Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Etiketa irakurtzea funtsezkoa du kontsumitzaileak, produktu horietako batzuk ez baitira uste bezain light
Light produktuen kontsumoa aspaldion izugarri areagotu da eta, gainera, joera horrek ez omen du amaierarik, kontsumitzaileak bere osasunaz eta itxura fisikoaz geroz eta kezka biziagoa agertzen baitu. Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak 2003 urtean eginiko Famili Aurrekontuen Inkesta Jarraituak eman zituen datuen arabera, elkarrizketaturiko pertsonen %6k erantzun zuenez, horrelako produktuak osasuna hobetzeko erosten ditu (emakumezkoak, batez ere).
Energia kaloriatan eta juliotan neurtzen dela kontuan harturik, light produktua izateko, bere ekarpen energetikoak erreferentziako elikagaiak (hau da, elikagai beraren bertsio naturalak) baino %30 apalagoa izan behar du. Energi murriztapen hori lortzeko, kopurua gutxitu edo, bestela, azukre edo gantzen ordez, kaloria gutxiago dauzkaten bestelako elikagaiak baliatzen dira.
Osasun ona duten pertsonen kasuan horrelako produktuetara jotzeak ez du justifikaziorik; aldez edo moldezko trastorno zein gaixotasunik nozitzearren, elikadurako ekarpen energetikoa, gantz- edo azukre-kopurua mugatu behar dutenen kasuan, aldiz, egokiak dira. Funtsezko kontzeptuak zehaztuz
Light elikatzea, light produkturik gabe. Pertsonak bilatzen duena, oro har, tradizionalen antzeko elikagaiak kontsumitzea da, baina ekarpen energetiko txikiagoa eginez. Dietaren ikuspegitik, kontsumitzaileak gantz eta azukre gutxiagoko jangaiak hartu nahi izatea egokia da, baina horretarako ez da ezinbestekoa light produktuetara bakarrik jotzea. Elikagai batzuetatik gutxiago hartuz eta janariak behar bezala kuzinatuz gantz eta azukreak urritzea lortzen da, light produktuak aukeratu beharrik izan gabe; kontuan har dezagun horrelakoak eskuarki garestiagoak izateaz gainera, imitatu nahi dituzten elikagaiak bezain erakargarriak ez direla.Egun, elikadura sektoreko enpresek beren produktuak "ligth" kalifikatzeko daukaten erreferentzia bakarra, Espainiako Elikagaiak Ordenatzeko Ministerioen arteko Batzordeak 1990 urtean harturiko akordioa da. Testu hori hainbat aholkuk osatua dagoenez, gaur egun ez dago proposaturiko baldintzak (erreferentziako produktuarekiko, light produktuaren balio energetikoaren murriztapenak gutxienez %30koa izan behar duela, adibidez) betetzera behartzen duen lege-markorik. Horren ondorioz, akordio hori ez dute betetzen enpresa guzti-guztiek eta, horrela, merkatuan salgai dauden light produktu batzuen (gailetak, kakao hautsa, patata frijituak, zukuak, etc) ekarpen energetikoa erreferentziako baliokidearen parekoa da (berdina, kasik), baina prezioa dezente biziagoa du bertsio arinekoak. Etiketa aztertzea eta, gehienetan, light produktuaren "energi aurrezkiak" elikagai hori egoki bihurtzen duen bilatzea, beraz, kontsumitzailearen zeregina da.
Light produktu motak
Gantz gutxiagoko produktuak. Dietako gantz kopurua kontrolatu behar dutenen elikadura dibertsifikatzeko balio dute; kasu horretan daude hiperkolesterolemia, hipertriglizeridemia, gibeleko edo behazuneko trastorno zenbait, pankreaseko arazo batzuk edota obesitatea nozitzen dituzten pertsonak. Hona gehien saltzen direnak: maionesa arin eta antzeko saltsa meheak, light margarina eta gurina, gantz urriko gazta eta urdaiazpiko egosia, esnea, jogurt gaingabetuak, etc.
Azukrerik ez duten edo ohi baino gutxiago duten produktuak. Diabetes, hipertriglizeridemia, gehiegizko pisua edota obesitatea, adibidez, nozitzen duen eta, hortaz, azukre-kontsumoa kontrolatu behar duen jendearentzat egokiak. Nabarmen dezagun, dena dela, "azukrerik gabea", "erantsitako azukre gabe", "fruktosaz gozatua", "diabetikoentzat egokia" edota antzeko mezuak daramatzaten produktu guzti-guztiak ez direla light. Kaloria gutxidunak dira baldin eta, jangaiak gozatzeko, edulkoratzaile ez-kalorikoak baliatu badituzte; azukre arrunt edo sakarosaren ordez fruktosa (fruta, barazki eta eztiak daukaten azukrea) baldin badute, oso litekeena da elikagai tradizionalen pareko kalori ekarpen berbera edo handiagokoa izatea, gainerako osagaien arabera. Kasu horretan, beraz, gehiegizko pisua duen jendearentzat ez lirateke egokiak.Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa