Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Espainiako familien zorrak beren finantza-aktiboak baino ia bi halako igo dira
Azken hamar urte honetan Espainiako familien zorpetzea bikoiztu egin da. Hipoteka- edo kontsumo-kredituetara jotzeko ohitura finkatu da gure gizartean eta finantzabide hori geroz eta ohikoago kontua bilakatzen ari da, etxebizitza edo automobila hartzeko unean ez ezik, etxetresna elektrikoa ekarri edo turismo-bidaia erosteko garaian ere. Espainiako Bankuak plazaratu dituen azken datuek erakusten dutenez, Espainiako familien finantza-zorra 2004 urtean berriro irisi zen gehieneko historikora: 595.183 milioi euro, hots, Espainiako Barne Produktu Gordinaren %74. Familiek zorpetze-erritmo bizian dihardutela egiaztatu dute aipatu zifra ofizialek: horrek iaz familien zorra %17 inguru altxa zuen baina familion finantza-aktiboak (akzioak, fondoak, deposituak, aseguruak, diru hutsa) dezente mantsoago hazi zen: %9tan, hain zuzen.
Familien zorpetzea beren aberastasunaren gehikuntza baino bi halako hazi izanak are eta argiago uzten du aberastasunen sorrera eta kontsumoaren artean loturik ez dagoela. Hazkuntza horri esker, familia espainiarrek -euro zonako herrialdeen batez bestekoa baino dezente zorpetze txikiagotik abiatu ziren arren- langa hori oso denbora gutxian gainditu dute.
Familien finantza-zorra epe luzerako maileguen gehikuntzagatik (2003an baino %20 handiagoa: 502.183 milioi eurotara iritsi ziren, estreinakoz) hazi zen, hein handi batean. Etxebizitza erosteko finantzaketaren hedakuntza latza interes-tasa aldagarriekin kontrataturiko hipotekei (kreditu guztien %60) esker gertatu zen eta, era horretan, balizko kiebra orokorrerako ateak ireki zaizkio (oso litekeena, interes tasak etorkizunean igotzekotan). Horrelako kredituekin, gainera, geroz eta maizago finantzatzen dira etxebizitzaz bestelako ondasunak, kontsumorako egiazko kredituen parean agertuz.
Oraindik orain 2004 urtean eginiko hipoteka-eragiketez Genworth-ek (aseguru-enpresa taldea eta Asociación Hipotecaria Española elkarteko kide) eginiko azterlan batek datu esanguratsua erakutsi du: hipoteka-mailegua kontratatzeko unean, espainiar familien batez besteko ahalegina (edo eskainitako batez besteko errenta) %33 izan zen. Aipatu elkarte hipotekari espainiarraren iritziz, zorpetze-indizerik altuena duten familien ezaugarriak, gaur egun, hauek dira: 35 urtez beherako famili burua, hipoteka mailegua 2002 baino geroago kontratatu duena.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa