Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Gaitz honek sintomarik ez izateak eta hesteetako tumoreekin loturiko minbizi-patologiaren arriskua agertzeak arreta handia egitea agintzen dute, 40 urtetik gorako pazienteekin, batik bat
Koloneko minbiziaren -mundu zabalean hilkortasun tasen zerrendan hirugarrena- kausa behinenetako bat, hesteetako polipoak tumore gaizto bihurtzea da. Hesteko polipoa tumore zirkunskribatua edo, hestearen horman, tamaina aldagarriko hanpadura da. Kasu horietan funtsezkoa da horren osaketa mikroskopikoa (nolako zelulez osatua dagoen) zehaztea, horrelako polipoek duten interesa tumore gaizto bihurtzeko gaitasunean baitatza. Polipoak bakarrak edo anitzak izan daitezke eta, batez ere, heste meharrean eta kolonean agertzen dira.
Polipo kopurua handia denean hesteetako poliposia deritzo gaitzari eta "sindrome poliposiko" izendura pean biltzen dira ezaugarri zehazki desberdinak dituzten gaixotasunak. Izaera hereditariokoa ez den eta pazientearen sexuarekin loturarik ez duen Hesteetako Poliposi Familiar Zehaztugabea da denetan ohikoena. Urte askotan sintomarik agertu gabe egon daiteke eta, aurrera egin ahala -endekapen gaiztoa hasitakoan, batik bat-, mina, sabeleko kolikoak, gorotz likido kiratsak, odol-galerak, anemiak eta antzeko sintomak agertzen dira, egoera orokorrean eragina daukatenak. Horrelakoetan kolonaren erresekzioa da konponbide bakarra.
Polipoen garrantzia berorien morfologia histologikoaren (polipoaren ehunen) arabera aldatzen da: badira polipo neoplasikoak -hau da, ehun normalen ordezkoak dituztenak, minbizidunak, eskuarki: adenoma eta kartzinomak- eta ez-neoplasikoak, gaiztoak ez direnak (hamartoma, inflamatorioak eta hiperplasikoak).
Sortarazten dituzten sintomak zehaztasun urrikoak dira: denetan ohikoena, gorozkietan odola agertzea. Zenbaitetan sabeleko minak behin eta berriz errepikatzen dira, hesteetako buxadura, ondesteko tenesmoa (libratzera joateko premia sentitzea), idorreria, anemia kronikoa& ohikoena, berriz, gaitzak urte askotan sintomarik ez agertzea da.
Polipoen diagnostikoa erradiologikoa izaten da, batez ere, errektosigmoidoskopia edo kolonoskopia bidez kolonaren barnealdea bisualizatuz praktikatzen dena. Miaketa-proba hori, lesioaren azterketa histologikoa egin eta gaitza estirpatzeko aprobetxatzen da; izan ere, polipo den-denak lesio gaizto bilakatzen ez badira ere, kolon eta ondesteko minbizia prebenitzeko estrategiarik eraginkorrena polipektomia endoskopikoa (polipoa erauztea) egitea da.
Onberak
Gaiztoak
Minbizizko lesioa koloneko zeinahi alderditan ager daitekeen arren, ohikoenak beheranzko tartekoa, sigmakoa eta ondestekoa dira. Lesioa garaiz diagnostikatzea funtsezkoa da, tumoreari handitu eta ugaltzea galaraziko bazaio, indarrean irauteko aukera hedapen-graduaren araberakoa baita: detektatzen denean, zenbat eta zehaztuago egon, orduan eta bizirik irauteko aukera handiagoa da.
Gaitza garaiz diagnostikatuko bazaie, kolon eta ondesteko minbizia nozitzeko arriskuan dauden gizakiei -50 urtetik gorakoei, batik bat- aldian behin kontrol zenbait egin beharko zaizkie:
Egun, kapsula endoskopikoa ebaluatzen ari dira. Alternatiba garestia da baina, ematen dituen irudiak ikusirik, hesteetako lesioen diagnostikoa dezente hobetzen omen du. Digestio-hodian barrena, 8 orduko autonomiaz nabigatuz doan itsaspeko ontzi gisa, bi segundoz behin irudiak hartzen ditu kapsulak. Irudiok, prozesaturik, bideo-artxibo bihurtzen dira.
Nolanahi ere, koloneko minbizia prebenitzeko bestelako ohiturak hartu behar dira higiene eta elikaduran. Gaixotasun horretan karga handiena duten faktoreak ezagunak dira: gantz ugari baina zuntz urriegi hartzea, kaloria gehiegi eta obesitatea, loditasuna. Bestetik, A, C, D, eta E bitamina, B-karoteno, kaltzio, selenio eta antzeko substantzia antioxidatzaileen eginkizuna erabat zehaztua ez badago ere, badirudi prebentzioan eraginkortasun handia erakusten dutela.
Botika zenbait prebentibo gisa hartzeari dagokionez, esteroide ez diren antiinflamatorioak (AINES, hala nola aspirina eta COX-2 delakoaren inhibitzaileak) dira gehien aztertu direnak. Horrelakoak luzaroan hartzeak adenomak garatzeko aukera txikiago batekin lotura omen du. Eta beste horrenbeste gertatzen da estrogeno eta progestagenoz osaturiko hormona-tratamenduarekin: dirudienez, horrelakoek kolon eta ondesteko adenomen prebalentzia apaldu egiten dute. Dena den, populazioan orokorki koloneko minbiziari saihets egiteko, kimika bidezko prebentzio-tratamendu jakin bat bete beharko litzatekeela aholkatzeko bezainbeste daturik ez daukagu; horien ordez, bizimodua eta dieta aldatzea dugu aukera. Arrisku handiko taldeekin egiten ari diren azterlanetan kimio-prebentzioa probatzen ari dira, dagoeneko itxaropentsu egoteko moduko emaitzak erdietsi direlarik.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa