Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Ignacio Salas, Telebistako Zientzia eta Arteen Akademiako Presidentea: Mundua konpontzea, telebista bera ere konpon dadin

  Datorren urtean Espainiako telebistak mende erdia beteko du. Berrogeita hamar urteko fenomeno horrek gizartearengan izan duen eragin itzelaren seinale, jende askorentzat pantailan agertzen dena baizik ez da existitzen. Efemeride horrekin batera lurreko telebista digitalaren sorrera egokitu da, beste bi kanal berri ere ekarriko dituena. Madrilgo hegoaldean kokatuta dagoen "Irudiaren Hiria" aldean, telebista kate nagusiren bateko egoitzak dautza eraikin batzuetan. Horietako batean aritu gara solasean Telebistako Zientzia eta Arteen Akademiako (TZA) Presidente den Ignacio Salas-ekin. Jesús Hermida-k eratu eta telebista alorreko beste gizaki handi batzuek hozitzen lagundu zuten organismo horrek hamar urte bete ditu isil-isilean, hedabide den, sekulako dirutzak mugiarazten dituen, pertsona eta pertsonaiak jainkotu eta deabrutzen dituen eta aldi berean etxetresna elektriko den horren izen onaren defentsa lanetan. Aditu zenbaiten iritziz, hedabide honek aro berriari ekin zion Estatu Batuetako Dorre Bikien kontra, irailaren 11n, hegazkinen inpaktua zuzenean transmititu zuenean.

Telebistak ba ote zuen akademiaren premiarik?

Industria horretako profesional guztiak bertan biltzeko ahalegina da hori; merkatuan elkarren lehiakide garen arren, arazo berberak ere nozitzen ditugu denok. Akademiak arbitro-lanak bete nahi ditu, bere rol inpartzialaz baliatuz liskarrei konponbidea eman eta telebista munduaren funtzionamendu egokia bermatzeko. Sektorearentzat eragile baliagarri garen aldetik, gizarte osoarentzat baliodun bihurtzen gaituen eginkizun soziala dugu geureganatua.

Asmo hori zertan hezurmamitzen da, "telebistaren sortzaileen ikuspegia jendeari aurkezteko" nahi edo sorrera-printzipioan, agian?

Esakune horren azken esanahia Jesus Hermidari galdetu beharko litzaioke, TZA hau berak asmatu eta eratu baitzuen baina, dena den, etxe honetatik irteten diren adierazpenek hemen bildutako hedabide honetako handien onespena izatea biziki baliagarria gertatzen da maiz. Komunikabide horietako ordezkarion ikuspegiaren betekizuna, telebistaz denok dugun pertzepzio eskasa zuzentzearekin lotua dago. Harritzekoa bada ere, zinemak, hasiera-hasieratik, gizartearen eta kritikarien txaloak eta aldeko iritziak jaso zituen, berez ezagutzaren dinamizatzaile izatearen aldeko haizeekin eta kulturaren onespenarekin nabigatu zuen. Telebistari, aitzitik, are jaioberria baizik ez zenean ere, mesfidantzaz begiratzen zitzaion, ankertzat hartuta.

Hastapenetik diozu? Beren aulki eta guzti zetozen auzoei abegi egiten zien aitonak, albistegia edo zezenak gure etxean ikus zitzaten...

Egun ere ikusten da telebista, lotsaren lotsaz ikusi ere. Espainiako telebistaren lehen bi hamarkadak zuri-beltzean igaro ziren, bozgorailu partikulartzat hartu zuen diktadurape hartan. Baina horrek telebista ez zuen bihurtu piztia ikaragarri: ezatsegina izango zen, konforme, baina gaiztoa ez. Orain, aldiz, erru guztiak egozten zaizkio: umeak gizen egotea, jendeak liburuekin ez gozatzea... Horrenbesteko ahalmena aitortzen bazaio, sekulako balentriak egiteko gauza izan litekeela ere sinetsi beharko dugu. Baina telebista ez da bata, ez bestea ere. Transmisore hutsa baizik ez da.

Telebistari tradizioz aitortu zaizkion dohainetan -informatzeko, trebatzeko eta denbora pasatzeko tresna izatea- sinesten al duzu oraino?

Bakarra aitortuko nioke: telebistaren zeregina denbora-pasa atsegina izatea da. Horrek ez du esan nahi ikuslea aspertu behar duenik edo hobetzeko asmoa izan behar ez duenik. Kulturaz eta gustu onaz balia daiteke, askotan egin izan duen bezala. Telebistara apenas begiratzen duen intelektualaren kritika gupidagabea eztabaidan ipintzeko modukoa da. Ene ustez, horrelako jendeari ez zaio hedabide hau atsegin. Kontua ez da edukien aldeko interesik ez sentitzea, telebista kontzeptua bera erakargarri ez izatea baizik. Baina horrek ez du telebista gaizto edo kaskar bihurtzen.

Nolanahi ere, telebistaren historiako produkturik hoberenez TZA horrek osatu duen zerrendan berriena 1986an emititu zen (duela 20 urte!). Hedabidea ez al dago krisiak jota?

Krisia aipatu aurretik, telebista gustukoa dugunok geure buruari ezarri diogun helburuetako bat bete dezagun, berrogeita hamar urte horretan telebistak utzi digun oroitzapen kolektiboa berreskuratzeko ariketa egiten ahaleginduko gara. Nik: "Tenemos chica nueva en la oficina?" diodanean, esakunea osatuko zenuke? Eta "Hasta aquí puedo leer" esaten badut, ba al dakizu nor naizen?

Oso litekeena da. Zer zen hori, bestelako telebista ala bestelako garaia?

  Lehenago telebista egitean burua gehiago nekatzen zen, oraingoa gezagoa da, ez da hura bezain freskoa, hura bezain esperimental edo erakargarria, inondik ere. Baina, hein berean, lehengo zinema, antzerki, literatura, arkitekturaren kalitatea ere handiagoa zela onartu behar dugu. Egungo gizakiaren arte- edo sormen-adierazpenak aztertzen hasita ere, ondorio horretara iritsiko gara. Ez dut ukatzen autore batzuen lana gustatuko dela gizartean, produktu bat ekoizten denean zerbait ona izango baita hor, derrigor. Baina -eta hau denon kontua da- gaurko artegintzan agerpen nabarmenik ez da: ez dago Beethoven, Beatles, Billy Wilder edo Hemingway bat orain. Non ote da abangoardia, non ote efimero ez diren erreferentziak... Hemendik 200 urtera, ene ustez, XX. mendearen kondarreko 15 urteetan edo XXI.aren hastapeneko 5 aurrenekoetan oso-oso izen gutxi kokatu ahal izango dira, adiera horretan. Dekadentzi garaia dugu hauxe. Ene itxaropena? Dekadentziaren ostean beti loratzea etorri izan dela; oraingoa noiz helduko berantetsiak bagaude ere, iritsi egingo da, dudarik gabe.

Telebistak sortarazten duen mendekotasun emozionalean, jendearen bizi-ohiturak aldarazteko eta, hitz batez, pertsonaren askatasuna kontrolatzeko daukan ahalmenean biltzen dira kritika ugari.

Telebista ikustea ez da txarra; telebistari begira egunean 10 ordu ematea ez bide da ona. Nolanahi ere, egunean zortzi orduz kirola egitea, 16 ordu lo egitea edota lanean sei ordutik gora ematea ere ez da bat ere ona, azken honetan beste erremediorik ez badugu ere.

Zergatik onartzen dira, hortaz, gerora beteko ez diren konpromisoak? Haurrentzako ordutegia, esate baterako.

Kasu horretan presio sozialak indar handia izan zuenez, eskaeraren aurrean telebistek ezin egin zezaketen itsu-gorrarena, baina nirekin bat etorriko zara: neurria inozoa da. Normala da gurasoak seme-alabez arduratzea, ikastetxetik aparteko eskolez lepo eginik etxeratzen direnean, programa hezitzailerik ezean, umeak telebista ikusi gabe geratzen direlako. Baina, modu berean, ezin dira kalera jolastera jaitsi, eraikitzen ari garen hiri higuingarriotan ezin daitezkeelako 10 urteko mutiko-neskatoak aske ibili, parkean, soka-saltoan, helduen zaintzatik at. Horren erruak nekez lepora dakizkio telebistari. Bestetik, seme-alabari ezin galaraz dakioke errealitatea ikustea. Errealitatea itsusia denean telebista ere itsusia da. Eta gaztetxoek, telebista bidez ez ezik, zuzenean ere ikusiko dute errealitatea, berak biltzen gaituelako, ezin ezkutatuzkoa delako. Bizi garen mundua erakusten digu telebistak. Daukagun telebista gustukoa ez badugu, daukagun mundua ere ez da gure gustukoa. Konpon dezagun mundua eta telebista konponduko da.

Premia horren ondorio al da telebista digitala?

Ene iritziz, analogikoa eta digitalaren mugan gara orain: aldaketa hauxe izango da etorkizuneko historiagileek Aro Garaikidetik beste aro baterako ("Aro Zibernetikora", agian) pauso gisa adieraziko dutena. Argi daukat hori eta, horregatik, bertan izan behar dugula sinesten dut etsi-etsian. Ez dakigu zer gertatuko den baina jazoko denak eragin latza izango du bizitzako alor askotan eta, noski, telebistan bertan ere; honek, gertatzen den hori transmititu ez ezik, nozitu ere egingo du. Planetak biribila segituko du izaten baina globalizazioa karratua da eta bertan bilduko dira teknologia berri guztiak.

Horrek esan nahi du hamaika aldiz iragarri den ikusleak eta hedabideak elkar eragiteko unea iritsiko dela?

Digitalizazioak teknologian izango du agerpena eta, gainera, edukiak ez ezik, edukiak aurkezteko modua ere aldatuko ditu. Hautatzean eta, areago, gustukoa duena ekoiztean jarrera aktiboagoa izango du ikusleak. Nolanahi ere ni ez naiz orakulua eta ez zait atsegin horrelako jokoetan aritzea baina, Internet den mundu korapilotsua ikusten dudanean -izan ere, ordenagailua bezain traste konplexua du ezinbesteko, funtzionatuko badu- Teknologia Berrien Atapuercan garela pentsatzen dut. Azkenean telebistaz baliatuko da, aldez edo moldez, baina telebista hori nolakoa izango den, horixe ez dakit. Ene ustez, ezkontza bideo edo DVD formatuan grabatu duten guztiek ikus-entzunezko dokumentu horrek iraungi data jarria duela jabetu behar dute: erreproduzitzeko aparatuak desager litezkeelako eta, gainera, edukiontzia ere efimeroa delako.

Programazioa hautatzen duena ez ote da dagoeneko publikoa, shareari esker?

Halaxe da, bai, baina aldaketa kualitatiboagoa izango da; dena dela, publizitatearekiko mendekotasuna ezin saihestuzkoa da, telebista -eta telebista garestia dela gogoan izanik- berak ordaintzen baitu, lehen instantzian. Ondoren, kostuak bereganatzen dituena kontsumitzailea da, horregatik agintzen du berak. Soziologoa naiz ni: hasieran, share horren egiazkotasun osoa onartzea kosta egiten zitzaidan arren, datuak egiazkoak dira eta profesionalean eragin handia izaten dute, azken emaitza biziki baldintzatzen dutelako. Entzule ugari dituzunean egiten ari zaren lan horretan seguruago zabiltza. Areago, programazioko parte batzuetan, errentagarritasunak berebiziko garrantzia ez duenetan, aparatuz beste aldean zenbat jende daukazun jakitea oso garrantzitsua da, zuren lanaren epaia eman dezan, txaloak jo edo zentsura egin diezazun.

Produktu onak txalotuko al ditu publikoak?

Arazo-iturrira gatoz ostera. Telebista ez da kultura eta hezkuntza eroateko ibilgailua, informazioa zabaldu eta denbora atsegin pasatzeko bitartekoa baizik. Nahiz eta intelektual askok bestelako gauza bat bihurtu nahi duten arren (gauza hori, gainera, ez omen litzaieke biziki gustatuko, seguruenik). Orain azken belaunaldiko bitarte teknikoak eta bikain kualifikaturiko profesional-taldeak dituen arren, sortzaileen, teknikarien, arduradunen premian dago eta gabezia hori nabarmen agertzen da. Ezin gaurkotu daiteke telebista iraganean aintzat hartutako baliozko produktuak berpiztuz. Arriskatu beharra dago, talentu berriengan sinetsi beharra dago, ene belaunaldikoek orain dela urte asko sinetsi zuten bezala.

Kalitatea eta aurrekontua zergatik lotzen dira orain hain hertsiki?

Ekoizpen-kostuak handiak dira. Errentagarritasuna lehenestean gastua murriztu beharra dago eta, honakoa merkatzen den guztietan, kalitateak larrutik ordaintzen du jaitsiera. Telebistan agertze hutsez bere burua ordainduta sentitzen duen edo helburu jakin bat erdiesteko telebistan agertu behar duen jendea ekartzen baduzu, azkenean telebista merkea egingo duzu, horren kostua biziki altua ez delako. Baina ez duzu kalitatedun telebista egingo. Telebista biziki lanabes aberasgarria gerta daiteke baina, beste zernahi bezala: nola erabiltzen dugun, hortxe gakoa.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto