Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Hezueri krisiak: Minezko kristalak

Azido uriko kristalizatua gordetze patologiko horrek, kontrolpean mantendu ezean, atal eta giltzurrunetan kalte latzak eragin ditzake

 Joan den mendearen hastapenera arte errege eta nobleen gaitz esklusibotzat hartua izan da artritis akutua. Hezueri mota hau sorrarazten duten azido urikozko kristalen metaketaren eraginez osaturiko juntura batzuen hanpadura akutua da baina, denboraren poderioz, prozesu kroniko bilaka daiteke. Gaixotasun aristokratiko hori demokratizatu egin da, tamalez: egun, mila lagunetik hiruk nozitzen dute (gizonezko gazteak, gehienbat). Antzina hezueria nobleek bakarrik nozitze haren arrazoia, noski, gehiegi jateko pribilegioa beraiena baizik ez izatean datza.

Ohiko baldintzetan, organismoko azido urikoaren herena elikagaietatik dator eta beste bi herenak, berriz, barne-metabolismotik. Organismotik azido urikoaren herena gorozkien bitartez kanporatzen dugu eta beste bi herenak giltzurrunek botatzen dituzte. Organismoan azido uriko gehiegi egotea, hortaz, produkzio handia edo suntsitze urriaren ondorio izan daiteke. Baina hezueria ez da gaitz metabolikoa bakarrik: aresti eginiko ikerlanei esker, trastorno horretan sistema immuneak eta herentziak esku hartzen dutela frogatu da.

Kristalezko orratzak

Odoletatik zirkulatzen duen azido uriko ugariegiak (hiperurizemia) orratz formako azido urikozko kristalak sorrarazten ditu; horrelakoak junturetan metatzen direnean hezueri krisiak sorrarazten dituzte.

Hezueri krisi akutua bat-batean eta ustekabean agertzen da, hankako behatz lodian, eskuarki. Mina berebizikoa da, behatza hanpatzen, azala gorritzen da eta hipertsentsible dago: arroparekin edo maindireekin igurzte hutsa mingarria gertatzen zaio gaixoari. Estreinako krisia juntura bakarrean agertzen da: kasuen %68tan behatz lodian, %24tan oin eta orkatiletan eta %4tan belaunetan. Baina hurrengo krisietan oin eta orkatiletan azaltzen dira kasuen %34tan, belaunetan %20tan, behatz potoloan %18tan, esku eta eskuturretan %16tan eta ukalondoetan %10etan. Lehen krisiak egun batzuk baizik ez du irauten. Tratamendurik aplikatu gabe ere, maiz juntura hertu eta ohiko kolorera itzultzen da. Baliteke aurreneko krisi horren ondotik besterik ez agertzea edo, era berean, hilabete edo urteak pasatzea ere. Baina oso litekeena da, era berean, hezueria kroniko bihurtzea, krisiak maiz errepikatzea eta, gainera, bestelako lesioak ere agertzea, azido urikozko kristalak junturetan, azalean eta giltzurrunetan pilatzen direlako, lesio iraunkorrak sortaraziz.

  Kristal horiek junturak endekatzen dituzte: hanpaturik eta deforme agertzen dira, osteoartritietan bezala. Deformetasun hori eskuetako hatzetan latza izan daiteke: zenbaitetan hantuak, bihurtuak eta gogorgunez beteak egoten dira, are erabateko gelditasunean geratzen direlarik. Azido urikozko kristalek protuberantzia edo kozkor moduko masa aglomeratuak osatzen dituzte batzuetan azalean, ukondoetan, eskuetako junturetan eta, inoiz, belarrietan ere.

Hezueria larria denean giltzurrunak bi mekanismoren bidez endeka daitezke giltzurrunak. Azido uriko pilatuak giltzurrun-parenkiman eta bere iragazte sisteman izaten dute eragina eta, areago, hezueri nefropatia eta giltzurrun-gutxiegitasunik ere eragin dezakete; bestetik, gehiegizko azido urikoak kalkuluak osatzearen errudun izaten da.

Tratamendua

Egun ongi kontrola daitezke biak, bai krisia, bai hezueri kronikoa ere. Kontua da pittin bat alderdi hori zaintzea baina, horrez gainera, hezueria tratatzeko botikak dituen baliabideak biziki eraginkorrak eta mugagabeak dira, kasik. Krisi akutua hanturaren kontrako sendagai eta analgesikoekin osatzen da. Dena dela, krisi akutua tratatzea garrantzitsua bada ere, are eta garrantzi handiagoa du balizko krisiei saihets egiteak eta, batez ere, hezueri kronikoak agertzen dituen alboko eraginei itzurtzeak; horrelakoetan tratamendu luzea aplikatzea ezinbestekoa izaten da, funtsezko bi bidetatik: dieta azido urikoaren gradua kontrolatzeko botikak. Aspaldi, botika eraginkorrik ez zegoen garaietan, hezueria kontrolatzeko bide bakarra dieta zen; egun, berriz, bigarren tokian geratu izanak ez du esan nahi dieta egin behar ez denik. Argitu dezagun, nolanahi ere, dieta bera bakarrik ez dela nahikoa, funtsezkoa dela behar bezalako hidratazioa: purina ugari duten elikagaien eta alkoholdun edarien (likoreena, bereziki) kontsumoa murriztu edo ezabatu behar da. Garagardoak, alkohol gutxi badauka ere, aski kaltegarria gertatzen zaie hezueria nozitzen duten pazienteei. Horiez gainera, likido ugari edan beharra dago: egunean 2,5 litro ur, gutxienez.

Hiperurizemia botiken bitartez kontrolatzeko moduari dagokionez, egun gehien preskribatzen den botika Alopurinola da, azido urikoaren produkzioa murriztu egiten duelako. Giltzurrunetatik kanporatzea errazten edo laguntzen duten botikak ere erabiltzen dira, hala nola probenezid eta sulfinpirazolona.

Tratamendu egokirik aukeratzea gaixoaren ezaugarrien arabera aldatzen bada ere, tratamendua luze-luzea dela -bizitza osorakoa, seguruenik- hartu behar da gogoan; horrekin batera, arrisku-faktore batzuk ere arindu behar izaten dira: gizentasuna saihestea, alkohola ez kontsumitzea eta dieta zuzena egitea, alegia, horrek denak ahalik eta botika gutxien kontsumi dezagun lagunduko gaituelako.

Pertsona batzuek azido uriko handia daukaten arren ez dute horren sintomarik agertzen: horri hiperurizemia asintomatikoa deritzo. Printzipioz behintzat ez dute zertan hartu botikarik -non eta oso-oso zifra handiak ez dituzten- baina azido uriko hori giltzurrunetatik kanporatzeak organook kaltetu edo kalkuluen metaketa eragin dezake.

Zergatik igotzen da azido urikoa?

Prozesu metabolikoan azido uriko bihurtuko direlarik, purina ugaridun elikagai gehiegi jatea da igoera horren zergati behinena. Purinak, haragi gorri, ehiza, errai, arrain urdin (antxoa, sardina, sardinzar, amuarrain, izokinean), itsaski, txerri-hestekietan eta hainbat landaretan (apio, berro, zainzuri, ilar, leka, babarrun zuri, dilista, errefau, azalore, ziazerba eta bestetan) dautzan elementu organikoak dira.

Baina egokiera batzuek ere, berez, azido urikoaren igoera areagotzen dute:

  • Alkohola (baita, dirudienez, kafeina) kontsumitzea
  • Estres egoerak
  • Kontraste erradiologiko iododunak erabiltzea
  • Hainbat botika, hala nola diuretikoak, teofilinak eta aspirina dosi txikietan
  • Gizentasuna, hipertentsio arteriala, diabetesa, dislipemiak.

Zenbaitetan, azido urikoa garai edukitzea suntsitze prozesua eragoztearen ondorio da: akats hori, maiz, giltzurrunetako arazoren batek sortua izan ohi da.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto