Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Haragiz beteriko ore arrautzaduna: Ore freskoa garestiagoa den arren, dastatze proban hobeto gertatu zen

Onartutakoa baino glutamato (zaporea indartzen duen aditiboa) gehiago zeukaten bi laginek. Gatza eta kaloria ugari dauzkate ore hauek

  Haragiz beteriko ore arrautzaduna izan da oraingo aztergaia. Hamar laginetatik bost ravioli ziren, gainerakoak tortellini. Haietako sei (Gallo, Rana, Buitoni eta El Pavo) ore freskoak dira (hozturik merkaturatzen direnak), eta lau (Knorr eta Gallo markakoak) lehorrak, ohikoenak. Azterketako formatuak 250, 375, 400 eta 500 gramokoak ziren. Betegarria daukaten ore arrautzadun hauek oso nutritiboak dira, kaloria asko dauzkate (300 eta 400 kaloria bitarte, ehun gramoko) eta beren ahalmen energetikoa areagotu egiten da oreak saltsekin prestatzen direnean. Gluten-edukia dela medio, honelako orerik ez dute pertsona zeliakoek kontsumitu behar. Arauak agindutakoa hamar laginetako etiketek zorrozki betetzen dute.

Betegarriaren proportzio handieneko lagina (%42) Rana ravioliak dira; betegarrian haragi gehien ipini dutenak, Gallo markako tortellini eta ravioli freskoak eta Rana ravioliak; kalitate hobereneko okela, Buitoni tortellini freskoetan atzeman zen; arrautza gehien daukan orea, Knorr tortelliniak. Aipa dezagun, beste aldetik, Knorr markako bi laginak glutamatoaren -zaporea indartzen duen aditiboa- gehieneko muga gaindituak daudela. Marka horretako (Knorr) oreak legeak eskatzen duen proteina baino gutxiago zeukan (betegarriz kanpo).

Ore konbentzional eta ore freskoz osaturiko laginak antzekoak dira, nutrizio alderditik, freskoek ur gehiago (%30) eta haragi gehiago (%50) daukaten arren; beste aldetik, hauen betegarriak ez dauka glutamatorik, Rana raviolienak izan ezik. Prezioaz ari garela, ore freskoa lehorra baino %55 garestiagoa da, batez beste, eta, prestatu ondoren, ez da lehorra bezain ugaria gertatzen.

Dastatze proban ore freskoei kalifikazio hobeak eman zitzaizkien eta Buitoni markako bi laginak, Rana ravioliak eta Gallo tortelliniak nabarmentzekoak izan ziren. Ore hoberenetako bat konbentzional bat izan zen: Knorr tortellini lehorrak. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena, ore freskoetan, Gallo tortelliniak dira: gantz eta kaloria gutxien dauzka, dastatze proban onenetako bat da eta denetan merkeena. Ore konbentzionaletan lagin bakar batek ere ez du merezi horrelako aipamenik baina Gallo ravioliak aukera polita da, batez ere prezioa modu-modukoa duelako.

Ore motak

Semola hutsez edota gari gogorrezko irin edo semolinez edo, osagai horiez gainera, gari bigun edo erdi-bigunez moldaturiko oreari "elikadurarako ore soila" deritzo. "Ore konposatuek", aipaturiko osagai horiek ez ezik, arrautza, esnea, glutena, soja eta barazkiak (ziazerbak, azenarioak, tomateak, etc.) eduki dezakete. Bestetik, "ore beteak" soil edo konposatuak izan daitezke eta, besteak beste, haragi, arrain, gantz, barazki, gazta edota aditibo usaintsuak dauzkate, aukeran. Ore lehorrari uraren parte bat erauzi egin zaionez, egonkorrago gertatzen da eta luzaroago iraun dezake jangarri. Ore freskoak ur gehiago dauka eta, horregatik, tenperatura hotzean mantendu behar da, lehorra baino denbora gutxiago, inola ere. Ore freskoa hidratatzea zeregin luzerik ez denez, honelako orea egosterakoan etiketan adierazitako egospen-denborak zorrotz bete beharko dira. Ore lehorrak hezetasun txikiagoa duenez, bere nutrienteak bildu egiten dira eta edukia ugariago gertatzen da. Orea kontsumitzeko prestatutakoan, nutrienteen proportzio hori ore freskoarenetik gertu ibiliko da.

Osaketa nutrizionala

Okelaz beteriko ore arrautzadun horren bi motetako nutriente ugariena karbohidratoa da. Karbohidratoen agerpena ore lehorretan %63raino iristen da; freskoetan, aldiz, proportzioa txiki eta aldagarriagoa da (%35 - %50) betegarrien osaketaren arabera (honakoan ere ore lehorretan alde txikiagoak atzematen dira freskoetan baino). Gantza ere ore lehorrek gehiago daukate (%10 - %11); freskoen guztirako koipeak edukiaren %4,4 - %11 artean ohi dabil. Proteinez ari garela, ore lehor beteek %13 baino gehixeago daukate eta freskoak, %13 inguru dabiltzan arren, hainbat eta hainbat %12z azpitik geratzen dira.

Karga energetiko handikoak direnez, komenigarriak dira haur eta nerabeentzat, kirolarientzat eta gastu energetiko latza egiten duten langileentzat ere. Populazio orokorrari, berriz, orea astean behin, bitan edo hirutan kontsumitzea aholkatzen zaio. Hemen aztertu ditugun ore arrautzadun beteek, ehun gramoko, 400 kaloria inguru dauzkate lehorrek eta 300 freskoek.

Ore konposatuek (arrautzadun hauek, esate baterako) baizik ezin dezakete gatzik eduki, baina hori ere kopuru mugatuan: substantzia lehorrarekiko %1 baino ez. Hemen aztertu ditugunek muga hori gainditu dute, baina hori betegarriaren eraginez gertatu denez, onartzeko modukoa da. Elikagai osoa (orea gehi betegarria) kontuan hartuta, gatzaren presentzia egokia da: %0,8tik %1,7raino. Kasu bakar batean izan ezik, freskoek lehorrek baino gatz gutxiago daukate. Gatz edukia, nolanahi ere, saltsa erantsitakoan areagotu egingo da.

Glutamato monosodikoa (E-621) zaporea indartzen duen aditiboa da eta elikagaietan horren presentzia onartua dago, muga baten barruan: 10.000 zati milioiko. Knorr markako tortellini eta raviolietan (ore lehorrak, biak) onartutakoa baino glutamato gehiago atzeman zen (10.408 eta 10.384 zm). Era berean, aditibo honen presentzia atzeman zen Gallo markako bi ore lehorretan eta Rana markako ravioli freskoetan, baina kopuruak ez zihoazen 1.000 zm-tatik gora.

Zer dauka betegarriak?

Laginaren pisuaren %26 eta %42 inguruan dabil betegarria eta haragiak, espeziek, zaporea indartzen duten aditiboek, landarezko gantz hidrogenatuek, gatzak eta usainek osatua dago. Haragi edukia urri-urria da (betegarri osoaren erdia, gehienez). Gehien baliatzen den okela txerriki eta txahalki nahasiak dira, Knorr markako bi oreetan osagai ugariena mortadela bada ere. Arauak xedatua duenez, betegarria daukaten oreen betegarri horrek eduki osoaren %25 gutxienez izan behar du. Hamar laginek betetzen dute araua: ore lehorretan presentzia hori %26 eta %32 artean dabil eta freskoetan %30% eta %42 artean. Hainbat proba egin ondoren (ik. koadroa) ondorio argia atera zen: haragi gehien zeukatenak Gallo eta Rana marketako ore freskoak ziren eta haragi urrienekoak, aldiz, Knorr markako biak, Gallo markako ravioli lehorrak eta Buitoni markako tortellini freskoak. Oklaren kalitatea tarteko, lagin batetik bestera alde handirik ez dagoela egiaztatu bazen ere, Buitoni markako tortellini freskoak aipatzeko moduko elikagaiak direla ere nabarmendu zen.

Orea, berriz...

Arrautzadun ore lehorrek gehienez ere izan dezaketen hezetasuna %12,5 da, freskoetan kopuru hori %22 eta %30eraino ere irits daitekeen arren. Proteinei dagokienez, betegarria kanpo, oreak gutxienez %12,5 eduki behar du; gutxieneko kopuru hori ore freskoek aise gainditzen dute baina lehorrek ez: Knorr ravioliak %11,8, Gallo ravioliak eta Knorr tortelliniak -gutxi-gutxi falta badute ere- ez dira gutxieneko mugara iristen eta Gallo tortelliniek ere proteina gutxi daukate: %12,6 baizik ez.

Ore arrautzadunak direnez, gari-semolari arrautza edo arrautza-gorringoa erantsi behar izan zaio. Arrautza gehien daukan lagina Knorr tortelliniak dira eta arrautza gutxien daukatenak, aldiz, Buitoni markako tortellini fresko eta ravioli freskoak eta El Pavo markako tortellini freskoak. Dena den, denek zeukaten nahikoa arrautza.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto