Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Epe luzera merkeago gertatzen bada ere, sistema hori instalatzeko sekulako obrak egin behar izaten direnez, horrelakorik ipintzea etxebizitza goitik behera zaharberritu behar denean bakar-bakarrik aholkatzen dute
Neguan berotasun goxoa eta freskura ederra uda partean, berariazko beste aparaturik erosi behar izan gabe: hortxe datza, hain zuzen, etxekoentzat ikusezina gertatzen den hodi multzo batek osaturiko sistema moderno horren abantaila nagusietako bat.
Berria badirudi ere, eraikinak berotu eta freskatzeko metodo horren antzinako bertsioa Espainiako herri askotan erabili izan da aspaldiko partez eta "gloria" deritzo espainieraz. Zoru, sabai edo hormakoa izan daitekeen eta gas edo argindarrez funtziona dezakeen kalefakzio erradial hori instalatu ahal izateko sekulako obra-lana egin beharra dagoenez, horrelakorik ipintzea etxebizitza handi samar edo txalet antzeko bat goitik behera zaharberritu behar denean bakar-bakarrik aholkatzen dute adituek.
Erradiadore bidezko sistema baino %10 - %30 merkeago gertatzen da luzera, berotasun naturalagoa sorrarazten du eta sabaian, zoruan edo hormetan integraturik doanez, estetikoagoa da, hormetan erradiadore edo metagailurik zertan jartzerik ez baitago. Kontrako alderdietako nagusiak, aldiz, hodi edo hariak instalatu ahal izateko egin behar den obra eskergaz gainera, zoru moten aukerak mugatzea (ezin izan daitezke egurrezkoak), instalazioaren kostua eta, areago, aditu batzuen iritziz, zoru edo hormari darion berotasunaren ondorioz altzariek nozi dezaketen hondamena dira.
Horrelako kalefakzioaren erabilera hedatuagoa dago familia bakarreko etxeetan edo elkarri itsatsitakoetan bizitzea ohikoa duten Europako toki ugaritan, urteko hainbat hilabetetan tenperatura hotz-hotzei buru egiteko metodo eraginkorra baita. Alemania eta Suitzako etxebizitza askotan, esate baterako, berez instalaturik dator (are etxebizitzen erdialdean ere) eta energi aurrezki handia eragiten du. Zoru erradiatzaileak, zehazki, etxebizitzetan %10 - 30eko aurrezkia egitea ahalbidetzen du eta denda, kiroldegi eta antzekoetan, %60koa.
Ur-hodi bidezko erradiazioa
Ohikoena den mota honek polietilenozko hodi-sare bat antolatzea agintzen du: hodi horiek zoru azpian estrategikoki instalatu eta bertatik ibiliko da galdara batek beroturiko ur beroa (34ºC eta 46ºC arteko tenperaturan). Era horretan etxebizitzan batez beste 18 - 22ºC-ko tenperatura erdiesten da. Urak zoru edo hormari iragaten dio berotasuna eta horrek eraikineko eguratsean zehar sakabanatzen du. Hodi horiek elektrizitate hariak baino garestiago dira: eraginkorrak gertatzeko hautsezinak izan behar dute, kalefakzioa funtzionatzen ari denean tenperatura garaiak nozitzeko, negu gorriko jelateak jasateko eta, zahartu ahala etorriko diren karearen agerpenari eta korrosioari aurre egiteko.
Ur tutu bidezko berogailu irradiatzailea
Polietilenozko tutu sare bat da, zorupean instalatua, zeinean giroa berotzen duen ur beroa dabilen.
Hari bidezko argindarrezkoa
Sistema honek, altzairu herdoilezinezko hari bat berotzeko energia elektrikoa zuzenean baliatzen du: horrela lortzen da gelak berotzea. Zoru erradiatzaileko instalazioetan eta geletako hormetan hari kalefaktorea baliatzea ohiko kontua da.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa