra, korrikalari sahararra, Dupont-en hegatxabala eta Kanarietako espezie endemikoak. Era berean, gabai balearra, antzandobi txikia, arrano arrantzalea eta Gran Canaria-ko txonta urdina dira Espainian suntsitzeko arrisku gorrian dauden espezieetako batzuk.

"Prestige" petroliontziak eraginiko hondamendiaren ondorioz nozitu zuen hilketa itzelagatik, martin arrunta (itsas hegaztia) izango da, seguruenik, Espainian desagertuko den aurreneko espeziea, SEO/BirdLife-ren igarpenen arabera. Beste hainbat espezieren egoerak (aipa ditzagun, adibidez, zikoina zuri eta beltza, uroiloa, lertxuntxo karramarro-jalea, beltzarana, ahate buruzuria, ugatza eta arrano inperial iberikoa), zorionez, hobera egin du bi urteotan, erakunde publiko eta pribatuen ahaleginari eta hiritarrek kontzientzia hartu izanari esker. Ingurugiroaz kezkaturik dauden hegazti-behatzaileak eta elkarte kontserbatzaileak, behatzeko plazerraz ez ezik, hegazti horien egoeraren eta beren bizitokien hobekuntzaz ere gozatzen dira orain.

Hegaztiak ikusi eta erakartzeko aholkuak

Pazientzia handiaz eta trikimailu txikiren batez baliatuz, hegazti espezie asko behatzea lortu ahal izango duzu, dela naturarik itxienean sartuta, dela -mendian zein kalean bizi bagara ere- lorategitxo batean, etxeko balkoi edo leihotik begira:

  • Saia zaitez goizean goiz edo arrastirian behatzen, orduantxe baitaude aktiboen (gau-hegaztiak izan ezik, noski).
  • Ahal dela, jaso haizea aurrealdetik, hegaztiek zure usainik har ez dezaten; zabiltza isil-isilik.
  • Eraman behar bezalako materiala: naturan ibiltzeko arropa eta oinetako egokiez gainera (kolore neutroetakoak eta egoera meteorologikoaren arabera aukeratutakoak), handiagotzeko ahalmena eta argitasunaren arteko erlazio egokiko (10x50, 8x30 edo 12x60) prismatikoak eta kalitate oneko gidak eramatea aholkatzen da.
  • Hegaztiak erakartzeko modurik hoberenetako bat, elikagaia eskaintzea izaten da: koko pusketak, haziak, fruitu lehorrak, ogi-apurrak txori mordo batentzat erakargarri eraginkorrak izango dira; arrakasta harik eta handiagoa izan dadin, janleku bat baino gehiago ipintzea komeni izaten da. Janlekua ez ezik, "etxebizitza" -habia-kutxak, adibidez- eskaintzen badiegu, baliteke gure inguruetan arrautzak errun eta txitak egitea ere.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto