Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Mahuka luzeko kamiseta termikoak: Prestazioetan alde handiak

Hobekien transpiratzen dutenak gutxien berotzen dutenak dira, eta alderantziz; beraz, janzkia eskuratu aurretik, nola erabiliko dugun erabaki behar

  Transpirazioa errazten duten, aise eta azkar lehortzen diren eta gorputzaren berotasuna mantentzen duten ehun futuristek espazio-esplorazio garaietakoak diruditen arren Lur planetan eguneroko erabilerakoak bihurtu dira. Nolanahi ere, material berrien garapenari esker, egundo ikusi ez diren kalitatezko janzkiak modu-moduan molda daitezke. Horietako bat kamiseta edo elastiko termikoa da: hastapenean kirolean aritzeko sortu bazen ere (eskiatzeko, bizikletan edota mendian ibiltzeko ezin egokiagoa baita) kaleko erabileran geroz eta zaletu ugariago biltzen ditu, konfort termiko egokiaz gozatzeko aukera ematen baitu gorputza hainbat arropa-geruzatan bildu gabe. Alderdi hori mugikortasun eskaseko pertsonek (zaharrek, adibidez) bereziki mesedegarria dute.

Ehun fin, mahuka luze eta "L" tailako hainbat koloretako zortzi barne-kamiseta termiko aztertu dira oraingoan; horien prezioak 35 euroetatik (Online) 64 euroetara (Duofold) doaz. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Ternua laginak ematen du: bera da merkeenetako bat (46 euro), erresistentzia handienekoa eta bestelako parametroetan jokaera egokia agertu du, gainera. Grifone lagina ere aukera polita da: berotasuna hobekien mantentzen duena (58 euro), lehortzeko denbora gehiago eskatzen duen eta aurrekoa bezain erresistentea ez den arren. Transpiratzeko ahalmena garrantzi handikoa denean (gorputzeko tenperatura mantentzeko izerdia suntsitzea funtsezkoa gertatzen denean, arras kirol aerobikoak praktikatzeko, adibidez), Trango (57 euro) da egokiena.

Hausterainoko tentsioa

Hasiera batean kirola praktikatzeko bakarrik eratu eta diseinatu zirelarik, kamiseta horiek eguneroko erabileran iraunkor eta erresistente izatea espero ohi dugu. Ehunaren leherketaren aurreko erresistentzia eta josturek, hautsi arte, jasan dezaketen gehieneko tentsioa egiaztatu ziren laborategian. Arauak ezarritako gutxieneko muga (450 kilopascal, kpa) zortzi laginek gainditu zuten arren alde handiak hauteman ziren elastiko batetik bestera: denetan hoberena, askozaz ere, Ternua izan zen: ehuna 1.078 kpa eta josturak 1.150 kpa aplikatzean hautsi ziren; ahulenak, aldiz, Online (471 kpa ehuna eta 516 kpa josturak), Trango (543 kpa eta 548 kpa) eta Duofold (599 kpa eta 557 kpa) izan ziren.

Adiera hertsian, denak ez dagozkio "L" tailari doi-doi (behar baino txikixeagoak dira guztiak), araua ez dagoelako ezarrita aztertu ditugun elastiko hauek erregulatzeko, puntuzko kamisetei (zurrunagoak dira) aplikatzeko baizik. Ergonomiko ez den bakarra Patagonia da eta gorputzari hobekien egokitzen zaizkionak, berriz, Online eta The North Face.

Duofold eta Online kamiseten osaketa ez da fabrikatzailek adierazten duten hori: lehen kasuan osagaiak %92 poliester eta %8 elastano dira (etiketak %96 eta %4 dioen arren) eta bigarrenean %78 poliamida eta %22 poliester (etiketak %85 eta %15 dio), arauak onartua duen desbideraketaz gainetik. Osaketak osaketa, baliaturiko zuntzak harro izateak isolamendu termikoa errazten, likidoak xurgatzeko ahalmena handitzen eta likidoa kanpo aldera irteteko abiadura azkartzen du. Kamisetei zeharkako ebaketa egin eta mikroskopioan begiratuz gero, zuntz zirkular harroak (berotasuna hobekien mantentzen dutenak) Grifone laginak bakarrik baliatu dituela egiaztatu da. Gainerakoen zuntzak zirkularrak dira, bai, baina beteak. Ehunaren gramajea zenbat eta txikiagoa izan orduan eta pisu gutxiago izango du janzkiak eta, hortaz, erosoago gertatuko zaio erabiltzaileari. Dufold lagina bakarrik urrundu da gainerakoen 200g/m2 parametrotik, dezente urrundu ere (335 g/m2).

Beroa eta izerdia

Elastiko hauen hiru zeregin nagusiak ezagunak dira: gorputzak sortzen duen berotasun naturala galtzen eragoztea, transpirazioa erraztea eta, kirol jardueran, gorputza lehor mantentzea.

Erresistentzia termikoak berotasunaren isolamendu gradua adierazten duenez, parametro hau zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta eraginkortasun handiagoz mantenduko da gorputzeko tenperatura. Hori horrela dela egiaztatzeko, argindarrez 35º C-tara berotutako metalezko xafla porotsu banatan (gizakiaren larruazala simulatuz) ezarri ziren kamisetak ganbera klimatiko baten barruan, 20ºC-ko tenperaturan, hezetasun erlatiboa %65 izaki. Gutxieneko balio galdagarria 0,010 m2 C/W delarik, behereneko maila lagin guztiek gainditu dute: Grifone (0,052 m2 C/W ) eta Duofold (0,061 m2 C/W) hoberenak direla erakutsi zuten, dauzkaten geruza isolatzaileei esker (lehenak zuntz harroak baliatzearren eta bigarrenak geruza bikoitzeko puntu lodiko ehunez egina dagoelako). Isolatzaile ahulena Helly Hansen da (0,012 m2 C/W, arauak xedatutakoaren ertzean), ondotik Trango, The North Face eta Online datozkiola.

Kamisetak transpirazioa erraztuko badu, izerdia xurgatzeko ahalmen ona eta, hortaz, larruazala lehor mantentzeko gaitasun egokia agertu behar du, horrek elastikoak lehortzeko behar duen tartea luzatuko duen arren. Parametro hori kalkulatzeko ehun-unitate bakoitzeko zenbat likido atxikitzen duen neurturik, Trango da lagin hoberena; likido gutxien atxiki dezaketenak, aldiz, Helly Hansen, Online eta The North Face. Izerdia xurgatutakoan, janzkiaren kanpo aldera eroateko gauza izan behar du kamisetak. Helly Hansen, Duofold, Online eta The North Face laginek ura hedarazteko ahalmen apal edo ahalmenik ez dutela frogatu zuten laborategian. Gainerakoek, aldiz, egoki jokatu zuten adiera horretan.

Lurrunaren iragateari elastikoak ezartzen duen erresistentziak izerdia kanporatzeko unean nola arituko den adierazten du, gutxi asko. Proba hau eta erresistentzia termikoa neurtzen duena antzekoak dira baina, oraingoan, ura iragazten ez baina ur lurruna iragazten uzten duen mintz mikroporotsuarekin kontaktuan dago kamiseta. Janzkiak, argindarrez berotu den xafla hermetikoki estaltzen du eta honetan zehar igaroarazi da likidoa. Proba hau zazpi laginek gainditu dute (Trango markakoak nota onarekin) eta Duofold elastikoak huts egin du.

Lehortzean, azkarregi ez

Zenbat denbora behar dute elastikook lehortzeko? Likidoa xurgatzeko ahalmena neurtzeko saioa amaitutakoan (beraz, xurga zezaketen likido guztia zeukatenean) bost minutuko tarteetan pisatu ziren janzkiak, jatorrizko pisura etorri arte. Helly Hansen laginak 25 minutu behar izan zituen, Online-k 30 minutu eta The North Face-k 70 minutu, hau da, ur gutxien xurgatzen dutenek lehortzeko denbora gutxien behar dutenak dira eta alderantziz: Grifone eta Duofold laginek 330 minutuko tartea behar dute ur guztia galtzeko. Trango da joera horrekin hautsi duena: ur gehien biltzen duena izaki, lehortzeko garaian hirugarren agertu da

Kamiseta horiek bi multzotan bana daitezke: Grifone, Ternua, Patagonia eta Duofold (laurak ere, zuntz etendunez eginikoak) ez dira gainerakoak bezain transpiragarriak baina ura xurgatu eta hedarazteko ahalmen egokia dute eta azkar lehortzen dira. Helly Hansen, Online, Trango eta The North Face (zuntz etengabeez moldatutakoak) laginek, berriz, alderantzizko emaitzak agertu dituzte. Parametro hauen arabera lagin erosoena Trango da, oro har.

Higadura

  Erabili ahala ehunetan pikorrak agertzen diren egiaztatzeko (efektu horri pilling deritzo), kortxo normalizatuzko kutxa baten hormen kontra eta ehunaren beraren kontra "jo" egiten da ehun hori berariazko aparatuan: kamisetei 18.000 igurzte-ziklo eginarazi zitzaizkien kasuan kasuko ondorioak ikusteko. Grifone eta Duofold laginek, kaskarrenak izaki, horrelako janzkientzat arauak xedatua duen erresistentzia baino txikiagoa agertu zutenez, endekapena nabarmen geratu zen. Ternua eta Patagonia laginek ere, horrelako zuntz mota darabilte eta, emaitza apalak erakutsi zituzten. Gainerako lau laginak etengabeko hari-zuntzezkoak dira eta horien ehunetan ez zen hauteman inongo endekapenik.

Bi motetako izerdiek (azidoak eta alkalinoak) janzkien kolorea marguldu egin dezakete. Laborategiko "izerdi" hori histedinazko bi soluzioz -bata azidoa eta alkalinoa bestea- simulatzen da: horiekin kamisetaren ehuna blaitu eta otoi zuriko bi ehunen artean ipintzen da; ehun horiek, berriz, 12,5 kilopascaleko presiopean dauden beirazko bi xaflaren artean ezarri ziren lau orduz 37 ± 2°C-ko tenperaturan. Proba hau zortzi laginek gainditu zuten. Era berean, beste janzki lehor zein hezeekin igurztearren, ehunak kolorea galtzeko duen joeraren adierazle den igurzte lehorraren aurreko finkotasun-testa ere elastiko denek gainditu zuten.

Fabrikatzaileak aholkaturiko tenperaturan hamar aldiz ikuzi ondoren kamisetek nolako itxura zuten ikusi zen. Grifone, Ternua, Patagonia eta Duofold laginetan biloa, eta zuntzen kutsadura agertu zen. Elastikoak ikuzi eta lisatzeko aholkuak desberdinak direnez, etiketek diotenari arretaz erreparatzea komeni izaten da. Janzkia lehorgailuan lehortu nahi duenak Grifone, Patagonia, Helly Hansen edota Duofold aukeratu beharko du, gainerako laurek lehortze tradizionala egitea gomendatzen baitute.

Bildu egiten al dira, tindua galtzen al dute?

Barneko kamiseta termikoak gorputzari egokitu behar zaizkio, berori estutu gabe. Etxean bezala janzkiak hainbat aldiz ikuzi eta lehortu ondoren, neurrien egonkortasuna mantendu behar dute, hots, ez dute zertan bildu (tamainaz txikitu). Hori horrela gertatuko zela egiaztatzeko, laborategian janzkiak hamaikatan ikuzi eta lehortu ziren, fabrikatzailearen argibideen arabera beti ere. Puntuzko ehunei onartzen zaien biltze edo murriztea %3 da, gehienez ere. Lagin bakar bat ez zen bildu arauak xedatutakoa baino gehiago, ez luzeran, ezta zabaleran ere. Hasierako neurriak hobekien kontserbatu dituena Trango da (%0,5 baizik ez da bildu); gehien bildu dena, berriz, Helly Hansen: erosi zen unean baino %2 txikiago zen hainbat ikuzte eta lehortzeren ostean.

Ikuztearen ondorioz elastikoen koloreak (horietako batzuk bizi-biziak dira) beste hainbat janzkietara joan daitezke, arropa guztien kaltetan. Ikuztearen aurreko finkotasun-testa horixe da: kamiseta eta oihal zuri bat batera ikuztea, bigarren honek elastikoaren kolorea hartzen duen ikusteko. Proba hau lagin guztiek gainditu duten arren, Duofold elastikoak agertu zuen jokaera kaskarrena: oihal zuria pittin bat koloreztaturik agertu zen azkenean.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto