Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Automobilen curriculum ekologikoa: Erosteko irizpideetako bat, kutsadura gutxiago eragitea

Autoa erostera doanak baditu ibilgailu horrek ingurugiroan izan ditzakeen eraginen zehaztapenak, zerrendetan sailkatuta

  Automobilen trafikoak, hiri bideetan barrena doanak batik bat, hiritarren osasuna zein ingurugiroa hondatzen dituzten eragin kaltegarriak: planeta berotzearen errudun nagusietako bat den karbono dioxidoa (CO2), besteak beste, emititzen dute, adibidez. Era berean, ibilgailuek igorri eta airean suspentsioan geratzen diren partikulak dira atmosfera kutsatzen duten elementu behinenetako bat eta populazioaren osasunean berebiziko eragina dute. Areago, hilgarritasunak gora egitea eta horrelako partikulen ugaltzea lotzen dituzte hainbat ikerlanek.

Automobil guztiek, dena den, ez dute hein berean kutsatzen; areago, gutxien poluitzen eta, era berean, gutxien kontsumitzen duten modeloak zein diren jakiteko aukera badugunez, ibilgailua erosteko unean orain arte baino erabaki ekologikoagoa hartu ahal izango dugu. Espainian saltzen diren automobil berriek, 2002 urteaz geroztik energiari buruzko etiketaren gaineko europar arteztaraua aintzat hartu duen Errege Dekretua aplikatzeari esker, kontsumoaz eta CO2-ren igorpenaz informazioa eskaintzen dute, Kyotoko Protokoloa betetzeko bidean. Izan ere, aipatu protokolo horretan Europar Batasunak 1990 eta 2010 urteen artean CO2 gasaren emisioak %8n murrizteko konpromisoa bereganatu zuen. Beste aldetik, 2008 urtearen erdialdera indarrean sartuko omen den arautegia xedatzeko aukera aztertzen ari da Europar Batzordea, helburu berberarekin: automobil berrien gasen emisioak harik eta zorrotzago kontrolatzeko.

Borondatezko etiketa

2003 urtearen hastapenetik autoek dauzkaten etiketa ugarietako batek ibilgailu horrek, tamaina bereko beste batzuen aldean, egiten duen kontsumoan oinarrituriko sailkapena agertzen du. Asociación Española de Fabricantes de Automóviles y Camiones (ANFAC), Asociación de Importadores (ANIACAM) elkarteek eta Espainiako Energiaren Anizte eta Aurrezkiaren Institutuak (IDAE) borondatezko etiketa hori ipintzeko erabakia adostu zuten. EB-ko beste hainbat produkturekin -etxetresna elektrikoekin, adibidez- bezalaxe, letra eta koloreen arabera ordenaturiko zerrendan agertzen dira "eko-etiketa" horiek: berde koloreak eta A letrak, esate baterako, automobil ekologikoena dela adierazten dute, erregai gutxien kontsumitzen eta, hortaz, aurrezki handiena bideratzen duena. Beste muturrean kolore gorria eta G letra daude: hortxe da gehien kontsumitzen duen autoa, gutxien aurrezten duena eta ingurugiroan kalte gehien egiten duena.

Aipatu dugun Errege Dekretu horri jarraiki, ibilgailu marka eta modeloen gasolina zein gasolio-kontsumoa ez ezik, gas-emisioak ere adierazten dituen gida argitaratzen da urtero. Kategoria eta erregai-mota bakoitzean eraginkortasun energetiko handieneko modeloak erakusten dituelarik, dokumentu hau doan kontsulta daiteke saltokietan eta aipatu berri dugun institutu espainol horren webean (http://www.idae.es/coches/index1.asp), bera baita gida osatzeko erakunde arduraduna, auto fabrikatzaileekin batera. Sailkapena modeloaren eta erregaiaren arabera aldatzen da; karbono partikulez ari garela, adibidez, dieselezko motorrek (energetikoki eraginkorrago gertatzen badira ere) gasolinazkoek baino lau aldiz gehiago emiti ditzaketela kontuan izanik. Baina dieselezko motorrak horrelako partikulen %90raino atzitzen dituzten iragazkiez horni daitezke. Europa eta AEB-etako hiri askotan ikusten dira horrelako ibilgailuak, garraio publikoetan batik bat, baina erabilera pribatuan oraino ez dira hedatzen hasi.

Garestiagoak ote dira?

Ibilgailu "ekologikoak", oro har, 3.000 euro gehiago kostatzen diren arren, prezioek behera egingo dutela espero da, salmenta eta fabrikazioa ugaldu ahala. Nolanahi ere, ibilgailuaren kontsumoa ere txikiagoa denez, epe luzera erostunak erabilera-kostu apalagoari etekinak aterako dizkionez, azkenean ibilgailu hauek merkeago jazotzen dira eta, esan gabe doa, errespetu handiagoa agertzen dute ingurugiroaren aurrean. Toyota Prius automobila, adibidez, motor hibridoduna da (erdia gasolinazkoa, erdia elektrikoa); ibilgailu konbentzionalak baino %40 gutxiago kontsumitzen duenez, inbertsioa, batez beste, 70.000 kilometro eginikoan hasten da bere burua ordaintzen, Toyotak adierazi duen modura. Europar Batasuneko herrialde gehienetan eta AEB-etako estatu askotan, gainera, ibilgailu horiek erostearren laguntzak eman edota zergen murriztapenak egiten zaizkio arduradunari. Espainian, Gaztela Leongo Juntak, adibidez, enpresek, partikularrek, irabazi asmorik gabeko elkarteek eta tokiko erakundeek propultsio hibridoko automobil, furgoneta eta motoen erosketa prezioan dagoen aldea ordaintzen du, 2005 urtean gehienez ere honelako diru-laguntzak eman dituelarik: autoa edo furgoneta erostearren, 4.800 euro eta motoagatik, 1.050 euro. IDAE erakundeak, bere aldetik, herri administrazioentzat edo zerbitzu publikoan erabiltzekoak diren ibilgailu garbi edo alternatibazkoak eskuratzeko laguntzak ematen ditu.

  Eraginkortasun energetiko handiagoko ibilgailuak egitea bideratuko duten teknologia berrietan inbertitzeko garrantziaz geroz eta jabetuago daude fabrikatzaileak, erabiltzaileari aurrezkia ekartzeaz gainera, ingurugiroan kutsadura gutxiago eragingo dutelako ibilgailu horiek. Automobilgintzako aditu gehienen arreta bildu duen teknologietako bat motor hibridoa da: honek bi motor mota (bata, eztanda motorra eta elektrikoa, bestea) konbinatzen ditu bere baitan eta oso-oso baliagarria da hiriguneetako kutsadura ez areagotzeko, oraingoz eskaintzen dituen prestazioak direla medio, masiboki erabiltzea gaurkoz posible ez bada ere. Panorama polita omen duen beste teknologia bat hidrogenozko pilena da: honek, produktu naturaletatik erdietsitako bio-erregaian, bio-dieselean edo gas naturalean oin harturik, korronte elektrikoa era garbian sortarazten du.

Gidaritza ekologikoa

Kutsaduren emisioek, dena den, ibilgailuen teknologiarekin ez ezik, bestelako hainbat aspekturekin izan dezakete lotura. Hiritarrak, bere ibilgailua gidatzen duenean ere, ingurugiroa babesteko neurriak har ditzake, kontsumoa gutxitu eta dirua aurrezten duen bitartean. IDAE erakundeak ematen dituen oinarrizko aholkuak honela laburbilduko ditugu hona:

  • Ibilgailua karga gehiegiz ez betetzen ahalegintzea.
  • Aire egokitua tamainaz erabiltzea, 23-24ºC inguruan.
  • Autoa martxan doala, leihoak zabal-zabalik ez eramatea.
  • Fabrikatzaileak adierazitako oktanajeko gasolina kontsumitzea eta erregaiaren kontsumoa aldian behin ikuskatzea, ibilgailuak akatsik izan ote lezakeen zainduz.
  • Ibilbide labur-laburrak egiteko autorik ez hartzea, errepidean baino bi aldiz gehiago ere kontsumitzen delako horrelakoetan.
  • Ibilgailuaren mantenua egitea, pneumatikoez, iragazkiez, olioaz, bujiez eta motorraz bereziki arduratuz.
  • Martxa luzeen eta bira gutxitan ibiltzea, ahal dela, alferrikako gelditze eta azelerazio bortitzak saihestuz eta lastertasuna moderatuz. Abiadura %20 gehitzeak (orduko 100 kilometrotik 120 kilometrora, adibidez) erregaiaren kontsumoa %44 areagotzea dakar.
  • Minutu bat baino gehiago geldirik eman behar denean, motorra itzaltzea.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto